M. Minc-en begikoa, “mundializazio zoriontsua”-k badu bere hegaletan beruna. Krisi internazionalaren azelerazio izugarria eta M. Schröderren garaipen elektorala Alemanian, aski izan dira berri ona irakiten jartzeko: amaitu da negu liberala, hara etorria udaberri sozialdemokrata. Sozialismo “neo” delakoa iritsia egonen litzake, goitik behera berritua, neolangile eta neokeinesiarra. Aurrerantzean kontua gehiago da Third Way (hirugarren bidea) eta Neue Mitte (zentro berria), ezker berria baino. Blackpooleko New Labour batzar egin berrian M. Blairek pozez agertzen zen bere partidua “pro-business and pro-enterprise party” (negozioen eta enpresaren partidua) bihurtua zegoelako. 1998ko irailaren 21ean New Yorken, zentro-ezkerreko internazionalaren aldeko goi-bilera egin zen. M. Blairek “zentro erradikala” ospatu zuen. M. Proddi, orduan oraindik Italiako Lehen ministro zelarik, “Olivier mundiala”. Eta M. Clinton harrituta gelditu zen “munduan zehar hirugarren bidea” nola hedatzen ari zen ikusita. Hainbesteko modernitate garailearen aurrean, M. Jospinek eta bere gobernuak ohizkeriazko arkaikoak dirudite.
Diskurtso eta sinboloak bainan haratago, ildo politikoa bat dator agerian jarritako intentzioekin. Blairismoaren intelektual organiko eta bere Liburu urdin txikiaren egile, Anthony Giddens soziologoak bete betean asmatzen du: “Zentru ezkerra hitzak ez da label inutzentea. Sozialdemokrazia berritu batek zentruaren ezkerra behar du izan, bainan zentrua ez da ikusi behar edukinik gabeko zerbait bezala”. Eta hortik hirugarren bidearen programa ausarta: “zentru erradikala”, “etsairik gabeko Estatu demokratiko” berri bat, gizarte zibil aktiboa, “ekonomia misto berria”, “demokrazi familiar” berri bat, lanaren gizartea bainan haratagoko “liberalismo zibikoa”, “nazio kosmopolita”. Berrikuntza aldarripen gehiegi, eskeintzen diren antigualeko zopa askorako.
M. Bodo Hombach-ek, M. Gerhard Schröderren kontseilari ekonomikoa, alemandar erako “hirugarren bidea”-ren egilea, Rhénanie-Westphalieko Ekonomia ministraria, “antigualeko Estatu sozialarengandik aldenduriko Alemania” defendatzen du.
Sozialismo zentratuaren brebiario horiek behin betirako baztertzen dute ezker zaharra, demandaren kudeaketa keynesiarraz, merkatuen paperaren mugaketaz, berdintzaletasun indartsuaz, denontzako enpleguaz eta lan merkatu homogeneoaz markatua. Gobernu gutxiago eskatzen dute, eta bai, ordea, “gobernamendua” (bestela esanda, erregulazio administratibo despolitizatua). Elkartasun ezarrien aurka indibidualismo hedonista berri baten apologia egiten dute. Lehen lerrotik azken lerroraino Anthony Giddens-ek azpimarratzen du bizi garen munduan “inork ez duela aboro kapitalismoarekiko alternatibarik”. Zentro erradikal berria ez luke beste horizonterik izango etekinak leialki kudeatzea baino, eta hori merkatu finantziarioen zaingo zelatariaren pean. Gainontzekoa berez dator.
“Hirugarren bidea” helburutzat du, bada, muturreko jarrera guztien artean erdipuntu misteriotsu bat aurkitzea, erritualki “globalizazioaren herstura naturala” inbokatuz. Friedrich Ebert Stiftung-eko ideologoak, formalak dira: neoliberalismotik sortu den sozialdemokrazia “ez da inolaz ere izan zena izango: sozialismo-probindentziaren formula klasikoak ezingo genduke berreskuratu”. Keynesianismotik, zaharra edo neo izan, guztiz urrun daude.
Manchako itxasotik haruntzago zaratots zerbait atera duen saiakera batean, Donald Sassoonek aurreratzen du partidu horiek direla “the only left that is left”, “gelditzen den ezker bakarra”. Premiazkoa da, inoiz baino premiazkoagoa, perspektiba honi beste ezker bat, “ezkerraren ezkerra”, oposatzea. Zeren kudeaketa eta gerentziaren, etsipenaren eta menpekotasun bolutarioaren erretorika horrek edukin sozial bat azaltzen du eta praktika bat zuritzen du. Orokorrean soziologia kritikoaren aldeko joera izatetik gutxi duen International Herald Tribune-k ohartarazten du egin berria den laboristen konferentzian, Blackpooleko kaleak ez zeudela meatzari bikortsuz hartuak, eta “negozio gizonak, abokatuak, kontsultinetako managerrak zirela nagusi, eta gehienak jazkera ilunez eta mugikorrez ornituak”. M. Blairen gobernuan parte hartzen dute lord Sainsburyk, bere magazin-kateari esker kapitalista britaniar aberetsenetako bat; lord Simon, komertziorako Estatu-idazkaria, British Petroleum-eko manager-ohia; M. Martin Taylor, Barclays Bankeko buruzagia, gizarte segurantzaren erreformaren arduraduna; M. Peter Davis, Prudential aseguru taldeko buruzagia, ongizatearen Estatuaren erreformarako taldearen arduraduna. Frantzian, Ekonomia eta Finantzetako ministro sozialista, M. Dominique Strauss-Kahn, L’Expansion- iritzirako “industriaren jabe handien lobby” bezela funtzionatzen duen industriaren Zirkuluaren fundatzaile da. Horrek sorrarazten dituen harremanak eta lotura sozialak oso modu berezikoak dira.
Elite sozialdemokratak integratzen ari dira administrazioaren goi-mailetara, industria eta finantzako estatu-nagusietara, negozio pribatuen giroan, eta joera hori hazten doan neurrian, kontrako proporzioan, langileen munduarekiko lotura galtzen doa. Erro nazionalen, alianza transnazionalen eta interesen europearren artean sakabanatua dagoen protoburgesia europearraren inkonsistentziaren aurrean, sozialdemokrazia sistematikoki arduratu da Maastricht edo Amsterdameko Europa liberalaren suak pizten. Europear eskubi tradizionalaren krisia hor egonik, sozialdemokraziak imperialismo europear berriaren boterea eratzeko eginkizuna betetzen du (eskubiaren hutsunea, eta agian bitarte baterako, betez).
M. Anthony Blairrek bere agintaldiari, Citykoen “gora eta aupa” tartean, Inglaterrako Bankuaren autonomia aldarrikatuz eman dio hasiera. 1997ko uztaila ezkeroztik, sozietateen gaineko zerga bi puntutan jetxi du. Bere programa welfare to work delakoak asistentzia – antzua delakoan – baztertuz, baldintzapeko gutxieneko sozialaren truke lan behartua ezarri nahi du. Medaila liberal honen bestea aldea da hondamen sozialen aurrean eta soluzio modu bakarra gisa joera diszplinario eta segurtasunekoa: M. Anthony Blair-entzat, New Labour bada ere “legearen eta ordenaren partidua” eta “tolerantzia zero”-arena.
Italian, bi urteren buruan, Prodiren gobernuaren emaitzarik printzipalena izan da Maastricht-eko konbergentziaren erizpideak betetzea, langabezia ezta behatz punta bat ere atzera egin gabe eta pobreziaren eta desberdintasunen larritze nabarmena ordainduz. Frantzian, Jospinen gobernuak biderkatu ditu errenuntzioak eta ukazioak, nahiz eeta konpromezu elektoralak nahiko apalak izan. M. Dominique Strauss-Kahn kategorikoki lurperatu du “gau handi fiskal”-aren ideia. Pribatizazioak eta zerbitzu publikoen desegintza azkartuz doaz. 35 orduko legean patronalari egiten zaizkion kontzesioekin, lanpostuak sorrarazteko legeak duen ahalmena ito egiten da, langabeziaren aurka borrokarako tresna gisa lan orduak murriztea desprestigiaturik gelditzen da, eta denbora luzerako 32 orduko perspektiba lurrazpiratzen du. Pentsio fondoak hedatzen dira eta eragina geroz eta handiagoz. Inmigraziori buruzko Pasqua-Debré legeak ez dira deuseztuak izan, apainduak baizik. M. Strauss-Kahnek asebeteta kontenpla dezake balantze hau, eginbeharrak bete ondoren: “ Egitan, geure polítika errealista da eta ezkerrekoa. Bainan, horretaz konbentziturik egoteko, bazterrean utzi behar dira ohizko erreferentziak”, zeren “ezkerra esfera publikoaren hedatze etengabearekin identifikatzen zen garaia, iraulia dago”.
Krisi internazionalaren gogorkeriak eragin dezake sozialdemokrazia europearrengan ezkerrera-biraren bat? Batasun europearraren herrialde gehienetan gobernuan egonik, horretarako baliabide instituzionalak edukiko lituzke. Beharko luke ere, horretarako borondatea. Erronken neurriko borondatea. Gaur egun guztiz agerikoa da “zein punturaino engainagarria zen hazkunde garai berri baten ereduaren koherentzia”. Jadanik ekonomía mundialaren %40a ukitzen ari den krisiak ez du Europa ukitu gabe pasako. Abian dagoen errezesioa eror daiteke depresioan. Mehatxatua dago “ekonomía kapitalista internazionalaren legitimitatea”.
Probaren aurrean, burguesia europerrak, lehenik, prestatzen hasi da Estatu Batuekin eta Japoiarekin biharko lehikortasun handiagoari aurre egiteko. Bere lehentasuna lan merkatuaren berrantolaketa da, eta horretarako “zaintza paliatiboak” erabiltzeko prest, hala nola formazio kontratuak eta gazteentzako enplegua, barne merkatuen erabateko hondamena ekidin ahal izateko. Confindustria enpresarien organizazio italiarraren lehendakaria M. Giorgio Fossak, formula argi batean laburbiltzen du norabidea: “Enpleguaren hazkundea zenbait palankaren baitan dago: interes tasa, zergak, lanaren kostua eta malgutasuna”. Ondo ulertzen duenarentzako…Giovanni Agnellik, Fiateko jabeak, M. Jospinekin berriki bildu zenean, gogoratu zizkion honi dilemaren terminoak: hazkundea zurruntasunaren kaltetan? Erantzuna: “Ongi legoke biak izatea, bainan zaila da”. Hautatu beharra dago, orduan. Arazo ekonomiko eta finantziarioetan aditu ospetsu bat, Columbiako unibertsitateko irakaslea, M. Robert A. Mundell, are argiagoa da: “Europako zentro-ezkerrako gobernuen funtzioa zentro-eskubiko polítika ekonomikoak jarraitzea da, ez bait dute margenik bestelako polítika motak indarrean jartzeko”.
Benetan itxumen edo zurikeria aski behar da bira keinesiarraren lehen pausuak, moderatuak izanik ere, eta erreformismo erradikalarenak salatzeko. Azken bi hamarkadetako politika sozial liberalak interbentzio tresnak hautsi egin dituzte. Monetaren kudeaketa Banku zentral europearraren erregenteen eskutan, botere politikotik independiente direnak, utzi egin da. Babes sozialerako sistemak enktean jarri dira. Pribatizazioekin hautsi egin dira polítika industrial eraginkorra egiteko beharrezkoak ziren palankak. Patronalak opari fiskalak jaso ditu, ordainik gabe. Gerra ondorengo polítika keinesiarra oinarritzat zuen harreman salariala buruz behera jarri da eskala higikorraren arauak ezabatuz gero, soldaten indibidualizazioarekin, sindikatoen eta konbenio kolektiboen ahultzearekin.
Gelditzen den bakarra da interes tasen inguruan jokua egitea, baldin eta arduradun politikoek bere arrazoiak ezartzen badizkiete ortodoxia monetaristaren erregeordekoei! Hipotesi ausart honetan, eta krisia ez bada oso azkar depresioaren zuloan sartzen, zorpetze europear batek finantzaturiko inbertsio programak, dolarraren aurrean indartsuegi ez den euroaren aginduzko kudeaketa esportazioak ez daitezen handikapetuak, kapitalaren mogimenduen kontrol mugatua eta kontzertatuak… denboratxo baterako talka leundu dezakete. Bainan hori ez da nahikoa izando langabeziak modu esanguratsuz atzera egin dezan.
Benetako erreforma-politikak proposatu beharko luke: erreforma fiskal zabala, lugorri espekulatiboan utzitako ondare akumulatuaren gaineko zerga handixkoa, BEZaren gutxitze drastikoa, kapitalaren sarrerei buruzko zergaren progresibitatea, aberastasuna birbanatzeko demanda “erakarri” gabe. Exijitu beharko luke, Europa mailan, koordinaturiko kapital espekulatiboaren mogimenduaren gaineko taxa eta paradisu fiskalak ixtea. Berarekin ekarriko luke babes soziala, ahuldu beharrean, indartzea eta lan eta zerbitzu publiko handien polítika eraginkorra, ondare amankomunaren (ura, energia, garraioak) apropiazioa Europa mailan. Lan-kanporatze masiboak eta soldata exkaxak debekatzea eskatuko luke, eta neurri koordinatuak eta betebeharrekoak lan-orduak soldata-galerarik gabe 32ra jeixteko.
Kontua ez da jadanik ukendu ekonomiko hutsen edo kudeaketa teknikaren mailakoa, aukera politikoaren mailakoa baizik. Horrelako neurriek kapitala-ihesak probokatuko lituzke, bankuak ekonomia itotzen saiatuko ziren, merkatu finantziario suminkorraren kolera ikaragarria nabarituko zen. Zer oposatu patronalaren eta social killers-en txantajeari? Lana berriro altxatzeko eta garapen sozialari bultzada emateko behar den politika goranahikoa aplikatzeko, patronalari mobilizazio orokor batekin erantzun beharko litzaioke; indarrari indarra kontrajarri, hiritarrak merkatuari!
Eta hasteko, izanez hasi beharko litzateke, konbergentzia europearraren eta estabilitate paktoaren erizpideen katea hausteko ausardia izanez. “Amsterdameko inpassetik irtetzeko abagadunea da” idazten zuen atzo M. Jack Lang. Kontxo! Auzi europearretarako Frantziako estatu-idazkaria, M. Pierre Moscovici, “tratatu hori ez da gurea” esatera ausartzen da. Orain da, edo inoiz, negoziatzeko momentua. Bestela, zertarako balio du ezkerrak eta bere Europako gobernu sorta? Artikulu berean, M. Moscovicik erantzuten zuen jadanik: “Auzia ez da “estabilitate paktua” auzitan jartzea”. Ez da bada, beren ekimen propioz, gobernu hauek hartu dezaketela neurri erradikalagoak, baizik eta, jadanik lehenagotik historian eman zen bezala, mogimendu sozialaren eta indar harreman berrien presiopean ez bada.
Nazional mailan eman daitezkeen aldaira eta nabardurak aparte, “zentro berriaren” “hirugarren bidea” bizkarra ematen dio, baita politika sozialdemokrata klasikoari ere. Espekulazioaren inguruko taxa baten oportunitateaz galdetuta, M. Anthony Blair-ek erantzun zuen: “Esango nuke hori dela egin daitekeen gauza txar bat, beharrezkoa baita diruak zirkula dezala azkar, oso azkar (…) Nire iritzia da merkatu globala, azken finean, guretzat, gauza ona dela”. Jakin beharra dago “gu” horren barruan nor sartzen den. M. Lionel Jospin-i dagokionez, bere ausardia guztia honaino iristen da: bai esaten dio merkatu-ekonomiari, bainan ez “gizartearen merkantilizazio osoari”, “merkatuzko gizarte” gisa kalifikatua. Bion artean lotura logikorik egongo ez balitz bezala!
1998ko abenduan Le Monde diplomatique-n argitaraturiko artikulua. Berriro argitaratua Penser Agir liburuan, Lignes, Paris, 2008