Haurreitza

Bere bidea egin duen ideia

Partidu berri bat, zapaldu eta desjabetuekiko, eskubia jabeekiko eta zapaltzaileekiko bezain fidela izango dena, antikapitalista izan eta mundua aldatu nahi izateagatik aitzakirik behar ez duena, urrutitik datorren ideia da. Gaur egun indar militante bihurtzeko puntuan dago.

Larogeitamarren amaieran, Berlingo harresiaren suntsiketak eta Sobiet Batasunaren eztandak gerra handia eta iraultza errusiarrarekin hasitako “hogeigarren mende laburraren” amaiera zedarritu dute. Bainan zedarritu dute ere ezker instituzionalaren aro bat: gerra ondorengo hazkundearen harira ezarritako konpromezu soziala eternaltzat balioetsiz, “Estatu-probindentzia”-aren moldean sartu zeneko hazkunde urte segidaren amaiera. 1973ko petrolioaren krisiak eta hirurogeitamargarreneko errezesioak lehen abisua eman zuten, eta segituan zurruntasun eta austeritatearen aldeko bira eman zen, ezkerreko formazio nagusienak, sakrifizio iragankorra balitz bezala, onartua izan zena, progresuaren gurpil hortzduna berriro martxan jarriko zela itxaroten.

Kapitalaren akumulazio krisia bestelako neurrikoa agertu da. Hirurogeigarren urteen amaieratik, Thatcherrek eta Reaganek kontraeraso liberalaren kanpaia jo dute. Partidu sozialdemokrata handiak etsitu dira bata bestearen atzetik, kontraerreformaren alde jarriz gehiegikeriak alperrik mugatzen saiatuz. Inork, esan eta esan egiten zaigu, inork ez zuen hondamena etortzen ikusi. Ez zen, haatik, argitsuegia izan behar ulertzeko hazkundea %3koa izanik inbertsioen etekinak %15ekoak baziren, mirari baten aurrean ginela, ogien biderketa biblikoa bezain harrigarria. Ezta ere aurreikusteko, egia bait da mundu profanoak bere logika duela, “ekonomia errealak” espekulazio zerutiarraren atzetik joko lukeela morrontza lurtar arruntetan jarraitu baino.

“Mundualizazio zoriontsu” baten amets liberala ez zen, bada, amets bat baino, baieztatzen zuen Sarkozyk 2008ko irailaren 25ean Toulonen egindako hitzaldian. “Hautsi egin da ametsa” (sic) eta hondamendira egin du bira. Bainan hondamendiaren kontua ordaintzeko orduan, erantzunkizunak ezabatzen dira “da” misteriotsu batean: “Arriskua geroz eta handiagoa zela izkutatu egin da…, arriskuak mutualizatuz desagertuko liratekeela sinistearen itxura egin da…, bankuei, bere lana egin beharrean merkatuarekin espekulatzen ibil daitezen utzi egin da…, enpresariak baino gehiago espekulatzaileak finantziatu egin da…, espekulazio funtsak eta kontrol agentziak batere kontrolik gabe utzi egin da…, bankuak, arriskuen kudeaketarako inolako bermerik eskeintzen ez dituzten arau kontableen menpe jardutea utzi egin da…” Arranopola! Errekerimendua erabatekoa da. Bainan zein da delako “da” hori hain indartsu eta hain izendaezina? Zer da social killer izkutu hori, metodikoki merkatuak desarautu eta espekulazioa aske utzi duen hori? Horretarako, haatik, botere politikoen aldetik, eskuinekoa nahiz ezkerrekoa izan, borondate eta kemen askotxo behar izan da azken mende laurdenean. “Kurioski, gogorarazten du Crédit lyoneseko zuzendari sozialista ohiak, gure herrialdea izan zen kontinente osoan, 1980ko hamarkadaren erditik aurrera, mundializazioaren eta kapitalaren mogimendu libreen joko handian parte hartzen lehena; horrelako aldaira orkestratzeko lehendakari sozialista behar balitz bezala”. 1988an, Finantza ministrari sozialistaren agintaldian eman zitzaion hasiera “bankaren bitartekotzeari”. Estatu Batuetan, Bill Clintonen lehendakaritzapean, 1999ean, abrogatu zen Glass-Steagall legea, hain zuzen, 1933 ezkeroztik gordailurako bankuen eta negoziotarako bankuen nahasketa debekatzen zuen legea, azken hauek mailegu-itzulketa ahalmena bainan haratako espekulatzeko zorpetzera baimenduak zeudelarik.

Ez Sarkozyk, ezta Strauss-Kahnek, Finantza ministroak izan zirenean, ez zuten proposatu monetaren gaineko botere publikoen kontrola berrezartzea edota stock options-ak deuseztea. Batak eta besteak, aitzitik, setati mantendu dute “lehiakortasun libre eta faltsutu gabe”-aren dogmaren sagaratze konstituzionala ; bainan gaur egun batak esaten digu “merkatu ahalguztiduna bukatu da”, eta besteak “merkatuak ez du merkatua zaintzen”! Eta gaur egun, batak eta besteak dei egiten dute “kapitalismo finantziarioa moralizatzera”, belarritik tira eginez gozoki-potean besoa urrunegi luzatu duten enpresariei. Aurkituko dira, noski, delinkuentzia finantziarioaren zenbait kopla-buruko sistema bera zuritzearren. Urte ero guzti hauetan aberastu direnen artean gehienek, ordea, legalitate osoz aberastu dira, sistema baten lege eta logika jarraituz. Sistemari bere izenez deitzea komenigarria da: sistema kapitalista da. Eta hauxe, sistema kapitalista, izan da Sarkozy bere Touloneko hitzaldian, insistentzia susmagarriz, desenkusatzen aritu dena.

Beharrezko zaie hori, eskuin eta ezkerraren artean Frantzian eta errepublikar eta demokraten artean Estatu Batuetan, aliantza santu bat predikatzeko, etekinak pribatizatu ondoren galerak sozializatu ahal izateko. Bainan amiltze bidean dagoen banka-sistemari ehundaka mila milioikadaka (alderatu kopuru hau Gizarte Segurantzaren “zulo” ospetsu harekin!) arnasa emateak soldatapekoei zigor bikoitza ezartzea esan nahi du. Langile diren aldetik, azken hogei urte baino gehiagotan plusbalioa izerditu behar izan dute balioerantsiaren banaketa kapitalaren alde egin da eta langileen egoera okerrera jo dute etengabe (%10ekoa galduz); eta zerga-ordaintzaile diren aldetik esplotatzaileei laguntzera deituak bait daude. Eskuinetik zein ezkerretik aurreratu diren neurriei buruz, berriz, sinbolikoak eta farregarriak dira. Urrezko jaurgailuak mugatzea edo notazio-agentziak gehiago kontrolatzea, egin daitekeen gutxienekoa da, bainan ez dira mahain gainean jarritako arazoen neurrirako. Arriskuan dagoen kapitala babesteko estatua azkar mogitzen da, bainan salbamendua finantziatzeko kontra-erreforma sozialak aurrera darrai: Postaren pribatizazioa, ospitale publikoaren errentagarritasuna gaixoen eta zainketaren kalitatearen kaltetan, funtzio publikoaren jende-kopuruaren gain kolpe ilunak. Eta gobernuko ezkerrak ez du ia proposamen erradikalagorik funtsean. Oso umezurtz aurkitzen da krisiaren aurrean.

Bere lehendakaritzarako kanpainan, Sègolène Royalek baieztatzen zuen “ezkerraren identitatea ez dela zerbait berezkoa”. La République des idées liburuaren kapataza, Pierre Rosanvallonek aurkitu du sozialdemokrazia “ez dela ideia berri bat”, hirurogeigarren hamarkadan suposatzen zen bezala. Partidu sozialistaren berritze edo berfundatze ez-probablerako hautagai gehienek ados daude bere diagnostikoan: ideia falta edo ikuspegi handiren falta. Partidu sozialistak badu, ordea, adituak eta mota guztietako diplomatuak. Gaitza askoz sakonagoa da irudimenaren lehortasun-matxura edo “buruzagien gerra” baino.

Mende laurden baten ondoren, boterean egon diren sozialdemokratak, Tony Blair eta Gerhardt Schröeder, bainan baita ere Bérégovoy eta Jospin, elkartasunaren mekanismoak desegiten ahalegindu dira eraginkorki, soldaten igoera automatikoa (KSI-ren arabera) kentzen, jotake pribatizatzen, zerbitzu publikoak eraisten. Bere oinarri soziala eta elektorala ere bera higatu dute. Aitzitik, finantza eta industriaren patronalaren sarean lokarri organikoetan ederki korapilatu dira. Sozialdemokrata horietako bi, gerente leial gisa, kapital internazionalaren instituzio printzipaletako (Nazioarteko Monetaren Funtsa eta Munduko Komertzioaren Organizazioa) buruan daude eta horrek adierazten du kapitalaren jabeen aldetik jaso duten konfidantza (merituz irabazia, noski!).

Europako partidu komunistei dagokionez, “eremu sozialista” ez-probableaz umezurtz, kolpaturiko alor industrial handietan higaduraren biktimak, bere historia modu kritikoz berrikusteko ezinduak, Europako ia leku guztietan, agonia mantso bat ezagutzen ari dira, ez bada desagerpen hutsa, edota, Italian bezala, geroz eta gutxiago ezkerrekoa den zentro ezker batean urtzen ari dira.

Gobernuko ezker tradizionalen deriba honek agerian jartzen du mogimendu sozialen berrikuntzari erantzuteko gai izango den partidu berri baten beharra. Berrikuntza hori agerian jarri da, Frantziako 1995eko greben ondoren, mogimendu altermundialistaren emergentziarekin, gerra eta militarismoaren aurkako manifestazioekin, prekarietatearen aurkako gazteriaren borrokekin, auzo txiroetako eztandekin, deslekutzearen aurkako edo zerbitzu publikoen likidazioaren aurkako mobilizazioekin. Nonahi Europan agertu da ezker tradizionalaren ezkerrean, espazio bat, ez soziala soilik elektorala baizik, hautesleen %5 eta %15-en artekoa.

Azken hamar urteetan, ezker erradikalaren garapena forma desberdinetan eman da herrialdeen arabera. Portugalen, Ezkerreko Bloc-aren eraketarekin, Eskozian Partidu sozialista eskoziarrak (SSP) eduki duen eraginarekin, Hollanden Partidu sozialistarenarekin (jatorriz maoista), Italian Rifondazione komunistaren presentziarekin, Danemarkan Ezker gorri eta berdearekin, Anglaterran gerraren aurkako mogimendutik sorturiko Respect-ekin. Grezian, azken hilabeteetako ikasleen borroka eta greba mogimendu garrantzitsuen ostean, Syriza koalizio elektoralak, Synaspismos behialako partido eruokomunistaren inguruan bildua, sondeotan %10etik inguru dabil. Polonian, langileen Partidu guztiz gazte bat jaio berri da borroka sindikal gogorretatik.

Popularitate adierazleak hauskorrak dira. Boto asmoak, hegankorrak. Bainan zerbait, dudarik gabe, aldatzeko puntuan dago ezkerrean. Ilusio faltsua litzateke aske gelditu den espazioa hutsik dagoela pentsatzea eta aulki hutsa balitz bezala nahikoa litzatekeela han exeritzea. Indar eremu ezegonkorra da, potentzia desberdineko polo magnetiko nazional eta internazionalen artean tinkatua. Horrela, hiru urte baino gutxiagotan, SSP eskoziarra, Respect eta Rifondazione komunista krisi eta zatiketak ezagutu dituzte. Amorrua eta borroka sozialek tira egiten dute indar berriei edo berritzen ari direnei ezker aldera, bainan porroten espirala ez da, haatik, hautsi. Hauteskundeetan, “gaitz txikiagorekin” konformatzeko tentazioa handia da, “dena salbu eta…” (Berlusconi edo Sarkozy), bainan horrek ez du politika bat egiten eta etsipen berriak prestatzen ditu. Horrela ikusi ahal izan da, hiru urte baino gutxiagoan, Rifondazione Comunista, Foro sozial europearraren eta 2003ko gerraren aurkako mogimenduaren motore papera jokatzetik, Prodi gobernuarekiko leialtasunara igarotzen, Afghanistaneko espedizio militarren alde botoa ematen, erretiroari edo soldatei buruzko aitzaki liberal guztiak abalatzen, hondoratze elektoralean bukatzeko.

Ezker erradikal berri europearrek aurre egin behar diote, jadanik, bi hautabideen artean aukeratzeari: Die Linkeren esperientziak erakusten duena, eta Liga komunista iraultzaileak eta Olivier Besancenotek hasitako partidu antikapitalista berriaren egitasmoarena. Helburu desberdinak dituzte. Die Linkerentzat, sozialdemokraziaren gain presioa egitea da kakoa, beraien jardunbidea ahal den neurrian zuzentzeko. Partidu antikapitalista berriarentzat, auzia da sozial-liberalismo moderatuaren aurrean benetako alternatiba estrategiko bati indarra ematea. Liburu honetako artikulu, elkarrizketa eta eskutitzetan argitzen da azken hogei urte hauetan bereizketa honek izan duen irmotasuna.

Batzuk, Die Linkek ezagutu duen igoera elektoral indartsuak liluraturik, europear mailara orokortu daitekeen eredua nahi dute horretan. Badirudi ez direla kontutan hartzen egoera alemandarraren berezitasuna batasun nazionalaren ondoren, eta erakunde honen osagarri nagusien jatorria (Mendebaldean, SPDren gutxiengo baten zatiketa – lehendakari ohia Oskar Lafontainek bultzatua–; Ekialdean, PDS alderdia zeinean berziklatu den Estatu aparailu zaharraren frakzio bat). Organizazio honen emergentziak adierazten du, SPDren hegemoniaren aurrean, bira esanguratsu bat ezkerrera. Errealitateak, ordea, bere etorkizunari dagokionez zuhurtasunera bultzatzen nau. Sondeotan %15 eta gehiago, 72 000 kide aitortuak, 53 diputatu Bundestang-en, 185 diputatu erregionalak, 179 alkate… Die Linke agertzen da jadanik herrialdearen hirugarren indar bezala eta sozialdemokrazia tradizionalarentzat balizko desafio da. Ekialdean, han bait ditu bere gotorleku printzipalak, (2 000 oinarrizko talde, mendebaldean 260 baizik ez direnean), kideen bataz besteko adina 65 urtekoa da, eta kide gehienak Ekialdeko Alemaniako partidu komunista izandakotik etorriak dira. Eta partiduaren jarduera oso (eta ia guztiz) zentratua dago hauteskunde kanpainetan borroka eta mogimendu sozialetan baino.

Bere diskurtso programatikoan, Oskar Lafontainek definitu zuen Die Linke “Estatu sozialaren partidua” bezala. Lehentasunezko helburutzat ematen dio Estatu hori berrezartzeari. Aliantza polítika, helburu honen ildotik, SPDrekin koalizioa egitea da, lehenik Länder batzutan, geroago edo beranduago federal mailan. Berehalakoan, SPD mogitu nahi du, demokrazia kristauarekin egin zitekeen koalizio handiaren aurrean alternatiba bat proposatuz. “Estatu soziala berrezartzeko” beharko litzateke gutxienez Gerhardt Schröeder-en 2010eko Agenda behintzat lurperatu, zerbitzu publikak berreraiki, Banka zentral europearraren gain kontrol politikoa berriro ezarri, Lisboako tratatuaren burnizko katea hautsi. Hitz batez, sozialdemokrazia europearrak azken hogei urteetan egin dutenaren kontrakoa justu egin beharko litzateke. Aldiz, ordea, Die Linkeren konposizio sozialak, bere elektoralismoak, Estatuarekiko menpekotasun material eta finantziarioak, Berlingo Land – eko gobernuan partizipazio ministerialak, ez dute bermatzen horrelako ahalegin batek beharko lukeen adorea. “Hartu nahi eta hartua izan” jokuan, Die Linke oso azkar bere posizioa zentro-ezkerreko aliantza batean balioetsi beharrean aurkitzeko arriskupean dago, Italian Rifondazioneri gertatu zitzaion bezala. Biziko denak ikusiko du.

Frantzian, partidu antikapitalista berriaren egitasmoa ezkerrean alternatiba estrategikoa pazienteki berreraikitzea da. Batzutan joera ezkorra leporatzen zaio, batzuk esaten dute “oldarkorra” dela. Egia da noren kontra zauden aldarrikatzea ez dela aski alternatibaren bideak irekitzeko. Antikapitalista izendapenak badu behintzat meritu bat, jomuga argi eta garbi adieraztea: sistema baten logika intrinsekoa, ezin dena liberalismo eroaren gehiegikerietara murriztu eta mugatu. Toulongo diskurtsoan, Nicolas Sarkozy ez da tronpatu behin eta berriro “frantzesei esanez” “antikapitalismoak ez duela inolako irtenbiderik eskeintzen gaurko krisiari”. Hain zuzen, horixe da kapitalaren inguruan batasun sakratuan bildu nahi direnen eta krisiaren erroetaraino joan nahi dutenen artean lubakiak bereizten dituena.

Antikapitalismo kontsekuenteak eramaten du, egia da, proposamen alternatiboetara eta programa baten defentsa irmora: Europa sozial eta demokratikoaren egitasmoa Maastrich eta Lisboako tratatuen kate liberalari kontrajarria; elkartasun sozialaren, zerbitzu publikoen eta gizadiaren ondare amankomunen logika interes norberekoiari eta denok denon kontrako lehiakortasunari kontrajarria; gerra imperialista berriei eta mundializazio armatuari ukoa; jabetza pribatuaren botere guztiz santua auzitan jartzen duen ekologia sozialaren erabateko defentsa; plebiszito mediatiko etengabearen aurka eta presidentzialismo bipartitoaren aurka demokrazia benetan partehartzailea. Antikapitalismo kontsekuente batek sozial-demokraziarekiko independentzia zurruna eskatzen du. Gaur egungo indar harremanen egoeran, partiduen buruen artean sozialdemokraziarekin gobernu edo parlamentu jestiorako egindako edozein akordiorekin, sozialdemokraziaren eskutan bahitua modura egotera eta haren berme izatera behartuak izango dira, ezker italiarraren hondorapenak argi jartzen dituen ondorio tamalgarriekin. Antikapitalismo kontsekuente batek eskatzen du, azken finean, funtzionamendu demokratikoa, kolektiboki jokatzeko eta indar harremanetan eragin ahal izateko beharrezkoa, eztabaidarako, korronte edo tendentziak eratzeko askatasun osoa ziurtatuz, esperientzia amankomunatik ikasgaiak atera ahal izateko eta erabakitzeke utzitako gauzak praktikaren frogan argitu ahal izateko. Entzun egiten da batzutan horrelako zorrozkeria ezkerra galbidean jartzeko makina dela. Horrela oztopatuko litzatekeela boterera itzultzea betirako. Diskurtso pozointsu hau igortzen duten buruzagi sozialistek ez dute inoren beharrik izan boterea galtzeko, nahiko ongi moldatzen dira beraiek bakarrik horretara iristeko. Eta nahita nahasten dute ekintza-batasuna eta hautestontzitako batasuna.

Pribatizazioen aurka, lan arauak birrintzearen aurka, erretiroen erreformaren eta unibertsitateen erreformaren aurka, Afghanistanetik tropak ateratzearen alde, Lisboako tratatuaren aurka… etengabe egon gara ezkerreko ekimen baterakoiak proposatzen. Partidu sozialista sistematikoki uko egin die proposamenei. Dudarik ez gobernuko erreformen edukinarekin baino formarekin soilik zegoelako desadostasunean. Horrela, Versaillesen Lisboako tratatuaren aldeko botoa emanez, 2005eko Tratatu konstitzuional europearrari eman zitzaion ezezko herrikoia lurperatu du. Afghanistanen estrategia militarraren aldatze aldera azaldu da, bainan ez tropak erretiratze aldera.

Hautestontzietako batasuna beste neurriko auzia da. Hauteskunde nazional edo lokalean, herrialderako, erregiorako edo hirirako egitasmo bat aurkeztea da kontua, eta egitasmo hori aurrera eramateko ardura hartuko duten gizon-emakumeak aurkeztea. Bi itzuliko sistema elektoral batean, gutxienekoa da lehen itzulian partidu bakoitzak bere ideiak defenditzea. Bigarren itzuliari buruz, buruzagi sozialistek oso ondo dakite ezker antikapitalistak ez duela txarrenaren polítika egiteko ohiturarik. Inkesta guztiek adierazten dute bere hautesleen %80 edo gehiagok, bigarren itzulian, eskubiaren aurka bozkatzen dutela. Horrela, 2008ko udal hauteskundeetan, LCRk aurkeztutako zerrendak lehen itzulian %5 baino gehiago lortu dutenetan, ezker parlamentarioaren zerrendei bigarren itzulirako fusio bat proposatu die, lehen itzuliaren emaitz elektoralen araberako ordezkapen proportzionalarekin eta bakoitzaren independentziarekiko errespetatuz. Partidu sozialistaren zuzendaritzak, nazional mailan, ez zuen proposamena onartu, eta kasurik gehienetan, Modemekin lehentasunezko akordioa egitearen alde jo zuen.

Ezezko honen ondorioz, zerrenda antikapìtalistak mantendu egin dira bigarren itzulian, legeak baimentzen duen bezala, %10 baino gehiago ateratako hiritan. “Ezker anitza”-k galdu du horrela (edo ez du irabazi) hainbat hiri: Morlaix, Quimperlé, Concarneau, Saint-Brieuc. Ez da eskubiaren aurkako batasuna proposatu ez dela, beraien hautapen soilaren ondorio baizik.

Jakin behar da batzutan atzera egin gero hobeto jauzi egiteko, eta elektoral mailan atzera pausu bat ematea, indar harreman sozialaren berreraikuntzan bi urrats aurrera egiteko. Politika liberalarekiko eta polítika hau babesten duten organizazioekiko independentzia baieztapenak ezkerraren posizio munizipal edo parlamentarioak galdu arazi ditzake. Bainan kompromezu txarren ordainez posizio horiek mantentzea, ziurtasun osoz, konfusioa ereitea da, frontearen lerroak lausotzea, desilusio mingotsak prestatzea, ezkerra desmoralizatzea eta gaitz txikiagoaren izenean gaitz txarrenera jotzea. Eta batez ere, iragartzen ari diren katastrofe sozial eta ekologikoek eskatzen duten borondate politikoa eta adorea baliogutxitzea da.

LCR partidu berri batean gainditzeko egitasmoa indarra hartzen joan da 2002ko hauteskunde presidentzialetatik aurrera. Europako tratatuaren aurkako 2005eko kanpainarekin berrindartu egin da, eta berriro ere 2006ko Lehen Lanaldirako Kontratuaren aurkako gazteen oldarraldiarekin, eta 2007ko lehendakaritzarako kanpainarekin. Jean Jaurès Fundazioarentzat Jèrôme Fourquet-ek egindako inkesta nahiko zehatz baten arabera ez zen “eragin mediatikoaren ondorio” bat, “fenomeno polítiko eraikia, sendo eta iraunkorra baizik”. Ez dago zergatik amore eman behar, haatik, inkesta-ikerketen mirarien aurrean. Ipsos barometroaren Olivier Besancenot-en “aldeko eritzien” %60en edota berari buruzko “erizpide bikaina” dutela dioten frantziarren %13-ren (2004ean %4 baizik ez ziren), eta hedapen militante eta eragin elektoralaren artean, alde handia dago eta tarte hori ezin da magia mediatikoz bete. Tarte hori murriztu daiteke eta murriztu behar da eguneroko borroketan. Hori da partidu berriaren apostua. Ekimen hau interes handiz begiratzen bainan horretan engaiatzeko zalantzak dituztenen artean, batzuk galdetzen digute ia irekitzeko dugun asmoa benetakoa den, beste batzuk ia prest gauden geure burua “gainditzeko”, eta azken batzuk zer esan nahi duen guretzat partidu sozialistarekiko independentzia.

Gure desioa da etorkizuneko partidua ahal den irekien eta zabalen izatea, auzi estrategiko nagusiei buruzko argitasuna irekitasunaren izenean sakrifikatu gabe eta bere indarra egingo duen erradikaltasuna kamustu gabe. Borondate hori baldin badugu, orduan, oraindik zalantzakor dauden horiek determinatuko dute guk haina, konpromezua hartuz, benetan egikarituko den irekitasun eta pluraltasunaren gradua.

Guk geuk erabakia hartua dugu eta prest gaude geure burua gainditzeko eta areago joateko ere. Horren froga ematen dugu arrisku bat hartuz: LCR organizazio berri batean galdatu, honetan tradizio iraultzaile desberdinetako hoberena biltzeko. Erakundeen historian ez da oso ohizko den gauza. Erosoago litzateke indar militante (txikitxo) bat kudeatzea geure errutinak eta ezagugarriak astindu gabe. Baino hori krisiaren larritasunak eskatzen digun erantzunkizuna eta ausardiari ihes egitea litzateke.

Bestalde, Partidu sozialistarekiko independentziak esan nahi du partidu berriak burukide sozialisten, haien hegemoniaren pean, gobernuko-ezkerraren koordinazio iraunkorra osatzeko gonbidapena errefuxatu beharko lukeela. Errefuxatu beharko luke ere lehen itzulian ezker osoarekin batera parte hartzea. Horrek aurresuposatuko luke, ezeren aurretik, adostasun nahikoa badagoela hauteskunde legislatibo eta presidentzialetarako hautagai-zerrenda independienteei uko egiteko eta aldez aurretik koalizio parlamentario edo gubernamentala egiteko konpromezua hartzea.

Argitasun hau hogei urteko esperientzien emaitza da. Esperientzia horiek eramaten gaituzte partidu berri baten jaiotzara. Liburu hau hogei urteko –Harresiaren erorketatik geure egunotarainoko– ibilbide baten zentzua atzematen saiatzen da, eta tartekatzen dira ekintzarako testuak, gertakizun sozial edo politikoei loturikoak, eta testu teorikoagoak, bereziki Marxen herentziari buruzkoak eta politika eta historiaren arteko harremanei buruzkoak.

Ligaren eta partidu berriaren artean lekukoa igarotzeko unea iristen den neurrian, batzuk galdetzen digute behin eta berriro 1969an Ligaren fundatzaileak edota 1966ean Ligaren aurretik sorturiko JCR-ren (ikasle komunista bazterturikoen gazte organiazioa) fundatzaileak izan ginen hamarnaka “beterano” batzuoi, ez ote dugun bihotzean nostalgia ziztadaren bat nabaritzen ikusirik nola desagertzen den beste indar handiago batean emendatzeko. Erantzunez, esango nieke, gure sentimendua gehiago dela lana egina eta bidea ibilia izatearena (eta harrotasun puntu bat ere, konfesa dezagun). Hirurogeigarreneko adore gaztean irudikatu genuen baino nahiko luzeagoa izan da, eta ez da erreza horren denbora luze irautea “iraultzarik gabeko iraultzaileak”. Organizazio iraultzaile gutxi izan dira, egia esan, berrogei urte inguru jarraipen eta legalilate (ia) etengabea ezagutu dutenak, gertakizun handien eta birmoldaketa politiko handien froga jasan gabe. Guk egin dugu hori. Amore eman gabe – horrela espero dut—gutxiengoa izatearen patologia sektarioen aurrean eta ezta aparailu txikien kontserbadurismoaren aurrean. Egin dezakegu arrakastaz belaunaldi transizioa, herentziaren transmisioa, eta aldaketa organizatiboa oinordekotzaren inguruko istilurik gabe eta norgehiagoka pertsonalik gabe, organizazio gehienetan eman izan diren bezala.

Emaitza xume baino errealak lortu ditugu jadanik. Duela urte batzuk, Fronte Nazionalaren hazkundea zela eta, urduritasuna hedatu zen eta arrazoiz. Batzuen urduritasuna izua bihurtu zen. Igoera hori, haatik, neurri handi batean eraso neoliberalaren aurrean ezkerraren dimisio eta iruzurren ondorioa zen. Sei urtetan, amorru eta hasarre sozialari beste jite bat emanez, eskuin muturrari utzitako eremuaren zati bat berreskuratu zen. Kalkulu elektoral txikien gain, bere burua ezkerrekotzat duen oro poztu beharko litzateke. Modu berean, duela urte batzuk, partidu sozialistak ezkerraren gain partiketarik gabeko nagusigoa ezarri nahi zuen. Bosturtekora igarotzea eta hauteskunde kalenderaren alderanzketa, Jospin gobernuaren garaian bideraturikoak, bipartidismo frantziar erara ezartzera zuzendurik zeuden. Partidu sozialistak, gaur egun, ordea, Daniel Vaillant, Barne ministraria izandakoaren gida-makilaren pean “Besancenot mehatxua”-ren aurkako zaintza-komisio bat premiazkotzat jotzen du.

Hemen gaude, bada, abentura berrietarako behar dena egiteko prest. Bainan partidu antikapitalista berria sortzea ez da historiaren amaiera. Besterik ez da izango etapa bat baizik. Mende erdi luzeko egonkortasun instituzional eta elektoralak ahaztu-arazten du, geure lurralde hauetan, krisi-aldiak izan direla eta horietan mogimendu militante eta elektoralak ez zirela ehundaka edota milaka kontatzen, hamarnaka milaka baizik. Denbora konbultsibo hauek – lehen “gerra eta iraultza garaia”-k esaten zen—urbiltzen ari dira berriro krisi sozial eta ekologikoarekin. Gerra? Jadanik sartuak gaude…Iraultzak…? Mogimendu elektoralen ezegonkortasuna eta hegazkortasuna ez dira klase-berrantolaketa berrien atarikoa baizik. Bestelako berrantolaketak etorriko dira. Bainan jadanik garai honetatik aurrera iraultzaileek besteen esanen inguruan ibiltzera, ezkerreko partidu handietako buruzagiei egin beharko luketeena iradokitzera, edota setati egin nahi ez zuten gauzak publikoki horiek egitera behartzen saiatzera mugatuak zeudeneko denbora bete da. Aurrerantzean, guk geuk ekingo diogu, guk geuk geuri egoki eta zuzena iruditzen zaigunaren arabera. Zenbat eta indar gehiago, orduan eta gehiago eta hobe egingo dugu. Eta zalantzatiak konbentzitzeko modurik hoberena hauxe da: guk geuk zalantzetan ibiltzetik geure burua libratu, ideiak praktikaren frogaren neurkeran jarriz.

Partidu antikapitalista berriaren aldeko komiteen lehen bilera nazionalean, 2008ko ekainean, Touloneko auzo herrikoietako neska militante berri batek urbildu zitzaidan esanez: “Eskerrik asko gure zain egoteagatik”. Erantzuna berez zetorren: “Mila esker etorri izanagatik”.

Paris. 2008ko abuztuaren 30ean.
Penser Agir, préambule

Documents joints

Partager cet article