Historiaren Amaiera Iragarriari buruzko Tesiak, Daniel Bensaïdek Walter Benjamin, sentinelle messianique (Éditions Les prairies ordinaires, 2012) liburuan jasotakoak dira.
Historia unibertsalaren benetako kontzeptua kontzeptu mesianikoa da1.
“Ez izatea eta ez maitatzea gauza bera dira”2. Hona hemen mezprezuaren eta indiferentziaren garaiak etorriak, eta askatasuna bere kateak laztanduz akitzen da.
Oraina lodi eta opaku batean murgiltzen ari gara, geure mendeko fantasma guztien pisua gure bizkarrean zamaturik ditugula. Ez dira espektro arin eta isekariak, erdiaroko aurri batetik ihes eginak, espektro modernoak baizik, garraztasun eta minduraz astunak. Beren krudeltasunaren antzerki handiaren parentesia, itxita zegoela sinistu nahi izan da. Hogeitamar urtez hazkunde eta kontzientzia onean bizi ondoren beren krimenen odola ezabatua gelditzen zela sinistu nahi izan da.
Oroimen sorgindu baten atzaparretan preso irazartzen ari gara.
Gure garaia, erakartzen dioten zurrumbilo urdinxkak faszinatua eta izutua, lasta uzten saiatzen da setati. Zenbat eta iragan gehiago, orduan eta biharamun gehiago. Hainbat itxaron, orduan eta amets gehiago. Azkar bizi, errorik gabeko orainean. Ez da jadanik gauerdia mendean, udako bazkalondoaren amaiera baizik, heriotzaren zapore gurian luzatzen doan arratsaldeko bostak izugarria baizik.
Utopiak hilotz. Komunismoaren hil kanpaiak. Marxen heriotza, kazetari presatuek aldez aurretiko aurreiritzi, apainkeria eta lelo arruntez beteriko eta berregositako formula batzutara murrizturiko Marxen heriotza3.
Sozial-kapitalismo epaituaren eta liberalismo moderatuaren konfluentzian mamituriko kultura-salda epelan, historiaren amaiera iragarria. Diktadura burokratikoak lur-jotzearekin batera, “diruaren ordena”-k “bortxaren ordena” garaitu omen du erabat. Gizadi erromes baten transhumantzia erraldoiak iragarriko lituzke, protesis eta “objektu nomadez” estalitako gizaki bat, karta-joku informatikoen faboretan bere memoriaz arindua, bere irudi propio efimeroaren kontsumitzaile asezina4.
Aurrerapenaren ameskeria berri honek, egiantzekotasun guztien aurka, berehala omen datorren oparotasuna eta bakegintza iragartzen ditu, ez bada gertatzen planetaren ustiaketa, bizitzaren merkantilizazioa, tribalismo eta fanatismoen arteko talkak, luxuzko eta bazterturiko nomaden arteko onartezinezko desberdintasunak direla medio mundua biziezina bihurtzen dela.
Hondamendia kaskarina da. Ez zaio bi aldiz arropa berdinarekin jantzirik agertzea gustatzen. Aurrekoaren mozorro berdinarekin azalduko dela espero bizian egonda, bere apaingarri berriez ez ustean harrapatuak izateko arriskua izaten da. Bada garaia Benjaminen Mesias ezgaraikoak Marx estalinismoaren ametsgaiztotik iratzartzeko erabakia har dezan. Azken zelatari akituak beste guztiak iratzartzen ditu.
[|–I–|]
Diktadura burokratikoen hondamenak “materialismo historikoa”, historiaren amaieraren erlijioa den heinean, porrot egin duela adieraziko luke. Kapitalaren errotazio geroz eta biziagoak iraunkorra efímero izatera eta berrikuntza hutsalak bat-bateko lukurreriara kondenatzen ditu. “Egonkor eta sendo den guztia lurrundu egiten da”5. Marxen teoriak Jainkorik gabeko munduaren historizazioa azkeneraino eramaten du. Ez du historiaren amaiera iragartzen, prehistoriarena, eternitatearena eta haruntzagoko guztiena soilik baizik. Estatua, klaseak, merkatua, kategoría hilkorrak direnez desagertzera deituak daude.
Mesias ez da jadanik gugana etorkizunatik, besoak zihurtasunik gabeko promesez beterik, etortzen. Gezi bat bezala orainean landatua dago, eta hemendik zabaltzen ditu bere posibleen aukera anizkoiak. “Materialismo historikoaren ildotik dabilenarentzat bazter ezinezko ideia litzateke oraina ez dela iragan puntua, denboraren atalasaren gainean ibilge mantentzen dela baizik6.” Denbora hau, esekia, harridurak ibilgetua, lantoki irekia da, eta hartan historia eta bere kontzeptua ez dira jadanik patua bait litzan sufritzekoak, sortzekoak eta eraikitzekoak baizik. Horrek, aldiz, historiaren baitara luzaturiko politikaren begirada eskatzen du.
Kapitalak, bere antzaldaketen bira azeleratuak mozkortua, bere errepikapenak eternitatearen zirgiloekin nahasi egiten du, bere katebegien besarkadan historia hil egin dela aldarrikatzeraino iritsiz. Bestelako jainkoilo batzuk, eta tamaina bereko arrokeriaz, asmo bera agertu izan dute, bainan aspalditik datzate belar xumeen artean. Arrazoi mesianikoak ez du historia amaitzeko asmorik, ez ditu etorkizunean superreraikuntza handiak begitantzen, hausturak, transizioak eta iraganbideak baizik.
[|–II–|]
“Jatorrizko pekatu” ren bat ordaintzeko ordua iritsia omen da, nonbait, eta hauxe litzateke pekatua: “aldez aurretik jarritako helburuak zientifikoki lortuak izan daitezkeela, eta justizia eta berdintasunezko gizarte bat eskuratzeko asmoz zientifikoki bermaturiko promesak edozein bitarteko justifika zezakeela pentsatzea”7. Marxen teoriak eramango ote du, bada, bere hegaletan, ideiaren eta kontzeptu hipostasiatuaren diktadura totalitarioa? Haatik, Paradisu berraurkituen promesak egiten baino, mailu kolpe jostalariz mitoak eta erlijioak, merkantziaren “argudio teologikoak” eta kapitalaren fetitxe automatak erasotuz hasten da.
Azukrearen ezagutza ez da, noski, gozoa. Bainan historiaren ezagutza historikoa dela ez da egi txikiagoa. “Materialismo historikoa” ez da zientzia absolutoa, kapitalaren eta honek adierazten duen munduaren kritika baino, bere objektuaren teoria zehatza.
Salatari burutsua, orduan, bere fusilaz beste aldera tiro egiteko prest dago: ezagutza, absolutotasunaz gabeturik, erlatibismo integralera, balioen zihurgabetasunera, helburuak bitartekoetan iraungiak izatera, zinismo orokorrera kondenatua egongo litzake. Bainan egiaren kontzepzio euskor eta jeloskorrari uko egiteak ez du edozein irizpideri uko egitea esan nahi. Egia harreman bat da eta ez gauza bat. Egiaren irizpidea ez da gertakarien epai aldakorrarekiko etsipen enpirikoa. Ezagutza kritikoa izanik, teoriak praktika baten froga eskatzen du. Bere besarkada estuan egi erlatibo bat lerratzen da, erlatiboa bainan zorrotza. Inongo jainkoren eta inolako zientzia hutsezinen laguntzarik gabe, ezein purgatoriorik kontutan hartu gaberik, politikak bere gain hartzen du erantzunkizun erabat autonomo eta bere ihardueraren kontuemailea.
Itxarote mesianikoa ez da epai baten itxarote antsiatsua, itxarote gosetia baizik, aurrera begira jarria. “Zirkunstantzien eta giza ihardueraren aldaketaren aldiberekotasuna ezin diteke begiztatu eta arrazionalki ulertu praktika iraultzailea bezala baizik8.” Komunismoa ez dago han nonbait, bidearen bukaeran, azken geltokian, azken amaiera batean zain. Aintzakotzat hartzen da “ez arazo teoriko gisa, konpromezua eskatzen duen jokamolde gisa baizik”9.
[|–III–|]
“Zorionaren sorrerazleak” salatuak izan dira bere zintzotasun arauemailearekin despotismo utopikoa sorrarazi omen dutelako. Bainan materialismo historikoa, hain zuzen, utopiaren dekoratu itzelak eta eraikuntza handiak desmuntatzen saiatzen da. “Posiblearen sentimendu ez-praktikoa” gaindituz, erreformen merkatu beltzean xeheka salduak izan aurretik orokorrean eta plan batekin proposatzen diren arkitektura gogaikarri horiek deseraikitzen ditu. Marxek ez du etorkizunaren balizko pertzak irabiatu nahi. Alperrikakoa izango da haren obran utopiari legea jartzeko mania bilatzen aritzea. Justu-justu aurkituko dira egitasmo orokorren zatiak. 1848ko Manifestu Komunista-ri 1872an egindako hitzaurrean, honela zioten egileek: “ Ez zaie garrantzi gehiegi eman behar II kapituluaren amaieran zerrendatutako neurri iraultzaileei. Gaur egun pasarte hori puntu askotan gauza askotan guztiz bestela berridatzia izango litzake”. Kolore ultrabioleten koloreari buruzko galdera-tranpari erantzuteko prest ez zeuden. Ikuspegia egitasmo bilakatzen da, norabide, indar lerro eta oraina eta etorkizunaren arteko pasabide.
[|–IV–|]
Salatzailea urduri jarri da. Jatorrizko pekatu utopikorik gabe, jatorrizko pekatu mekanizistaren batekin konformatu beharko. Promesaren Lurrak, berdin dio nola, erakarria edo bultzaka, iristen den hara, paradisu artifiziala izaten jarraituko luke! Legeak egiteko maniarik ez bazuen izan, orduan Marxen pekatua Eboluzioaren eta Aurrerapenaren gurpil hortztunetan konfidantza gehiegizkoa izatea litzateke. Dudarik gabe, bere garaiko ideología zientifiko nagusitik kanpo ez dabil. Bainan zientzia positiboaren tentazioari kontrajartzen zaio iraunkorki “deutsche Wissenschaft”-aren espektroa, bizitzaren osotasuneruntzko ezagutzaren mogimendu kritikoaren espektroa.
Horrela bada, eboluzioak ez du inoiz patu saietsezinaren forma hartzen. Ez du errekaren bazterrean etzanda gelditzera gonbidatzen. Ez du “historiaren zentzuan” edota korrontean dohatsuki konfidatuz sozial-demokraziaren edo estalinismoaren kietismoa predikatzen. Eboluzioak ez ditu askatasun baldintzatuaren bidegurutzeak ezerezten. Produkzio moduak ez dira historiaren harian aldez aurretik jarritako orden baten segidan lerrotzen. Sozialismoaren etorrera kapitalismoaren katebegi indartsuan probable izanik, katebegi ahulean ere litekeena da: “Errusiako iraultzak mendebaldeko langileen iraultzari seinalea ematen badio eta biak elkar osatzen badira, Errusiako gaurko jabetza komunala bilakaera komunista baterako abiapuntua izan zitekeen”10. Borroka politikoak soilik erabaki dezake horretan.
Politika lekualdatze, kondentsazio, konbinazio eta permutazio kontua da. Produkzio moduak aurrerapenaren bidean ordena jakin egokian agertzen ez diren bezala, iraultzak ere ez dira denbora itzulezinaren lerro zuzenean kokatzen. Iraultzak “beren buruaren kritika egiten ari dira etengabe, hartutako bidean gelditzen dira une oro, jadanik egina dirudien horretara itzultzen dira berriro hasteko asmoz, lehen ahaleginen zalantzak, ahuleziak eta miseriak kupidarik gabe barregarri uzten dituzte, balirudike etsaia lurrera botatzen dutela lurratik bertatik indarberritua atera eta beren aurrean ikusgarri berriro altxa dadin, beren helburuaren handitasun infinitoaren aurrean etengabe atzera egiten dute, noiz eta, azkenian, atzerapausorik ezinezkoa suertatzen den egoera prestatua gelditzen den arte…”11. Letra bakar batez moztua, eboluzioa ez da atsedena hartzen duen (err)eboluzioa baizik.
[|–V–|]
Aurrerapena, kritiko eta subertsiboa XVII. mendean, ikuspegi positibistarekin adiskidetzen da da XIX.ean, eta, bera ere, fetitxismoan erortzen da. Historia ez dabil, ordea, norabide bakarrean. “Gauzatzen den aurrerapena menpekotasun-eraren aldaketa da, ustiaketa feudala ustiaketa kapitalistan itxuraldatzen da”12. Marx ez da aurrerapenaren ezinbestekotasunaz fidatzen den baikor itsua, ezta hondamendiaren txirristaren aurrean zorabioz jotako ezkorra. “Alde batetik aurreko ezein garai historikotan imagina ere ezin zitezkeen indar industrial eta zientifikoak iratzarri ziren bizitzara. Bestaldetik, imperio erromatarraren azken denboretan historiak ezagutu dituen izugarrikeriak bainan areagoko munstrokeriak gainditzen dituzten hondamendi sintomak badira. Gaur egun, edozerk bere baitan bere kontraesana dakarrela dirudi. Gizakien lana emankorrago egin eta lan-denbora murrizteko ahalmen izugarria duten makinak ikusten ditugu, bainan langileak gosez eta unatuak gelditzen dira horiekin. Aurkitu berriak izan diren aberastasun iturriak, sorginkeria bitxi batez, gabezien iturri antzaldatzen dira. Badirudi artearen garaipenak kalitate moralen kaltetan izan direla lortuak. Gizakiak naturaren gain ezartzen duen nagusigoa geroz eta indartsuagoa da; bainan, aldi berean, gizakia beste gizakien eta bere ahalkeizun propioaren esklabu bihurtzen da. Zientziaren argitasun garbiak ere, ezjakintasunaren hondo ilunaren gainean ez bada, ezin du dizdirarik egin. Badirudi gure asmakizun eta aurrerapen guztiak direla medio indar materialak bizitza intelektualaz jazten direla, eta aldiz, asmakizun eta aurrerapen horiek beraiek, giza-bizitza, indar material gordin hutsa izatera eramaten dutela”13.
Sozialismoa ala basakeria? Aurrerapena ez da, jadanik, uste zen lekuan aurkitzen. “Ez da denboraren ibilbidearen jarraitasunean bizi, interferentzietan baizik, benetan berria den zerbait lehen aldiz egunsentiaren soiltasunarekin sentiarazten den lekuan”14. Iraultza egingarria da, bainan ez ezinbestekoa. Kontrairaultzak, beraren itzala bait litzan, atzetik jarraitzen dio. Elkarren ondoan agertzen dira, atseginkoi besarkatuak, batak bestea itotzen duen arte.
[|–VI–|]
Benetako aurrerapena ez da zientzia eta teknikaren potentzialitate askatzaileekin nahasi behar. Izan ere, materia merkantziaren kapritxoen menpe dagoen unetik, zientzia eta teknikaren kontraesanak eztanda puntuan jartzen dira. “Lanaren produktibitatea baldintza naturalen araberakoa ere bada, eta maiz azken hauen errendimenduak behera egiten du produktibitatea gora egiten duen proportzio berean. Horrela, eremu desberdin horietan, kontrako norabidea duten mogimenduak. Hemen aurrerapena. Han atzerapena”15.
Fourierrek, barrikada egileengan “alokatu gabeko bainan pasioz beteriko lanaren” adibidea ikusten zuen, eta ibiltari alferraren denbora pasan “lan banaketaren kontrako protesta”. Bainan “lana jolasa bilakatzeak indar produktibo guztiz garatuak aurresuposatzen du”.16 Indar horiek ez dira, haatik, tolesgabeak. Indar horien garapena giza emantzipazioaren posibilitateen oinarria da, baino baldin eta teknikaren errendimendu kuantitatibora ez badira murrizten. Indar horien garapena ezin da altzairu eta ikatzaren tonen arabera soilik neurtu, kalitatezko erizpideak, kulturarekin eta adimenarekin loturiko erizpideak ahaztuz, eta lanaren organizazioa eta helburuaren kontrola baztertuz. Lanaren beraren produktibitatea, bere edukina kontutan hartu gabe, ezin da zibilizazioaren adierazle bakartzat balioetsi.
Marxengan, zenbait formula, natura menperatzea aurrerapenaren neurritzat hartuz, naturarekin berraurkituriko elkarkidetasunaren ideiara hurbiltzen dira eta aurrerapen-erizpide bereziki gizatiarraren – obligaziozko lan denboraren gutxitzea, iharduera aske eta sortzailearen aldeko lanarekiko emantzipazioa – ideiaren inguruan dabiltzate. “Gizartearen benetako aberastasuna eta bere birprodukzio-prozesuaren etenik gabeko luzapenaren posibilitatea ez daude gain-lanaren iraupenaren baitan, bere produktibitatearen eta lana egiteko baldintzen egokitasunaren baitan baizik. Egia esan, askatasunaren erreinua beharrak eragindako eta kanpotik inposaturiko oportunitateen arabera egindako lanarekin bukatzen denean hasten da; berez, bada, propioki produkzio material deituriko eremutik kanpo aurkitzen da… Loratze eta hedatze honen funtsezko baldintza lan-orduen murritzapena da”17.
Aurrerapenaren erizpidea, bada, lanaren kulto protestantearen antipodetan, eta lan-indarra inoiz urrituko ez lukeen natura emankorraren ustiaketaren antipodetan dago. Natura kategoria soziala da, bainan ez da kategoría soziala soilik18. Bere baitan egon badago, menderaezin, “materiaren tormentua”. Ahaztu nahi izan delako, produktibismo burokratiko planifikatuaren kalteak merkatuaren produktibismo itsuaren hainbatekoak edo areagokoak izan dira. “Sozialismo errealak” kez apainduriko fabriketako tximiniak ikurtzat hartzen zuen garaiko estajanobismo garailearen lekukoa izanik, Benjaminek Marxi oharpen ekologikoa luzatzen dio. Lehen akumulazio kapitalistak edo burokratikoak ustiaturiko eta akitutako naturaren errautsen gainean ezingo da gizarte askea eraiki. Produktibismoaren kritika ez da, ordea, geldituko leizezuloetako eta animali basatien, lurraren erro sakon eta odolaren lotura magikoen erromantizismo nostalgikoaren aurrean. Duela ehun eta berrogeitamar urte azaltzen zituen jadanik Daumerrek ekologia naturalista honen alde ilunak eta itzalak : “natura eta emakumea dira benetako jainkotasuna, eta ez gizadia eta arra. Gizadia naturaren menpe eta arra emearen menpe jartzea da benetako humiltasuna…”19 “Ama Natura”-ren berpizkunde mitikoak emakumearen benetako askapena ezeztatzen du bere funtzio naturalen betierekotasunaren izenean. Historiak bezala, naturak ere ezin dio politikaren gailentasunari ihes egin.
[|–VII–|]
Aurrerapen linealaren kritika denbora uniformearen eta kausalitate mekanikoaren kritikarekin lotzen da. Bere garaiko giro zientifikoan murgildua, Marxek “produkzio kapitalistaren lege naturalak” aurkitu nahi zituen. Berehala, ordea, zuzentzen zuen: “lege horiek” edota, hobe esanda, “beharrezkotasun astunez gauzatzen eta agertzen diren joera” horiek20. Hitzekin trabatzen dela dirudi, “joera” k, nolabait, legea ahuldu edota aurre egiten diola instintiboki bezala adieraziz. Ez dira ibilbide kausalaren garbitasunari aurka egiten dioten igurtzi mekanikoak soilik, “legearen barneko kontraesanak” baizik, legea bera baita etengabe kontraesanetan jartzen dena, aurreratzen dituen iragarpenak deuseztuz, eta ekiteari eta ekiteari inoiz uko egin gabe. “Ekonomia politikoan, legea bere aurkariak, hau da, lege ezak zehaztua da. Ekonomia politikoaren benetako legea ausa da”21. Ausa eta beharrezkotasuna ez dira antinomikoak. “Transitibo” ez, “inmanentea” baizik ez den egiturazko kausalitatearen aurrean kausalitate mekanikoa ezabatzen da. Fisika klasikoaren oinazpiari lotuta, Marx hartatik aske izaten saiatzen da, nahiz eta oraindik oinazpi berriaren ingurumariak atzeman ez. Unibertso pre-kuantiko batean, bestelako kausalitate bat usmatzen du, zeinaren arabera emaitza, kontingente izan gabe, aldez aurretik iragarriezina den.
Uzkurdura hauen fusio-puntua krisia da, une kritikoa zeinean beharrezkoak diruditen determinazioek eztanda egiten duten ausazko suziritan. Horregatik, bada, ezinezkoa da krisien teoria bukatu bat izatea. Bitarteko sozial eta polítiko asko eta asko daude tartean eta horiek direla medio benetako krisi bakoitza joerazko legearen singularizazio bat da. Arlo ekonomikoaren eta politikoaren, merkatu nazionalaren eta mundialaren artikulazioa dela eta, krisiaren eztanda, iraupena eta modua ezin dira aldez aurretik igarri.
Haatik, kapitalak, aldaketaren metabolismoaren menpeko organismo bizia izanik, krisirako joera du. Aldaketa-balio eta erabilera-balio, lan abstraktu eta lan konkretu, kapital finko eta kapital zirkulatzaile, produkzio eta zirkulazioaren arteko “batasuna zatitzen” duen eskizofrenia orokorrean ezarria dago krisia. Determinazioak “banantzen” dira, “batzuk besteekiko modu autonomoan” jokatzen dute. Horrela, diruaren autonomian, kontsumoa “erokeria bihurtzen da”22. Eta erokeria horrek agintzen du herrien bizitza.
[|–VIII–|]
Planifikazio burokratikoaren hondorapenak berezkoaren itzulera adieraziko luke, planaren arautze artifizialak alferrik oinperatutako naturala denaren itzulera guztiz azkarra. Nahikoa litzateke ospea guztiz galdua zuen merkatua absolbitzea. Merkatua, ordea, naturala al da? Hain da naturala, azken mendeetako historia jadanik luzean giza harremanen erregulatzaile gisa inposatua izan dela! Hain naturala bada, nolatan behar izan duen tradizio eta solidaritate komunalak deserrotu eta txikitu23! Hain naturala bada, azkenik, nekazal-merkatu komunitarioa “antolatzeko” eta merkatu europear bakarra “prestatzeko” zergatik egin behar izan dira hainbeste bilera eta batzar diplomatiko-politiko?
Merkatua, hasteko, lehen akumulazio eta ustiaketa kolonialak pizturiko bortxakeriak inposaturiko instituzioa da. Zuzenbideko estatu baten babesa eskatzen du, eta estatu hori beti bortxazko estatua izaten hasten da. Estatuaren basakeriak, agerikoa edo izkutukoa, hastapeneko biolentzia horren memoria gordetzen du. “Elizaren ondasunen espoliazioa, Estatuaren jabariak iruzurrez alienatzea, lur komunalen lapurreta, jabetza pribatu modernoa bihur daitezen jabetza feudalak eta are patriarkalak izan duten aldakuntza usurpatzaile eta terrorista, langabetuen kontrako gerra, horra hor lehenengo akumulazioaren joera xarmagarriak. Nekazaritza kapitalistaren faboretan konkistatu dute lurra, kapitalaren esku utzi dute lur-zorua eta surik edo lekurik gabeko proletargoaren beso otzanak hiritako industrietara eskeini dituzte… Kotoiaren industriak Inglaterran haurren esklabotza ezartzen zuen garai berean, Estatu Batuetan beltzekiko portaera nolabait patriarkala merkatal-esplotazio sistema bilakatu zen. Hitz batez, merkatuak Europako soldatapekoen disimuluzko esklabotza eta Mundu Berriko esklabotza garbia behar izan zituen oinarritzat…Herri langilearen desjabetze mingarri eta izugarria, hara hor kapitalaren sorrera, hara hor bere jatorria. Lehen akumulazioaren metodoen izenpean biltzen dira bortxazko jokamolde mota asko, eta horietako azpamarrigarrienak baizik ez ditugu aipatu”24.
Kapitalak bere harrapakinak erakusten dituenean, krimenen arrastoak ezabatzen saiatzen da. Haatik, lehen Munduko Gerrak, Holokaustoak eta bonba atomikoak, hirugarren munduaren bazterketa eta suntsipenak, eguneroko esplotazio eta zapalkuntzak lehen akumulazioaren ankerkeria iraunarazten dute.
Mende honetako esperientziak erakutsi du burokraziaren lehen akumulazio azkarrak ez duela lehen akumulazio kapitalistak baino kupida gehiago eta amorru gutxiago izan. Katastrofe berri honen lekuko, Benjaminek ez du inolaz ere etsai nagusiaren kontrako borrokaren izenean etsai bigarrentiar honekiko konplizitaterik erakutsi.
[|–IX–|]
“Merkantziak bere inguruan erosleen multzoa biltzen” duen heinean, “merkatu libreak” infinitoraino biderkatzen ditu “jende multzo” inorganikoak: estatistikaren populazioa, harmada, publikoa. “Kalearekin bukatu beharra dugu!” Le Corbusier-ek, 1929an jaurti zuen arkitektura arloko kontra-iraultzaren formulak, “qualunquisme”25 orokor batera eramaten du. Langile gehiago, hiritar gehiago, pertsona gehiago, bainan “kabiar ale” z osaturiko miriapodoa26. Ezaugarri eta kalitaterik gabeko jendea! Estatu totalitarioek jende-masa hori lehen-gai gisa hartu izan du beti. Hitlerren Alemania “proletargoa aipatzea bera ere debekatuta zegoen herria” izatera iritsi zen27.
Gaur egun modakoa omen da klaseak deseginak daudela aldarrikatzea. Egiaztapen hau lanaren organizazioaren mutazio handiaren, eta proletargoak bere buruaz zuen irudiaren lausotzearen gain oinarritzen da. Klase baten identitatea ez da esentzia aldaezina, esperientzia historikoen, borroka eta lorpenen emaitza baizik. Kontzientziaren eta organizazioaren gainbehera (eta honen erantzunkizuna lehen lehenik zapalduen ordezkari omen ziren politikoena da), merkatuaren eztanda dela medio eta herri eta klaseen komunitateak gizadi-hautsaldi kontsumitzaile eta soegilean atomizatzen dituen irudia dela medio handiagotu egin da. Psikología klasikoaren subjektu arrazional eta konstzientearen krisiak jauzi egin du klasearen errepresentazio alegorikora, izan ere klasea bait zen historiaren subjektua. Halabaina, hori ez da aski arrazoia galdutako subjektibitatea “kategoria sozio-profesional”-etara edota nork bere hondar-utopia lantzen duten subjektu pribatuez osaturiko aniztasun amorfo batera murrizteko.
Ez dago Marxengan klaseen teoria sistematikorik, ziriborro eten bat soilik baizik, bukaturik gabeko kapitulu baten aidean28. Kapitulu hau, ordea, dagokion lekuan dator. Klaseak ez dira produkzio harremanetan soilik, fabrikan kapitala/lana buruz buru determinatzen. Klaseak ez du produkzioa bakarrik aurresuposatzen, irabazien zirkulazioa eta banaketa baizik, eta kapitalaren, bere osotasunean, birprodukzioa. Klasea ez da bere hezurdurara murrizten. Bere determinazioen konplexutasunean haragi eta odolezkoa azaltzen da, ez egindako subjektu bezala, iraunkorki landu beharreko arrobi bezala baizik. Arrobi horretan formak landu eta kontzientziak bizkortu egin behar dira. Bere batasun potentziala ez da aldez aurretik espontaneoki emana, lan-merkatuaren lehiakortasunaz etengabe kontraesanen jarria baizik.
Klase sozialak eta beren arteko borroka dira mogimendu historikoaren ulerpenerako haria, beharrezkoa bainan ez nahikoa. Emakume, ekologista, baztertuen gehiengo zabala oharturik gabeko esplotatuak dira. Esplotaziozko harremanak ez du aldez aurreko zapalkuntzak, zapalkuntza patriarkala adibidez, ezerezten. Hauen ondoan, paraleloki, indiferentzian, irautearekin ez da konformatzen. Esplotazioak gainontzeko zapalkuntzak birmoldatzen eta osotasun batean artikulatzen ditu. Horregatik, hain zuzen, zapalkuntza hauen kontrako borrokak, beren berezitasuna ukatu gabe, kapitalaren aurkako oldartze orokorrean elkar daitezke eta horren premia dute.
Iraultza metamorfosi baten lekua da. Behar duen leku eta denbora guztia uzten dio ezetzaren uneari. Morrontzapeko iñurritegiaren etsipenari Gavrochek bere lema kontrajartzen dio: “Berriro kalera!” Eta Benjaminek bere exijentzia: “jende-masa izatearen itxura klasearen errealitateaz uxatu”29. Benetako enigma gelditzen da: klase alienatu bat, lanarekin trenkatua eta lehiakortasunaz zatitua nola bihur daiteke ezer izatetik dena izatera, eta, metamorfosi horren bapateko denboran, nola desegin azal eta bizio zaharrak?
[|–X–|]
Estatu estalinistaren burokrazia Leninek adierazitako abangoardiako partiduaren kontzepzio autoritarioaren emaitza okaztagarria litzateke. Leninek adierazia, Stalinek gauzatua, bainan erantzunkizuna Marx-ena. Setatia da gero mundua ankaz gora jartzeko mania. Teoria txar batek eklosio eta ugalketa burokratikoak azkartzen ditu, bainan burokrazia, fenomeno sozial unibertsal gisa, ez da ezein alderdiren estatutu akatsdunen emaitza. Burokrazia, sakonki, organikoki eta izatez lanaren banaketarekin eta estatuarekin estuki lotua dago.
“Hegelen abiapuntua Estatuaren eta gizarte zibilaren”, interes partikularraren eta “bere baitan eta bere baitatik unibertsala” denaren arteko bereizketa da, eta egia da burokrazia bereizketa horren gain eraikitzen dela… Korporazioak burokraziaren materialismoa dira, eta burokrazia korporazioen espiritualismoa. Korporazioa gizarte zibilaren burokrazia da; burokrazia estatuaren korporazioa da… Burokraziak irudikeria praktikoen ehun bat baizik ezin du izan: estatuaren irudikeria bera da. Espiritu burokratikoa funtsean espiritu jesuitarra da, teologikoa. Burokratak dira estatuaren jesuitak eta estatuaren teologoak. Burokrazia da abade-Errepublika… Burokraziak bere burua estatuaren azken helburutzat hartzen du… Estatuaren helburuak burokraziaren helburu bihurtzen dira, eta burokraziaren helburuak estatuarenak. Burokrazia zirkulu bat da eta handik inork ezin du ihes egin. Bere jerarkia jakintzaren jerarkia da…. Burokrazia estatu errealaren ondoan dagoen estatu imaginarioa da, bera da estatuaren espiritualismoa. Gauza bakoitzak badu, bada, bi esanahi, bata erreala, bestea burokratikoa, jakintza ere bikoitza den bezelaxe, bata erreala eta bestea burokratikoa. Burokraziak bere eskutan du estatuaren esentzia, gizartearen esentzia espirituala: bere jabego pribatua da. Burokraziaren espiritu orokorra ezkutukoa da, misterioa, burokraziaren barruan iherarkiaren bidez gordea, eta burokraziatik kanpora korporazio hertsia. Espiritu politikoaren, are espiritu zibikoaren edozein agerpen publikoa, burokraziarentzat, bere misterioarekiko traizioa da. Bere jakituriaren hastapena agintaritza da, eta agintariekiko kultua da bere pentsatzeko era”30.
Espiritu burokratikoaren kritika hau 1843koa da! Estatu modernoa, “interes orokorraren” haragitze aitortua, enpresari independenteen interes partikularren sintesia, horren kristalizazioa izaten jarraitzen du, interes horrek bere jabetza pribatutzat hartzen bait du estatua, unibertsal partikular bat, neutralitatez mozorrotua. Edozein estatuk bere nomenklaturak jariatzen ditu. Boterearen inguruan dabilen ezein instituziok (ez partiduek soilik, baita talde mediatikoek ere) ez dio erritual burokratikoari ihes egiten. Burgesa ez bezala, burokrata ez da berez ezer. Burguesa bere merezimendu historikoetaz baliatzen da eta bere ausardia finantziarioaz ospea bereganatzen du. Burokraziak, aldiz, ezin du boterea erabili usurpazioz, delegazioz, enkarguz baizik ez bada. Burokrazia estatuaren zentzu eta zerbitzuaren tolesturan estalita gordetzen da. Bere legitimitate kili-koloak sekretuaren eta misterioaren beharra du. Izendaezina, aski da herri batzartuak bere aurrean ispilu bat jartzea eta bere harrizko irudi zulatuak hondoratuko dira.
[|–XI–|]
Klasea, partidua eta estatua bloke homogeneo batean batzen direnean, ez da interpretaziorako lekurik gelditzen. Estatu edo partiduaren aurka oldartzen den edonork klaseari egiten dio traizioa. Disidentzia baizik ez dena sabotaje edo desertzio bihurtzen da. Estatuak partidua, eta partiduak klasea atzematen du eta honen aurrean, Benjamin, berriro ere, bakarrik gelditzen da, doktrina bihurtu zaion oharturiko bakardade horretan hesitua. Hogeitamarretako urteetako frogak, Hitler eta Stalinen arteko itunaren egiaren frogak, ez dute zalantza izpirako lekurik uzten. “Pentsamenduaren ohiturak” kolokan jartzen badira ere, hondamenaren erantzunkizuna duten politikoekiko inolako konplizitaterik, inolako moldaketarik ez da onargarria31. Intelektual zalantzakor eta frankotiratzaile berekoi izatearen ospea irabazteko arriskua izanik ere, Benjaminek kapitulazio erako konpromezua gaitzesten du.
Estatu estalinistak partidua nola irensten duen ikusirik, partidurik gabeko komunistaren egoera deserosoan gelditzen da, “pasadan bada ere” kide bihurtzea nolabait kontsideratzen duelarik, bainan “patuaren kolpetxo” bati esker atzera egiten du. Judutar ez judua, “ezkerreko outsider” a, bakarrik dagoen gizakia. Bere lagunetako askok, etsai printzipalaren kontrako borrokara emanak, etsai bigarrentiarraren “aldea” rekin bat egiten dute, traizioz atzetik abailduak izateko arriskuarekin.
Marxek, haatik, disidentziarako eskubide ezinbestekoaren oinarriak azalduak zituen. Berarentzat, beti bi “partidu” izan dira. Partidu instituzionala, partidu “zentzu estuan” eta “iragankorra”, eta partidu “zentzu historikoan”, klasearen ihardunbide polimorfoa besarkatzen duena. Ihardun hori ahultzen danean, Marxek partidu historikoaren alde jotzen du, azpikeriak eta kaxkarkeriak zulaturiko partidu iragankorraren hertsikeriaren aurka, giro arraro batean murgildua sekta bihurtzeko arriskupean baitago. Leninek, aldiz, klasearen eta partiduaren artean mugaketa argi bat eskatzen du. Ez da mania administratiboagatik, mugaketa hori dela medio partidua estrategiaren alor magnetikoetara sartua dela berresten delako. Paradogikoki, abangoardiako partiduaren ideiak partidu eta estatuaren arteko bereizketa, sindikatuen eta elkarteen autonomia, pluralismo politikoa pentsatzea ahalbidetzen du.
Unibertsalaren eta partikularraren arteko dialektikan, klaseak gainartzen dio partiduari, eta gizadiak klaseari. Azkeneko “ezkerreko outsider”-ak gertuko partikularraren kontra urruneko unibertsalera jo dezake beti.
[|–XII–|]
Marxek komunismoa mogimendu bezala ikusten du, estatuaren sozializazioa eta ez gizartearen estataltzea. “Jabetza eta zapalkuntza harremanak gainditu beharrean, harreman horiek estatuaren inguruan orokortzearekin konformatzen den” “komunismo trauskil” baten arriskua ikusten du. “Alde batetik, komunismo mota honentzat jabego materialaren dominazioa hain da handia, jabego pribatu gisa denok eskuratzeko modukoa ez den guztia ezereztu nahi duela; talentuaz eta abarrez… abstrakzioa egin nahi du indarrez. Berarentzat bizitzaren eta existentziaren helburu bakarra, físikoki eta zuzenki edukitzea da; langile kategoria ez da desagerrarazten, gizaki guztietara hedatzen baizik; komunitateak gauzen munduarekiko duen harremanean jabego pribatuzko harremana mantentzen da… Komunismo hori – gizakiaren pertsonalitatea nonahi ukatuz – ez da jabego pribatuaren adierazpen kontsekuentea baizik, ukapen hori bait da jabego pribatua…. Komunismo trauskila besterik ez da grina hori, gutxieneko baten errepresentaziotik abiaturiko nibelazioa, muturrera eramatea baino. Neurri zehatza du, mugatua. Modu horretako jabego pribatuaren abolizioa ez da inolaz ere benetako eskurapena, eta horren froga dira, alde batetik, kulturaren eta zibilizazioaren mundu osoaren ukapen abstraktua eta, bestetik, beharrik gabeko gizaki pobrearen izaeraren kontrarioa den sinpletasunera itzultzea, gizaki hori jabego pribatuaren egoerara ez bait da oraindik iritsi, eta are gutxiago gainditu du”32.
Aurreantzu gaiztoko komunismo trauskilaren esperientzian, langile-kategoria ezereztu ordez gizaki guztietara orokortzen da, gizakiaren pertsonalitatea eta singularitatearen ukapen formala nagusitzen da eta “jabego pribatuaren abolizioa” ez da “eskuratze erreala”. Komunismo horrek sortzen duen gizartea besterik ez da “kapital kolektiboak ordaintzen duen lanaren eta lan-sari berdintasunaren komunitatea baizik, komunitatea kapitalista orokor gisa”. Horrelako komunismoa, ez da oraindik, “komunitate positibo gisa nagusitu nahi den jabego pribatuaren laidoa” k hartzen duen forma baizik.
1927ko Moskun, Benjaminek “komunismo abenturazale” horren baldarkeria geroz eta hedatuagoa ikusi du “boterean kokatu ahal izateko goizetik gauera azpijokoan”. Boterea, autoritate eta pribilegioz okituta, fetitxe itzel berria bezala altxatzen da, jabego pribatuaren laidoa kulturaren ukapen abstraktuaren bidez biderkatuz. Ez du estatuaren, boterearen aparailu profesional den heinean, ahultze eta amaierara eramaten, berrindartzera baizik, gizartea estatuak irentsia izatera, zuzenbidearen eremua indarraren eremuan disolbatzera. Denboraren ikusmolde lineala eta kronologikoak, “parean jarri eta gainditu” kirol-metaforekin obsesionaturiko ikusmoldeak soilik begiztatu ahal izan du “komunismo trauskil” hori “ondorengo” edo “post-kapitalismo” gisa, eta horrela eredu horren suntsiketak garaipena eskeintzen dio kapitalismoari lasterketa horretan. Gizarteak beste modu batez pentsatzen ikasi beharra dago, eta ez lehiakortasun harremanetan bakoitza bere bidetik bestearen ondoan korrikan, elkarrekiko harremanetan baizik, nagusigo eta menpekotasun hierarkiak berrantolatzen eta birbanatzen diren espazio-denbora baten baitan.
[|–XIII–|]
Marxek “aurrerapen handitzat” balioesten du “emantzipazio polítiko burgesa”, “gaurko baldintzatan giza-emantzipazioaren azken forma”33. Auzitan jartzen duena “emantzipazio politikoaren inperfekzioa” da, bainan ez horren garrantzia gutxiesteko, askatasun horiek mantentzeko eta garatzeko eta bere edukina areago eramateko baizik. Iraultza Frantzesaren ondoren, eskubide natural eta eskubide positiboaren arteko, izateko eskubidearen eta jabegoaren eskubidearen arteko gatazka ezin da alde batera utzi, jabegoaren eskubidea instituzio sozial, historiko eta iragankorra baizik ez bait da.
Estatua bezala, Zuzenbidea ere, eremu instituzional berezia den heinean, ezingo da dekretuz abolitu. Zuzenbidea, morala, erlijioa, “konstzientzia forma horiek ez dira osorik desagertuko klaseen arteko antagonismoaren desagertze osoarekin ez bada”, gizarte komunistaren horizontean34. Bitartean, “berdintasunezko” zuzenbideak ezin du indibiduo konkretuen arteko benetako berdintasuna gauzatu, beren determinazio sozialen multzo orokorrean atrapatuta bait daude. Neurri berdinez neurtu ahal izateko, indibiduo bakoitza abstrakzio juridiko batera murrizten du, alokairugoak lan zehatza lan abstraktura eta lan-indarra merkantziara murrizten dituen bezala.
Haatik, berdintasun jurídiko formala ez da gutxietsi daitekeen lorpena. Lorpen hori hobetu eta gainditu ahal izateko beste gizarte bat beharko da, non gizakien arteko desberdintasunak, merkatuan ematen diren bazterketa eta humiliazio eragile izan beharrean, sormen kolektiboa lora dadin lagungarriak izango diren. Horregatik esaten du “zuzenbide burgesaren horizontea” “komunismoaren goreneko fasean” baizik ezingo dela gainditu35.
Bitartean, gizartean denontzeko izateko eta duintasunaz bizitzeko eskubidea, sexu eta arraza bereizkeriarik gabeko hiritartasun berri baterako eskubidea, asetugabeko zibilizazio exijentziak dira. Eskubide horren logika inperatiboa txobinismo nazionalen eta berezitasun erlijiosoen hertsikeriarekin gatazkan sartzen da. Mugaketa komunitario horiek produkzio eta salerosketaren garapen internazionalaren eta mestizaje kulturalaren aurrean inoiz baino desegokiak diren bitartean, klase erreferentzien eta bere erizpide internazionalisten disoluzioak barbarie berriez kargaturiko arkaismo taldekoien gorakadari bidea ematen dio.
[|–XIV–|]
Hegelen estatuaren filosofiaren kritikarekin hasi eta Gothako programaren kritikaraino, 18 Brumario tartean delarik, Alemaniari buruzko idatziak edota Sezesio-gerrari buruzkoak harturik, gainegitura politikoa azpiegitura ekonomikoaren islada hutsa delako astakeria Marxen orrialde askotan gezurtatua dago. Merkatal harremanak hedatzearekin atomizaturiko gizartearen batasuna zaintzeko eta botere partikularra interes orokorren gauzapen gisa legitimatzeko baliagarria litzatekeen estatu mota bat zehaztea zen filosofia polítiko klasikoaren jomuga. Azterketa eremu hau albo batera uzteagatik eta oreka instituzionalen arazoa landu beharrean estatuaren beraren oinarriak, bere determinazio historiko eta sozialak, bestela esanda bere klase sustraiak aztertzen saiatu zelako salatua izanik ere, Marx beste bide batzutatik saiatu zen. Etorkizuneko gizartearen instituzionalizazioari buruzko espekulazioak bazterturik ere, errepresentazioaren arazoa epe batez gutxietsita ere, bere bideak guztiz politikoak ziren: proletargoa borroka politikoan sar zedin behar ziren baldintzak, hau da, langile mogimenduaren organizazio moduak, sindikatuak eta pardituak; emantzipazio politikoaren baldintza estrategikoak, bereziki estatuaren makina zaharraren desegitea (Parisko Komunaren esperientziaren ondoren); azkenik, proletargoaren desagertzearen baldintza ekonomiko eta sozialak, alferrikakoa eta arrokeriazkoa litzatekeelarik nolakoak liratekeen aldez aurretik zehaztea.
Zapalduaren politikari emandako lehentasunak, ez dio Marxi egunez egun demokrazia errepresentatiboa azpijaten eta nazismoan eta estalinismoan beren agerpen sumindua erakutsi duten estatu modernoaren joera bonapartistak atzemateko gaitasunik kendu. Hiriburuaren haussmanizazioan, burtsan, nazioarteko erakusketetan, publizítate eta modan, mehatxu honen zeinuak deszifratzen ditu Benjaminek. Pedagogía susmagarri batek horrela badio ere, gainegitura ez dago soilik azpiegituraren gainean jarria. Zuzenbide eta biolentziaren bidez, hasieratik oinarrietan ezarria dago. Lehen akumulazioaren garaitik lotura komunitarioaren disoluzioan eta lan-denboraren banaketan alor juridikoa guztiz presente dago. Estatua aurresuposatua dago produkzioaren eta zirkulazio-zikloen azpizolan.
“Hizkuntzaren filosofoa” izanik, Benjaminek politika kontraesanen kondentsazio eta lekualdatzearen lekutzat ikusten du. Hizkuntza bat bezala artikulatua, politika ez da adierazten duena islatzera mugatzen soilik. “Ekonomia kontzentratuak” baditu bere arrazoiak, ekonomiak ulertuko ez lituzkeenak. “Materialismo historikoaren oinarrizko doktrinari buruz: 1. Zerbaiten ezagutza salbazio gisa osatzen denean, zerbait hori da historiaren objektua. 2. Historia iruditan banantzen da da eta ez historitan. 3. Prozesu dialektiko bat osatzen den bakoitzean, monada bat daukagu. 4. Historiaren aurkezpen materialistak aurrerapen-kontzeptuaren kritika inmanentea dakar. 5. Materialismo historikoa esperientzian, ulermen arrazoitsuan, espirituaren eta dialektikaren presentzian oinarritzen da”36.
[|–XV–|]
Promesa guztien mendea moralarik gabeko politikaren porrot orokorrean bukatzen ari omen da geure begi aurrean. Horren iraulketa azkarrak politikaren aurka morala berregiteko premiara eramango gintuzke. Bainan polítika txar baten zerbitzura jarritako asmo honez beteriko morala hausten da, zartatzen da, eta moral bikoitza bihurtzen da, azpi bikoitza duen morala, antimorala. Sozialdemokraziaren etika kantiarra, auzotartasun eta bataz-bestekotasun oneko arauekin, ez ditu kolonialismoaren inmoralkeria eta Rosa Luxemburgen erahilketa ekidin. Estalinismoaren “klase-morala”-k muturreraino eraman du estatuaren arrazioaren zinismoa eta konstzientziaren bitan banatze modu berri bat, Boukharinek bere prozesuan patetikoki adierazi zuen bezala.
Politikaren moralizazioa printzipiorik gabeko errealismoaren gehiegikeriak zuzentzearekin konformatzen da; etikaren politizazioak taktika guztien gainetik printzipioek duten lehentasuna baieztatzen du. Jadanik agindu absolutorik (jainkotiarra edo zientifikoa) ez dagoenez, auzi etikoak erantzunkizun indibidualaren zati menperaezina adierazten du. Boterearen eta eskubidearen sozializazioa mantentzen da jomugan, bainan, aurreikusgarria den horizontean, ezingo litzateke beraren abolizioa agindu. Eskubide pribatu eta publikoen artean, marruskadura iraunkor batek etika baten dizdira sorrarazten du, eta ez da, hain zuzen, eternitatearen ispiluaren aurrean dagoen norbanako bakartiarena, mogimenduan dagoen etika kolektibo bat baizik, eta honi buruz inork ez du azken hitza esateko zilegitasunik. Historiaren ixilaldi enigmatikoen aurrean, “interes orokorraren” ankasartze beti posibleen aurrez-aurre, moral laiko honek, azken epaiarik emangabe, interpretatzeko eskubidea erreinbindikatzen du.
Moralaren aurrean, artearen aurrean bezala, zailtasuna ez da bilakaeraren forma sozial jakin batzutara loturik aurkitzen direla ulertzea. Zailtasuna honetan datza: “zenbait aldetatik, guretzat, arau helezinen balioa gordetzen dutela”37. Jainkorik gabeko gizakiaren bakardade etikoa sozialki bideratzen da politikan, uko egiten bait dio honek tematsu sinistezina sinisteari.
[|–XVI–|]
Indibidualitatea eta pertsonalitatea ezin dira “komunismo trauskil”-aren kolektibitate abstraktora murriztu. Batzuk, eta ez arrazoirik gabe, Marx, indibidualismo erradikaleko forma historiko baten muturreko bozeramaile bezala hartu izan dute38. Giza-naturaren paradigma antropologikoari uko eginez, bere arrazoimenetan gizaki bakoitzarengan, “izaki soziala” den bezainbatean, gizadia konteniturik balego bezala ari da. “Lana banatzen hasten den momentutik, bakoitzak badu ezarri egiten zaion eta utzi ezin duen iharduera-esparru propioa: ehiztari, arrantzale edo kritiko da, eta horrela jarraituko beharko du ez badu bere bizitzeko bitartekoak galdu nahi; bainan gizarte komunistan, aldiz, ez du bakoitzak bere iharduera-esparru esklusiboa, bere desioaren arabera ekin bait diezioke edozein lan motari, gizarteak produkzio orokorra arautzen bait du eta egingarria bihurtzen da horrela niretzat gaur honako hau, bihar beste hura, goizean ehizara joan, bazkalostean arrantzan ibili eta ilunabarrean ganadua bildu, afal ostean kritikan aritzeko, justu gogoaren arabera, inoiz ehiztari, arrantzale edo kritikari bihurtu gabe”39. Gizarte baten baitan, baldin eta gizarte horretan “norbanakoek norbanako gisa hartzen ba dute parte”, norbanakoak berak bakarrik gizarte bat ordezkatzen du. Komunitate aske bat, ezeren aurretik, norbanakoen “asoziazio askea” da! “Gizarte era zehatz baten barruan eta gizarte horri esker norbanakoak natura eskuratzea da produkzioa”40. Indibidualizazio hau ez da lehen gizadiaren mitoetara itzultzen; produkzio kapitalistaren, lan-merkatuaren bidez burutu den lur eta odolaren loturen deuseztapenaren, “menpekotasun materialean oinarritzen den independentzia materialaren” emaitza historikoa da.
Oraindik “norbanakoen garapen unibertsalean oinarrituriko benetako indibidualitatea” asmatzeke dago. Baldintza honekin bakarrik bihur daiteke indibidualizazio ez indibidualista benetako garapen gizatiarraren erizpidea.41 “Jabetze pribatu kapitalista, produkzio modu kapitalistaren arabera eratua, lan independiente eta indibidualaren ondorioa den jabego indibidualaren lehen ukapena da. Bainan produkzio kapitalistak berak bere ukazioa sorrarazten du naturan ematen diren metamorfosietan ageri den halabehar berarekin. Ukazioaren ukazioa da. Horren ondorioz ez da berriro langilearen jabego pribatua ezartzen, bere jabego indibiduala baizik, aro kapitalistaren lorpenetan, kooperazioan eta produkzio bitarteko guztien, lurra barne, jabego amankomunean oinarritzen den jabego indibiduala”42. Jabego pribatua ez da estatuaren jabegoan abolitzen, jabego kolektiboarekiko antinomikoa ez den jabego “indibidualean” baizik!
Gizakiaren bere buruarekiko harremanaren antzaldaketa erradíkalak gizon eta emakumearen arteko harremanen aldaketan aurkitzen du bere egiaren froga. “Emakumearekiko harremanetan, emakumea atsegintzaletasun kolektiboaren ehiza eta zerbitzaria baita, gizakiak bere buruarekiko duen degradazio mugaezina adierazten da. Zeren harreman honen sekretuak, ekibokorik gabeko adierazpen erabatekoa, agerikoa eta desestalia aurkitzen du gizonak emakumearekiko duen harremanetan eta generikoa, naturala eta zuzena den harremana atzemateko moduan. Gizakiaren gizakiarekiko harreman berehalakoa, naturala eta beharrezkoa gizon-emakumearen arteko harremana da …Harreman honetatik abiaturik, epaitu daiteke, bada, gizakiaren kultur maila. Harreman honen ezaugarriaren arabera atzeman dezakegu zer neurritan gizakia bihurtu den berarentzat generikoa, gizakia, eta horrela balioetsia den; gizon-emakumeen arteko harremana gizakien arteko harremanik naturalena da… Harreman honetan agertzen da ere zein neurritan beste gizakia, gizaki den heinean, bihurtu den berarentzat behar bat, zein neurritan bere existentziarik indibidualenean, aldi berean izaki soziala den”43. Harreman hori da, bada, benetako eta egiazko zibilizazioaren adierazlea. Harreman hori eraldatzeak zapalkuntzarekiko erresistentziazko kultura guztietako zapalduaren tradizioa aberastea inplikatzen du. Horrela bada, “oraindik emakumearen kultura baten esperientziarik gabekoak gara, gaztediaren kulturari buruz ezer ez dakigun bezala”44.
[|–XVII–|]
“Hitzak ez dira beste gauzak baino errezagoak izan behar”45. Katastrofeak ez du hizkuntza ukiturik gabe uzten. Zentzua suntsitzen du eta borroka askatzailea, denbora baterako, bere burua adierazteko hitzik gabe uzten du. Katastrofeak, eta ez ondorio astun eta iraunkorrak utzi gabe, lehenagoko kontzientzia sozialista faltsua gaur egungo kontzientzia demokratiko faltsuan luzatu egiten du. Haatik, komunismo trauskilaren esperientziak, nazka eragin arte betea, lurra arazten du eta azkenian abentura komunista ezinbestekoa ez bainan posible bai bihurtzen du: jabego pribatuaren benetako ezereztapena eta “ondorioz, giza esentziaren benetako eskurapena gizonak eta gizonarentzat egina”; “natura-gizakiaren arteko, eta gizakia-gizakiaren arteko antagonismoaren benetako irtenbidea, existentzia eta esentziaren, objektibazio eta norberaren baieztapenaren, askatasunaren eta beharraren, indibiduo eta generoaren arteko borrokaren benetako konponbidea”46.
Teoria jakin bat albo batera utz daiteke baldin eta esperientzia erabakigarri batek ezeztatua eta beste teoria zabala, osoa edo dotoreago batez ordezkatua bada. Teoria irekiak, akatsduna eta bukatugabea, kritikoa eta autokritikoa, espazio berriak atzemateari bidea ematen dio eta garaiko enigma handiak beste edozeinek baino hobe azaltzen ditu: bonba, ekologia, krisiak, estalinismoa. Teoriaren hedapen planetarioa ez da gertatzen egi abstraktoak agerian jartzearen ondorioz, bere objektu propioaren (merkatal salerosketa) hedapen eta orokortzearen ondorioz baizik. Alderatzen jarrita, modernitate liberalaren berrikuntzak honetara murrizten dira: hondamendian dauden fetitxeak (merkatua, dirua, lehiakortasuna, estatua), modaren eta hiztegiaren bidez, behin eta berriro berbalioztatzea. Arrazoimen mendebaltarra gabeziaz bizirauten du, bere “krisiaren” errepikapenean.
Benjaminek teologiaren laguntzaz biziberritu nahi zuen “materialismo historikoa” hilzorian legoke. Noiz ez da, baino, krisian egon? 1895 ezkeroztik, Marx hil eta handik hamar urte eskaxetara, “marxismoaren deskonposizioaz”47 hitzegiten zen. Marxismoaren krisiaz hitzegiteak teoriaren normalitate eta patologia bat aurresuposatzen ditu xaloki. Ortodoxiaren nostalgia? Eta teoriaren beraren izaerari balegokio asezintasun iraunkor moduko bat, bere burua kritikatzea eta azken muturreraino kritikatzea?
Marxismoaren krisia edo “marxismoen” krisia? Estatu arrazoi gisa eraikitako “marxismoaren”, hau da, “sozialismo errealaren” marxismo apologetikoaren, eta estalinismoaren kontrako marxismoaren artean, zapaltzailearen ideologiaren eta zapalduaren teoriaren artean ezinezkoa da identitate bereko krisia izan. Teoria mailako krisiak praktika jakin baten krisira garamatza, azken honetan berrikuntza eta hastapen berri baten iturria bilatu ahal izateko. Kapitalak jokua zuzentzen duen bitarte guztian, teoriaren krisiari eman dakiokeen erantzuna etortzekotan praktika iraultzailetik, eta behar izanez gero, komunismo “baztertu” baten heterodoxiatik etorriko da48. Ezein krisi teoriko ez da teoriaren ukapen eklektiko edo pragmatikoren baten bidez konpontzen, teoriak bere buruaz egindako ahaleginaren bidez baizik. Modu berean, hizkuntzaren krisia ez da hitzak esateko erreztasunarekin konpontzen. Hizkuntza hutsalen lekua hartzeko prest legokeen hizkuntza faltsu, itxusi eta zaratatsu bat beti aurki daiteke. Lasta uzteko aitzakiaz zentzua alboratzearekin konformatzen ez den berrikuntza teorikoak soilik, malgutasunaren aitzakiaz printzipioak baztertzeari men egiten ez dion praktikak soilik ireki diezaioke hitzekin jolastera mugatzen ez den hizkuntzaren berrikuntzari bidea.
“Spinoza, edo filosofiarik ez!” Beira-langilearen heriotza eta ehun eta berrogeitamar urte geroago, han zegoen Hegel. Marx edo teoriarik ez! Ez da, egia da, hastapena baizik. Bainan hobe hastapen ona, amaiera txarra baino.
[|–XVIII–|]
“Kapitalaren formulaz… produkzio modu kapitalistaren mistifikazioa, harreman sozialak gauza bihurtzea, eta produkzio materialean josten diren harremanen eta determinazio historiko-sozialen arteko berehalako teilakapena, eginak daude; mundu liluratua buruz behera jarria, non Kapital jauna eta Lurra anderea, aldi berean izate sozialak eta gauza hutsak, beren mamuzko ingurutxoa dantzatzen ari diren. Ekonomia polítiko klasikoaren merezimendu handia da itxura faltsu eta ilusio horiek (aberastasunaren hainbat elementu sozialen esklerosia eta autonomizazioa, gauzen pertsonifikazioa eta produkzio harremanak gauza bihurtzea, egunerokotasunaren erlijio hori)49 ezabatu izana.
Aurkari eskuzabalak Marx adeitsu eta egokitu baten pizarrak jaso behar direla onartzen du. Kontzeptuaren erraldoien galerian, Marx, bere gogoz kontra bada ere, filosofo litzateke, bainan jadanik kritikaren armaz gabetua eta armen kritikaz ahaztua. Aurkari bihotzbera “Marx gaztea” humanistarentzat amnistia eskatzearen aldekoa da, horrela “zaharra”, kapitalaren logika agerian jarri zuena, gainbalioaren, etekinaren eta krisien misterioa argitzen laguntzen duena, hobeki lurperatu ahal izateko. Gogoratze ilunarrea. Armistizio farregarriak50.
Mundua interpretatzea bada jadanik mundua aldatzen hastea. Mundua aldatzea ez da interpretatzea soilik, bainan hori ere bada.
Documents joints
- W. Benjamín, le Livre des pasajes, 504 or.
- L. Feuerbach, la Philosophie de l’avenir.
- “Capital-aren egileak eta bere epigonoek sorturiko literatua guztiz zabala zenbait funtsezko formuletara murriztu daiteke” (André Fontaine, le Monde, 1990-01-27). Marx hitzontzi hori zertarako hainbeste lan!
- J. Attali, Lignes d’horizon, Fayard, 1990
- Marx eta Engels, Manifestu Comunista. Esaera hau [ Alles Ständische und Stehende verdampft] bera da Marshll Bermanen l’Expérience de la modernité liburuaren azpititulua, Simon et Schuster, New York, 1982.
- W. Benjamín, le Livre des pasajes.
- R. Maggiori, Libération, 1990-01-19.
- K. Marx, Thèses sur Feuerbach.
- W. Benjamín, Correspóndanse, 1 liburua, 325 or.
- K. Marx, Manifestu Komunistaren hitzaurrea, 1882.
- K. Marx, Le 18 Brumaire de Louis Bonaparte, éd. Sociales, p. 19.
- K. Marx, le Capital, éd. Sociales, I Liburua, II Atala, 169 or.
- K. Marx, Speach at the Anniversary of the “Peoples Paper”, 1856.
- W. Benjamín., le Livre des pasajes, 377 or.
- K. Marx. Le Capital, III liburua, 1 Atala, 272 or.
- W. Benjamín, le Livre de pasajes, 377 or.
- K. Marx, le Capital, III Liburua, 3 atala, 198.or.
- Ikusi honi buruz, Alfred Schimdt, le Concept de nature chez Marx, Francfort, 1962.
- Daumer. Die Religión des neuen Weltalters, 1850ean argitaratua, Neue Rheinische Zeitung aldizkarian. Marxek gogor erantzun zion “kristautasunaren aurreko naturaren erlijio zaharraren berreraikuntza modernizatu” horri.
- K. Marx. Kapitala liburuaren lehen argitalpenerako hitzaurrea, 1867.
- K. Marx. H. Grossmannek aipatua <em>Marx,l’économie politique classique et le problème de la dynamique, </em>éd. Lebovici, 1075.
- K. Marx. <em>Manuscrits de 1857-1858, </em>éd. Sociales, I Liburua, 109. or.
- K. Polanyi, <em>la Grande Transformation, </em>Gallimard
- K. Marx, le Capital, I liburua, 2 atala, 182. or.
- Gramsciren aburuz bataz besteko gizakiaren gurtza demagogiko eta totalitarioa.
- A. Biélyï, Petersbourg.
- W. Benjamín, Essais sur B. Brecht, Maspero.
- Kapitalaren III Liburuko azken atal bukatugabea.
- W. Benjamín, le Livre des pasajes, 387. or.
- K. Marx, Critique de la philosophie de l’État de Hegel, Bourgois-10/18, 144. or.
- Historiaren kontzeptuari buruzko X. Tesian: “Oraindik polítikari horiek tinko atxikitzen duten historiaren ikuspegiarekin edozein konplizitate onartzen ez duen beste ikuspegi batera iristea gure pentsatzeko ohiturentzako zein garestia den iradoki nahiko nuke”. Hemen, inolako dudarik ez, polemika estalinistei eta social-demokratei zuzendua dago.
- K. Marx, Manuscrits de 1844, éd Sociales, 1962, 85-87 or.
- K. Marx la Question juive, éd. Coste.
- K. Marx eta F. Engels, Manifestu Komunista
- K. Marx, Critique du programme de Gotha.
- W. Benjamín, le Livre de passages, 494. or.
- K. Marx, à propos de l’art grec, Manuscrits de 1857/1858, I liburukia, 46 or.
- L. Dumont, Homo aequalis, Gallimard
- K. Marx, Idéologie allemande, éd. Sociales, 158 or.
- K. Marx, L. Dumont aipatua, 206 or.
- Max Gallok, aldiz, bere Manifeste pour une fin de siècle obscure, Odile Jacobek, 1989, gaurko indibidualizazioa hartzen du aurrerapenaren erizpide abstraktutzat.
- K. Marx, le Capital, Champs-Flammarion, I Liburua, 2 atala, 207 or.
- K. Marx, Manuscrits de 1844, éd Sociales, 86 or.
- W. Benjaminek, 1913ko akainaren 23an, H. Belmoreri bidalitako eskutitza.Correspondance, I. Liburukia-
- W. Benjamin, Correspondance, I Liburukia, 87 or.
- Ibid.
- Labriola, Rosa, Phekhanov, Bernstein, Kautsky, Sorel…etabarren arteko polemika bizi batean.
- Honi dagokionez, ikusi Alain Badiou, Peut-on penser la politique, Seuil, 1985: “Antimarxismoak imagina dezakeen baino larriagoak dira gauzak…Marxismoaren krisian ba dira gauzak antimarxismoak amestu ere ezin ditzakeenak…Ez zaigu, egia esan, besterik gelditzen, etorkizuneko heterodoxia marxistaren gune biziezina baizik.
- . K. Marx, le Capital, III Liburua.
- . Schumpeter saiatu zen Marxengan soziologoa, economista, irakaslea… bereizten, bainan onartu behar izan zuen Marxen eta bere teoriaren barne loturak ez zirela bat etortzen kategoria horiekin. Capitalisme, socialisme et démocratie, Payot, 1983, 69 or.