“Arrazoi dialektikoa desarrazoi da arrazoi dominatzailearen ikuspuntutik: azken hau desmozorrotuz eta gaindituz bihurtzen da arrazoitsu”
Theodor W. Adorno, Minima moralia
“Pentsamendu dialektikoaren egoera Frantzian eta munduan?”. Mahai inguru honen izenburua oso gurari handikoa da. Munduan? Ez naiz arriskatuko. Bertel Olmann-ek mundu anglo-saxoian inbestigazio dialektikoen egoerari buruz ohar kitzikagarriak eman berri ditu. Frantziari bereziki dagokionez kultura filosofikoak dialektikarekiko oso errefraktarioa dela dirudi.
Lucien Sèvek eman digun sarrera-ekarpenean gogorarazi digu berrogeihamargarrenetan pentsamendu dialektikoaren alde egon zen interesa, eta hainbat izen aipatu dizkigu eta nik Lucien Goldmann-en izena gehituko nuke. Badirudi hirurogeitamargarrenetan hastapen horrek eklipse bat ezagutu zuela. Alain Badiou bezain urrun joan gabe, ez bait du lau (Pascal, Rousseau, Mallarmé eta Lacan) dialektiko frantziar baizik onartzen, ezinbestez onartu beharra dago Frantzian pentsamendu dialektikoaren miseria setatia eman dela. Bere garaian Marxek agerian jarria, nabarmenkiro Auguste Comteri buruzko ohar labur gupidagabeetan, Trotsky-k ere gauza bera azpimarratu zuen. Iraultza iraunkorra liburuan gogoratzen zuen “ezker frantziarraren baitan hedatua” zegoen dialektikarekiko “ezinikusia”. Gramscik ere idazten zuen bere Presondegiko Kahieretan, “frantzesak ez duela mentalitate dialektikoa, eta zehazki iraultzailea”. Ezinikusia ez da noski ezintasun genetiko galoren baten efektua, historia politiko eta kulturalarena baizik.
Ezinikusi hori unibertsitateko giza-zientziatan eman den dominazio positibistaren (“ordenean progresoa”-aren pentsamendua) eta III. Errepublika eraikia zeneko itun errepublikarrean izan zuen hegemoniaren ondorioa da. “Partidu intelektual”-aren, eta bere Lanson, Lavisse, eta bestelako Langlois-en ezarpenaren aurka oldartu ziren Péguy gaztea edo Georges Sorel. Pour Marx liburuan Althusserrek Comte goraipatzen zuen oraindik esanez bera izan zela “XIX. mendeko filosofo frantziar handi bakarra”. Aitzitik baina, positibismoa da termidorreko ideologia tipikoa, arrisku iraultzailea eta bere asaldurak uxatzera zuzendua. Blanqui, jaiotzen ari zen langile mogimenduan, positibismoaren dimentsio apologetiko hau atzeman zuten berezi horietako bat izan zen. Bere kahierretako orrialde osoak aipa zitezkeen puntu honi buruz. Positibismoa erreakzioaren ideologia gisa, bada. Ez Errepublika iraultzailea, Iraultzaren aurkako Errepublika baizik, bere Progresoaren eta Ordenaren katexima eta erlijio zibilarekin. Badu honek azalpenik: alemandarrak, italiarrak, eta a fortiori errusiarrak, beren emantzipazio nazionala edo soziala burutzeko, kritika dialektikoaren beharra zuten bitartean, ideologia kontserbadore frantzesak, kritika dialektikotik aldentzen saiatu da fermuki 1848 eta Komunaren ondoren. “Elkarketaren lurrazpiko materialismoa”, Althusserrek bere azken idazkietan hain polit aipatua, egina zegoen Frantzian Marx-en pentsamenduari etorria egin zitzaionerako. Jaiotzear omen zen “aurkitu ezinezko marxismo”-a, Guesderena eta Lafarguerena (Determinismo ekonomikoa liburuaren egilea), positibismoz betea zegoen. Zaila egiten zitzaion definizioen logika sailkatzaile batetik determinazioen logika dinamiko (dialektiko) batera pasatzea, Marxek Kapitala liburuan maixuki langintzan jarri zuen bezala. Bere forma zurrunenak atxikiz, hirurogeitamargarrenetan modan zegoen estrukturalismoak luzatu ahal izan zuen bazterketa hori pentsamendu-gai gisa hartuz gertakizunik eta subjetibitaterik gabeko egitura harrizkotuak eta, mendeko benetako historia erreala pentsatzeko mingarria bihurtzen zen heinean, are historiaz gabetuagoturiko sistemak.
Marxismo ortodoxoak, hogeitamargarrenetan burokrazia estalinista garaileak Estatu-arrazoi bihurtua, ez zuen inolako arazorik izan, egoera hori erabiliz, langile mogimenduan beren diamat dogmatizatua eta kanonikoaren domeinu ideologikoa ezartzeko. Dialektika bigarrenez akatzea izan zen. Teorian buruturiko termidor moduko bat. Egia esan horren aurrekariak begibistakoak ziren Kharkov-eko batzar maltzurrean psikoanalisia eta surrealismoa kondenatuak izan zirenean. “Zientziaren korifeo”-aren txosten hilezkorrak, Materialismo historikoa eta materialismo dialektikoa, finkatu zuen doktrina. Dialektika, orduan, metalogika formala bihurtzen da, dena egiteko, eta bereziki, adreiluak puskatzearen zain, gizakiak kraskatzeko Estatuaren sofistika aproposa. Konstzientzia kritikoaren dialektika (Lukács, Korsch) atzera egiten du orduan Estatuaren Arrazoiaren aurrean.
Teorian ematen den erreakzio hau beste prozesu batekin batera doa, Frantzian bereziki. Arrastiri mitologikoen aurka Argien arrazionaltasunaren defentsaren aitzakiarekin –neurri batean eta puntu batean beharrezkoa dena— nik filosofiako Fronte Popularra deitzen dudanak osatzen du politikako Fronte Popularra. Diskurtsoaren metodoa liburuaren hirurehungarren urteurrenean Politzerrentzat, Descartes bazen jadanik Frantzia! Arrazoi ez dialektikoaren apología hau, bada ere Pascal dialektikoaren gainetik metodo santuak lorturiko hilondorengo garaipena (Henri Lefebrek honi buruz izan zituen ausardien kalterako). Lukács-ek berak, berriki berraurkitua izan den espontaneitate eta konstzientziari buruzko 1926ko idazlanaraino bere aurkarien tribunalari aurre egin bazioen ere, geroztik (gerra ostean baizik argitaratu ez zen) Arrazoiaren Desegintza liburuari ekin zion. Izan ere, kontra-iraultza burokratikoak hirugarren baztertuaren logika binarioa eskatzen du: “Nirekin ez dagoena, nire kontra dago…”, “ez uluka ari otsoekin…” etabar. Ezinezkoa borroka, asimetrikoa izanik ere, bi fronteetan batera. Beldurtze eta erruduntze logika honek desastre polítiko handiak erakarri ditu (Hungariaren unean, Txekoslobakiarenean, Poloniakoan, eta are berrikiago Afganistanen unean edo Balkaneenean).
Lucien Sève pentsakera dialektikoaren kimutze berri baten aurrean gaudela sinisturik dago. Seinale ona litzateke. Haizeak biraka dabiltzatela seinale eta ezezkoaren lanak indarra hartzen duela nola edo hala “positibizatzera” bultzarazten bait gaituen pentsakera-Carrefour-aren aurka, kontsentsu eta errekonziliazio orokorraren erretoliken aurka. Arrazoi on eta sakonak lirateke horrela izan zedin: denboraren giroan txertaturik dagoen pentsamendu kritiko eta dialektikoaren premia larria.
1. Arrazoi historikoa, hasteko. Iraganiko mendearen tradegien ondoren, ezin gara jadanik zentzu bakarreko progresoaren ibaia lasaiean baiñatu eta progreso eta katastrofearen dialektika benjamindar sekulakoa ez-ezagutu. A fortiori duela hogei urtetik hona marrazten ari den munduaren mutazio zalantzagarrietan. Dialektikaren behar hau adierazten da ere ekologia kritikoan, bi frontetan aritu beharrean aurkitzen bait da, mundializazio merkantilaren aingerukerien aurka bainan baita ere deep ecology-ren arratsgiroko tentazioen aurka.
2. Logika dialektikoaren kategorien berrikuntza, kaos determinista, sistemen teoria, kausalitate holistikoak edo konplexuak, bizitzaren eta ordena emergentearen logikaren inguruko eztabaida zientifikoak kontutan harturik. Eremu batetik bestera kontuz ibiltzeko baldintzarekin, eztabaida horietan egunean jartzen da azterketa-eremu desberdinen arteko elkarrizketa berritua eta logika dialektikoen frogaketa.
3. Mundializazioa eta globalizazioa osotasunaren (osotasun irekia) ikuspegitik pentsatzeko behar larria, inperialismo berantiarraren figura berriak ulertu ahal izateko eta planetaren garapen inoiz baino desberdinagoa eta gaizki elkarlotuagoan politikoki eskuhartzeko.
4. Mendea espazio-denbora ez-jarraiaren, eta sozialki sortuaren, ikuspegitik pentsatzeko, eta ez-gaurkotasunaren eta denboraren-aurkakoaren tenporalitate politiko berezia kontzeptualizatzeko behar larria ere, historia nagikeriaz post eta ante-ren kategoria kronologiko linealen arabera pentsatzen ibili beharrean (postkapitalismoa, postkomunismoa…)
5. Behar larria benetako progresoa garapenaren ikuspegitik pentsatzeko (edota “trans-hazkundearen” ikuspegitik Trotskyren hiztegian), eta ez pilatze kuantitatibo sinplearen ikuspegitik, edota Henry Lefebrek zentzu osoz kritikatu duen “garapenarik gabeko hazkundearen” ikuspegitik.
6. Azkenik, gerra hotzaren desizozketa eta gatazka askoren elkarreragintza konplexuak behartzen gaitu ama-aberri (sozialismo erreala zenarena izanik ere) baten hegemonia estatalaren menpeko “eremuen” logika binariotik irtetzera, eta hirugarren baztertua berriro kontutan hartzera Balkanetako edota Golfoko bezelako gatazketan estrategikoki norabidetuak egon gaitezen.
Pentsamendu dialektikoaren gaurkotasuna baieztatzen bada, Komunismoaren liburu beltza-ren eta Psikoanalisiaren liburu beltza-ren ondoren, bihar ez bada etzidamu, “Dialektikaren liburu beltza” agertuko dela itxarotekoa da (eta poztekoa ere). Horrek esan nahiko luke kontraesan antagonikoa ez dela osagarritasun modura neutralizatua izan, ezta ere “aurkakotasun ez kontradiktorio, baizik eta korrelaziozko” batean disolbitua. Esan nahiko luke ere gertakizun eginaren porrota, hau da, posibleaz gabetzea erreal kaxkar baten onuraren porrota. Eta “ezetzaren filosofia”, ezezkoaren lana, osotasunaren ikuspuntua, Hegelen Logika liburuan orri-bazterretan Leninek ospatzen zituen “aurrez esanezinezko jauziak”… ez direla erabat bezatuak izan. Zeren, dialektikaren bitartez, Iraultza bera da ikusia. Historia eta klase-kontzientzia eta Leninen pentsamendua idatzi zituen Lukács-ek ongi ulertua zuen. Ekaitzaren bihotz-erdian zen, egia da, krisi-urteen garaian, eta urte horiek dira, logikoki, bizitasun dialektikoaren urteak.
In Dialectiques aujourd’hui, Syllepse 2005.
Berriro argitaratua Penser Agir liburuan, Lignes 2008
www.danielbensaid.org