Tous les textes du philosophe Daniel Bensaïd.

“1843an Engelsek argitara eman zuen artikulu bat “kontinentean erreforma sozialak egindako aurrerapenak” gaitzat harturik. Komunismoa zen, esaten zuen, “zibilizazio modernoaren baldintza orokorretatik abiatuz argi eta garbi atera beharra dagoen ezinbesteko ondorioa”. Komunismo logikoa, hitz batean, 1830eko iraultzaren ondorioa, langileek “itzuli bait ziren iturri bizietara eta iraultza handiaren aztertzera eta Babeuf-en komunismoa, bizitasunez, berea egin bait zuten”.

Marx gaztearentzat, ordea, komunismo hori ez zen oraindik “abstrakzio dogmatikoa” baizik, “humanismoaren printzipioaren agerpen berezia”. Jaiotzen ari zen proletargoa “bere emantzipazioaren doktrinarioen besoetan eroria zen”, “sekta sozialisten besoetan” eta “klase harremanen abolizio” gisa “anaikidetasun unibertsalaren milurte”-ari buruz“humanistak gisa dibagatzen” duten espiritu nahasienetan. 1848a baino lehenago, komunismo espektral hau, egitasmo zehatzik gabekoa, garaiaren giroan presente zegoen bada, bainan ametskeria ikariarrak edota sekta igualitarioen forma “gutxi landuen” eran.

Marx haltérophile
Atelier Formes Vives

Haatik, jadanik orduan ateismo abstraktuaren gainditzea materialismo sozial berri bat eskatzen zuen, eta besterik ez zen komunismoa baino : “Hala nola ateismoa, Jainkoaren ukazio gisa, humanismo teorikoaren garapena den bezala, horrela ere komunismoa, jabetza pribatuaren ukazio gisa, benetako giza-bizitzaren garapenaren erreibindikazioa da”. Ezein antiklerikalismo bulgaretik urrun, komunismo hau zen “humanismo praktiko baten garapena”, eta honentzat auzia ez zen soilik alienazio erlijiosoaren aurka borrokatzea, erlijioaren beharra sortzen den alienazio eta miseria sozial errealaren aurka baizik.

1848ko hastapeneko esperientziatik Parisko Komunaren esperientziaraino, earritako ordena abolitu nahi duen “mugimendu erreala”-k forma eta indarra hartu zuen, “erokeria sektarioak” ezabatuz eta “infalibilitate zientifikoaren orakulo-airea” erridikuloan utziz. Bestela esanda, komunismoak, hastapenetan espirituaren egoera bat edota “komunismo filosofikoa”izan zena, bere forma politikoa aurkitu zuen. Mende laurden batean, komunismoa bera eraldatu zen : agerpen filosofiko eta utopikoetatik, azkenian aurkituriko emantzipazioaren forma politikora.

1. Emantzipazioaren hitzak ez dira ukiturik gabe irten joan mendeko ekaitzetatik. Hitzei buruz esan daiteke, ipuinaren animaliei buruz bezala, ez direla denak hilotz gelditu, bainan bai denak sakonki zaurituak izan direla. Sozialismoa, iraultza, anarkia bera ere, ez daude komunismoa baino hobe. Sozialismoa Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburgen erailketan, gerra kolonialetan eta gobernu-kolaboraziotan inplikatu da eta hedatzen zen neurrian edukinez hustu egiten zen. Kanpaina ideologiko sistematiko batek iraultza biolentziarekin eta terrorearekin bategiten lortu du. Bainan, lehen itxaropen handiak eta etorkizuneko ametsak zeramazkiten hitz guztietatik, komunismo hitza da gehien kaltetua izan dena, Estatuaren arrazoi burokratikoak atrapatua eta jardunbide totalitario baten menpekoa egonik. Aztertu beharra dago, haatik, hitz zauritu guzti hauetatik, sendatu daitezkeen eta berriro indarrean jartzea merezi duten batzuk badauden.

2. Horretarako, XX mendeko komunismoarekin zer gertatu den pentsatu beharra dago. Hitza eta gauza ezin dira jasan behar izan duten froga historikoen garaitik kanpo gelditu. Txinako Estatu liberal autoritarioa izendatzeko “komunista” hitzaren erabilera hedatuak, denbora luzez, eta gehiengoaren begitara, pisu askoz handiago izango du hipotesis komunistaren kimu teoriko eta esperimental ahulak baino. Inbentario historiko kritikoa aparte uzteko tentazioak, denboratik kanpoko “aldaezintasunetara” eramango luke ideia komunista, eta justizia edo emantzipazioaren ideia indeterminatuen sinonimo bihurtuko litzateke bainan ez dominazio kapitalistaren garaiko emantzipazioaren forma bereziaren sinonimo. Hitzak, orduan, zehaztasun politikoan galduko luke hedapen etiko edo filosofikoan irabazten duena. Funtsezko auzietako bat da jakitea ia despotismo burokratikoa Urriako iraultzaren jarraipen legitimoa den edota kontrairaultza burokratikoarena, azken hau egiaztatua bait dago ez bakarrik prozesu, purga eta deportazio masiboekin, baizik eta hogeitamarreko hamarkadan Estatu sobietarraren aparailu politikoan eta gizartean eman ziren astinduekin.

3. Ez da lexiko berri bat dekretuz asmatzen. Hiztegia denborarekin osatzen da, erabilera eta esperientzien bitartez. Komunismoa diktadura totalitarioarekin identifikatzeko tentazioari amore ematea behin behineko garaileen aurrean kapitulatzea litzateke, iraultza eta kontrairaultza nahastea, eta bidegurutzeen kapitulua, esperantzari irekia dagoen bakarra, ixtea. Eta gainera, garaituekiko, anonimoak izan edo ez ideia komunista apasionatuki bizi eta karikatura eta faltsifikazio guztien aurka ideia hori bizitu-arazi zuten pertsona guzti haiekiko erremediaezineko injustizia egitea litzateke. Lotsaz beterik geldi daitezela estalinistak izateari utzitakoan komunista izateari utzi ziotenek, eta estalinistak ziren bitartean soilik izan zirenak komunistak !

4. Kapitalismo lohitsua ez bezalako beharrezko eta posible den “beste hori” izendatzeko hitz guztietatik, komunismo hitza da zentzu historiko gehien eta karga programatiko eztandagarriena gordetzen duena. Hitz horrek iradokitzen du hobekien banaketa eta berdintasunaren amankomuntasuna, boterea amankomunean jartzea, kalkulo egoistari eta lehiakortasun orokortuari aurre egiten dion solidaritatea, gizadiaren ondare natural eta kultural amankomunen defentsa, munduaren pribatizazioaren eta harrapakeria orokortuaren aurka premia biziko ondasunetara dohaintasuna zabaltzea (zerbitzuen desmerkantilizazioa).

5. Komunismo hitza bada, ere, aberastasun sozialaren, balioaren legearen eta ebaluaketa merkantilaren neurri desberdinaren izena. Konpetentzia “aske eta faltsutu gabea”, “bestearen lan-denboraren lapurketaren gain” altxatzen da. Neurtuezina kuantifikatu nahi du eta, lan-denbora abstraktuaren bidez, bere neurketa miserable amankomunera murriztu nahi du neurtu ezin daitezkeen giza espeziearen eta bere birprodukzioaren baldintza naturalen arteko harremanak. Komunismoa da aberastasunaren erizpide desberdin baten izena, hazkundearen aldeko garapen-lasterketa kuantitatiboaren ez bezalako garapen ekologiko baten izena. Kapitalaren pilaketaren logikak ez du eskatzen soilik, behar sozialak ukatuz, etekinaren aldeko produkzioa, baizik eta “kontsumo berriaren produkzioa”, kontsumoaren zirkuluaren hazkunde etengabea, “behar berriak eta erabilpen-balio berriak sorraraziz”. “Hortik, hain zuzen, natura osoaren ustiaketa” eta “lurraren esplotazioa zentzu guztitan”. Kapitalaren gehiegikeria suntsitzaile honek oinarria ematen dio eko-komunismo erradikalaren gaurkotasunari.

6. Komunismoaren auzia, Manifestu Komunistan, lehenik, propietatearen auzia da : “Komunistek laburbildu dezakete beren teoria formula bakar honetan : propietate pribatuaren abolizioa”. Produkzio eta salerosketa bitartekoen abolizioa. Eta hau ez da nahasi behar erabilpenezko ondasunen propietate indibidualarekin.“Mogimendu guztietan”, “propietatearen auzia, edozein delarik propietatearen bilakaera puntua, lehen planoan jartzen dute, mogimenduaren auzi nagusi gisa”. Lehen kapituluan zehazten diren hamar neurrietatik zazpi dira propietate formari buruzkoak : lur-jabetza handien espropiazioa eta lurraren errenta Estatuaren gastuetarako erabiltzea ; fiskalitate guztiz progresiboa ezartzea ; produkzio eta salerosketarako bitartekoan herentziaren anulazioa ; iheslari errebeldeen ondasunen konfiskazioa ; kredituaren zentralizazioa banka publikoan ; garraio bitartekoen sozializazioa eta hezkuntza publiko eta dohanekoa denontzat ezartzea ; lantegi nazionalak altxatzea eta landu gabeko lurrak erabiltzea. Neurri guzti horiek puntu batera zuzenduak daude : ekonomiaren gainean demokrazia politikoaren nagusigoa, interes egoistaren gainetik ondasun amankomunaren lehentasuna, espazio publikoa espazio pribatuaren gainetik ezartzera. Ez da proposatzen edozein propietate forma ezabatzea, baizik eta “gaur egungo propietate pribatua, propietate burgesa”, bestearen esplotazioaren oinarritzen den “jabetze modua” ezabatzea.

7. Eskubideen arten, jabeek ondasun amankomunen jabe bihurtzeko eskubidearen eta desjabetuek existentziarako duten eskubideen artean, “indarra da erabakiorra”, esaten du Marxek. Klase borrokaren historia moderno guztia, Alemaniako nekazarien gerratik hasi eta joan mendeko iraultza sozialetaraino, Frantziako eta Inglaterrako iraultzak tartean direlarik, gatazka honen historia da. Gatazka hau dominatzaileen legalitatearen aurkako beste legalitatearen agerpenaren bidez konpontzen da. “Emantzipazioaren forma politiko azkenian aurkitua” gisa, “Estatuaren boterearen abolizio” gisa, errepublika sozialaren errealizazio gisa, Komunak argitzen du legitimitate berri honen agerpena. Bere esperientziak inspiratu ditu krisi iraultzaileetan sorturiko autoorganizazio eta autogestio herrikoiak : langile kontseiluak, sobietak, milizien komiteak, industri-gunetako sareak, auzo elkarteak, nekazal komunak... horiek politika desprofesionalizatzera jotzen dute, lanaren banaketa soziala aldatzera, Estatuaren, gorputz burokratiko separatua den aldetik, ezabatzeko baldintzak sortzera.

8. Kapitalaren erreinupean, itxurazko progreso guztiek badute bere atzerapen eta hondamendi aldea. Baldintza horietan progresoa besterik ez da, azken finean, “morrontzaren forma aldaketa baizik”. Komunismoak etekinari eta errentagarritasun monetarioari buruzko ideia eta erizpide desberdinak eskatzen ditu. Hasteko, lan-ordu behartuen iraupenaren murrizketa erradikala eta lanaren ideia beraren aldaketa : ezinezkoa izango da garapen pertsonal osoa aisialdian edo “denbora librean”, langilea lanean alienatua eta elbarria den bitartean. Ikusmira komunistak gizon/emakumearen arteko harremanetan aldaketa erradikala eskatzen du : sexuen arteko harremanaren esperientzia da “bestekotasunaren” lehen esperientzia, eta zapalkuntza mota hau irauten duen bitartean, edozein izaki desberdin, kultura dela, kolorea dela, joera sexuala dela desberdin den edozein izaki, bazterketaren eta dominazioaren biktima izango da. Benetako progresoa, azken finean, honetan datza : pertsona bakoitza izaki bera eta bakarra egingo duen behar desberdinen garapen eta konbinazio orijinala eman dadila, bakoitzaren berezitasuna espeziaren aberastasunarentzat ekarpena izan dadin.

9. Manifestuarentzat komunismoa da “bilgune bat zeinean norberaren garapena izango den guztien garapen librearen baldintza”. Garapen indibidual askearen lema agertzen da, eta hori ez da nahastu behar konformismo publizitarioaren menpeko nortasunik gabeko indibidualismoaren espejismoarekin, bainan ezta ere sozialismo kuartelero baten berdinkeria trauskilarekin. Norberaren ahalmen eta behar berezien garapenak laguntzen dio giza espeziearen garapen unibertsalari. Alderantziz ere, noberaren garapen askeak guztien garapen askea eskatzen du, emantzipazioa ez bait da bakarreko plazera.

10. Komunismoa ez da ideia puru bat, ezta gizarte eredu doktrinario bat. Ez da erregimen estatal baten izena, ezta produkzio modu berri batena. Komunismoa da mogimendu baten izena, etengabe ezarritako ordena gainditzen/abolitzen duena. Bainan bada ere helburu bat, mogimendu horretatik sortua izanik, norabidea ematen diona eta printzipiorik gabeko politika, jarraipenik gabeko ekintzak, egunean eguneko inprobisazioen aurka, helburura hurbiltzen duena eta harengandik aldentzen duena atzematen laguntzen duena. Zentzu honetan, ez da helburuaren eta bidearen ezagutza zientifikoa, hipotesis estrategiko arautzailea baizik. Izendatzen ditu, banandu ezinezko moduan : justizia, berdintasun eta elkartasunezko mundu desberdin baten ametsa ; kapitalismoaren garaian indarrean dagoen ordena suntsitzera jotzen duen mogimendu iraunkorra ; eta okerrenera jotzeko biderik motzena litzatekeen hain okerra ez denera egokitzeko tentaziotik urrun, propietate eta botere harremanetan aldaketa erradikala eragiteko mogimenduari norabidea eskeintzen dion hipotesia.

11. Kapitalismoaren krisi sozial, ekonomiko, ekologiko eta moralak, ez bait du jadanik neurriz kanpoko hondamendiak probokatuz eta arrazoi-falta geroz eta handiagoz espeziea eta planeta biak batera mehatxatuz ez bada, bere mugak gainditzen, egungo eginkizuntzat jartzen du Walter Benjaminek joan den mendeko bi gerra handien arteko garaiko mehatxuen gorakadaren aurrean proposatzen zuen “komunismo erradikalaren gaurkotasuna”.

Contretemps n° 4, octobre 2009
www.danielbensaid.org

Haut de page