Tous les textes du philosophe Daniel Bensaïd.

Daniel Bensaïd

26 janvier 2007

Politikaren denbora hautsia

Nahiko zabaldua dagoen ideiak bestelakoa badio ere, Marx ez da historiaren filosofoa. Areago, bera izan zen, eta Nietzscheren Ez-garaiko gogoetak baino lehenago, Blanquiren Eternité par les astres, Peguyren Clio, Walter Benjaminen Historiaren kontzeptuari buruzko tesiak, edo Siegfried Kracauerren hil ondoren argitaraturiko L’histoire baino lehenago, historia unibertsalaren filosofia espekulatiboekin (jainkozko probindentzia, teleologia naturala, edo Espirituaren odisea) errotik hautsi egin dutenen lehenetakoa. “Historiaren ikuspegi benetan erlijioso”-ekiko haustura, Engelsek Famili Santua liburuan eskeintzen duen behinbetirako formularekin, “Historiak ez du ezer egiten !”, ondo zigilatua gelditzen da. Aipamen borobil honek historiaren edozein errepresentazio antropomorfiko, hau da, benetako gizakien bizkar gainean giza komediaren hariak tiraka dabilen pertsonai ahalguztidunaren errepresentazioa baztertzen du. Ideia hau, alde askotatik hartuta, Ideologia Alemandarra liburuan garatzen eta jokoan jartzen da.

Historiak ez du ezer egiten

Marx-ek eta Engels-ek historiaren liburu horretan ikuspegi apologetikoa errefuxatzen dute. Ikuspegi horren arabera, gertatzera iristen dena gertatu beharra zegoen, mundua gaur egun den bezala izan zedin eta gu geu garena izan gaitezen : “Artifizio espekulatiboei esker, sinistarazi ahal digute etortzekoa den historia iraganeko historiaren helburua dela”. Debenir historikoaren fatalizazio honek “bazterreko posibleak” (Pierre Bourdieu-ren esaeraren modura esanda) lurperatzen ditu bigarrenez, ez bait dira haatik errealitate guxiagokoak (reale Moglichkeit zentzuan) borroka gorabeheratsu baten emaitza den gertakizun eginak baino.

Arrazoi historikoaren eta progresoaren ideologiaren kritika marxista hau, Blanquik, kupidarik gabe, ordena ezarriaren ideologia nagusitzat hartuz, positibismoari egiten diona baino lehenagokoa da. 1869an, Komunaren bezperetan, idatzitako oharretan, matxino tratagaitzak esaten zuen : “Iraganatik etorkizunerako bidean, gaur egungo memoriak lekukoak dira, historia da epailea, eta epaia, salaketen faltsukeriagatik edo ausentziagatik edota tribunalarenen ez-jakintasunagatik, ia beti bidegabekeria da. Zorionez, epai-deia beti irekia gelditzen da, eta mende berrien argiak, iraganeko mendeen gainera urrutitik proiektaturik, salatzen ditu ilunpeetako epaiketak”. Deus ex machina-rik edo demiurgorik ez den bezela, historia ez da, bada, tribunala. Eta horrelakotzat hartzen danean, egi-egitan lekukotasun faltsuen morrontzapeko epaile-taldea baizik ez da.

Historiaren epaiketari dei egiteak eramaten du, egitan, Massimiliano Tombak idatzi duen bezala, justiziaren auzia baztertzera. Horretaz erreparatzen zuen jadanik Blanquik : “Bere ustezko soziologiaren zientziatik, hala nola historiaren filosofiatik bezala, positibismoak justiziaren ideia baztertzen du. Ez du onartzen progreso etengabearen legea baizik, ezinbestekotzat hartuz. Gauza bakoitza bikaina da bere orduan, lekua hartzen bait du hobekuntzen segidan. Dena da beti hobe. Batere erizpiderik ez ontasuna eta gaiztakeria balioesteko”. Blanquirentzat, iragana, borroka eremu bezala mantentzen da, eta ezpaten epaiak, armetan izandako zorteak, eta gertatu denak ez dute ezer frogatzen justizia eta injustiziaren banaketari dagokionez. “Gauzak segida jakin bat jarraitu dutelako, badirudi ezin zela beste segidarik gertatu. Gertatu izanak ahalmen sahietsezina du. Bera da patua. Hartan espiritua akatua gelditzen da eta ez da oldartzera ausartzen. Izugarrizko indarra omen da historiaren fatalistentzat, gertatu denaren gurtzaileak ! Garailearen sarraski guztiak, beren eraso segida luzea, hotzean, eboluzio erregular sahietsezina bihurtzen dira, naturarena bezala”. Baino “gizakien gauzen engranajea ez da inolaz ere, unibertsoarena bezala, fatala : minuturo aldagarria da”. Zeren, erantsiko du Benjaminek, minutu bakoitza ate estu bat da nondik Mesias ager daitekeen.

Kulto honi, Historiaz antzinateko Patuaren edota jainkozko Probidentziaren forma sekularizatu sinplea egiten duenari, Marxek eta Engels-ek kontrajartzen zioten, Ideologia alemandarra idatzi zutenetik, kontzepzio erradikalki profano eta desliluratua : “Historia ez da ezer, bata bestearen ondoren datozen belaunaldien ondorengotza baino”. Horri zentzu ematea, gizakien egitekoa da, eta ez jainkoena.

Arrazoi historikoaren kritika honek inplikatzen du, logikoki, progresoaren nozio abstraktuaren kritika. Ideologia alemandarra-ren ondoren, Marx gutxitan sartu da historiari buruzko gogoeta orokorretan. “Ekonomia politikoaren kritika”, praktikan, ekintza bihurturiko “historiaren beste idazmolde” bat da, anuntziaturiko idazmolde profanoa. Ez da ezer aurkitzen, idazlan osoan zehar, auzi honi buruzko sakabanaturiko kontsiderazio batzuk baizik, eta horien artean bereziki 1857-1858ko Eskuizkribuak liburuaren sarreran argitaraturiko ohar telegrafikoak. Lanerako ohar pertsonalak dira (“nota bene” idazten du Marxek), pentsamendu-gordin moduko bat, berarentzat egina, estilo laburrean eta batzutan enigmatikoz paperean jarriak. Ohar horietako bik arreta berezia eskatzen dute.

Seigarren oharrean, Marxek gomendatzen du “progresoaren kontzeptua ohizko forma abstraktuan ez hartzea”, eta aldiz, kontutan hartzeko produkzio harremanen, harreman juridikoen, fenomeno estetikoen “garapen desberdina” ; kontutan hartzeko, bada, kontradenborako efektuak eta ez-garaikidetasuna. Zazpigarrenean, are harribitxiro, ohartarazten du bere historiaren kontzepzioa “beharrezko garapen bezala agertzen dela” (berak azpimarratua), zehaztuz ere : “Bainan zoriaren justifikazioa. Nolakotasuna. (Askatasunarena, etabar… ere). Hedabideen eragina. Historia unibertsala ez da beti existitu ; historia, historia unibertsal gisa, emaitza bat da”. Beharra eta kontingentziaren arteko harremana dialektizatu beharraz ari da, hori gabe ez litzateke izango ez historia ezta ere gertakizunik. Historia unibertsala ez da, bada, orduan, teodizea bat, debenir bat baizik, giza espeziearen benetako unibertsalizazioa, produkzioaren, komunikazioaren, kulturaren unibertsalizazioaren bitartez egina, jadanik Partidu komunistaren manifestua-n baieztatzen zuen bezala.

Problematika hau aintzat hartua da berriro 1877ko bere eskutitz ospetsuan, kritiko errusiarrei erantzunez idatzia. Bertan, Marxek ez du onartzen “denetarako balio duen teoria historiko-filosofiko orokorra, bertute gorentzat supra-historikoa izatea duena”. Denetarako-balio duen “historiaren zentzu” delako hori, historia errealaren eta borroka eta ziurgabetasun guztien gainean makurtua, filosofia espekulatibo handien jarraieran kokatzen da, filosofia horiekiko haustura aspaldian burutua izan bada ere. Eta haustura teoriko hori ez da ematen ondorio praktikorik gabe. Historia ireki batean, ez dago aldez aurretik ezarritako arau historikorik, garapen “normala”-ren araurik, anomalia, desbideraketa edo malformazioei kontrajarria. Vera Zassoulitch-eri idatzitako eskutitzak, Errusiarako mendebaldeko kapitalismoaren gurutz bidetik ibiltzea ekidingo lioketen hainbat garapen posible aztertuz, horren froga dira. Ohar horiek Leninek Kapitalismoaren garapena Errusian egindako azterketari bidea ireki zioten eta baita ere Parvusek eta Trotskyk garapen desberdin eta konbinatuari buruzko tesiei.

Historia unibertsalaren filosofia espekulatiboei eta beraien denboratasun “homogeneo eta hutsa”-ri aurre eginez, ekonomia politikoaren kritika, 1844ko eskuizkribuak-etatik Kapitala-raino, Grundisse-ak tartean direlarik, kapitalaren logikari atxekitutako erritmo eta denboren kontzeptualizazio gisa, historiaren krisi eta pultsuen entzuketa gisa aurkezten da. “Marx, laburbiltzen du Henryk Grossmann-ek, landu behar izan zituen lehenik denborarekin loturiko kategoria kontzeptual guztiak : zikloa, errrotazioa, errotazio denbora, errotazio zikloa.”.

Arrazoi historikoaren kritika erradikal hau, haatik, partziala gelditu da, eta Marxek berak batzutan egindako formulazio kontraesankorrak direla eta, gaizki ulertuei eta zentzugabekeriei ere bidea emateko moduan. Ekiboko hauek, neurri handi batean, konpondu gabeko arazo estrategiko handienatik datozte : nola proletarioak, Kapital-ean, maiz, lanak fisikoki eta mentalki izaki elbarrituak bezala deskribituak, nola bihur daitezke giza emantzipazioaren aldeko borrokan klase hegemonikoa ? Badirudi Marxentzat, erantzuna, apostu soziologiko batean kokatzen dela : kontzentrazio industrialak erakarriko luke proletargoaren hazkundea eta pareko kontzentrazioa, erresistentzia eta organizazio maila hazkorra, eta guzti hau konstzientzia-mailaren igoeran islatuko zen, noiz eta “klase politikoak” “klase soziala” bereganatzen duen arte, eta berezko klasea izatetik, bere baitako klase izatera igarotzen den. Kateadura logiko honek ahalbidetuko lioke “klase unibertsalari” emantzipazioaren enigma estrategikoaren irtenbidea aurkitzeko. XX mendeak ez du inolaz ere ikuspegi baikor hori baieztatu, eta horri heldu diote interprete askok Marxi historiaren kontzeptu determinista leporatzeko. Beraien argudioa, funtsean, ondoko honetan oinarritu da :

1. Ukazioaren ukazioari buruz Kapitala-ren I Liburuaren azken aurreko kapituluan agertzen den moduko formalismo dialektikoa. Horrek, sinplikazio nabarmenei eman die bidea, eta Engels-ek, Anti-Dühring-ean, abusozko interpretazioak ez ezik, espiritu bera neurri batean zuzendu behar izan zituen : “Zein papera jokatzen du Marxen baitan ukazioaren ukazioa ?”. Berak ez du pentsatzen “horrekin behar historikoa frogatzea : aitzitik, prozesua, egitan, nola neurri batean egina eta beste neurrian nahitaez oraindik egin beharrekoa den historiaren bidez frogatu ondoren, Marxek eransten du, gainera, prozesua lege dialektiko zehatz baten arabera osatzen den.” Idatziaren iruzkin horrek, haatik, nahiko nahasia dirudi. Jarraipena argiagoa da : “Zer da orduan ukazioaren ukazioa ? Naturaren, historiaren, pentsamenduaren bilakaeraren lege bat, guztiz orokorra, eta horregatik hain zuzen esanahi eta ahalmen itzelaz gainjantzia (...) Berez doa ukazioaren ukazioa dela esaten dudanean, ez dudala ezer esaten bilakaera prozesu partikular bati buruz” : baldin eta ukazioaren ukazioa “haur denbora pasa bada, hurrenez hurren a baieztatuz eta ukatuz, edo hurrenez hurren arrosa arrosa dela eta arrosa arrosa ez dela esatea bada, hortik ez da ezer ateratzen ez bada ariketa penagarri horietara murgiltzen denaren nagikeria baizik”.

2. Eztabaida honek eramaten gaitu ere beharraren noziora, 1859ko Sarrera-tik bereziki abiaturik egin daitekeen interpretaziora, behar mekaniko gisa hartuz, nahiz eta logika dialektiko egokian kontingentziatik bana ezina den, beharraren itzala bezala atxikia bait dago kontingentzia ; bainan egitate bat da batzutan zaila dela bereiztea ia Marxek beharraren kontzeptua zentzu prediktiboan edo zentzu performatiboan erabiltzen duen.

Berritzulera handia

Interpretazioak aztertzeko, Frantziako klase borrokari buruzko idatzi politikoak, Indiako kolonizazio ingelesari buruzkoak, iraultza espainiarrei buruzkoak, edo Sezesio gerrari buruzkoak benetan baliagarriagoak dira espekulazio logikoak baino. Klase borrokaren zentralitateak eta bere irteera ez-ziurrak eskatzen dute, egitan, kontigentziazko alde bat eta kausalitatearen nozio ez-mekanikoa, kausalitate ireki bat non hasierako baldintzek posibleen eremua marrazten duten, horietatik nor aterako den garaile mekanikoki zehaztu gabe. Logika historikoa gehiago hurbiltzen da kaos deterministara fisika klasikora baino : dena ez da posible, bainan ba da posible errealeen pluralitate bat, eta horien artean borroka da erabakitzen duena. Oraindik hemen ere, Blanquiren Eternitatea izarren bidez gogoratu beharra dago, berarentzat 1832, 1848, 1871-eko porrot errepikatuen ondoren, “adarkatzeen kapitulua soilik” gelditzen zen “itxaropenari irekia”. Garaian oso erabilera gutxikoa, adarkatze hitzak ba zuen haatik etorkizun dizdiratsua fisika kuantikoaren hiztegian eta René Thomen katastrofearen matematiketan.

Gerra eta iraultzen garaian, historiaren kontzepzio hau, zeinaren arabera iraganak oraina baldintzatzen du bainan mekanikoki determinatu gabe, indartu egin da Gramsciren eta Benjaminen ibilbide teoriko paraleloen bidez. Lehenak esaten zuen : “Egitan, zientifikoki ezin da aurreikusi borroka baino, eta ez bere une zehatzak”. Eta eransten zuen : “ Borrokak bakarrik, eta ez bere berehalako emaitza, baina garaipen iraunkorrean adierazten den borrokak esango du zer den razionala edo irrazionala”. Borrokaren irteerak, eta ez aldez aurretik ezarrritako arauak, determinatuko du, bada, bilakaeraren razionaltasuna. Bainan irteera hau ez da berehalako emaitzara mugatzen, garaipen eta derrotetara, iraupenaren begitara pasadizo sinple gisa azaldu bait daitezke. Irteera ezin da ezarri atzera begira baizik, “garaipen iraunkor” baten argitara baizik. Zer da, bada, orduan garaipenaren iraupena historia ireki batean, jokuen teoriako jokuetan ez bezala, “partidaren amaiera” ezagutzen ez duen borroka batean ? Zer da iraunkorki garaitzea, baldin eta, Blanquik dion bezala, “deia beti irekia badago” ?

Benjaminen baitan, historiaren hamaka anestesiagarriekin, progresoaren gurpil hortzdun eta engranajeekin, historiaren tribunalaren azken judizioarekin bukatzeko, historia eta politikaren arteko harremana guztiz iraulia dago. Jadanik iragana ez da ikusi behar “ez gehiago lehen bezala, modu historikoan, politikaren eran baizik, kategoria politikoekin”. Eta are lakonikoago : “Politikak nagusitzen zaio historiari”. Badirudi esaerak Engels-ek esandakoari —“historiak ez du ezer egiten”— oiartzuna egin eta ondorioak ateratzen dizkiola. Horren ondorioa da denbora historikoen semantikaren iraulketa erradikala. Presentea ez da gehiago denboraren katean katebegi efimero eta lausoa. Iraganak ez du, hazia bait litzan, oraina kontenitzen, eta etorkizuna ez da orainaren patua. Presentea da politikaren denborarik behinena, ekintzaren eta erabakiaren denbora, eta hor jokatzen eta berjokatzen dira iraunkorki iraganaren zentzua eta etorkizunarena. Posibleen pluralitateen artean korapiloak askatzeko denbora da. Eta aurrerantzean historiaren gain jartzen den politika, prezeski, “orainaren eta kontradenboraren artea” da (Fraçoise Proust), bestela esanda koiunturaren eta une egokiaren arte estrategikoa.

Historia eta estrategia

Historiaren gaineko politikaren nagusigoa berrezartzen badu ere, iraulketa honek ez du, hala ere, esaten zer gertatzen da kontrako harremanekin. Kontakizun eta denbora historikoen hautsatze postmodernoa lagun, zenbait diskurtso teorikok jaso dutena da determinazio eta baldintza historiko guztietatik deserroturiko politika baten ideia. Politika murriztuko zen, aurrerantzean, egunean eguneko ekintzen segida batera, sekuenzia igerilariak, lotura logiko eta jarraierarik gabeak. Beti berrehasten den presente efimero baten inguruko denboratasun politikoaren kiribiltzearen ondorioa da ezein pentsamendu estrategikoaren bazterketa, hala nola horretara iristen diren historiaren filosofiak bezala.

Guy Debordek, idazki eta joku estrategikoan maitale handiak, indarrez azpimarratzen zuen denboratasun historiko ireki baten eta iraupenean garatzeko eta bere kalkulo probabilisten gertakizunen kontingentzia sahietsezinaren parte bat integratzeko gaitasuna duen pentsamendu estrategiko baten arteko lotura. Esaten zuen horrela partidu batek, edo abangoardia batek, baldin eta bere proiektuak ezagutza historikoen defizit larri bat jota egonik, ezingo lukeela norabide egokia hartu edo “estrategikoki gidatua izan”.

Muturreko mendean pilatutako derrotek ilundu dute itxaron- horizontea eta desgraziz kolpatu dute historia. Garai hau zappinaren garaia da, quick-ena, fast-ena, azkartasun eta bapatekoarena. Orainaren berregokitze osasuntsua aldaratzen da horrela efimeroaren eta iragankorraren kultua, iraganarik eta geroarik gabeko gertatuen jarraiera : “Presente eternala ezartzen da, une efimeroz egina, berritasun ilusorio baten ospea islatzen dutenak, bainan geroz eta azkarrago beti bera ordezkatu baizik ez dute egiten” idazten du Jérôme Baschetek Mexikoko zapatismoari buruzko azterketa batean.

Gertatzen dena da Kontra-Erreforma liberalaren aurkako berehalako erresistentzietan faltan botatzen dela askotan interesa eta kultura historikoa. Hirurogei garrenetako moda estrukturalistak eraman zuen jadanik kontakizun historikoa “gizarte zientzietako” senide txirotzat hartzera. Alain Badiouk gaur egun erreibindikatzen duen keinu platondarra gertakizuna absolutitzatzera jotzen du, horretan ikusiz “sekuentzia” autonomo baten ekintza fundatzailea, “desastre” batez itxia, aurrekaririk eta segidakorik gabe. Garai hauetako aireko erresistentzia estoikoaren inperatibo kategorikoak, orduan, iraganeko historiarekin huts-egindako harremanari eta etorkizunari begirako proiektu eta ametsei buruzko galdeikurrak egitetik libratzen gaituela dirudi. Carpe diem. No future. “Ez dago biharamunik” idazten zuten XVIII. mendeko libertinoek. (Dominique Vivant de Non).

“Historia egitea” (bestela esanda programaturiko helburu bat bete dadin eskua botatzea) prententsioari, Hannh Arendt-ek kontrajartzen zion politikan egitearen zihurgabetasuna. Historia politikarekin ordezkatzeak baztertzen zuen, bere ustetan, “partikularraren kontingentzia desolagarria”-ren aurrean ekintzaren erantzunkizuna. Historiaren desfatalizazioak, Lehen Munduko Gerraren ondoren Progresoaren mitoak hondoratzearekin eragindakoa, hainbat forma har zezakeen, ordea : Schimitt-engan baldintzarik gabeko erabakiarena ; Benjaminengan irrupzio mesianikoarena ; Arendt-engan gerakizun mirarizkoarena : “bakarrik mirari moduko zerbaitek ahalbideratuko luke aldaketa erabakior eta osasungarria”. Hirurak gertakizuna absolutizatzeko tentazioan erortzeko arriskuan zeuden.

Gertakizunatasunak atzera buelta egin du erretorika postestrukturalistetan. Bainan gertakizun salbatzaile, baldintagabe, Hutsatik (eternitatetik ?) sorturiko baten itxarotea, Sortzez Guztiz Garbiaren mirariarekin senidetzen da bete betean. Gertakizun absoluto baten itxaropen hori eta II Internazionaleko sozialismo “ortodoxo” zaharkituaren “erradikalismo pasiboa” ezustean elkartu daitezke orduan : iraultza, esaten zuen Kautsky-k, ez da prestatzen, ez da egiten. Etorri egiten da sinpleki, dagokion orduan, lege ia naturala baten arabera, onduriko puntu-puntuan dagoen fruitu bezala, edo gertakizunezko ezuste jainkozkoa bezala. Iraultza iraunkorraren exijentzietatik edo Leninen baitako ekintza partisanoaren jarraipen estrategikotik guztiz urrun, Badiou edo Rancière baitan hain arraroa izatea politika, irrupzio horien arrarotasunaren korolarioa baizik ez da.

Estrategiaren denbora hautsia

Iraultzaren barnean iraultza-k, Leninen izenarekin lotua, bere azken ondorioetaraino eramaten du erlujozko denboraren, “homogeneo eta hutsa”-ren, progresoaren boneta eramatera behartzen duen denboraren errepresentazioarekiko haustura. Denbora estrategikoa korapiloz eta sakoneraz betea da, bapateko azelerazio eta moteltze latzez, aurrera jauziez eta atzerakoez, sinkope eta kontradenboraz. Bere kuadrantearen orratzak ez doaz beti zentzu berean. Denbora hautsia da, krisiz josia (scande), eskutan hartu beharreko une egokiez zipriztindua (Leninen oharrak agerian jartzen duten bezala, 1917ko urrian, buruzagi boltxebikeak presatu nahian insurrekzioaren ekimena martan jar zezaten, “bihar edo etzi”, zeren gero, beranduegi litzateke), eta hori gabe erabakiak ez luke zentzurik izango. Partiduaren rola jendetzaren espontaneitateari lagunaza eskeintzen dion pedagogoarenera murriztuko zen, eta ez zen izando estratega bat, borrokaren fluxuaren arabera ofentsiba edo atzera-egitea antolatzen.

Ekintza politikoaren denboratasun honek badu bere hiztegi propioa : epealdia, bere aurreko eta ondorengotik berezia eta horiekiko harremanen arabera ikusia ; mobilizazio zikloak (batzutan kontrako denboran ziklo ekonomikoak) ; krisia, zeinen kraskaturiko ordenak posiblearen argi-zipriztinen bat ihes egiten uzten duen ; egoera (iraultzailea) zeinean borrokaren eragileek beren lekua hartzen duten ; kointura edo une egokia, edozein estrategarentzat beharrezkoa den “adorea”k atzeman behar duena. Kategoría hauen mailak direla eta, artikula daiteke, banandu beharrean, gertakizuna eta historia, beharra eta kontingentzia, soziala eta politikoa. ARtikulazio dialektikorik gabe estrategia iraultzailearen ideia bera zentzuz hustua legoke, eta besterik ez zen geldituko Penelope parlamentarien oso begikoa. den “denboratik kanporako sozialismoa” baizik (Angelo Tasca).

Réquiem denbora presenteagatik

Nondik gatoz ? Derrota historiko batetik, onartu beharra dago eta horren neurria hartu. Azken mende laurdeneko kontraeraso liberala aldi berean da hondamen horren kausa eta ondorioa. Zerbait, egia da, amaitu da mendearen bueltan, Berlingo murruaren erorketaren eta Irailak 11koaren artean. Zerbait…Bainan zer ? “Hogeigarren mende laburra” eta bere gerra eta iraultzen zikloa ? Moderniaren garaia ? Ziklo, epeladia edo garaia ?

Fernando Braudelek hiru iraupen mota bereizten ditu : gertakizuna, engainagarriena eta kapritxosoena, zientzia sozialek atzemanezina (pentsaezina ?) ; mogimendu ekonomiko, demografiko, klimatikoen “iraupen luzea” ; zikloa, edo koiuntura, hamar bat urtekoa, gertakizun eta egituraren arteko, denbora luze eta denbora laburraren arteko lotura egiten duena. Denboratze honek badu akats bat : denboratasun historiko berean korapilatzen ditu denbora sozial desadostu zenbait, moduak zehaztu gabe, beraien arteko konbinaketa eta berbiltzeen zehaztapen deskriptiboak baizik ez bait du egiten. Denbora historikoaren batuketa honek kontradenboraren eta gaurkotasunik-ezaren efektuak deuseztera eramaten du.

Orduan : “hogeigarren mende laburraren” amanera edota “muturren mendearen” amaiera ? Aldiaren aldaketa edo garaiaren aldaketa ? Emantzipazio politiken porrot historikoa edota mobilizazio zikloen alternantzia ? Garai modernoak soilik, gogoratzen du Hans Blumenberg-ek, bere burua pentsatu du garai bezala, Rinhardt Koselleck-ek azterturiko “denbora historikoen semantika” berriaren arabera. Ez da inolaz ere, egitan, historia bera—errepika dezagun “ez du ezer egiten”—geldialdia agindu, denbora ebaki, gertakizuna datatu egiten duena, a posteriori begira dagoena. “Garai batean bira bat muga ikustezina da eta ez dago inongo datarekin edo gertakizun deigarriekin loturik”. Gizakiak egiten du historia, bainan ez du aldia egiten. Jarraiera historiko baten errepresentazio eraikia, aldi historiko baten mugaketa betirako eztabaidatsua izango da, eta horrela erakusten dute “moderniaren” interpretazio desberdin anitzak. “Aldiaren batasun ahula”-ri dagokionez Kracauerrek alderatzen du ausazko enkonttru eta abentura iragankorrez gabeturiko geltoki itxaron gela batekin. Nahiz eta denboratik agertzen ez den, ordezkatzen duen jarraiera historikoaren eta inplikatzen dituen hausturen artean harreman paradoxala ezartzen du.

Aldikoa, garaikoa edo ziklokoa izan egikaritzen ari den biraren neurria ez da zehaztuko nahasmenetan bada ere gertatzen ari den hastapenaren argitan. Belle Epoque, bi gerra handien artekoa, eta “gerra zibil europearra”, Hogeitamar Laudagarriak eta gerra hotza, Errestaurazio liberala eta ondoren, zer ? Birrantolaketa politiko bat marrazten ari da. Merkatal-globalizazioak eta mugarik gabeko gerrak maila espazial berriak sorrarazten dituzte, leku eta plazen antolakuntza berria, ekintza erritmo berriak. Paradigma berri bat, agian izan daiteke, bainan ez litzaioke egokituko post-moderno izenburua, hitza bera hain sartua dago jarraipen kronologikoan eta postismoen joera antzuan.

“Oraindik gehiago” eta “orain ez” tarteko ahul horretan ia marrazten ez den hasiera bat baizik ez da ikusten duguna. Luze joko du, aurresaten zuen Jeremias profetak. Bainan “etorkizunak luze irauten du”. Beste mundu bat beharrezkoa da. Premiazko da posible bihurtzea mundu zaharra ez gaitzan eraman bere hondamendian eta ez dezan planeta aihurriz bete.

2007ko urtarrilaren 26ean Erroman, Livio Maitan ikasketa Zentruan antolaturiko « Pensare con Marx, ripensare Marx » solasaldian emandako hitzaldia.
Berriro argitaratua
Penser agir liburuan, « Denbora hautsiak », Lignes, Paris 2008

Haut de page