Tous les textes du philosophe Daniel Bensaïd.

Daniel Bensaïd

décembre 1991

Zertan diren ezkerreko amets haiek ?

“Ezkerreko ametsak” da solasaldi honen antolatzaileek jarri didaten gaia. Ezker ameslaria, bada ? Eta zer amestu duen ?

Ametsak izan baziren, ez ziren uniformeki uherrak edo arroxak izan. Batzuk, Sobiet Batasuna estalinista edo breznevistaren kolorez jantzitako promesaren lurraldearekin, lanaren kultu estajanobistarekin, behartutako kolektibizazioaren eta industrializazio azeleratuaren balentriekin, altzairu tona eta tximini ketsuekin, mota guztitako domina olimpikoekin egin dituzte amets heroikoak. Beste batzuk, eta batzutan aurreko horiek beraiek, iraultza kultural handiaren eguzki dizdiratsu eta odoltsuarekin eta gora altxaturiko liburu gorri txikien baso batekin egin dute amets. Hirugarren batzuk, prosaikoagoki, gehiengo parlamentariak errespetatuz eta onartuz eta erreforma argiak sustatuz dortoka-pausura egindako sozialismoarekin aski izan dute amets egiteko. Hala ere, amets hori ez zaio trabarik izan sozialdemokraziari, azken mendean, kontzetsio txikiak pilatuz kapitulazio handiak osatzeko : 1919an Noskeren gorputz paramilitarrekin konkubinatotik hasi eta espedizio kolonial eta neokolonial guztietan armak eskutan parte hartzeraino, tartean Espainia errepublikarraren kontra ez-interbentzioari eutsiz. Bakoitzak bere ametsa. Guk ez ditugu amets horiek egin.

“Ezkerreko ametsak” gaiara itzuliz, galdetu diot lehenik neure buruari, zerk eman lezaioke galdera honi gaurkotasuna. Agian, ametsak, Berlingo harresiaren suntsiketarekin eta deitua izan omen den “benetan existitu den sozialismoa”-ren porrot entzutetsuarekin lurrintzen ari diren ? Amets hautsirik baldin bada, komeni al da galdetzea noiztik dagoen hautsia ? Berlingo harresiaren erorketaren ondorenetik ? Ianaev-ek, esku dardartiz, Moskun egin zuen Estatu kolpe ondorenetik ? Ikus dezagun, bada ! “Gertakizun” arraro horiek, kombustio mantso batean azken ilintiak, talka fundatzaile urrunen baten oiartzun itoa bait liran argizpirik bota gabe ahitzen dira.

GIF - 83.2 ko
Sébastien Marchal

Zergaitik itxoin dute, kazetari nekrofagoek, orain arte, Marxen heriotza, komunismoaren heriotza, sozialismoaren heriotza aldarrikatzeko ? Hildakoak, amets erahilak, hilotzak… izan baziren, krimena ez da 1989koa edo 1991ekoa. Krimenak hogeitamargarreneko hamarkadako kontrairaultza estalinistarekin lotzen dira, gose eta deportazioekin, prozesu eta kontzentrazio eremuekin, hezurtegi eta hilotz bene benetakoekin. Hor dugu mendea burdina goriz markatu duten gertakizun handi horietako bat. Gertatu berri diren gorabeherak gertakizun haien amaiera baino ez dira.

Ametsik egon balitz, aspaldian behar zuen, bada, amets-gaiztora bira egin. Entzun eta ulertu egin nahi zutenek, egiterik bazuten. Diktadura burokratikoen desintegrazioa ez da iraultza komunistaren epilogoa, kontrairaulta totalitario batena baizik, duela denbora asko hasia eta mendean zehar triskantzak eragin dituena. Zeren, kontrairaultza – Joseph de Maistrek ongi ulertu zuen bezala – ez da soilik iraultza bat alderantziz, Urria moduko bat atzera birbobinatua, “iraultza baten alderantzizkoa” baizik. Kontrako hori geure begien aurrean bukatzen ari da Errestaurazioan. Ez da soilik merkatuaren ustezko legeen errestaurazio ekonomikoa, zaila eta zalantzakorra. Errestaurazioa maiskularekin, baizik, bete betean, iraganaren kritika egin beharrean kondaira buruz behera jartzearekin konformatzen dena. Non eta Lenin, Trotsky, Sverdlov-en izenak bapatean ahoskaezinak bihurtzen diren, garai batean Robespierre, Saint-Just edo Babeuf-en izenekin gertatu zen bezala.

Ezjakintasun dosis gogorra eduki edo zital askoa izan behar da Goulag-a 1976ean Soljenitsyne irakurriz aurkitu izan dela adierazteko. Historia ez dabil itsumen intelektualen erritmora. Ez da serio esatea ezin zela Uhartedi Goulag baino lehenagotik jakin edo entzun horrelakorik. Testigantzak baziren. Asko eta aski fidagarriak ziren begiak ireki arazteko. Prozesuen eta kontzentrazio eremuen existentzia ezaguna zen hogeitamargarrenetan eta berrogeitamargarrenetan, ez, egia da, bere zabalera osoan, bainan bai bere printzipio eta errealitatean. Ekialdean gertatzen ari diren eraldaketa oldartsuek ezkerreko imaginarioa (bere aniztasunean) izan zenaren gainean horrelako indarrez eragiten badute, seinale da gaur egun bestelako datu batzurekin batera konjugatzen ari direla.

Derrota batek beste bat ezkuta dezake. Baita ezagutarazi ere. Duela gutxi entzun izan dut azken hilabeteetan Sobiet Batasunean gertatzen ari denak, boltxebismoaren aurka Leon Blumen hilondoko mendekua eta garaipena ezartzen duela. Ezkerraren baitan batura-zero moduko joku bat egongo balitz bezala, batzuk galdutako baloreak besteek irabazitakoak bait liran bezala. Liberalismo moderatu batera errendaturiko partidu batean, sozialistatik izena baizik ez duena, Blumeren diskurtsoek gaur egungo ezker muturreko burkideren batenak lirudikete. Ez dugu inoiz ilusiorik izan 1981eko ezker garaileak huteskundeetako promesetan iradokitako aldaketa erradikala aurrera eraman zezaketenentz. Hala ere, ezkerra gobernura iristeak egoera desblokeatuko zuela eta zenbait balore berriro indartze bidean jartzearen alde joko zutela uste genuen.

1981eko ezker garailea bizitza aldatzeko asmotan omen zebilen. Bizitza da ezkerra aldatu duena. Boterea herriari eman nahi omen zion. Botereak atrapatu du. Ez zituen hitz gogorrak aurkitzen diru errezaren aurka. Diruaren erreztasunari errenditu zaio. Ez kolore ez jatorriaren araberako, baizik eta mugarik gabeko hiritartasuna ezartzen saiatu behar zen etorkinei boto emateko eskubidea emanez. Lehentasunezkotzat hartzen zuen langabezia gutxitzea, desberdintasun eta bazterketak uxatzea… Printzipioak itoak gelditu dira taktika politikoaren uretan. Iradokitako erreforma moral eta intelektuala porrot intelektual eta moralean amaitu da. Gaur egungo modazko hiztegi kontablean “defizit sozial eta demokratiko” bezala izendatzen den horrek ezkerreko egitasmoen heriozko anemiaren alde jotzen du. Laurent Fabiusek mahaigaineratu du ozen galdera : benetan demokratak gara, bainan zertan garen oraindik sozialistak ?

Egi egitan, nolatan gizakiaren existentziarako eskubide funtsezkoa (lana eta diru-sarrera izateko eskubidea), 1793ko Konstituzioak eta Erresistentziak aintzat hartua, jarri daiteke jabetzaren eskubidearen menpe ? Ezkerraren printzipio fundatzailerik badago, klase gatazka saihetsezin horren aurkikuntzan datza hain zuzen, Iraultza frantziarraren froga zeharkatuz azalerazten joan dena. Hari hori hausten den unetik, ez dago gehiago “egitasmo handi” pentsagarririk, ez bada animarik gabeko Europarena, teknokratikoa eta finantziarioa, merkantaritzarako eta monetarista, grina txar guztietara irekia eta eraso molde guztiak berriro indarrean jartzeko ; Herrien Europa solidario, aske, berdintzailearen ideia lohitzen eta itxuraldatzen duen Europarena ez bada.

Imaginario historikoaren ahultze honen aurrean, mantentzen da, haatik, inoiz baino gehiago, kolera santuaren eta hasarrearen premia duen munduaren arazoa, amets-egiteko beharraz oratua dagoen munduaren arazoa. Edo agian, neurritsuago, posible bat proiektatzeko, “aurrerantzazko” zerbaiten ikusteko beharra duena. Amets egiteko, bere asmoa proiektatzeko, gorpuztu gabeko posiblea ikustarazteko ahalmena galdurik edukiko lukeen ezkerrak, edukiko al luke oraindik bere borrokak izan ziren horietako herentzia kontrastatuan inskribatzeko eskubiderik ?

Larria dena ezeztarazi horixe da, esperanza printzipioaren zero gradu hori, iraganarik eta etorkizunik gabeko orainaren lokuma astun eta erigarria. Zeren etorkizunaren galerak iragana ere mehatxatzen du. Ametsa debekaturik, ezker ofíziala bere memoriaz gaixo dago. Ez daki jadanik zer diren bere erreferentzia fundatzaileak. Bigarren mendeurrena ospatu egin da desoroso, Iraultza oldarkorra Errepublika heldu eta epaituaren atzean ezabatzeko presatuak egongo balira bezala. Ez da gerezien denbora kantatzeko unerik. Erresistentziak berak, errekontziliazio handien aldarean, bere legitimitate mitikoa galtzen du. Arasak gainezka daude hilotz eta gaizki sailkaturiko arazoez.

Eta Le Pen berpizten da. Le Pen, negoziotako ezkerraren Dorian Gray-ren erretratoa da. Hark islatzen dio ezkerrari honen beronen ukazioen eta berrukazioen irudia. Ez da inoiz behar bezala neurtuko etorkinen boto eskubideari buruz atzera egin dutenen erantzunkizuna, edota aho handiz “frantzes ekoiztu” oihukatuz eskuin muturrekoen “frantzes jendearekin” oiartzuna entzuten zutenena. Ezingo da inoiz neurtu zer nolako lubakia ireki zuten Ivry-ko buldozerrek eta Orlyko charterrek kontzientzitan. Printzipioak lokazturik gelditzen direnean, katu guztiak gris bihurtzen dira ; ez da orduan ezer eskatzen, M. Deng Xiaoping guztiz praktikoak esaten zuen bezala, xaguak harrapatzea baino. Dena erlatibo bihurtzen da.

Kontzientzia txintxoak arkaismoen gorakada, beste garai bateko gerrak, antzinako deabruak ageri direla ikusita urduri jartzen dira … Deabruak, ordea, ez du adinik. Amaitu ordez, historiak eusti egiten du. Ez dago ilusio txarragorik iragana geure atzean dagoela, parentesi irmotan itxia eta han lasai dagoela pentsatzea baino. Hurrengo bide-biran gure zain dago. Hau izan zen, itun germaniar-sobietarraren ordu ilunetan Walter Benjaminek argitasun handiz, ezkerreko bi famili handiei, sozialdemokraziari eta estalinismoari, egin zien salaketa : mehatxuaren aurrean zaingoa lokartu-araztea progresoaren kulunkariekin ; eta nazismoa, katastrofe absolutotzat hartu beharrean, etorkizun dizdiratsurantz marrazturiko bidean kontradenbora gogaikarria edo desbideratze simplea zela sinistu araztea ; eta estalinismoa, kantari datozen biharamunerako bide balizatuan igaro beharreko pasabidea zela aldarrikatzea eta tortilari, tortila egiteko puskatu beharreko arraultzak barkatzea.

Ilusio arriskutsua litzateke gaur egun integrismo erlijioso, etniko edo nazionalak anakronismotzat edota iragan amaituriko baten azken gastutzat hartzea. Guztiz gure oraingo denboretakoak dira. Oso osorik. Yaltako munduaren lokaturak ez du iragarritako “mundu ordena berria” egungo gai-zerrendan jartzen, espazio geopolitikoen banaketa berria baino, munduko menpekotasun eta dominazio hierarkien berrantolaketa orokorra, karta partiketa berria, mende erdiz mende erdiz praktikoki egin izan den bezala, gerra napoleondarrak eta Vienako tratatuarekin, herrien Udaberriarekin, lehen Munduko Gerra eta Versailleseko tratatuarekin, Bigarren Gerra eta Yalta eta Postdameko tratatuekin. (34-42).

Botere eta lurraldeeen birbanaketa handi hauek ez dira inoiz konferentzietako mahaietan jokatu, lehenago gatazka eta gerretan baizik. “Ordena internazional berria”-ren bidea irudikaezinezko desordenez harriztatua egongo da. Golfo aldeko eta Balkanesetako gerrak ez dira azken “ders des ders”, ahitzen ari den garaiaren aztarnak, denbora berrietako premisak baizik. Ez legoke ilusio okerragorik, okerragoa ekiditeko aitzakiz nahiko okerra den gaitz bati egokitzea baino.

Ezkerreko idealetara fidel mantendu nahi direnak ilusio gutxiagoz sartuko dira datorren milurtean, dudarik gabe, bainan baita ere, ai !, geure aiton-amonek mendearen atarian baino itxaropen gutxiagoz, uste bait zuten, burnizko ustea, gizadiaren askapenaren mendea izango zela, esplotazioaren amaierarena, pake eternalarena eta lagunkidetasun unibertsalerena. Balantzea, aitzitik, zama handia izango da belaunaldi berrien gain. Argi eta garbi mahain gainean jarriko den auzia honako hau da : hirugarren milenioen atarian mundua bizigarriagoa da, onargarriagoa, azken mendean baino ?

Ezkerreko ametsetatik urrun ote gaude ? Ikusiko. Batzuk, amets hondoratuetatik ateratzen duten argudio eta gomendioa transzendentzia handiei, perfekzio helezinei, urrezko zorion puxkei uko egitea da. Ongi da. Bainan gauza beraren errepikapenarekin etsitzea, kapitalismoa (eta ez bakarrik geure garai honetarako garai guztietarako baizik) gaindituezinezko horizontetzat, geure eternitate lurtartzat hartzea, bere katastrofeen errepikapen probablea aldez aurretik onartzea da. Mende amaierako asaldurak ez dira liberalismo eta sozialismoaren arteko gerra, hotz ala bero, batekin hasi, 14-18ko gerrarekin baizik. Han ageri ziren hilkor geure zibilizazioak.

Berlingo harresia erori da. Txalotu dezakegu atzekorik gabe erorketa hori. Bainan ezingo genduke txalotu eroritako adreiluak alderantzizko harresi bat altxatzeko erabiltzea, Schengen-eko harresia, “barbaro” berrien, albaniarrak gaur, afrikarrak, arabiarrak edota eslabiarrak bihar, bultzadari aurre egiteko. “Ezin da munduko miseria guztia gurean jaso” esan ohi da ? Nazio aberastuen jakinduria moduko hau, Lehen ministro sozialista batek aldarrikatua, analetan geratuko da. Harresiek eta igarotze eremuek ez dituzte, haatik, desberdintasunen eta injustizien bultzada, ezta aldaketa demografikoak eutsiko. Ekialdeko “etsaien” aurka atzo hedaturiko armak, larogeitamar graduko bira moduko baten ondorioz Hegoaldeko istiluen aurka zuzenduko dira.

Mendean zehar sozialismo eta basakeriaren arteko lehian, basakeria zenbait metro aurretik jarri da. Hiroshimak, Goulagak eta judeuzidio naziak sinistezinezko mailetaraino eraman dute laztura. Ez, geure mundua ez da atzokoa baino bizigarriagoa. Basakeria hutsaldu soilik egin da. Gizarte gizatiarragoa asmatzeak beharrezkoa izaten jarraitzen badu, baliagarria den maxima polítiko eta moral bakarra beharrezkotzat jotzen den mundu hori posible bihur dadin jardutea da. Hartara iristeko ziurtasunik gabe, noski.

Atzo bertan leporatzen zitzaigun gizarte idealaren ereduak lantzen genituela. Gaur, aldiz, horrelakorik ez izatea leporatuko zaigu. Ez ditugunez inoiz Stalinen SESBa, edota Maoren Txina, edota Hodjaren Albania eredutzat hartu, karikatura lazgarritzat baino, ez gabiltza balizko paradisuz umezurtz. Ereduak hilak daude ? Hainbat hobe. Asmatzeko libreagoak izango gara.

Errebantxan, mendearen esperientzia mingarriarekin, ezkerreko heredentziaren bi ideia nagusi, familia sozialdemokrata eta estalinistaren amets amankomunak biak, dira zalantzan jarri direnak : alde batetik, “historiaren zentzua”-k eta “progresoaren legea”-k arauturiko harmoniaren arabera morala eta polítika elkarrekin eskutik ibiltzen direla ; eta bestetik, balioen unibertsalizazio zehatza bermatua geldituko zela kapitalaren akuilupeko munduaren unibertsalizazioarekin eta klase zapalkuntza guztiak deusezteko bokazioa izango omen lukeen klasearen emantzipazioarekin. Ideia hauek krisian daude.

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren inperatibo kategorikoan datzakeen unibertsalitatearen baieztapena farregarria da. Hori izan zen Golfoko gerraren legitimazioaren diskurtsoa. Diskurtso ideologikoa, hitzaren zentzurik zurrunenean. Gertaera horren aurrean gutako bakoitzak izandako jarrera edozein izanik ere, hilabete batzuk igaro ondoren zilegi zaigu jada erabilitako hipokresia politiko eta mediatiko itzelari buruzko galdeikurra jartzea. Eskuarte militarraren jomuga erregimen irakiarra ahultzea zen, bainan Saddam bera iraultzera iritsi gabe eta honen eskutan indar militar nahikoa utziz errebelio kurdo eta txiita deusezteko hainakoa. Kuwaiten emirren boterea berrezarria izan zen, inolaz ere iragarritako demokrazia (Arabia Sauditan bezala). Herri palestinarrak ez du inondikan ere Estatu burujabea. Nazioarteko zuzenbidea, Nazio Batuetako segurtasun kontseiluko bost kide iraunkorren talde itxiaren ardurapean jarria, ez dabil berez. Nork bihurtu du zuzenbide ? Indarrak ! Azken gatazka handitik eratorri den indar harremanak ezartzen ditu segidan erabiliko diren arauak.

Ez da batere asebetegarria garaiko desarrazoiak paketzeko gai litzatekeen “arrazoi komunikazionala” aipatzea. Ez musikak baino, edota merkatuaren esku ikustezinak baino gehiago, ez du balio komunikazioak ohiturak apaltzeko. Zapalketa eta esplotazio harremanetan errotua eta erro horietatik askatu ezinik, ez da arrazionalizazio eta elkarrekikotasun sinboliko orokorra. Komunikazioa botere harremanek xedatua dago eta aginduen, ezarpenen eta ultimatumen eramailea da.

Maiz, erantzunkizunaren etikaren eta konbentzimenduaren etikaren artean Weberrek egindako bereizketa, eraginkortasunaren (Realpolitikaren) izenean erantzunkizuna konbentzimenduarekiko loturatik emantzipatzeko bulkada bezala ulertua izan da. Aitzitik, moral politikoa mereziko lukeen bakarra litzateke konbentzimenduak onartzen ez duena erantzunkizunak egitea baimentzen ez duen praktika. “Bakoitzak bere eremua aukeratzeko” eta “Billancourt ez hasarretzeko” beharra indar biziz eskatuz errealismoz jokatzen ari zirela erakutsi nahi izan dutenek, etsitu dira Kolimarekin eta herri sobietarrekin eta ez dute haatik baina Billancourt asebete. Gaur egun, “Le Pen-i jokua ez egitearren” gobernuko ezkerraren arazoetaz ixilik egon nahiago dutenek, etsipenera (bere zentzurik latzenean) bideratuko lukete ezkerra, eta ez lukete, inolaz ere ez, Le Penen igokada trabatuko.

Gaurko gatazketara klase ikuspegitik hurbiltzea bait da, egitan, muturreko integrismoen eta nazionalismoen igoerari eta elizkoikeria orokortuari balazta jartzeko muga inmanente bakarra. Izan ere, mugaren bialdeetan, betidanik pobreak eta aberatsak, esplotatuak eta esplotatzaileak, zapalduak eta zapaltzaileak izan badirenez, klase borrokak debekatzen du bestea Gaitz absolutotzat hartzea. Gaitza beti geurearen parte bat da. Klase ikuspegi batetik, arma nuklearra, suntsiketa orokorreko edozein arma bezala, herri bat edo komunitate bat osorik desegitera zuzendua dagoenez, egi egitan zentzurik-eza da, aldiberean eta banaezinez etikoa eta politikoa. Onartezina konbentzimenduz eta erantzunkizunez. Onartezina printzipioz.

Nahiz eta hitzak gaixoturik dauden, eta nahiz eta Kremlingo maixu hizkuntzalariak, beste krimenen artean, emantzipazio hitzak usteldu badituen ere, gu komunistak gara. Ez baita hitzez aldatzen alkandoraz aldatzen den bezala. Duela urte batzuk, Marguerite Duras-ek azpimarratu zuen lexikoaren ezinegon hori. Mendearen hasieran, idazten zuen le Camion liburuan, “sozialismo”, “internazionalismo”, “komunismo” hitzak esperantza bizi eta garbiz kargaturik zeuden. Ilintiak ziruditen geroa argitzen. Gaur egun, hitzen inguruan dardarka dabilena dudazkoa bihurtu da. Ez da hiztegi arazoa. Hiztegi bat esperientzia kolektibo handien ondorioa da, gertakizun fundatzaileen ondorioa.

Ezingo genduke hitz bazuk behin behineko garaileen eskutan abandonatu, ez badiegu amets-lapurtzaileei hilondoko asebetetasun-plusa eman nahi. Gure hizkuntza hitz laidoztatuez beterik dago. Nor kristaua Inkisizioaren ondoren ? Eta nor liberala Lehen Munduko Gerraren ondoren ? Nor sozialista batasun sakratuen eta gerra kolonizatzaileen ondoren ? Ez dago hitz errugaberik. Bainan hitz zaurituak senda daitezke. Komunista izatea, oraindik, ordena merkantilari bezala ordena burokratikoari kontrakotasun erabatekoa adierazteko modurik argiena da.

Kondarren artean kontua ez da ametsak egitea, baizik eta – hitzmolde benjamindarra berriro ere hartuz – mendeko amesgaiztoetatik iratzartzea. Formula ospetsu batean aldarrikatu zen komunismoa zela “gure garaietako igaroezinezko horizontea”. Igaroezina, egitan, Kapitalaren ordena planetarioaren barnetiko kontraesana eta kritika inmanentea den neurrian. Horizonte “gaindiezin” hau, gainditua legoke jadanik ? Gutxienez, arriskutsua litzateke hori baieztatzea. Postmodernitatearei buruzko ezein diskurtsok ezin dio ihes egin kapitalaren fetitxe automataren presentzia orohartzaileari eta merkantziaren erreinu absolutoari.

Gaindituezinezko horizontea aldarotu al da, sinpleki, arrastorik utzi gabe ? Jean-Christophe Baillo poetak egin berri duen poema batean auzia planteatzen du atzera bueltarik gabe : “horizonterik gabe izan” izan al daiteke ? Bizi al daiteke itxaron-horizonterik gabe, egitasmorik gabe, haruntzagorik gabe, bazter guztietan harropuzten den eternitate merkatal honekin eta besterik gabe ? Gabezia horrek bide irekia utziko lioke guk gorrotatzen dugun horri, alegia, fanatismo erlijioso eta nazionalen itzulerari, ez bait dira horiek uneko itzulinguru simple bat.

“Esperantza printzipioa” ez da amets hutsal bat, erresistentzia eta ulergarritasun printzipio baizik. Garai ilun hauetan, Mesiak ez du inolako prentsa onik. Kazetari presatiek ez dute hitz nahiko gogorrak aurkitzen, biharamun dizdiratsuaren ziurtasun beato eta pasiboa aldarrikatuko lukeen mesianismo zabar eta trauskila kondenatzeko. Ez dute bestelako mesianismorik ezagutzen, laiko eta sekularra, zeina den, aitzitik, posiblearen ardura iratzarria eta eraginkorra. Posiblearena, ez ziurtasun gisa, egiteko gisa baizik ; ez gehiago promesa, birtualitatea baizik.

Errealaren zentzuren bat baldin badago, egon behar du ere, beste horrenbeste, eta ez legitimitate gutxiagorekin, birtualaren zentzua ere. Den hori nahitanahiez izan behar zueniko ideia errefusatzen du. Gertatuen diktadura lerdoari aurre egiten dio. Atzo eta betiko garaituei aukera berri bat ematen die. Fatalismo guztien aurka, Benjaminek, setati, etsipen osoaren sakonenetik gertakizunaren jazarraldia zelatatzen zuen ate estua erdirekia mantentzen du. Eta, ateaz ari garenez, utz diezaiogun azken hitza Erich Fried poeta austriarrari :

“Beren ziurtasunetan
zirrikituak ireki dira
ate danbatariak
sabaizulo atabalariak
batzuk gaizki ixten dira
Beren ziurtasunek
ez dute hutsik gabeko teilatua osatzen
harresi baizik ez zegoen hartan
atexka eta lehiotxoak erdirekitzen dira....
Triste egon beharko luke orainean
bainan ikusten du
ate horiekin
bere etxea aberastu dela”.

Testu hau 1991eko abenduaren 9an, Sorbonan, irakurri zen, « Morala eta politika arriskuan » gaiari buruz ospatu zen hizkuntzez frantzesaz diren intelektual judutarren 32. bilgunean. Ekitaldia, Élisabeth de Fontenay-ren zuzendaritzapean egin zen eta zerbait zalapartatsua izan zen. Testuak, Sobiet Batasunaren hondoratzeak eta Berlingo harresien eraisketak ezkerrean izan zuten eragina azpimarratzen du.

Testua berriro argitaratu zen Penser Agir liburuan, Lignes, 2008.

Haut de page