Tous les textes du philosophe Daniel Bensaïd.

Daniel Bensaïd

9 août 2006

Auzi estrategikoaren itzulera

Hirurogeigarren hamarkadan Chile eta Portugaleko esperientziek elikatu zituzten eztabaidekin (eta baita ere, nahiz eta ezaugarri aski desberdinak izan, Nicaragua eta Ertamerikako esperientzien ingurukoekin) alderatuz, larogeigarren hamarkadaren hasieratatik “eztabaida estrategikoaren eklipse” bat nabari izan dugu denok. Kontra-eraso liberalaren aurrean, laurogeigarreneko urteak egon dira (kasurik hoberenean) erresistentzia sozialetan kokatuak eta klase-borrokaren egoera defentsiboa izan da urte horien ezaugarria, baita ere diktadurek (bereziki Latinoamerikan) atzera egin behar izan badute ere bultzada demokratiko herrikoiaren aurrean. Auzi politikoaren atzeratze hau agerian jarri da “ilusio soziala” dei genezakeen horretan (Marx gazteak emantzipazio politikoan – eskubide zibilak – “giza emantzipazioaren” azken hitz gorena zela uste zuten haiengan salaturiko “ilusio politiko”-aren simetrikoa). Neurri batean, Seattle (1999) ondorengo Foro sozialen hasierako esperientziak eta lehenengo Porto Alegrek (2001) ilusio hori islatzen dute mogimendu sozialen autoaskitasunari eta auzi politikoaren baztertzeari dagokionez.

Horri deitzen diot nik mogimendu sozialen “une utopikoa”, aldaira desberdinetan agertu dena : utopia liberalak (liberalismo ondo arautua), utopia keynesiarrak (keynesianismo europearra), eta batez ere utopia neolibertarioak “boterea eskuratu gabe mundua aldatzea” ahal dela sinistuz. Borroka sozialen igoera garaipen politiko edo elektoraletan gauzatu da (Latinoamerikan : Venezuela eta Bolivia). Europan, ordea, Frantzian salbu (eta bereziki CPE inguruko borrokan), borroka horiek ez dute helburuak lortu eta ez dira gai izan pribatizazioak, gizarte segurantzaren erreformak, eskubide sozialen suntsiketak areagotzeko asmoa galerazteko. Kontraesan honen eraginez itxaropenak berriro irtenbide politikoetara (batez ere elektoraletara) bideratu dira, eta horren lekuko dira hauteskunde italiarrak.

Gramsci
Sébastien Marchal

“Auzi politikoaren itzulera” honek, oraindik totelka hasia den eztabaida estrategikoen biziberritze bat igartzen du, eta horren lekuko dira Holoway, Negri, Michael Albert-en liburuen inguruko polemikak, Venezuelako prozesuaren eta Brasilgo Lularen legealdiaren balantzeen alderaketak, edota norabide zapatistaren inflexioa, Lacandona Oihaneko seigarren aldarrikapenak eta Mexikon abian jarritako “Beste kanpaina”-k agerian jartzen duten bezala. Errefuxatze handiaren eta erresistentzia estoikoen fasea – “mundua ez da merkantzia…”, “mundua ez dago salgai…” – akitzen ari da. Beharrezkoa egiten da zehaztea zer den mundu posible hori eta batez ere beharrezkoa egiten da hara iristeko bideak arakatzen hastea.

Aldea badago estrategiatik estrategiara.

Estrategia eta taktika nozioak (geroago posiziozko-gerrarena eta mogimenduzko-gerrarena) hiztegi militarretik (bereziki Clausewitz edo Delbrük-en idatzietatik) erakarriak izan dira langile mogimendura. Beren zentzua asko aldatu da. Garai batean estrategia bataila bat irabazteko artea zen, eta taktika, berriz, bataila-eremuan tropek egindako maniobretara murrizten zen. Geroago —gerra dinastikoetatik gerra nazionaletara, gerra orokorratik (gure gaur eguneko) gerra globalizatura—, eremu estrategikoa geroz eta zabalduagoa izan da espazioan eta denboran. Aurrerantzean bereizi daiteke estrategia globala (mundu mailakoa) eta “estrategia murriztua” (lurralde jakin batean boterearen kokistaren inguruko borroka). Neurri batean, iraultza iraunkorraren teoria estrategia globalaren apunte bat zen : iraultza eremu nazionalean (herrialde batean) hasten da, kontinente mailan eta mundu mailan hedatzeko ; botere politikoaren konkistarekin urrats erabakiorra gainditzen du, bainan “iraultza kultural”-ean luzatzen eta sakontzen da. Konbinatu egiten du, bada, ekintza eta prozesua, gertakizuna eta historia.

Estrategia ekonomiko eta militar globalak dituzten Estatu boteretsuen aurrean, estrategiaren dimentsio hori garrantzitsuagoa da orain XX mendeko lehen erdialdean baino. Espazio kontinental edo mundial berrien agerpena horren baieztapena da. Iraultza iraunkorraren dialektika (herrialde bakar bateko sozialismoaren aurka), bestela esanda, maila nazional, kontinental eta mundialaren teilakaketa inoiz baino estuagoa da. Herrialde batean botere politikoaren tresnak eskuratu daitezke (Venezuelan edo Bolivian bezala), bainan estrategia kontinentalaren auzia (Alba Alcaren aurka, MERCOSUR-ekiko harremana, Andeseko Paktoarekikoa etabar…) berehala planteatzen dira barne politikako arazo bezala. Prosaikoago, Europan, erreforma liberalen aurkako erresistentziak zurkaiztu daitezke indar harreman, lorpen sozial eta babes legislatibo nazionalen gain. Bainan zerbitzu publiko, fiskalitate, babes soziala, ekologiaren inguruko erantzun iragankorrak hasieratik (Europako birfundazio sozial eta demokratikoaren aldeko) proiekzio europearra eskatzen du.

Hipotesi estrategikoak

Hemen aztertzen dugun auzia, bada, “estrategia murriztua” deitzen dudan horretara mugatua hartzen dugu, hau da, nazional mailako botere politikoa lortzearen aldeko borroka. Ados gaude noski Estatu nazionalak ahulduak izan daitezkeela diotenekin, eta badirela burujabetasun transferentziak. Bainan nazional maila (klase harremanak eratzen eta lurralde bat Estatu batean artikulatzen bait du) espazio estrategikoen mailaketa higikorrean erabakiorra izaten jarraitzen du. Bazter dezagun, hasteko, prozesu iraultzailearen ikuspegi “etapista” leporatzen diguten kritikak (kritika horien arabera boterea hartzea balioetsiko genduke edozein aldaketa sozialaren “baldintza absoluto” gisa). Argudio hori karikatura baizik ez da edota ez-jakintasun hutsa. Inoiz ez gara izan arnasik gabeko pertiga jauziaren aldekoak. Askotan egin dut “nola ezerezetik dena izatera igaro ?” galdera, haustura iraultzailea jauzi arriskutsua dela azpimarratzeko eta hirugarren lapurra (burokrazia) horretaz aprobetxa daitekeela. Guillaume Liégard-ek arrazoia du artikulu batean galdera bera arintzen duenean gogoratuz ez dela egia proletargoa poterea hartu baino lehenago ez dela ezer – eta dudagarria dela dena bihurtzeko gogoa izatea !. Dena edo ezerrez formulak, Internazionala eresiari hartua, besterik ez du azpimarratu nahi baizik eta iraultza (polítiko)burgesaren eta iraultza sozialaren artean dagoen asimetría.

Trostskyk proposaturiko kategoriak – fronte bakarra, erreibindikazio iragankorrak, langileen gobernua – bainan baita ere Thalheimer, Radek, Clara Zetkin-ek Internacional komunistaren VI. Batzarrean –, hain zuzen, gertakizuna bere aurrebaldintzekin, erreformak iraultzarekin, mogimendua helburuekin lotzera zuzenduak zeuden. Paraleloki, Gramsciren baitan hegemonia eta “posizioko gerra” ideiak zentzu berean zihoazten. Ekialdearen (boterea hartzea errezago irudikatzeko, bainan zailagoa botereari eusteko) eta Mendebaldearen arteko kontrasteak ardura bera erakusten du. Behin eta betirako esateko, ez gara inoiz hondorapenaren teoriaren aldekoak izan. (Zusammenbruch Theorie).

Prozesu iraultzailearen ikuspegi espontaneisten aurka eta hirurogeigarren hamarkadaren egiturazko higiezintasunaren aurka, behin eta berriro azaldu gara, aitzitik, “faktore subjektiboa”-ren aldea eta guk “hipotesi estrategikoak”, bainan ez “eredua”, deitu duguna azpimarratu dugu. Eredua, kopiatzeko zerbait da, erabilpen modu bat. Hipotesia, ekintzarako gida da, iraganeko esperientzietatik abiatuta, bainan irekia eta esperientzia berrien edo zikunstantzia inoiz emanen arabera aldagarria. Ez da espekulazioa, iraganeko esperientzietatik mantendu daitekeena baizik (hori bait da eskura dugun material bakarra !), eta jakinda oraina eta geroa berritasun eta ezustetetan aberatsak izando direla. Iraultzaileek, bada, militarren arrisku berbera igaro dezakete, militarrei buruz esaten bait da gerran beti atzeratuak dabiltzatela.

XX mendeko esperientzia iraultzaile nagusietatik abiaturik (iraultza errusiarra eta iraultza txinatarra, bainan baita ere iraultza alemandarra, fronte popularrak, gerra zibil espainiarra, Vietnamgo askapen-gerra, 68ko Maiatza, Portugal, Txile…), bi hipotesi nagusi bereizi izan ditugu : greba orokor insurrekzionalarena (GOI) eta gerra herrikoi luzea (GHL). Bi hipotesi horiek bi krisi tipo laburbiltzen dituzte, botere bikoiztasunaren bi forma, krisiaren korapiloa askatzeko bi modu.

Greba Orokor Iraultzaren kasuan, botere bikoztasunak funtsean forma hiritarra hartzen du, Komunaren tipokoa (eta ez soilik Parisekoa, baizik eta Petrogradoko Sobietarena, Hamburgoko insurrekzioak, Kantonekoa, Bartzelonakoa…). Bi botereek ezin dute luzaro elkarrekin bizi espazio bildu batean. Norgehiagoka azkar erabakitzen da (eta gatazka luze batera eraman dezake : Errusiako gerra zibila, 1945eko insurrekzio ondoren Vietnamgo askapen-gerra). Hipotesi honetan, harmadaren desmoralizazioak eta soldaduen organizazioak paper garrantzitsua jokatzen dute (soldaduen komiteak Frantzian, SUVak Portugalen, eta, ikuspegi konspiratiboago batean, harmada txiletarrean Mir-ek egindako lana.. daude gaiari dagokionez azken esperientzia esanguratsuenen artean). Gerra Herrikoi Luzearen kasuan, botere bikoiztasuna territoriala da (zonalde askatuak eta autoadministratuak) eta denbora luzez iraun dezake. Horretarako behar diren baldintzetaz ohartzen da Mao bere 1927ko txostenean (Zergatik botere gorria existi daiteke Txinan ?) eta Yenango errepublikaren esperientziak argituak daude. Lehen hipotesian, botere alternatiboaren organoak hiriko baldintzak sozialki determinatuak daude (Parisko Komuna, Petrogradoko Sobieta, Bavierako langile-kontseiluak, Catalunyako milizien komiteak, Txileko Lerro industrialak eta komando hiritarrak). Bigarren kasuan, gehiengoz nekazari den “herriaren harmadan” zentralizatzen dira.

Bi hipotesi handi araztu horien artean, aldaira eta tarteko konbinaketa sorta aurkitzen da. Horrela, iraultza kubatarrak, bere leienda fokista sinplikatua (batez ere Debray-ren Iraultza iraultza barnean liburuan) gorabehera, gerrila-gunea harmada errebeldearen muina bezala eta La Habana et Santiagon greba orokor hiritarrak egiteko eta antolakuntza aurrera eramateko saiakerak lotu zituen . Beraien arteko harremanak problematikoak izan ziren. A posteriori, kontaera ofizialak, Granma-ren eta bizirik jarraitu zutenen epopeia heroikoa balioetsiz, Uztailako 26ko Mogimenduaren eta honen zuzendaritza kastristaren legitimitatea sendotzen lagundu du, bainan hori egin da prozesuaren ulermen konplexuago baten kaltetan. Historiaren bertsio sinplifikatu honek, landako gerrila eredu bezala aurkeztuz, hirurogeigarren hamarkadako esperientziak inspiratu ditu (Perun, Venezuelan, Nicaraguan, Colombian, Bolivian). Perun De la Puente eta Lobaton-eko borrokalditan hildakoak, Colombian Camilo Torres, Yon Sosa Guatemalan, Lucio Cabanas Mexikon, Carlos Marighela eta Lamarca Brasilen, etabar…, Txek Bolivian buruturiko espedizio tragikoa, sandinistak 1967an Pancasan-en ia suntsituak gelditzea, Teoponteren desastrea Bolivian, zikloaren amaiera adierazten dute.

PRT argentinarraren hipotesi estrategikoak eta MIR txiletarrarenak ere, hirurogeigarren hamarkadaren hasieran, erreferentzia gehiago egiten zioten gerra herrikoi luzearen bide vietnamdarrari (eta PRTren kasuan, askapen gerra algeriarraren bertsio mitiko bati). Fronte sandinistaren historiak, diktadura somozistaren aurka 1979an lortu zuten garaipena arte norabide desberdinen konbinaketa azalerazten du. A posteriori Humberto Ortegak honela laburbildu zuen desberdintasunak : “Nik indar pilatze pasiboaren politika deitzen diot koiunturetan eskua sartzeari uko egiten dion politikari, indar pilaketa hotzean egin nahi duenari. Pasibitate hori aliantzen mailan adierazten zen. Pasibitatea bazegoen ere pentsatzen genuenean harmak pilatu, antolatu, giza baliabideak bildu egin zitekeela etsaiaren aurka borrokatu gabe, jendeari parte-hartuarazi gabe”. Eta bukatzen zuen : “Gure estrategia insurrekzionalak beti jendetzaren inguruan grabitatu du euskarria, eta ez plan militar baten inguruan. Garbi egon behar du”. Hain zuzen, aukera estrategikoak berarekin dakar lehentasun politikoen ordenamendua, jarduera eremuak, kontsignak eta aliantza-politika zehazten du.

Greba Orokor Insurrekzionalaren hipotesia

Lantxo honetan herrialde hiritartu eta garatuei egokitu zaien hipotesira begira jarriko gara. GOI-aren hipotesia da. Hirurogeigarrenetan, GOI-aren hipotesia izan da guretzat plomada gisakoa maoísmo egokituaren eta Iraultza kulturalaren interpretazio imaginarioen aurrean. Hipotesi honetaz, Antoine Artous bezela burkide batzuren iritziz, egongo ginateke “umezurtz”. Lehen, agian, nolabaiteko “funtzionalitate” izan zuen, bainan gaur egun galdua dauka. Dena den, gaur-egunerako, krisi iraultzailearen eta botere bikoiztasunaren nozioen egokitasuna baieztatzen du, azpimarratuz, haustura hitzarekin eta hitzezko balentriekin aho-bero ibiligabe, beharrezkoa dela hipotesi serioa berreraikitzea. Beren ardura eta kezka bi puntutan kristalizatzen da.

Alde batetik Artousek behin eta berriro esaten du botere bikoiztasuna ezingo zela ixistitzen diren instituzioen kanpo osorik kokatu, eta ezerezatik bapatean sobiet eta kontseiluen piramide gisa sortu. Agian, ez dela denbora asko, zehaztapen handirekin ikastaroetan aztertzen genituen prozesu iraultzaileen (Alemania, Espainia, Portugal, Chile, eta iraultza errusiarra bera) ikuspegi aski sinpletu honetara makurtu izan gara. Bainan ez dut uste, esperientzia hauetako bakoitzak aurrez aurre jartzen bait gintun autoorganizazio forma anitzen eta instituzio parlamentarien edo udal mailakoen dialektikarekin. Edozer delarik ere, egia balitz ere horrelako ikuspegia izan genuela, aski azkar zuzendua izan zen. Begibistakoa da, egian esan, a fortiori ehun urte baino gehiagoko tradizio parlamentarioa duten herrialdeetan, bozkatzeko eskubide unibertsala sendo ezarri dagoenetan, ezin izango zela prozesu iraultzaile bat irudikatu legitimitate transferentzia bezala ez bada, “behekoen sozialismoari” lehentasuna emanez bainan forme errepresentatiboekin interferentzia eginez. Praktikan, puntu honi buruz bilakaera bat izan dugu, adibidez, iraultza sandinistaren garain. Eztabaida genezake, 1989an, gerra zibil eta setio egoeran, hauteskunde “libreak” antolatzea, bainan hura ez zen printzipiozko auzia. Gehiago erreprotxatu diegu sandinistei “Estatu Kontseilua” ezabatzea, bigarren kamara soziala izan bait zitekeen eta hautatutako Parlamentuarekiko legitimitate alternatiboaren gunea. Maila apalago batean, egokia litzateke Porto Alegren sufragio unibertsalez hautatutako udal instituzioaren eta aurrekontu-komite parte hartzaileen arteko dialektikara itzultzea.

Egitan, arazoa ez da hainbeste demokrazia territorialaren eta enpresako demokraziaren artean (komuna, sobietak, Setubaleko batzar herrikoia egitura territorialak ziren), ezta ere demokrazia zuzena eta demokrazia partehartzailearen artean (edozein demokrazia neurri batean partehartzaile da), baizik eta borondate orokorraren osaketa. Sobiet-erako demokraziari egozten zaion akatsa, orokorrean, bere logika korporatiboaren ingurukoa da : interes partikularren (auzo-enpresa-bulego) pilaketak (edo piramideak) aginduz loturik ez luke borondate orokorrik osatuko. Subsidiaritate demokratikoak badu ere bere mugak : bailara bateko biztanleak errepide baten aurka badaude edota hiri bateko biztanleak zabortegi baten aurka, beharrezkoa egiten da zentralizazio arbitral moduko bat. Eurokomunistekin eztabaidan, azpimarratzen genuen partiduen (eta beren pluralitatean) bitartekaritza ezinbestekoa proposamen sintetizatuak formulatzeko eta ikuspegi partikularretatik abiatuz borondate orokor bat osatzen laguntzeko. Mecano instituzional artifiziaaletan abenturatu gabe, guk ere, geroz eta maizago, barneratu dugu geure gogoetetan kamara bikoitzaren hipotesi orokorra, nahiz eta era praktikoak esperientziari irekiak dauden.

Artousen bigarren kezka da behin behineko abiada boterearen auziaren atarian gera daitekeela, suposatuko bait litzateke, horrelako egoeran, jendetzaren espontaneitatearekin eta demokrazia sobietarraren eztanda orokortuarekin, konpondutzat har zitekeela. Egia esan, ba da eztabaida honen solaskideen artean adostasunik Lenin-en Berehalako hondamendia edota Trostkyren Transizio Programa idazlanetan azaldutako gorputz programatikoaren inguruan : transizio-erreibindikazioak, aliantza politika (fronte bakarra), hegemoniazko logika, eta erreforma eta iraultzaren arteko dialektika (eta ez antinomia). Horrela, programa “minimo” (antiliberala) eta programa maximo (antikapitalista) banandu eta finkatzearen aurka gaude, pentsatzen bait dugu antiliberalismo kontsekuenteak antikapitalismora daramala, eta biak, borroken dinamikaz elkar loturik daudela.

Eztabaida dezakegu erreibindikazio transitorioen formulario zehatza, une jakin batean dagoen indar harremanen eta konstzientzia mailaren arabera. Bainan, produkzio, komertzio eta komunikazio bitartekoen bakarjabetza pribatuak duen lekuari buruz, edota zerbitzu publikoaren pedagogiaz, gizadiaren ondare amankomunaz, edota geroz eta garrantzia handiagokoa den jakintzaren sozializazioaz (jabetza pribatu intelektualari kontrajarria) errez jarriko gara ados. Era berean nahiko errez jarriko gara ados gizarte segurantzaren sistemen bidez soldaten sozializazioren formak arakatzeko eta soldatapekotasuna ezabatzera jotzeko. Azken batez, merkantilizazio orokorrari kontrajartzen dizkiogu dohaintasunaren eremuen hedapenak irekitako posibilitateak (des-merkantilizazioa bada), eta ez soilik zerbitzu arloan baizik eta beharrezkoak diren kontsumo ondare batzutan ere.

Transizioaren bidearen auzi korapilotsua “langileen gobernua”-rena da, bestela esanda, instituzio eta zuzenbide zaharren eta botere eta zuzenbide berrien forma sorberrien artean transizioa, zein botere-formulak bidera dezakeen jakitea. Zailtasun hau ez da berria. Alemaniako iraultzaren balantzearen inguruko eztabaidek, Internazional komunistaren V. kongresuan, erakusten dute Internazional beraren lehen kongresutan erabilitako formulen anbiguitate konpondu gabea, eta zein interpretazio praktiko anitz eta desberdinei ematen dieten lekua. Albert Treintyk azpimarratzen du bere txostenean “proletargoaren diktadura ez dela zerutik erortzen” ; hasiera bat izan beharko du, eta langile-gobernua proletargoaren diktaduraren hastapenaren sinonimoa da”. Salatzen du, aitzitik, fronte bakarraren “saxonizazioa” (Saxe-Thuringeko gobernuaren izenetik, gobernu horretan komunistek parte hartu zuten sozialdemokratekin batera 1923an) : “ Iraultzaren aurkako ekimen bat sahiesteko pazifista burgesekin koalizio-gobernuan komunistak sartzea ez zen teoriz faltsua, bainan Partidu Laboristaren edo ezkerreko Kartel batek osatutako gobernuek demokrazia burgesak geure partiduen baitan oiartzuna izan dezaten laguntzen dute”.

Internazionalaren jarduerarei buruzko eztabaidan Smeral txekiarrak esaten du : “1923ko otsaileko gure kongresuko langile-gobernuari buruzko tesiei dagokionez (komunista txekiarren kongresuaz ari da) horiek idazterakoan denok laugarren kongresuaren erabakiarekin bat zetozela uste osoa genuen. Aho batez onartuak izan ziren”. Bainan “zertaz pentsatzen du jendeak langile-gobernuaz hitzegiten duenean ? : “Inglaterran Partidu Laboristan pentsatzen dute, Alemanian eta han non kapitalismoa desegiten ari den lekuetan, fronte bakarrak esan nahi du komunistak eta sozialdemokratak, greba hasten danean beraien artean mokoka ibili beharrean, elkarrekin aritu daitezela. Langile gobernuak masa hauentzat adiera berdina du, eta formula hau erabiltzen danean langile partidu guztien batasuneko gobernua irudikatzen dute. Eta Smeralek jarraitzen du : “Zein da esperientzia saxoniarraren irakasgai sakona ? Ezeren aurretik honako hau : ezin da kolpe batez eta ankak loturik jauzi egin aldez aurretik arnasa hartu gabe”.

Ruth Fischerrek erantzun zion langile partiduen koalizio gisa, langileen gobernuak “gure partiduaren likidazioa” esan nahiko lukeela. Alemaniako Urriaren porrotari buruzko txostenean Clara Zetkinek esaten du : “Langile eta nekazarien gobernuari buruz ezin dut Zinoviev-en baieztapenak onartu esaten duenean pseudonomino hutsa zela, proletargoaren diktaduraren sinonimoa edo auskalo zer homonimo. Agian zuzena zen Errusiaren kasuan, bainan ez da gauza bera kapitalismoa sendo garatua dagoen lekuetan. Hauetan, langile eta nekazarien gobernua burguesía jadanik bere botereari eutsi ezin dion eta aldi berean proletargoak bere diktadura ezartezko baldintzetan ez dagoen egoera baten espresioa da”. Zinoviev-ek definitu zuen, izan ere, “langile gobernuaren helburu oinarrizkotzat” proletargoaren armatzea, produkzioaren gaineko langile kontrola, iraultza fiskala…

Aipa zitezkeen beste ekarpen batzuk. Nahasketa handiaren itxura emango lukete eta nahasketa hori benetako kontraesan baten eta konpondu gabeko arazo baten agerpena da, bainan auzia mahain gainean zegoen egoera iraultzaile edo aurreiraultzaileari begira. Alperrikakoa litzateke, a fortiori, egoera guztietarako erabilpen modu baliagarria bilatzen saiatzea. Egin daitekeen gauza bakarra gobernu-koalizio batean behin behineko parte hartzearen hiru erizpide konbinatuak ateratzea da : a) horrelako parte hartzearen auzia krisi egoera batean edo, gutxienez, mobilizazio sozialaren gorakada esanguratsu batean, eta ez hotzean ; b) delako gobernu hori ezarritako ordenarekiko haustura-dinamika abian jartzea (adibidez – Zinoviev-ek eskatzen zuen armatze baino apalago – nekazal erreforma erradikala, jabego pribatuaren eremuan “esku-sartze despotikoak”, pribilegio fiskalen abolizioa ; instituzioekin haustea – V. Errepublika Frantzian, itun europearrak, pakto militarrak, etabar…) – ; c) azkenian, indar harremanek ahalbideragarria egin beharko lukete hartutako konpromezuak eusteko bermea ez bada, behintzat konpromezu horiei muzin egiten bazaie iraultzaileek besteei larrutik ordainarazteko ahalmena izatea.

Horrelako urbilpen baten ildotik, 2003an, Lula gobernuan iraultzaileek parte hartzea ankasartze bat dirudi : a) hamar urte lehenagotik, lur gabekoen mogimendua salbu, masa mogimendua atzeraka zebilen ; b) Lularen hauteskunde kanpainak eta bere Brasildarrei eskutitzak politika sozial-liberal garbiaren koloreak anuntziatzen zituzten eta aldez aurretik hipotekatuak gelditzen ziren “gose zero” egitasmoaren eta nekazal erreformaren finantziazioa ; c) azkenik, indar harremana, gobernuko partiduaren barruan, horrelakoxea zen : Nekazaritzako erdi-ministeritzarekin egin zitekeena ez zen gobernua eustea “sokak zintzilikatua eusten duen bezala”, ile batek eutsiko lukeen modura baizik. Hau esanda, herrialde horren historia, bere egitura soziala eta PTren formazioa kontutan edukita, burkide brasildarren partizipazioaz geure iradokizunak ahoz azaldu ditugu, eta nahiago izan dugu, bertako burkideekin balantzea egin ahal izateko, esperientzia lagundu, “urrutitik” irakaskuntzak ematen ibili baino.

Aukera estrategikoaren gaurkotasunaz

Gaurkotasunaren nozioak zentzu zabala du (“gerra eta iraultzen garaia”), eta zentzu gertuagokoa, koiunturala. Gaur egun mogimendu soziala egoera defentsiboan aurkitzen da, Europan duela hogei urte baino gehiago baztertua. Inork ez du pentsatuko egoera honetan iraultzak gaurkotasuna duenik berehalakoan. Aldiz, gure garaiaren horizontetik ezabatzea ausardiegi litzateke, eta ez ondoriorik gabea. Francis Sitelek Critique Comuniste-n argitaratu zuen artikuluan bereizketa horrretaz ari bada, eta aukeran nahiago badu, “gaur egungo indar erlazioen ikuspegi aluzinatua” ekiditeko, “gaurko perspektiba” bat, “jardunezko perspektiba bat…egungo borrokak beraien beharrezko lorpenetan haziz”, ez dago eztabaida gairik. Eztabaidagarriago da boterearen konkistaren helburua, “erradikaltasunaren baldintza bezala, bainan beraren gaurkotasuna gaur egun geure horizonte-mugatik bainan haratago dagoela onartuz” mantendu ahal dezakegula dionean. Gobernuari buruzko auzia – gure horizonte-mugatik bainan haratago ikusia ? – ez litzateke, beraren ustez, loturik egongo boterearen auziarekin, baizik eta “eskakizun apalago” batekin, hau da, eraso liberalaren aurrean “babestearekin”.

Gobernuan parte hartzearen baldintzei buruzko ezbaia ez da sartzen, orduan, “gogoeta estrategikoaren arkupe monumentalaren barruan”, “partido zabalen ate estuetan” barrena baizik. Susmatu daiteke partidu baten eraikuntza ez dagoela, orduan, behar den programaz (edo estrategiaz) determinatua, baizik eta, aitzitik, partidu algebraikoki zabalaren hedadurak mugatu eta determinatu egiten duela mundu eta programa posible hoberena. Ezbaia gubernamentala, orduan, auzi estrategiko gisa, desdramatizatu beharko litzateke, eta ezbaia “norabide problema” soil bezala begiratu (hori da, neurri batean, Brasilgo kasuan guk egin duguna). Ez bada programa minimo eta maximoaren banaketan erori nahi behintzat, ez dago, haatik, “norabide problema”-rik ikuspegi estrategikoarekiko loturarik gabe. Eta “zabala”, nahitanahiez, estua eta itxia baino irekiago eta eskuzabalagoa bada ere, partiduen gaietan, bada zabala eta zabala : PT brasildarraren “zabaldurak”, Linkspartei-renak, Portugal-eko Ezkerro Blokearenak, Italiako Berfundazio komunistarenak, ez dira denak izaera berdinekoak.

“Estrategia iraultzailearen inguruko garapen jakintsuenak ere, amaitzen du Francis Sitel-ek, oso etereoak azaltzen dira ondoko gai honi buruz : nola ekin orain eta hemen”. Egia. Bainan itxura oneko maxima pragmatiko hau berdin berdin aldarrika zitekeen 1905ean, 1917ko otsailean, 1936ko maiatzean, 1968ko otsailean, bainan horrela posiblearen zentzua murriztuko litzateke errealaren zentzu prosaikora. Adostasun programatikoa, horizontearen lerroaren mailan edo beherago, ez da ondorio praktikorik gabe egiten. Gure ikusmira ez bada boterea hartzera mugatzen, eta “botereen subertsioaren” prozesu luze batean txertatzen bada, onartu beharko litzateke “partidu tradizionala (tradizionala hitzak, hemen, bide parlamentarioak erabiliz botere gubernamentala konkistatzea erdigunetzat duten partidu komunistak edo orokorrago partidu sozialdemokratak izendatzen al ditu ?) boterearen konkistaren inguruan eratua, Estatu horretara egokitzera eramana izango dela”, eta, ondorioz, bere baitan berriro “emantzipazioaren dinamika bera azpijatzen duten dominazioaren mekanismoak” ekoiztera. Dialektika berri bat asmatu beharko litzateke orduan politiko eta sozialaren artean. Egia da, eta horretan saiatzen gara praktikoki eta teorikoki, “ilusio politikoa” bezala “ilusio soziala” errefuxatuz, eta iraganeko esperientzia txar printzipaletatik ondorioak atereaz (erakunde sozialek Estatuarekiko eta partiduekiko mantendu behar duten independentziaz, pluralismo politikoaz, partidu barruko demokraziaz…).

Bainan arazoa ez dago hainbeste “Estatuaren arabera eraturiko” partidu batek egiten duen dominazio mekanismoen transmisioan, baizik eta sakonagoa eta ongi hedatua dagoen eta gizarte modernoak berezkoa duten fenemono batean, burokratizazioan (lan banaketan errotua) : horrek kutsatzen ditu organizazio sindikal edo asoziazio gehienak. Egia esanez, partiduko demokrazia (“opinioa” deituriko demokrazia mediatiko eta plebiszitariaren aurrean) izango litzateke, ez bada erremedio orokorra, antidoto bat behintzat boterearen eta “merkatuko demokraziaren” profesionalizazioari kontrajarria. Hauxe da, gehiegitan ahaztu egiten dena zentralismo demokratikoan besterik ikusten ez denean zentralismo burokratikoaren sudurra baizik. Bainan neurri bateko zentralizazioa demokraziaren baldintza bera da, eta ez bere ukazioa.

Azpimarratzen den Estatuaren araberako partiduaren konformazioak oiartzuna egiten dio Kapital beraren eta langile mogimenduaren egituren artean agerian jarritako “isomorfismoari” (Boltanski eta Chiapello : Kapitalismoaren Espiritu Berria liburua). Menpekotasunaren auzi hau auzi giltzarria da, eta horretatik ez da errez ihes egiten edo konpontzen. Soldataren eta enplegurako eskubidearen (batzutan “lan-eskubidea” deitua) aldeko borroka, ziur, borroka subalternoa da (isomorfoa) kapital-lanaren harremanarekiko. Guzti horren atzean alienazioaren arazoa dago, fetitxismoarena eta erreifikazioarena. Baina forma “jariakorrak”, sarean antolatzeak, afinitateen logikak (hegemoniaren logikei kontrajarria) menpekotasun horri eta dominazio harremanei ihes egiten dietela uste izateak ilusio trauskil bat jartzen du agerian. Forma horiek kapital informatizatu modernoaren antolakuntzarekiko, lanaren flexibilizazioarekiko, “gizarte likidoa”-rekiko etabar… guztiz isomorfoak dira ere. Horrek ez du esan nahi menpekotasun forma zaharrak hobeagoak edo lehenestekoak direla forma emergente hauek baino ; esaten da, soilik, esplotazioaren eta dominazioaren gurpil-zoroaren saretik, ez garela horrekin erret-bidetik atera.

Partidu zabalari buruz

Francis Sitelek susmoak ditu “eklipse” edota “arrazoi estrategikoaren itzulera” nozioek ez ote duten adierazten parentesi baten itxiera eta estrategiari dagokionez identikoaren itzulera, hau da, auzia berriro hartzea III Internazionalak aztertutako terminoetan. Behin eta berriro azpimarratzen du “oinarrizko berdefinizioen” beharra, berrasmaketarena, langile mogimenduak behar duen “eraikuntza berria”. Noski. Bainan berritasunaren erretolikak ez du bermerik ematen antzinakoen antzinakoenetan, eta txarrenean ere, ez ote garen eroriko. Benetako berrikuntzak, autentikoak, ba dira (ekologian, feminismoan, gerra eta eskubidearen auzitan…), bainan seinalaten diren “berrikuntza” batzuk ez dira moda efektuak baino (moda guztiak bezala antzinakoen aipamenez elikatuak), eta XIX mendeko egitasmo utopisten eta langile mogimendu jaio berriaren gai zaharren berziklaia. Auzigaiak asko dira bainan, geure baliabideen neurrira, auzi horietako batzuei geure erantzun-puntuak bilatzen saiatzen gara eta gustatuko litzaiguke horri ekingo baliokete geure solaskideek.

Gogoratuta ere – eta arrazoiz – geure tradizioan erreformak eta iraultza bikote dialektikoa osatzen dutela, eta ez elkarrekin lotezinezko oposizio-terminoak (erreformak, egoeren arabera, prozesu iraultzaileetan bihurtu daitezke edo, aitzitik, prozesu iraultzailearen aurkakoak), Francis Sitel ausartzen da aurretik iritzi bat botatzera “partidu zabala erreforma partidu gisa definituz”. Agian. Behar bada. Bainan aldez aurretikako ideia aski espekulatibo eta normatiboa da. Eta, batez ere, ez da gure arazoa. Ez gara ibiliko goldea behien aurretik jartzen eta geure artean programa minimo bat (erreformak) asmatzen “partidu zabal” hipotetiko baterako. Guk, oraingo orduaren exijentzien arabera, geure egitasmoa eta programa zehazten dugu. Hortik abiaturik, egoera zehatz eta bidaide zehatzekin, konpromezu egingarriak ebaluatu ahal izango dugu, are argitasun (pixko bat) galtzeko prest ere, baldin eta hedapen sozialean, esperientzia eta dinamiketan (asko) irabazten badugu. Hau dena ez da berria : PTren sortze prozesuan hartu dugu parte (partidua antolatzeko eta ez ikuspegi taktiko entristarekin) geure posizioak defendatzen jarraituz ; gure burkideak Rifondazione komunistan korronte gisa militatzen ari dira ; Portugaleko Ezkerreko blokearen partaide dira, etabar… Bainan konfigurazio hauek guztiak singularrak dira eta ezingo lirateke nahasian sartu “partidu zabala”-ren gauza-guztitarako kategorian.
Gaurko egoerak, dudarik gabe, eremu bat irekitzen du langile mogimenduaren formazio tradizional handien (sozialdemokratak, estalinistak, populistak) ezkerretara. Arrazoiak askotarikoak dira. Kontra-erreforma liberala, espazio publikoaren pribatizazioa, “Estatu sozialaren” ustiaketa, merkatuzko gizartea… horrek denak (sozialdemokrata eta populisten partizipazio aktiboarekin) sozialdemokraziaren beraren (eta zenbait herrialde latinoamerikarretan kudeaketa populistaren) euskarria zen adarra ebaki du. Partidu komunistek Sobiet Batasuneko inplosioaaren kontrakolpea eta, aldi berean, hogeigarren hamarkadan edota Liberation garaian irabazitako langile-oinarri sozialaren higadura jasan dute, galera horiek ekarpen berriez ordezkatuak izan gabe. Horrela, bada, “erradikaltasunaren espazioa” deitzen den hori ireki da modu anitzez azaleratzen da mogimendu sozial berrien agerpenetan eta hauteskunde etan (Linkspartei Alemanian, Rifondazione Italian, Respect Bretaina Handian, SSP Eskozian, Bloc Portugalen, gorri-berde koalizioa Danemarkan, ezker muturreko dinamikoa Frantzian edo Grezian…). Eta horrek eman die gaurkotasuna berrosaketei eta bilgunei.

Baino “espazio” hori ez da espazio homogeneo eta hutsa (newtondarra), betetzearekin nahikoa litzatekeena. Indar-eremu bat da guztiz ezegonkorra, eta horren lekuko ikusgarria da Rifondazioneren konbertsioa : hiru urte baino gutxiagotan mugimendu lirikoa izatetik, Geneba eta Florentziako unetik, Romano Prodiren gida-makilapeko gobernuan parte hartzera igaro da. Ezegonkortasun hau ematen da mobilizazio sozialak gehiagotan amaitzen direlako porrotean (Irak-eko gerraren aurkako mobilizazioek ez zuten gerra geldituarazi) lorpen zehatzetan baino, eta mogimendu horiek ordezkaritza politikoaren paisaiaren aldaketarekin duten lotura oso lasoa delako. Lorpen esanguratsuen ezean, “gaitz txikiagoaren” esperantza (“Dena salbu eta Berlusconi – edo Sarkozy, edo Le Pen !”) eremu elektoralean jartzen da, bainan eremu horretan logika instituzionalen pisuak erabakiorra izaten jarraitzen du (Frantzian, presidentzialismo plebiszitarioaren logika, eta bereziki antidemokratikoa den sistema elektoralarena). Horregatik hain zuzen, erdibide egokiaren simetria (Jean le Bon-ekin modan jarria : kontuz eskubiarekin, kontuz ezkerrarekin !), arrisku oportunistaren eta arrisku atzerakoiaren arteko simetria, begiradari tranpa jartzea da : ez dute pisu berdina bi aldeek. Erabaki arriskutsuak hartzeko ausardia eduki behar bada ere (horren adibiderik muturrekoak izan ziren Urriako insurrekzioa egiteko erabakia eta Granmaren lurreratzea), arriskua, abentura huts hutsa bihur ez dadin, neurtua izan behar du eta bere aukerak ebaluatuak. Itxasontziratuak gaude, apostua egin behar da, esaten zuen dialektiko handi batek. Muslariek ondo dakite enbido bat apostu txikia dela, eta ordago jotzea berriz, irabaztea ekar badezake ere, etsituaren kolpea dela. Tartea bien artean dago. Ausardiak ere baditu bere arrazoiak.

Rifondazionen eta Linkspartei-nen agerian jartzen diren eskuinatik ezkerra alderako korronteen bilakaerak ahula izaten jarraitzen du (alderantzizkora irekia ere) borroka sozialek ordezkaritza politikoaren eremuan duten eragin mugatuaren ondorioz. Bilakaera hori, neurri batean, korronte horietako kide iraultzaileek duten presentzia eta pisuaren baitan dago. Datu amankomun oso orokorretatik aparte, egoerak, bada, oso desberdinak dira, langile mogimenduaren historia bereziaren arabera (adibidez sozialdemokrazia guztiz hegemonikoa den edo partidu komunista garrantzitsuak badiren ala ez), eta ezkerraren baitan ematen den indar-erlazioaren arabera : aparailu astunak ezin dira mogituarazi ideien borroka hutsez, zuzendaritzako kideen belarritan hitz ederrak xuxurlatuz, baizik eta benetako indar-harremanak aldatuz.

“Indar berri”-ren baten ikusmira gaurkotasuna duen formula algebraikoa da (horrela zen 1989-1991 baino lehenago, eta are gehiago ondoren). Ikusmira horren itzulpen praktikoa ez da “partidu zabala” edo “bilgune” formula lainotsu bezain orokorretatik eratortzen. Berreraketa prozesu baten hasieran baizik ez gaude. Garrantzitsua da prozesu horretan iparrorratz estrategiko batez aritzea. Pazientziarik gabeko abenturetan murgildu gabe eta agertzen den lehen elkartze behinekoan urtu gabe, bitartekotza organizatibo beharrezkoak aurkitzea eta arrisku neurtuak hartzea ahalbidetuko duen baldintzetako bat da.

Formula organizatiboak oso aldakorrak dira : masa partidu berria (Brasilen larogeigarrenetan PTren kasuan bezala), sozialdemokrazia hegemonikoa izandako organizazioan ematen diren gutxiengoen hausturak (Alemanian bezala), korronte iraultzaileen frontea (Portugalen bezala). Azken hipotesi hau, Frantzia bezelako herrialdeetan, probabilidade handienekoa izan daiteke, han organizazioek (PC eta muturreko ezkerra) tradizio luzea bait daukate eta, ez bada mogimendu sozial indartsua ematen, eta orduan ere ikusi beharko, zaila da epe labur edota erdira horien arteko fusioa irudikatzea. Dena den, herentzia programatiko batekiko erreferentzia, etorkizuneko birrantolaketen nortasun-oztopo izatetik urrun, birrantolaketa horien baldintza da. Horrek, arazo estrategikoak eta arazo taktikoak iherarkia batean jartzea (holako edo halako aukera elektoralari buruz elkarri labainkadaka ibili beharrean) ahalbidetzen du, eta organizazio bat biltzeko behar den oinarria eta irekiak egon behar diren auzi teorikoak bereizten laguntzen du, eta aurrera daramaten eta atzera botatzen duten konpromezuak bereizteko lagungarria da, eta organizazioaren partaide izateko moduen egokitzapena (partidu amankomun batean tendentzia gisa, fronte baten osagai gisa, etabar…) partaideen eta beraien dinamika gora-beheratsuaren arabera (eskuinetik ezkerrera edota ezkerratik eskuinera) kokatzen laguntzen du.

Ekarpen hau, lehenik, Projet K-ren mintegi batean, Parisen 2006ko ekainaren 17an, ahoz aurkeztua izan zen. Aipatzen duena da, bereziki, Critique communiste aldizkarian, 2006ko martxoaren 179 zenbakian, argitaraturiko estrategiari buruzko testuak. ESSF-n aurkitu daiteke. Ahozko aurkezpenaren ondorengo eztabaida kontutan hartuta osatu zen.
Berriro argitaratua
Penser Agir liburuan, Lignes, 2008

Haut de page