Tous les textes du philosophe Daniel Bensaïd.

Daniel Bensaïd

1er octobre 2005

Iraultza eta kontrairaultza

Modan omen dago sustraietara eta genealogia biblikoetara jotzea : Hegel-ek genuit Marx, eta honek genuit Lenin, eta honek genuit Stalin… Eruditoak done Pablo edota Platoneraino iristen dira. Benetako historia eta bere lodiera soziala desagertzen dira kontzeptuaren autosortzean. Munduko pitzadurak, orduan, “Rousseauren errua” lirateke, edota “Platonen errua”. Horrela, ezarritako filiazio baten arabera, diktadura estalinista Urriako iraultzaren jarraipen logikoa eta oinordeko legitimoa litzateke, haren ondorio mekaniko eta ezinbestekoa.

Komunismoaren liburu beltza-ren “historialariek” eta Annie Kriegel edo François Furet bezelako estalinista damutuen ritorneloa, eguneko gustura jarria, ez da berria : estalinismoa boltxebismoaren kimu berezko eta legitimotzat aurkezten da. 1937an, Trotskyk, Boltxebismoa eta Estalinismoa idazlana idatzi zuenean, “erreakzio osoak, Stalin berak, mentxebikeek, anarkistek, eta ezkerrako doktrinario batzuk” idatzi zuenean, horrela nahi zuten jadanik. Historiaren ikuspegi lineal eta fatalista honek ez du jauzirik, hausturarik, bidegurutzerik ezagutzen. Besterik ez da espirituaren teodizea berri bat baizik : bilakaera guztia ba omen zegoen jadanik hazian kontenitua. Horrela, boltxebismoa, Urria eta Estatu sobietarraren artean identifikazio huts eta sinple bat egitearekin, klase borrokaren prozesu historikoa “boltxebismoak hutsean izandako bilakaeraz” ordezkatzen da.

Trotskyk, Coyoacanen exiliatua, baieztapen hau egin zuenean, arrats-iluneko garaiak ziren. Ordurako, iragarritako gerrak bere itzal beldurgarria hedatzen zuen presente ilunaren gainean. Moskuko bigarren prozesuaren ondoren Toukhatchevski eta jeneralen prozesuaren ordua etorri zen. Bartzelonako komuna, estalinistak desegin berria zen. Andreu Ninen erahilketaren berria baieztatua zegoen.

Lenine
Atelier Formes Vives

Apirilan, harmada gorriaren antolatzaile ohiak, prozesu estalinisten gezurrak ukatzeko asmoz John Dewey filosofoak gidatzen zuen komisioaren bisita izan zuen. Ordurako lanpetua zegoen Stalinen krimenak osatzeko dossierrako elementuak prestatzen. Bere ustetan borroka hau iraultza egunak edo gerra zibila bezain garrantzitsua zen. Auzia zen, ez gehiago baino ez gutxiago, fotografia ofizialetatik bapateko pertsonaiak desagertaraziz bezala, gezur eta faltsifikazioez mehatxaturiko memoria salbatzea baizik. Urte bete lanean aritu ondoren, komisioak argitara eman zituen ondorioak 1937an New Yorken emandako prentsaurre batean eta egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu ziren 600 orrialdeko txosten batean. Moskuko prozesuak “faltsifikaziotzat” balioetsi zen eta Trotsky eta Sedov (bere semea) “errugabeak” zirela aldarrikatzen zen. Honen berri izan zuenean Trotsky-k esan zuen : “Bi lerro ! Bainan bi lerro horiek pisu astuna izango dute gizadiaren liburutegian”. Erreakzio hau ilusita ulertu daiteke zer nolako garrantzia ematen zion memoriaren inguruko borroka honi, ezerk ez bait zuen bermerik ematen faltsifikazioa egi historikotzat ez zedin ezarri. Gerora faltsifikazio hori guztiz agerian gelditu da. Ez da Stalinen eta purgen eta Goulagen biktimen hil ondoko garaipenik txikiena.

Iraultzaren alderantzizkoa.

1937an ezin zen jakin non amaituko zuen “derrota polítiko handien” espirale tragikoak, bainan horrek, idazten zuen Trotskyk lehen orrialdean, “ezinbestez eragingo du balioen berrikuspena” bi kontrako norabideetan : esperientziaren argitara aberastea edota “egi berriak” asmatzeko aitzakiarekin zaharkerietara itzultzea.

Alemanian nazismoa garaile izateak, iraultza espainolaren porrotak, Sobiet Batasuneko burokraziaren nagusigoak, heredentzia teoriko eta moralaren berrikuspen kritikoa eskatzen zuten hogeitamargarren urteetan. “Hogeigarren mende laburra”-ren amaierak, sozialista ustezko eremuaren hondorapenak, kontraerreforma liberalak, eskatzen dute a fortiori gaur egun konstzientzia azterketa are sakontasun eta zabalera handiagokoa. Bainan norberaren baitako lan hau ez da zerotik abiatzen. Elika daiteke, zorionez, atzoko eztabaida eta gatazketatik. Izan ere, nahiz eta simbolikoki Berlingo murruaren erorketak eta Sobiet Batasunaren desintegrazioak 1914-18ko Gerran Handiarekin eta Urriako iraultzarekin hasitako ziklo historikoaren amaiaera markatzen badute ere, emantzipazio-itxaropen handien porrota ez da 1989koa edo 1991ekoa. Horiek hilotzaren bigarren heriotza baizik ez dira. Aspaldian Thermidor amaiezin batek irentsia zuen jadanik iraultza.

Noiztik, zehazki ? Horixe da auzi guztia. Noiztik. Auzi iskanbilotsua, eztabaidatua. Bihotzezko militante komunista askok tematu dira kontra-iraultza burokratikoaren gertaera ukatzen, eta aitzaki bezala aurkeztu dute ezin dela Urriaren simetrikoa litzatekeen gertakizun handirik aurkitu, ezin dela atzeman prozesu-inbertsio argi baten hastapeneko ekintza, lehendanik zenera itzulera zurruna. Alperrikako bilaketa, egia esan. Buru argiagoz, Joseph Maistre ideologo erreakzionarioak ulertua zuen bere garaian, Iraultza frantzesaren osteko lehen egunetatik, kontra-iraultza ez dela “kontrako norabideko iraultza” baizik eta “iraultza baten alderantzizkoa”, erreakzio rampantea, asimetrikoa, puskaz puska eta alorrez alorrekoa. Eta honetaz, hain zuzen, Sobiet Batasunean hogeigarren hamarkadako oposizioko jendeak analogiaz erabiltzen zuten Thermidor hitza, agian, beraiek imaginatu zuten baino egokiagoa litzateke : erreakzio bat, denboraren inbertsioa izan gabe, edo iraganera itzulera, baizik eta inoizko forma historiko berrien asmaketa.

1937an, Trotskyren ustetan kontra-iraultza burokratikoak irabazia zuen partida. Internazional Komunistak nazismoaren igoeraren aurrean eta gerra zibil espainolean egindako politika katastrofikoa horren froga zen, eta are froga argiagoa katastrofe horietatik ikasteko ezintasuna, “hirugarren aldiaren” zatiketa-ildo sektarioaren eta fronte popularren baitan instituzio eta aliatu burgesekiko menpekotasunezko ildoaren arteko sigi-saga izan ezik. Sobiet Batasunean bertan, indarrez egindako kolektibizazioak gosete izugarriak eta 1932-1933 urteetako deportazio masiboak eragin zituen. 1934ko abenduaren 1eko legeak legeztatu zituen terrore handiaren eta 1936-1938ko purga handiaren prozedura expeditiboak. Purga horietan izandako biktima kopurua 690 000 pertsonetan kalkulatzen da. Hiri eta landetako mogimendu herrikoiak suntsituz, terrore burokratiko horrek Urriatik gelditzen zen heredentzia ezereztu zuen Partiduaren eta harmadaren kideen artean kolpe ilunak joz. Iraultza urteetako buruzagien arteko gehienak deportatuak izan ziren edo exekutatuak. 1934an egin zen garaileen batzarreko 1900 delegatuetatik erdia baino gehiago garbitua izan zen hilabete batzuk geroago. Ukrainiako Partidu Komunistaren komite zentraleko 200 kideetatik 3 baizik ez ziren bizirik iraun. Harmadan egindako kuadroen detentzioak 30.000tara iritsi ziren, kuadro guztiak 178 000 zirelarik. Paraleloki, egiteko errepresibo izugarri hau burutzeko, eta bortizki estatizaturiko ekonomiaren kudeaketarako behar zen aparailu administratiboaren hazkuntzeak eztanda egin zuen. Moshe Lewin historialariak landu ahal izan dituen artxiboen arabera, administrazioko pertsonala, hamar urtetan, 1928an 1 450 000 izatetik 1939an 3 900 000 izatera igaro da, eta ator-lepo-zuriak osotasunean 3 900 000 izatetik 13 800 000 izatera. Burokrazia bihurtu zen horrela benetako indar sozial kristalizatua bere interes propioekin.

Thermidor burokratikoa

Hogeitamarreko urteetan, dena den, azterketa hau onartzea ez zen militante komunistentzat erreza, Sobiet Batasunean ikusten bait zuten nazismoaren igoeraren aurkako euskarririk ziurrena eta “klasea klasearen aurka” lan-ildoaren garaiko borroka gogorrek edota Espainian brigada internazionalek egindako epopeiak markatuak bait zeuden.

Sozialdemokrazia ez bezala, honen endekapen burokratikoa parlamentu bidezko burgeste baten bidez eman bait zen, Internazional Komunistaren endekapen burokratikoa “Sobiet Batasunaren defentsa”-ren erretorikaren azpian izkutatu zen. Garai horri deitu zion Isaac Deutcher-ek modu egokiz, “heroitasun burokratikoa”-ren garaia, eta horren lekukotasun patetikoa eskeintzen zaigu Anna Larina Boukharin, Victor Serge, Jan Valtin, Alexandre Zimine eta beste hainbesten kontakizunetan.

Haatik, bakoitza bere modura, hain idazle desberdinak diren Benjamin (Brecht-ekin izandako elkarrizketetan) edo Arendt (bere Totalitarismoaren hastapenak liburuan) ohartarazi dira bira historikoaren puntu horretaz. Ikuspegi historiko hori guztiz baieztatua gelditu da orain gertuko lan historikoetan, hala nola Moshe Lewin, Eric Hobsbawn edota Pierre Broué-ren idazlanetan, artxibo sobietarrak irekiak izan bait dira eta erabili ahal izan dira (ikus bereziki Moshe Lewin-en Le siècle soviétique, Paris, Fayard, 2003). Hamarkada batean, hogeitamarretakoan, gizarte sobietarra itxuraldatu zen abiada bizian aginte burokratikoaren pean. Munduko inongo lurraldeetan ez zen ezagutzen horren aldaketa azkarra, burokrazia faraoniko baten burnizko eskumuturrak gidatua. Breznef garaiko estagnazioaren edota Txernenko aldiaren agurekeriaren gertuko oroimenak kontserbatismo higiezinaren inpresioa uzten du, bainan, aitzitik, gorantza eratu zen burokrazia bortizki dinamiko eta eraginkorra izan zen.

1926tik 1930era hiriak hazi egin ziren 30 milioi biztanle gehiagorekin. Hiritako populazioa populazio osoaren %18a izatetik %33a izatera pasatu zen. Lehen bosturteko planaren garaian, beren hazkunde tasa %44koa izan zen, 1897tik 1926erakoaren hainakoa. Soldatapeko lan indarra 10 milioi langile izateti 22 milioira igaro zen. Horren eraginez eman zen hirien “landatartze” handia, derrigorrezko alfabetizazio eta hezkuntza prozesu autoritario eta kontrolatuaren hedapen izugarria, lan-diziplinaren ezarpena ziztu bizian, nazionalismoaren goraipamena, gora-grinaren sariketa eta konformismo burokratiko berri baten kristalizazioa. Nahaste eta berrantolatze erraldoi honetan, esaten du ironikoki Moshe Lewinek, gizartea ia ia “klaserik gabeko gizarte” ospetsu hartan bilakatua zegoen, bainan ez noski klase harremanak desagertuak zirelako baizik eta klase guztiak “desegituratuak eta fusio bidean” zeudelako.

Orduan jokoan zegoena, ez zen pertsonen arteko norgehiagokak, gaur hedabideak azaltzen duten bezala, ez zen “Stalin eta Trotskyren arteko partida”-ren irtenbidea, “burokrazia eta proletargoaren arteko antagonismoa” baizik, “bi mundu, bi programa, bi moralen” arteko konfrontazioa baizik, kontrakotasun estrategikoetan gauzatua : iraultza txinatarra nola, faszismoaren aurre egin nola, ekonomia sobietarraren norabidea, gerra zibil espainiarra, iragarrita ba zetorren bigarren gerra… horiek ziren jokoan zegoenaren auzi nagusiak.

Trotskyk eta ezkerreko oposiziokoek Thermidorrekiko analogia erabili dute erruz kontra-iraultza burokratikoaren prozesua deskribatzeko. Horrekin aditzera eman nahi zuten Thermidor ez zela, beraien ustez, Errestaurazioa, Erregimen Zaharrera itzultzea, iraultzan egindako kontra-iraultza baizik : Hortatik sortu den Imperioa agertzen da, horrela, zonalde gris bezala non nahasten diren gurari iraultzaileak eta klase dominazio orden berri baten kontsolidazioa.

Chateaubriand-en Ultratumbako memoriak analogiaren egokitasuna argitzen du. Stalinengan aurkitu daitezke argi eta garbi thermidoriarra izatera heldu denaren ezaugarriak, Napoleon moduko bat, bainan eskasagoa. Uhin iraultzailearen atzeraldian egin dute biek gora, lehen hats emantzipatzaileen errefluxuan, are beraien asmoen aurka iraultzaren zenbait ondorio hedatze badute ere : “Bonapartek, Errepublikaren arrakastaren jarraitzaileak, bazter guztietan independentziaren printzipioak erein zituela, bere garaipenek herrien eta erregeen arteko loturak laxatzen eta herriak ohitura zaharren eta ideia zaharkituen botereetatik askatzen lagundu zutela ; zentzu horretan, emantzipazio sozialari jarraipena eman diola… ez dut ezbaian jartzeko asmorik : bainan, bere borondate propioz, nazioen askapen politiko eta zibilaren alde konstzienteki lana egin duenik ; Europari eta bereziki Frantziari Konstituziorik zabalena emateko ideiarekin despotismorik estuena ezarri duenik ; bera tirano bilakaturiko tribuno bat baizik ez denik… onar ezin dudan ustea da : Iraultza, Napoleonen elikatzailea izan zena, denbora gutxian etsai azaldu zitzaion ; etengabe erasotu zion”. Guztiz hark bezela, Stalinek esan zezakeen : “Mundua zeharkatzen zuen berritasun espiritu izugarria konjuratu dut”.

Thermidor ez zen, bada, Errestaurazioa. Bainan Errestaurazioa Thermidorren atzetik etorri zen, Errusian Errestaurazio liberala Thermidor burokratikoaren ondotik etorri den bezala. Bainan Errestaurazioak, Robespierre, Marat eta Saint Just bezelako izenak aipatu ezinak izan ziren garai maltzurrak, denbora mugatua baizik ez zuen izan.

Estatismoaren (jatorrizko) pekatua ?

Bere txostenean, Trotskyk, estalinismoaren gorabeherak logika marxistan txertaturik legokeen estatismo pekatu batetik eratorriak liratekeela dioen tesi anarkistaren aurka eztabaidatzen du. Aski da, haatik, Gotha eta Erfurteko programei Marxek eta Engels-ek egindako kritika, edo Estatua eta Iraultza, ekaitz iraultzailearen erdi-erdian sutsuki Leninek idatzia (ber)-irakurtzea, ohartarazteko problema ez dagoela teorian, kontraesan sozial guztiz zehatzetan baizik.

Gogoratu behar al da Marx bi frontetan aritu zela eztabaidan, ilusio sozialaren aurka – horren karian anarkistek ez zuten onartzen borroka politikoaren berezitasuna—, bainan baita ere Lasalle-ren sozialismo estatistaren aurka ? Eta Bakuninek proposatzen zuen Estatuaren eta edozein autoritatearen ukazio abstraktoari aurre egin bazion ere, horren aurrean jartzen zuena Estatuaren – gorputz politiko banandua eta fetitxizatua gisa— “ezabapena” edo “heriotzarena” zen, ezabapen horren baldintza historikoak azpimarratuz. Kontua ez zen ezabapen horren aldarrikapena egitea, horretarako baldintza eraginkorrak biltzea baizik : lan-ordu behartuen kopuruaren murriztapen handia, funtzio administratiboen sozializazioa, lanaren zatiketa sozialaren eta hiri-landaren arteko harremanen eraldaketa erradikala etabar… Eta gauza guzti horiek ez dira egun batean egiten makiltxo magikoaren kolpe batez : boterea hartzea ekintza bat da, gertakari bat, erabakiaren eta egiaren une bat ; bainan aldi berean besterik ez da iraultza iraunkorreko prozesu baten bitartekaria eta hastapena baizik. Bakuninekin zuen eztabaidaren beste aldea, askotan ahaztua, demokraziari buruzkoa da : edozein autoritatearen ukazioak, baita ere, norbanakoaren askatasunaren edota gutxiengo ekintzaileen izenean gehiengoaren hautapenaren autoritatearen ukazioak, azken finean, edozein ezarpen demokratikoaren ukazioa inplikatzen du.

Estatua eta Iraultza liburuari dagokionez, tonu komunista libertario duen idazlana da eta azentua Estatuaren makina burokratiko zaharraren suntsipenaren inguruan eta autoemantzipazioaren forma emergente guztien inguruan jartzen du. Trotskyk gogorarazten du, Leninek, ikusmira honetatik, iradoki izan zuela lurraldearen hainbat zati anarkisten eskutan uztea lurralde horietan esperientzia komunitarioak egin zitzaten. Errakuntza teorikorik baldin badago, idazlanaren gehiegikeria libertarioan dago eta instituzio politiko eta juridikoen irgarritako ezabaketaren erritmoei dagokionez erakusten zuen optimismoan. Egia da, ikuspegi hau Europa mailako iraultzaren hedapen azkarrean oinarritzen zela, bainan horrela transizio garaiaren forma instituzional eta juridiko beharrezkoak pentsatzea gutxiesten zen. Horrela, Internazional komunistaren lehen lau kongresuen txosten fundatzaileek edo 1921an sindikatuei buruz izan zen eztabaidak erakusten dute Estatua, sobietak, partiduak eta sindikatuen arteko harremanei buruzko argitzapen mugatua eta ez-askia.

“Estatuaren suntsiketaren azken helburuarekin” anarkistekin zuen “adostasun osoa” gogoratuz ere, Trotskyk esperientzia honen irakaspenak miatzen ditu, eta gerra zibil espainolaren eta 1936ko udazkenean Largo Caballeroren gobernuan anarkistak parte hartzearen esperientziarekin aberasten ditu : “Ezin da garaipena ekintza bakar bat bezala irudikatu : garaipenaren auzia epealdi luze baten ikusmiran hartu behar da”. Non eta, “guztiz eztabaidaezina” bada ere “partidu bakar baten dominazioa erregimen totalitario estalinistaren abiapuntu juridiko bezala baliagarria izan dela, bilakaera honen kausa ez dago boltxebismoaren izaerari lotua”, eta estalinismoa boltxebismoarengandik eratorria ikustea, kontra-iraultza iraultzatik datorrela esatea bezelakoxea da.

Hala ere, aitzitik, partiduaren eta bere abangoardia paperaren kontzepzioa problematikoa da oraindik 1937an. Trotskyk gogoratzen du orduan “beste partidu sobietarren galerazpena ez zetorrela inolaz ere inolako teoria boltxebiketik”, iraultzaren defentsarako neurria izan zela, eta, “arrisku handienak bazituen ere” gerra zibileko egoera batean iraultza defenditzeko ezarria izan zela. Arazoa, hala ere, mantentzen da : zurien eta hauen aliatu internazionalen aurkako barneko gerra honetan lortutako garaipenak, 1921an akitua zegoen herria hondamenditik ateratzeko onartu zen politika ekonomiko berrira eraman zuen. Bainan politika ekonomiko berri hori ez zen lotu politika eremuan irekitasun demokratiko batekin, nahiz eta irekidura hori guztiz beharrezkoa izan zeren “gerrako kultura” bera zen bortizkeria burokratikoaren labea, eta nazionalitateen auzia izan zen, besteak beste, argigarri Leninentzat bere jardueraren azken hilabeteetan.

1927an, partidu aniztasunaren auzia ez da agertzen oposizio bateratuaren plataforman. 1935ean ordea, ondorioen neurria harturik, Trotskyk Iraultza Traizionatua liburuan printzipiotzat hartzen du eta arrazoi nagusiak azaltzen ditu : “Egia esan, klaseak heterogenoak dira, barne antogonismoz pitzatuak, eta ez dira helburu amankomunetara iristen tendentzien, bilkuren et partiduen borrokaren bidez baizik.” Modu horretan argi eta garbi baztertzen du Iraultza frantzesaren ostean mogimendu iraultzaileak berea egiten zuen herriaren edo klasearen homogeneitatearen ilusioa. Eta bat egiten du Rosa Luxemburgek 1918an bota zuen ohartarazpen historikoarekin : “Hauteskunde orokorrik gabe, hedabide eta elkartzeko askatasun mugagaberik gabe, erizpide borroka librerik gabe, bizitza ahitzen da instituzio publiko guztietan, bizigabetzen da, eta burokrazia mantentzen da eragile bakar gisa.”

Partiduaren paperari buruz egiten dituen formulazioak, aldiz, nahiko anbiguoak mantentzen dira. “Proletargoa ezin da boterera heldu ez bada bere abangoardiaren bidez(...) Prolegargoaren iraultza eta diktadura, klase osoaren eginkizun dira, bainan abandoardiaren zuzendaritza-pean, bestela ez. Sobietak besterik ez dira abandoardia eta klasearen arteko lotura organizatua baizik. Antolakuntza-era honen edukin iraultzailea partiduak eman dezake soilik, ez beste inork”. Gaur arte partidu iraultzaile (edozein delarik bere izena : mogimendu, fronte, etabar…) baten eraginik gabeko garaile atera den iraultzarik ez dugula ezagutzen, hori gauza bat da. Proletargoa bere abangoardiaren bidez ez bada ezin lezakeela boterera heldu, hori beste auzi bat da, baldin eta horrekin esan nahi bada boterea erabili beharko duela abangoardia horri delegazioa eginez. Kasu honetan substituzio batetaz ari gara, partiduak klasearen lekua hartzen du ordezkapen organikoki egokiaren aitzakian. Ondorengo esaerakin indartzen da interpretazio honen egiantzekotasuna. Sobietak “besterik ez ba dira abandoardia eta klasearen arteko lotura organizatua baizik”, orduan ez dira desagertzera doan botere berri baten organo burujabeak, baizik eta klase gutxiagotutu baten eta bere konstzientzia ordezkatuaren osotasunari gorputza ematen dion partiduaren arteko bitartekari soila. Gerra zibilak inposaturiko salbuespena araua bihurtzeko arrisku bizia dago, autoemantzipazioaren kaltetan.

Iraultza goiztiarregia ?

Trotsky ahalegintzen da ere kritikak bi frontetan errefusatzen : alde batetik mentxebikeen tesia (eta tesi erreformista orohar), zeinaren arabera pipia, historiaren ibilbidea artifizialki forzatu nahi izan zuen iraultza goiztiarregiaren fruituan zegoen ; eta bestetik anarkisten tesia, zeinaren arabera endekapen burokratikoa jatorrizko “sozialismo estatista” batetik eratorria izango zen.

Lehenengo tesiaren defendatzaileentzat, Kautsky-rentzat adibidez, baldintzak ez zeuden oraindik prest iraultza sozialista baterako Errusian. Modu berean, François Furet-entzat, inpazientziak eta “pasio iraultzailea”-k aurrea hartu zioten arrazoi historikoari. Eta totalitarismo burokratikoa jatorrizko pekatu horren aurreikusi zitekeen zigorra baizik ez da. Ordu egokian, justu esandakoan, ez azkarregi ez beranduegi, gertatu behar diren gertakizunen erretorika hauek, historiaren zentzuaren logika deterministetan, progresoaren burnizko gurpilean, eta denbora linealean txertatzen dira. Errusiako iraultza, orduan, historiaren ernaltze “goiztiarregi”-aren eraginez Urriako insurrekzioaren munstrokeriara kondenatua legoke, kapitalismoa gainditzeko “baldintza objetiboak” bilduak ez bait zeuden : helburuak automugatzeko argitasuna eduki beharrean, boltxebike buruzagiak zorigaiztoko denboraren kontrako gertakizun honen azti gaiztoak izango omen ziren. 1917ko uztaila eta urriaren artean, gerra jarraitzen zuelarik, auzia denbora historiko on-egokiaren hautaketa arrazionala izango balitz bezala, edota auzia britaniar erako edukazio oneko parlamentarismoaren eta proletargoaren diktaduraren arteko hautaketa arrazoitua izango balitz bezala… auzia, benetan, beste hau zenean : iraultza eta kontrairaultzaren arteko konfrontazio latza.

Moshe Lewin-ek gogorarazten du, Trotsky-k Errusiako iraultzaren historia liburuan bezala, nola kadeteak, mentxebikeak eta zentro demokrata guztia hondoratuak zeuden inork gobernatu ezin zuen antagonismoen eraginpean. Edozein krisik bidegurutze bat irekitzen du. 1917an, Kerenskyren, Milioutoven, Tséretelliren porrotak agerian uzten zuen eta guztiz garbi Korniloven erreakzioaren eta boltxebikeen iraultzaren arteko gatazka. Horiek ziren orduan alternatiben edukiak. Ikuspegi iraultzailetik, idatzi zuen Mikhail Guefter historialari sobietar handiak, bera ere errepresio estalinistaren biktima, “ez zegoen bestelako aukerarik” : “Auzi honi buruz gogoeta asko eta luze egin ondoren, erantzun kategoriko bat emateko gai sentitzen naiz. Orduan burutu zena, berrantolakuntza odoltsuago eta zentzurik gabeko hondamendi bati aurre egin nahi bazitzaion, irtenbide bakarra zen. Aukeraren auzia gero planteatu da bainan auziaren muina ez ze erregimen sozialari buruzkoa, jarraitu beharreko bide historikoari buruzkoa, baizik eta bide horren barruko aukeraren ingurukoa. Ez aldairak, ez helburua lortzeko egin beharreko martxak, baizik eta adarkatze bat, adarkatzeak”. Bidegurutzeak, esango luke Blanquik. Eta bidegurutze horiek ikus daitezke, izenak dituzte : Nep, gerra zibilaren amaiera, iraultza alemandarra, indarrez egindako kolektibizazioa, nazismoaren aurkako borroka, iraultza txinatarra, iraultza espainiarra…

“Historia dordokaren pausura” argudioaren gaindia da, hogeitabostgarren orduaren kontseilari horiek, beren nagitasunatik eta beren pasibitatetik ateratzen dutela egoerak inposaturiko desafioei erantzun dienei presatiak izatearen salaketarako argudioa. Izan ere, boltxebikeak alternatiba baten aurrean atrapatuak zeuden : edo ausardia iraultzailea, edota erreakzio txuriaren pean suntsituak izatea. Bainan ausardia hori horizonte estrategiko europear eta internazionalean txertatzen zuten, Alemanian eta Mendebaldean iraultza azkar zabalduko zela itxaron bait zuten. Hau gabe, azpimarratzen zuen orduan Trotskyk, “boltxebismoa ezereztua izango litzateke” eta erregimen sobietarra “bere kasara utzia eroriko da edo endekatuko da”.

Gerra ondoren Austrian, Hungarian, Italian eta Alemanian eman ziren gatazka sozial indartsuek erakusten zuten esperantza hori ez zela arrazoirik gabeko espekulazioa, hipotesi estrategiko seriosa baizik. Gertatu denaren historialariak eta politiko fatalistak soilik uste dezakete, benetan gertatu dena eta hori soilik gerta zitekeela. Erreala bere posible anitzetatik ebakiz, politika bera ezein dimentsio estrategikoz gabetzen dute, eta, kasurik hoberenean, eginkizun pedagogikora murrizten dute, edota, gehienetan ematen den bezala, gauzen ibilbide “naturalaren” segizio kudeatzaile ezindua egitera mugatzen dira. Historia ibai luze lasaia balitz bezala, badoana, atzerapen penagarri batzuk gorabehera, aurrerapen saietsezinaren zentzuan. Historiaren filosofien zarabanda hauxe da Walter Benjaminek astitzen zuena Historiaren kontzeptuari buruzko tesiak liburuan : historiaren filosofia horiek salatzen zituen, guztiz egokiz, horiengan jartzen bait zuen nazismoaren igoeraren aurrean proletargo alemanaren paralisiaren erantzunkizuna.

Etsipenaren erretolika hauen paradoxa, Trostskyk agerian jarria, hauxe da : partiduari paper demiurgo ahalguztiduna ematen diola : materialismo pasibo eta objetibista alde batetik, subjetibismo eta idealismo bestetik. Blotxebismoa bihurtzen da horrela, beraientzat, tragedia historiko guztiaren koitadua, zaragartsua eta erruduna. Trotskyk gogorarazten du, aitzitik, ezen, partidua borrokaren eragile oso garrantzitsutzat eta are muturreko koiuntura jakin batean eragile erabakiortzat harturik ere, iraultza beti kausa eta eragile askoren konbinazioa izaten da. Eta “boterearen konkistak, nahi den garrantzitsuen izanda ere, ez du inolaz ere partidua prozesu historikoaren jabe ahalguztiduna bihurtzen”.

Zitalki askotan nahi izan den kontrara, Marxen teoria ez da historiaren filosofia determinista edo teleologikoa. Saiatzen da, bai, indarrean dauden logikak atzematen eta baldintza zehatzak aztertzen, horiek gabe gertakizun posiblea iraultza edo mirari teologikoa izango bait zen. Bainan, teoria horrek ez du, fisikari klasikoek hastapeneko kausa baten ondorio mekanikoa aurreikusten duten bezala, historiaren ibilbidea aurreikusteko pretentsiorik. Gramscik esaten zuen zuhurtasun handiz borroka baizik ezin dela aurreikusi, eta ez borrokaren irtenbidea, berez zalantzazkoa bait da. Ez dago iraultzarik “denbora egokian egina”, bere orduan puntualki datorrenik. Engels-ek ulertua zuen jadanik hau 1848ko Alemaniako iraultza eta kontra-iraultzaren azterketa egin zuenean : agerian jartzen du “berandu jada” eta “oraindik ez” denboraren dialektika.

Iraultza errusiarraren zenbait gauza libreki kritikatuz, eta horien artean batzar konstituientearen disoluzioa kritikatuz, Roxa Luxemburg-ek laudorio bizia eskeini zien boltxebikeei “ausartu” zirelako, bidegurutze historiko baten une egokia (greziarren kairos-a) eskutan hartu zutelako. Norbaiti kontuak eskatzekotan, une erabakior horretan, ausartu ez zirenei eskatu beharko litzaieke. Gaur egun modan dago katastrofe guztiak XX mendeko iraultzeei leporatzea eta horien biktimen kontabilitatea egitea. Bainan nork esango du iraultza ez-eginen eta iraultza traizionatuen ondorioa, eta, desafioari aurre egin beharreko momentuan, atzera egin dutenen erantzunkizuna ? Nork azalduko du zein kostua ekarri duen Alemania eta Europarentzat 1918-1923ko iraultza antzutuaren ondorioak ?

Historiaren moralak

“Boltxebismoaren amoralitatea” salatuz beren ikasgaiak administratzen zituzten moralistei erantzun zien Trotskyk 1937an esanez “edozein partiduaren morala, azken finean, ordezkatzen dituen interes historikoengandik eratorria dela”. Bainan nork zehazten eta bermatzen ditu interes horiek ? Erlatibismo etikoaren tentazio hau askotan interpretatu egin da makiabelismo (edo utilitarismo) trauskilaren mota bat bezala, zeinaren arabera helburuak bitarteko guztiak justifikatzen zituen. Urte bete beranduago, John Deweyrekin izandako harremanak bultzatua, Trotsky auzi berera itzuli zen askotan aipatua bainan gutxi irakurria eta gaizki ulertua izan den idazlan batean, Beraien morala eta gurea izenburu duena.

Helburu eta bitartekoen dialektikari buruz, Trotsky, justifikazio teleologikotik guztiz urrun aurkitzen da : “Helburuak bitartekoak justifika baditzake, ekintzaren erizpideak beste nonbaiten bilatu beharko litzateke : zeruan, lurrean ez badaude ! Moral eternoaren teoriak ezin du Jainkoa bazterrean utzi. Zentzu moral absolutoa Jainkoaren pseudonimo lotsatia baizik ez da. Jesuitak dira esan dutenek bitarteko bat, berez indeferentea dela, eta bere justifikazioa, lortu nahi den helburuak agindua dela. Modu horretan Elizaren hipokresia bainan goragokoak agertu dira. Bainan burokratizatuz gero, Elizaren gerrari hauek bihurtu dira, hauek ere, jauntxo feudal zitalak”. Beste modu batera, Stuart Mill-en utilitarismoak justifikatzen ditu moralki bitartekoak ondare amankomunaren izenean. Modu berean, gaur egun gerra etiko edo humanitarioaren alde direnek, gerra horien intentzioaren araztasunak (giza eskubideen defentsa edota ingerentzia gizatiarra) justifikatuko luke bitarteko zalantzagarrienak, eta ideal etikoak terrore harmatu izugarriena.

Zerk justifikatzen du helburua ? galdetzen zuen, aitzitik, Trotskyk. Izan ere, morala zerutik jeixten ez bada, morala giza-harramanekiko inmanentea bada, “helburuak ere justifikazio beharra du”. Akatsa, helburu eta bitartekoen banaketa formalean dago ezarria. Horri deitzen zion Nietzschek “moralina” burgesa eta inpase logiko batean amiltzen da. Irakurle presatiak ez bezala, Dewey-ek oso ondo ulertu zuen helburu eta bitartekoen arteko elkarmenpekotasunari buruzko Trotskyren argudiaketa, eta ez zuen inolaz ere ziniko izateaz salatu. Moral zehatzaren azken erizpidea, Trotskyk zioen bezala, proletargoaren beraren interesak ez, baizik eta konstzientzia eta kulturaren garapen unibertsala (proletargoa garapen horretarako bitarteko berezia baizik ez zen izango), bestela esanda, alienazio erlijioso eta sozialetatik gizadi benetan gizatiarra askatzen duena, orduan bitarteko guztiak ez dira zilegi, ezta iraultzaile sinisgabearentzat ere. Bainan, objektatzen zion Dewey-k, Trotskyk, epai morala historizatzen eta harengandik ezein transtzendentzia abstraktorik baztertzen ari zela ustetan, moralaren gaietan instantzi arbitrala gisa klase borroka jartzen zuenean, ez al zuen, bere nahiaren aurka, besteen arteko bitarteko bat helburu nagusi bihurtzen ? Edukin goreneko eztabaida hau zirkunstantziek moztua gelditu zen, zoritxarrez, Trotskyk, eztabaidari segida emateko asmoa adierazi ba zuen ere, ezin izan zuen jarraitu.

Moralaren auzia, iraultzarena bezala, dialektikarena aurresuposatzen du, zeren “estalinismoa, noski, boltxebismotik sortua bada ere, ez da horrela izan logika formal baten eraginez, dialektikoki baizik, ez zen sortu boltxebismoaren baieztapen iraultzaile bezala, beraren thermidorreko ukazio bezala baizik”. Orokorrago esanez, iraultzen ondoren kontra-iraultzak gertatzen badira, ez da horrela gertatzen sortze genealogikoz, kontzilia ezinezko aurkakotasunez baizik. Dialektikaren ez-ezagutzak, edota, dialektikaren, erreakzio estalinista gaina hartzen doan neurrian, Estatuko logika formalean eraldatze esanguratsuak, gertakizuna eta bere baldintzak, une iraultzailea eta eraldaketa sozial eta kulturalaren prozesua, behar historikoa eta kontingentzia politikoa, helburuak eta bitartekoak, historia eta memoria, erreala eta posiblea batera pentsatzea galerazten du. Horregatik, hain zuzen, Lukács-ek aski ongi ulertu zuen bezala, “pentsamendu benetan iraultzailea ezinezkoa da dialektikarik gabe”, bera baita edozein pentsamendu iraultzailearen eta historiaren ikuspegi estragegiko – ez positibista – ren baldintza bera.

Boltxebismo eta Estalinismo idazlana, idatzi zeneko guztiz bestelako kontestu batean berriro irakurtzean, polemikaren terminoen jarraipena da harrigarri egiten dena. Mende erdi bat geroago Mikhail Guefterrek mahai gainean jartzen zuen auzi nagusiari, – Urria eta Goulag-en artean “ibilbide jarraia” ba ote dagoen edota “bi mundu politiko eta moral desberdinak” ote ziren –, kontra-iraultza estalinistaren azterketak erantzun argia ematen dio. Hogeitamargarreneko hamarkadaren biraren aurretik, hitzegin daiteke oraindik zuzendu beharreko ankasartzeetaz, ikusmira berean txertaturiko ildo alternatiboetaz. Gero, ordea, indar eta egitasmo antagonikoetaz, kontziliaezinezko moduan kontrajarrietaz ari gara. Ez da, inolaz ere, famili-istilu bat, atzoko biktimak, a posteriori, “pluraltasun komunista”-ren lekuko desagertu gisa berreskuratzea zilegi egiten duenik, edota ikurrin beraren pean torturatuak eta borreroak biltzea baimentzen duenik. Gufterrek oraindik idazten duen bezala, periodizazio zurrun batek bidea ematen dio konstzientzia historikoari “politikaren alorrean sartzeko”.

2005eko urriaren 1ean, Erre (aldizkari italiarra)
Berriro argitaratua
Penser Agir liburuan, Lignes, 2008

Haut de page