Garai berria, partidu berria

Partidu antikapitalista berri batentzat kuestioak

Raoul-Marc Jennar-en eskutitzari (2008ko apirilaren 7a) erantzuna. Raoul-Marc, 2005ko Itun Konstituzionalari ezetz-aren aldeko kanpainaren eledunetako bat izan zen, eta 2007ko Presidentzialetarako Jose Bovéren hautagai-zrrendaren aldeko talde antiliberalen kanpainaren sustatzaile.

Raoul-Marc Jennar estimatua:

Lignes aldizkarian argitaratu den elkarrizketari buruzko zure eskutitza-interpelazioa jaso berria dut eta biziki eskertzen dizut. Izan ere, bertan ukitzen bait dituzu, intentzio-prozesuen atzean izkutatu eta horretan lardaskatu beharrean, kolektiboki aurrera egin nahi badugu eztabaidatu behar ditugun sakoneko auziak. Saiatuko naiz, bada, eskutitzak azalarazten dituen lau galdeikur handienei erantzuten, merezi duten baino laburrago, atzerrira bidaian joateko puntuan nago eta. Horretan ekin aurretik, zure (“Ezkerreko ezkerra, nola ikusten ditudan nik gauzak” – ikus europe-solidaire.org) testuari buruzko hainbat nabardura eta oharpen egin nahi nituzke, zure eskutitza-interpelazioak azken artikulu horren luzapen logikoa bait dirudi.

1. Eskribitzen duzu hautagaitza antiliberalaren aldeko 125 proposamenak ez zirela ez gizarte-egitasmo bat, ezta programa presidentziala, eta gehiago zela gobernu-programa baterako intentzioen katalogoa. Proposamenen artean “gizartean ekonomiak duen lekuaz ikuspegi elkarrengandik nahiko urrunduek agerian jartzen zuten jarrerak kontziliatzeko borondatetik sorturiko inkoherentziak baziren”. Nahiz eta hori neurri handi batean horrela izan, kandidatura baterakoia burutu ahal izateko trabarik nagusiena ez zen hori izan. Eztabaidak jarrai zezakeen, agian adostasunetan aurrera zitekeen, edo gutxienez – beste gaien artean, nuklearra eta soldatei buruzko formulazioen inguruan- kanpaina baterakoi baterako konpromezu arrazoitsuak argitu. Zure oharpenek, haatik, problema orokorrago batera eramaten dute eztabaida: zer nolako diferentzia dago iraupen-asmoa duen indarra (partidu edo mugimendu, garrantzi gutxi izena) eraikitzeko erreferentzia bateratzaile izango den programa estrategikoaren, eta ezinbestez konpromezuak dituen aliantza elektoral baterako aski litzatekeen plataformaren artean. Auzitan dagoen guztia, konpromezu horiek norabide egokian aurrera pausu bat egitea ahalbidetzen duten edota nahasketa areagotzen duten ebaluatzea da, noski. Esaten duzu hortik atera behar den ikasgaia hauxe dela: “etorkizunaren bisio orokor berdintsutik kanpo ezin dela elkartu”. Eta formula baliagarria izan daiteke lehen frogan desegingo ez den organizazio nahiko sendoa eraikitzeko. Bainan formula horrek, aldiz, kanpaina elektoral baterako adostasun puntualak nahikoak balira, sektario bihurtzeko arriskua izan dezake.

Hau esanda, erantsi beharra dut oso izenburu zabala dela antiliberalismoa. Txapel horren azpian proiektu politiko desberdinak eta batzutan kontrajarriak estali daitezke: kapitalismo desbridatuaren gehiegikeriak soilik zuzendu nahi dutenek, eta liberalismoaren kritika kapitalismoaren kritikara eraman beharko lukeen kontzientzia hartzearen abiapuntutzat hartzen dutenek. “Kapitalismo huts garbia” (Michelk Husson-ek idatzi bezala) adierazten duen krisi baten aurrean , liberalismoaren aurkako borroka ezin da kontsekuente izan liberalismoa bera modalitate baizik ez den logikaren erroetara jo gabe, bestela esanda “konplexugabeturiko” (modako hitza erabiliz) antikapitalismo bateraino jotzen ez badu. Hori da guk “transizioko-erreibindikazioak” deitzen ditugunoi ematen diegun zentzua, abiatzen bait dira politika liberalak sorraratzen duen galera sozialetatik (lan-sarietan, prekarietatea, osasun publikoa, hezkuntza etabar…), merkatuaren despotismoa eta jabego pribatuaren boterea kuestionatzera zuzenduriko borrokekin jarraitzeko.

Errebantxan, antiliberalismoaz programa minimo gaindiezina egiten dutenek eta antiliberalismo eta antikapitalismoaren artean haustura bat ezartzen dutenek, logikoki, alianza antiliberal zabala ahalbidetzearren, borroken dinamika mugatzera joko dute. Norabide hau ez da, zure testuan zerbait aurrerago ebokatzen diren, eta kandidatua baterakoei inguruan 2006ko debatean agertu ziren “irabaztea”-ren eta “bi xifretako maila”-ren ilusioarekiko arrotza.

2. Zure testuaren hitzek Partidu sozialistarekiko harremanei buruzko argitu beharreko anbiguetatei dagokionez 2006ko urtean zehar izan genituen beldurrak baieztatzen dute. Izan ere, esaten duzunez, kolektiboen baitan “batzuk PS-k bere norabide liberala alda zezakeela irizpidea (nik ilusio deituko nioke) mantentzen dute”. Beste batzuk, tartean zuk zeuk, bi ezker, kontziliaezinak eta sintetizatu ezinak, badirela uste dute erabat. Guztiz ados gaude honetan zurekin. Ez da pronostiko mailako diferentzia, edo PS-k egin dezakeen edo ezin dezakeenari buruzko apostu-desberdintasuna; PS-ren joera neoliberalaren eta sozialdemokrazia europear neoliberalizatuaren (New Labour, Nouveau Centre, Parti démocrate italien, etabar…) alboan, kostata, hartu duen kokapenaren arrazoi sozial eta politikoen analisia baizik. Problema da, zuk onartzen duzun bezala, lehenak, ilusionatuak, aurrea hartu dutela. Dena den, zure ondorioarekin ados gaude: “ezin da ezkerraren ezkerraren bilgunerik eraiki ondorengo oharpen zalantzagabekorik gabe: PS bera ez da aldaketa sozialerako partaide”. Horixe da guk egiten duguna hautagai zerrenda baterakoi baterako beharrezko baldintza gisa jarriz Partidu sozialistarekiko independentzia eta kandidaturaren hautagaiak garaipena lortuko balukete koalizio parlamentarioetan edo gobernnuzkoetan parte hartzeari uko egitea, eta baldintza hori kanpainarako plataformaren inguruko akordio sendoa bezain beharrezkotzat hartuz. Hauteskunde presidentzial eta ondorengo legislatibo hauetan jokoan zegoena herrialderako Lehendakaria eta gobernu gehiengoa osatzea zenez, argi zegoen guk borroka sozialetan, pribatizazioen aurka, paperik-gabekoen alde, edo Tratatu konstituzionalaren ezezko kanpainan egina genuena Sego-inkonpatiblea zela.

3. Badirudi Partidu Sozialistarekiko harremanei buruzko desadostasun hau (ez da bakarrik ebaluazio-desadostasuna, norabiderena baizik, eta ondorengoetan, munizipaletakoetan, egiaztatu da bere aliatu hegemonikoaren alboan Partidu komunistak onartu duen menpekotasuna), “gobernatzea eskura egongo zelako” eta ezkerreko ezetzaren koalizio baterakoiak “ezkerreko lehen partidu gisa PS ordezka zezakeelako” ilusioen ondorioa izango litzatekeela pentsatzen duzula. Ilusio pisutxua zen, egia esan, eta, indar harreman sozialak, borroken emaitzak eta dinamika elektoralak pixko bat aztertu ondoren ezin zen ilusio horrekin ezer arrazoitsurik eraiki. Horrelako ilusioari eusteko moduko datu bakarra aurreko urteko ezetza-ren garaipena zen. Zuk bezala, ez dut nik baliogutxiesten bere garrantzia eta kanpaina honek denboran diferituak izango dituen ondorioak (agortu gabeak beti ere oraindik). Bainan errefuxatzeko kanpaina baterakoi batean – ezezkoa erreferendumean –berez oso motibazio desberdinak biltzen dira, hauteskunde presidentzialetarako programa batera transferitu ezin direnak. Gogorarazten duzu borroka eta ahalegin handiz lorturiko garaipen honen mozkorraldi ulergarriak, ahaztuarazi omen diela batzuei ezezko eskubitarra egon zela (seguruenik ez-aren barruan gutxiengoa, bainan neurgaitza dena). Bainan batez ere, ezkerreko eza, 2005eko udazkenean, Mans-eko kongresu sozialistaren sintesiarekin, apurtua gelditu zela. Eta arrazoia duzu idazten duzunean legislatiboetan “kasurik hoberenean, partizipazio gubernamentala negoziatzeko posizioan egongo ginateke, eta horrek esan nahiko luke ezker plurala bideratzea”. Auzia, orduan, hauxe zen: hipotesi hori onargarria zen edo ez jakitea, eta norentzat. Hauxe izan da eskatu, eta alferrik eskatu, izan duguna: kanpaina baterakoia baino lehenago hori argitu beharrekoa zela, ez bait ginen prest hautagai baten alde kanpaina egin eta izerdia botatzeko, hautagai hori hauteskundeen biharamunean menpeko ministerioren batean ezker pluraleko gobernu bis batean parte hartzeko prest zegoen al ez jakin gabe. Orduak, batzuk pentsatzen zuten mesfidategiak ginela. Ondoren gertatu denak, ordea, mesfidantza horrek nahiko arrazoi sakonak zituela erakutsi digu. Zuk zeuk baieztatzen duzu: “Adierazia genuen perspektiba hori errefuxatuko genukeela, bainan agerian zegoen hori ez zela PCFren jarrera, eta ezta zenbait altermundialistena ere, gertakizunen jarraiak erakutsi duzen bezala. Ba zegoen geure lerroetan PSrekin kolaboratzeko prest zegoen jendea. Ez ginateke, bada, izango, hipotesi hoberenean, PSren euskarri puntua baino”.

4. Oraingo egoerari buruz, idatzi duzu “larritasun sozialari” eta “larritasun ekologikoari” erantzun behar zaiela (ados gaude oso) “ambizio sinisgarri” batez, “bestelako gizarte baten egitasmoaren bultzatzaile” eta “kapitalismoaren aurka erresistentzia egitearekin batera, praktikan alternatibak aurkezten dituzten borroken inguruan sorturiko indarra” izanik. Desafio horri, hain zuzen, erantzun nahi dio partidu berri baten alde abian jarri dugun ekimenak. Zure hirugarren exijentziak eztabaida gehiago eskatuko luke: “Eragin-ahalmena duen indarra bat eratu behar dugu: ez dugu boterea eskuratzeko borrokatu behar, boterea izateko baizik, hau da, eragina izateko, besteak aldaraztea behartzen duen eragina”. Gure aldetik konbentziturik gaude harreman sozialak serioski aldatzeko, edo merkatuaren despotismoari aurrez aurre ondare amankomuna, elkartasuna eta zerbitzu publikoaren logika soziala kontrajartzeko, botere eta instituzioen aldaketa beharrezkoa dela. Borroka soziala botere-borroka da. Egia da botere-harreman anitzak badirela. Bainan Estatuan kontzetraturiko botere polítikoa ez da besteen artean edozein botere. Arazo hau, ezintasunaz bertute eginez (“mundua aldatu boterea hartu gabe”, John Hollowayren formularen arabera), ekidin nahi bada, azkenian, izan badiren instituzio edo indar politikoengan presio taldea izatearekin konformatzea da, gaur egun Bolivia, Venezuela eta orohar Latinoamerikako herriek aurre egin behar dieten desafioei erantzun gabe. Eztabaida hau izan da jadanik polemika askoren muina Contretemps aldizkarian (eta berrikiago, 2007ko azaroko Revue internationale des libres et des idées-eko 2 zenbakian, Holowayren liburuaren iruzkinean). Anbiguitatea, geure artean, “eragin” hitzaz duzun ulermenean datza. Edota “ambizio sinisgarria” mugatu nahi al da eta aliatuekiko presio-taldearen papera betetzearekin konformatu, eragina duen bainan gutxiengoa den presio-taldea izatera etsitu? Edota, kontrara, baliabideak erabiliz, beharrezko pazientziarekin, indar harremanak aldatu, baita “bi ezkerren artekoa” ere? Sartuak gaude, horrekin, eztabaida zabal batean: hegemoniaren inguruko eztabaida eta hegemonia horretara iristeko mediazioei buruzko eztabaida: zer aliantzak egin egoera zehatzaren eta indar harreman zehatzaren arabera? Eztabaida hau, ez dago gogoratu beharrik, guztiz irekia dago bai gure borroka kide berriekin, eta baita ere berdin gaurko LCR barruan ere.

5. Sakoneko eztabaidari eutsi beharrean (zein programa? zein aliantzak? zein organizazio mota?) Ligaren proposamenari a priorizko mesfidantzaz eta beldurrez erantzunez ez-axolatzen direnei erantzuten diezu, eta pozten gara horrekin: “Zergatik erabaki berehala besterik ez dela apainketa operazioa baizik?” Ondo dakigu porrotean amaitu daitekeela, edo arrakasta partziala soilik lortu dezakegula. Emaitza, orduan, galera izan zitekeen, bainan ez guretzako soilik (guk, noski, geure gain hartzen dugu arriskua eta guk ordaindu beharko genduke porrotaren kostua, askoz ere erosoagoa bada ere gure kaperatxoan geure martxa kudeatzea), bainan baita ere kontentagaitz jokatuz bere ardurak hartzeari uko egingo lioketen guztiontzat. Zure testua “LCRko zuzendaritzako kideei egitasmo politikoari, egitasmoa egiteko eta onartzeko moduari, bildu nahi dituen kultura politiko desberdinetako militanteen desberdintasunak kontutan hartzeko moduari eta formazio politiko berriaren funtzionamendu moduari buruz hainbat galdera eginez” amaitzen da. Iruditzen zait, Lignes aldizkarian argitaratu den elkarrizketa eta egiten didazun interpelazio pertsonala asmo horren barruan kokatzen direla. Horri, gogo onez erantzuten dizut, zehaztuz, dena den, ez naizela LCRko inongo zuzendaritza taldeko kide. Honako hau, bada, erantzun pertsonala da, eta ni neu soilik konprometitzen nau.

Hasteko, “militante altermundialista” gisa aurkezten duzu zeure burua, engaiamendu honek zuretzat esan nahi duena laburbiltzen duzu esanez kapitalismo mundializatuaren eta bere instituzioen aurkako borroka dela. Zure aburuz, “etiketa hori, sinplifikatua bada ere, egoki zaizu oraindik”. Altermundialistak garen aldetik, borroka asko egin ditugu amankomunean, Inbertsiorako Itun Multilatera-ren aurka (IIM), zorrari buruzko AGCS itunen aurka, bainan baita ere gerraren aurka eta Tratatu konstituzional europearraren aurka. Ez da gutxi. Nik ere ez diot ukorik egiten etiketari. Azpimarratzen dut soilik mogimendu alterra nebulosa bat dela. Bere ahalmena eta jokatu duen papera ahitzetik urrun dago, bainan bere historia gaztean bira-puntu batean aurkitzen da, mogimendua osatzen duten mogimendu sozialak oso arazo politiko internazional eta nazional latzen aurrean konfrontatuak daudelako. Mogimendu horretan elkarren ondoan dadude Lula eta Chavez, Tratatu konstituzionalaren aldeko sindikatoak eta kontrakoak, Irak edo Afganistaneko espedizio militarren alde boto ematen duten partiduak eta kontra diren besteak. Forumak gune egoki eta erabilgarriak dira elkarretaratzeko eta trukaketarako. Kanpaina baterakoietarako euskarri eta bideratzeko abiapuntua dira, IIMren aurka bezala, Bolkenstein agindua bezala, edota 2003ko otsailako gerraren aurkako manifestazioak bultzatzeko bezala. Egiten jarrai daitezela ahalegindu behar gara eta ez daitezela, ordea, desadostasunak kontsentsuan itoak izan. Bainan ez da bidezkoa, aldiz, singular erosoa erabiltzearen aitzakiarekin – mogimendu alter-a— mogimendua zeharkatzen dituzten kontraesan eta heterogeneitatearen aurrean ezikusiarena egitea.

Aldaketa sozialak ezin duela PStik, inolaz ere, etorri eta horrelako ikusmira baten partaide ezin zitekeela PS izan balioetsirik, zure aurreko testu baten hitzak berriro hartzen dituzu, “badira, bada, argi, bi ezker”: “Bata, bere balioak eta idealak ukatu egin dituena eta bestea baieztatzen eta goraki aldarrikatzen dituena; bainan, leninismoak eta honen ondorengoek langile mogimendu frantziarrean eragindako itzulinguruaren heredentzia dramatikoa dela bide, ezker honek ezintasunera eramaten dion zatiketa mantentzen du”. Formulazio honek hainbat auzi mahai gainean jartzen ditu aldi berean.

Alde batetik, zuk “leninismo” deitzen diozun horri, nik “estalinismo” deitzen diot. “Leninismo” hitza Zinovievek Internazionalaren V Kongresuan egin zuen txostenarekin batera hasi zen erabiltzen, eta “boltxebizazio” burokratikoaren aldeko kanpaina legitimatzeko asmoz erabili. Orokorrago hitzeginez, Leninen pentsamendu politikoak, hain gaizki ezagutua eta maizago desitxuratua, eztabaida serio bat mereziko luke, besteren tartean zure herrikide Marcel Liebmanen “leninismo Leninen garaian” gaiari buruzko ekarpenak, edo, berrikiago, Lars Lih-ren liburu monumentala berrikusiz.

Bestetik, eztabaidagarria iruditzen zait XX mendeko azken hiru laurdenetako langile mogimenduaren historia “itzulinguru” (“leninista” edo estalinista) soil gisa begiztatzea, horren ondoren posible balitz bezala Tourseko kongresua errebobinatuz bide normal (zein?) batera itzultzea. XX. mendea gertatu da. Ezin da parentesi artean jarri (zuk aipatzen duzun “leninismoak irekitako parentesia”). Geure egitekoa da geure azalpenak ematea bere herentziari buruzkoak. Internazional komunistari atxekitzeko jarri ziren 21 baldintzei dagokionez, bistan da ez dela denboratik kanpo dagoen testu bibliko bat. Baldintza horietako asko gaur egun anakronikoak litzateke. Aspaldian jadanik azaldu nuen (Iraultza eta Boterea liburuan, Stock, 1976) nolako baldintzetan onartu zen hogeitabatgarren baldintza eta nola bere logika zitalak zatiketa mekanikoak eragin zituen zenbait partidu sozialistetan. Baino testu horren funtzio globala, bere kontestoan irakurrita, gerra eta iraultzaren erronka nagusien aurrean beharrezkoa zen banantze estrategikoaren lerroa altxatzea zen.

Gure eztabaidan, abiapuntua, bada, “benetako ezker indar bat, demokratikoa, erreformista-iraultzailea, eta ekologikoa eraikitzeko beharra” jarraitzen du izaten. Ez naiz hemen Lignes-eko elkarrizketan ukitu nuen erreforma eta iraultzaren arteko harremanetaz berriro arituko. Egunero erreformen alde borrokatzen dugu, eta gaur egun askotan erreforma oso xume eta elementalen alde, hain daude indar harremanak ahulduak eta mobilizazioek helburu defentsiboa baizik ez bait daukate. Ez dago bada inolako harresirik erreforma zehatzen aldeko borrokaren eta gizartearen aldaketa iraultzailerako egitasmoaren artean. Badago, errebantxan, eztabaida estrategiko bat norabide teorizatu bat, “erreformismoa”, erreforma horiek sistemaren legalitate eta tolerantziarekin konpatible diren mugetan egokitu nahi duena, eta bestela eritzirik (eta gu horien artean), sistema beraren kuestionatzeko tranpolin bezala balioesten dituztenak. Banator, bada, jartzen didazun lau auzitara: ekologia, zentralismo demokratikoa, partidu antikapitalista berriaren eraikitzaileak, funtsezko askatasunak.

I. “Ekologiaz ezer”, idazten duzu, eta harritzen zara (edo sumintzen zara) Lignes-eko elkarrizketan ekologiarekin loturiko gaietan dagoen “ixiltasun gorgarriaz”. Erantsi dezaket, ez ba naiz gaizki oroitzen, ez dagoela ezta ere gauza handirik feminismoari buruz, ez bait da elkarrizketa eraiki nahi dugun partiduaren funtsezko jarrerak ukitzeko asmoz egindako testu programatiko edo manifestua. Ona litzateke, bada, egiten dan eztabaida norekin egiten den argitzea: Ligarekin organizazio den aldetik? Nirekin, norabanakoa naizen aldetik? Edo biekin? Niri dagokidanez ez naiz behartua sentitzen gauza zehatz eta jakin bati buruzko elkarrizketa bakoitzean (eta oraingo honetako gaia zen zergatik eta nola partidu berri bat, eta zergatik orain?) kide naizen organizazioak bere batzarretan onarturiko jarrera programatiko guztiak errepikatzera. Horiekin ados nago eta nireak egiten ditut funtsean.

Ligari buruz ari bazara, orduan, auzi horiei buruz erakutsi duen ardura eta engaiamendua errez egiaztatzeko modukoak dira. Bere manifestutan agertzen dira, baita bere komisio ekologikoak egindako txosten eta artikuluetan, nuklearraren aurkako kolektiboan duen partizipazioan, zaborren pilaketaren aurkako mobilizazioetan, urari buruzko kanpainetan, GAO-en aurkakoetan etabar… Pentsa daiteke ez duela oraindik aski egiten. Arrazoi bat gehiago partidu berri bateruntz urratsak emateko, indartsuagoa litzateke eta baliabide gehiago izango luke jotake aurrera egiteko behar diren borroka sozial, ekologiko eta feministetan.

Zure interpelazioa, nire pertsonalki zuzendua ba ba, esan beharra dut ez ditudala nik ekologia eta dakartzan erronkak baliogutxiesten, aitzitik baizik, iruditzen zaidala desberdintasun eta bazterketa sozialaren handitzearekin batera, balioaren legeaz gobernaturiko sistema baten irrazionalitate geroz eta handiagoaren bigarren agerpena dela (eta bigarrena ez garrantzia mailaren arabera, berdintasun maila batean baizik). Esan dezadan bide batez, balioaren lege horri buruz Marxek jadanik Grundisse-tan iradokitzen zuela munduaren neurri geroz eta “miserableagoa” bihurtuko zela. Aski ebidentea da, zuk gogorarazten duzun bezala, krisi ekologikoaren lehen biktimak (aldaketa klimatikoa dela, hiritako kutsadura dela, zaborren pilaketa dela…) esplotatuenak eta ahulenak direla. Bestela esanda, ekologia soziala izango dela, edo ez dela izango. Ondo ulertzen dut informazioz blai gaukan gizarte honetan ez dugula askotan modurik izaten batzuek besteen ideia eta idatziak osotasunean ezagutzeko. Bainan nire erantzuna okasionala ez dela egiaztatu nahi baduzu, begira dezakezu nire liburua Marx l’intempestif (1995), hirugarren partea (“Materiaren tormentuak”), edota Espektroaren irrifarra (2000) “Ekologia politikoaren kritika” kapitulua, edota Mundu bat aldatzeko (2003) “La malmesure ekologikoa”, edo berrikiago nire liburu txikitxoa Les Dépossédés (2007). Ni, bestalde, Contretemps aldizkariaren partaide eta bultzatzaile naiz, eta aldizkariko bi zenbaki osoak arazo honi buruzkoak izan dira (4. zenbakia, “Ekologia politikoaren kritika”, eta 21. zenbakia “Krisia, hazkundea eta garapena”), ahaztu gabe zenbaki bat zientziak eta adituak gaiari buruzkoa, artikulu asko (Jean-Marie Harribey-renak bereziki), eta idatzlanen aipamenak (Jose Manuel Naredo, John Bellamy-Foster, David Harvey, Paul Burkett), oraindik, lastima, ez ezagunak Frantzian.

II. “Zentralismo demokratikoa” ebokatzearekin ia ia “probokazio” bat ikusi duzu, LCRko jardunbidearekin interesatuak egon zitezkeen guztiei egindako “probokazioa”. Probokazioa, agian, bainan probokazio serioa, eztabaida bat sorraraztera zuzendurikoa. Eta eztabaidaren muina, hain zuzen, demokrazia da. Ondo dakit, eta experientziaz jakin, “zentralismo demokratiko” formula (proletargoaren diktadura bezala) gutxiespen-zentzuaz kargatua dagoela eta ia atzeraezinezko moduan nahasia gelditu dela haren enkarnaziotzat saldu den zentralismo burokratikoarekin, zeina, zuk diozun bezala, “demokratiko izatetik hain gutxi zuen, demokraziak herrikoi izatetik bezala”. Formula horrek, erabiltzen hasi zenetik, konpondu nahi zuen auziak, ordea, oso bestelako kontestu batean, mahain gainean darrai. Nire probokazioa saiatu da azpimarratzen demokrazia eta beharrezkoa den zentralizazio modukoren bat, ez direla inolaz ere antinomikoak (askotan sinistarazi nahi den bezala), osagarriak baizik. Egi-egitan, bata bestearen baldintza dira.

Gure eztabaida honetan garrantzitsua deritzaidana esaten duzuna da: “partidu politikoak demokraziarekiko konsubstantzialak direla”; zu “gizon eta emakumez osaturiko eta erabakiak denoi pertsonalki eragiten dien organizazio baten” aldekoa zarela; eta zuk “edozein talde organizaturen funzionamendu demokratikoa bermatzeko arauak beharrezkoak direla” defenditzen duzula. Oinarri ona da konpondu beharreko arazo zehatzei aurre egiteko. Horiek zentzu amankomunaren ebidentziak lirudikete. Bainan zentzu ona ez da gaur egun munduko gauza hobekien banaturikoa. Eta demokrazia hitza bera ondo kargatua dago esan nahi desberdin edota kontraesankorrak guztiz. Gauzak argi esatearren, nire kezka da, espazio publikoa eritzien merkatua bihurtzen ari dela, botoen ordez sondeoak egiten direla, lapurturiko demokrazia partizipatiboaren izenean demokrazia pasibo konsultibo huts-hutsaren ezarpena (clip-en bidez), militantez osaturiko partiduak eraldatzen ari direla eta horien ordez bazka eta klientela presidentzialetako partiduak agertzen ari direla (20€ tan PSko kide bihurtzen direnak, boto emateko eta ez militatzeko, eta porrot baten biharamunean lurrunduko direnak).

Zergatik zentralizazio neurri eta formaren bat, ez dira demokraziarekin kontraesankorrak konsubstantzialak baizik? Alde batetik, demokrazian, eztabaida erabakiarekin lotua egon dadin garrantzia duelako. Partaideak konprometatzen dituen erabakitara iristea garrantzitsua delako, bestela, erabakirik gabe, espaloiko kalaka izatera mugatzen da edota eritzi trukaketa huts batera: iritziak esan eta bakoitza bere baitara. Bestalde, hartu den erabakia elkarrekin egitea erabakiaren zuzentasuna frogatzeko eta errakuntzak zuzentzeko bidea delako. Erantzunkizun printzipioa oinarrizkoa da, eta ezinezkoa da norabide jakin baten balantzea kolektiboki ateratzea, ez bada kolektiboki aplikatzen saiatu. Orduan bakoitzak leporatuko die besteei porrotaren erantzunkizuna. Eta bukatzeko, politika indar harremanen kuestioa delako, eta ez pedagogia soila, eta une batzutan (ez beti) indar guztiez puntu baten gainean jo ahal izatea beharrezkoa izaten da lerroak mogiarazteko. Bestalde, dominazio harreman material eta ideologikoen menpeko gizarte batean bizi gara, eta gizarte horretan arma aldetiko (oso) desberdintasun handiarekin egiten da borroka.

Guzti honek posibilitate-eremu zabal bat uzten du irekia, “prozedura demokratikoetan sakontzea” deitzen duzun horretan eztabaida irekiak. Zertaz ari zara, bereziki, honi buruz? “Gardentasuna”? “Kontuak ematea”?. Noski, noski. Gardentasunari dagokionez, komunikabide telefoniko eta informatikoak tresna bikainak dira, bi tranchantekin, noski, edozein teknologia bezala. Batzuk uste dezakete aski dela arratoia zanpatzea etxetik mogitu gabe ekiteko. Bainan baliabide horiek ahalbidetzen dute, batez ere, informazioaren monopolioa, hau da, botere burokratikoaren iturrietako bat beti izan zena, hausten duen informazio eta iritzi trukaketa horizontal etengabea. Ehun lore eta mila sorta loratu daitezela, bada, Mao presidenteak esango lukeen bezala! Kontuak emateari buruz, printzipioak ere argi daude: aukeratuak erantzunkizuna du eta aukeratzaileek, organizazio politikoan eta masa-organizazioan ere (eta horrela beharko luke izan instituzioetan ere), alda dezakete. Bainan erantzunkizun-printzipio hau eraginkorra izan dadin, erabaki kolektiboa betebeharrekoa beharko luke izan eledunarentzat (eta horrela badago, bada, zentralizazio modu bat).

Honek bidea ematen dit kritikaten didazun esaera bat (“malgutasun informal gehiago bilatzen duten formula guztiak ez dira demokratikoagoak agertzen”) argitzeko. Esaera horrekin prozedura demokratikoei buruzko eztabaidan sartzeari uko egiten diodala leporatzen didazu. Inolaz ere ez. Esan nahi dudana da delegazio “informaleko” formulak txarrenak direla, hain zuzen kontrolaezinak direlako: inork erabaki ez duen baino hedabideek kooptaturiko “eleduna” dela, zenbait eledunen hitz-gehiegikeria dela, edota demagogiarako egokia izan daitekeen asamblea-nahasietan eledun autoproklamatuak direla… Denok ditugu horrelako egoeretako adibideak buruan.

Nire ardura ez da Porto Alegreko bezelako esperientzia partizipatiboa laidotzea. 1984tik aurrera ikusi dut nola joan den jaiotzen, esperientzia bera sistematizatu aurretik eta “aurrekontu partehartzaile” izena hartu aurretik. Aurrekontu partehartzailetako komiteak, munizipalitatearen legitimitatearen ondoan legitimitate iturri paraleloa izan dira. Eskumena zuten ez soilik iritzi bat emateko, erabakimen prozeduran parte hartzeko baizik. Esperientzia demokratiko hori berezia eta bikaina izan da, edozein izanik ere ondorengo segida. Bainan horrek ez du, dena den, zer ikustekorik Ségolène Royalek “partehartzaile”-tzat aurkezten duen demokrazia kontsultibo hutsarekin: “Eman zuek botoak, nik egingo dut sintesia”.

Zuk esaten duzu arazo erabakiorrena delegazioarena dela. Nik erantsiko nuke: eta politikaren profesionalizazioarena. Nolabaiteko delegazio-formaren bat (ez bada imaginatzen hiri-dimentsiora murriztutako demokrazia grekoa) sahietsezina da. Auziak, orduan, delegatuen kontrolera, kontuak ematearen auzira, delegatuen baliogabetzera eta ordezkatzera eramaten gaitu. Bainan desprofesionalizazioa, zaila izan ba daiteke ere, ez da garrantzi gutxiagokoa. Hor sartzen dira, noski, errotaziozko neurri elementalak, edota hautetsien errepikapenak murriztea…, bainan epe luzera arazo honen konponketa lanaren banaketa sozialaren eraldaketa erradikalaren baitan dago, horixe bait da gizarte modernoetako organizazio politiko, sindikatu, asoziazio, eta nola ez estatuko administrazio eta aparailu guztien joera burokratikoen sakoneko arrazoia.

Eztabaidatu beharrezko gauza guzti hauek abangoardiaren nozioarekiko erlatiboki independienteak dira. Hitza bera, abangoardia politiko edo artistikoa izan, tipikoki, modernitatearen lexikoari dagokio, eta dudarik gabe azken honekin batera zaharkitu da. Hitz horrekin masa atzeratu eta inkonstzientearen aurrean kontzientziaren gordailu den abangoardia argitua ulertzen baduzu, edota abangoardia eskola-gidari gisa, edo itsu-itsuan obeditu beharreko buruzagitza, orduan, noski, “bukatu da”. Bainan benetako arazoa haratago dago: beharrezkoa da ala ez, organizazio bat, bitartekaritza politikoa, mogimendu sozialetatik bereizia. Horrelako organizazio batek, niretzat, sindikatoaren ez bezalako edo asoziazio baten ez bezelako funtzio desberdina du: horrela Brasilgo Lur Gabekoak ez dira bereziki ukituak izan jubilazioen erreformari dagokionetan, beren funtzio berezia lur erreformari buruzkoa izanik. Aitzitik, partidu batek (edozein delarik jartzen zaion izenburua) memoria kolektiboa elikatzen du eta bere funtzioa gizarte borroka desberdinak sintetizatzen dituen eta beraien partikularismoa eta korporatismoak gainditzen dituen gizarte proiektu bat proposatzea da. Ikuspuntu honetatik esan zitekeen partidu guztiok, baita partidu erreformista zabalak, zentzu batean mugak jartzen duten momentutik, estatutoak onartzen dutenetik, batzarrak egiten eta jokamoldeak eta erizpideak onartzen dutenetik abangoardia bat direla, Guzti horiek ez bait dira eritzi edo zentzu amankomunaren islada hutsa. Azken finean, partidu baten funtzioaz eta bere funtzionamenduaren arau demokratikoaz argitasunik badago, izena garrantzi gutxiko gauza da.

III. “Partidu berria osatzen duten”-ei buruz Lignes-en egin zidaten elkarrizketan agertzen den formula batekin kezkati azaltzen zara: “Partidu komunistaren herritako taldeekin, Alternatiba libertarioarekin, Lutte Ouvrièreko gutxiengoarekin, etabar… eztabaidatu beharra dugu”. Etabar hori susmagarri egiten zaizu, “subjektu polítiko berriaren eraikuntzan parte hartu behar duten jende asko” ez ote duen gutxiesten edo mezpretxatzen. Gaitzesten duzun esaera hori zergatik eta zertarako sartzen da elkarrizketan? Hain zuzen, askotan egiten zaigun kontrako interpelazioari erantzuteko. Izan ere, partidu berri baten eraikuntzan engaiatzea ezinezko misioa ez ote den esaten zaigu, ez bait dago modurik korronte edo organizazio nazionalik bidaide gisa izateko. Batzuk, are ere, “behetik” soilik eraiki nahian ibiliz, benetan existitzen duen ezkerraren errealitate eta indar desberdinak ez dugula kontutan hartzen edo ingurutik ibili nahi dugula leporatzen digute. Eta egia da, zure beldurren kontrara, partidu antikapitalista berrriaren alde osatzen ari diren kolektiboetan, momentuz behintzat, printzipalki edo ia bakar-bakarrik etabar… etako asko biltzen dira, hau da, organizatu gabeak, deshazkundearen ekologistak, sindikalistak, asoziazio desberdinetakoak, beste organizazioetako kide indibidualak, Partidu Komunistakoak, Berdeetakoak, are PSkoak. Zehaztu nahi nuena, bada, hauxe zen: ez diogula joera kontserbadoreak hausteari eta partaideak agertarazteari muzin egin, bainan gaur egungo egoeran ez ginela besoak gurutzaturik geldituko haiek konbentzitu daitezen itxaroten. Behetik, “anonimoekin” edo Olivierrek askotan aipatzen duen “egunerokotasunaren heroi”-ekin, dinamika sorrarazten saiatzen gara, gure ekimena batzuen edo besteen itxuragabetzearen menpe jarri gabe. Ez dugu, haatik, organizazio guztiei, herri mailakoak edo nazionalak, handiak edo txikiak izan, eztabaidak proposatzea baztertzen, baldin eta programa baten oinarriaz eta antolakuntzaren modu demokratikoetaz serioski nahi izango balukete eztabaidatu, Partidu sozialistarekiko eta haren polítika sozial-liberalarekiko independentzia oinarritzat harturik.

Egin nahi dena ez da bada partidu berriaren egitasmoa “lenin eta bakuninen diszipuluen” perimetrora murriztea, edota ez anarkista ez komunista ez direnak “osagarri baliogabe”tzat hartzea. Asmatzen badugu, seguruenik, belaunaldi berri baten militante gehienak aldez aurreko esperientzia eta erreferentziarik gabe etorriko dira, orain eta hemen, egoera kontretoan egiten dugunaren arabera. Herentziei buruz, ez dira zergatik abolitu behar (iraganeko esperientzien, zoriontsu eta garratzen, memoria beharrezkoa da politikan), bainan gainditu behar dira, aldatu, esperientzia berriak eginez eta belaunaldi eta kultura desberdinak elkarretaratuz.

IV. Zure laugarren oharpenak “lau askatasun” azpimarratzen ditu, zure irudiko “gaur egun mundua den bezala izanik geure arreta eskatzen ari direnak”: beldurrean ez bizitzeko askatasuna, miserian ez bizitzeko askatasuna, adierazpen-askatasuna eta kulto-askatasuna. Miserian gehiago ez bizitzeko askatasunak existentziarako eskubidea inplikatzen du (II. urteko Konstituzioan lehentasunez aldarrikatua), zeinaren arabera “miseria gorrian ez bizitzeko eskubidea” edo “larrialdi sozial egoera”, propietate-eskubidea baino lehentasunezkoagoa da, eta hori etxebizitzaz, uraz, lurraz edo diru-sarreraz ari garelarik. Adierazpen-askatasuna, guretzat, printzipio negoziaezina da, gaur bihar bezala, eta problema da zein bitarteko eraginkorrak jarriko diren gizarte batean, kontutan harturik hedabidetara iristea inoiz baino desberdinago dela, eta honek eramaten gaituela jabetzaren auzira. Kultu-askatasuna ere printzipio bat da, bainan horrek inplikatzen du eskubide hori elkarrekiko onartzea, hau da espazio publiko amankomunaren existentzia, non laizitatea den bermea ematen duena. Hiru puntu horiei buruz, eztabaidak irekita daude, egoera konkretuen arabera erabaki beharrekoak: irakaskuntza pribatuaren finantziazioa, beloaren auzia, eskolako programen edukina….quebektarrentzat hain kuttunak diren “egokitzapen arrazoitsuen” esperientzia, bainan ez luke zergatik egon behar geure artean printzipiozko desadostasunik.

Laugarren askatasunari dagokionez, zuk lehen postuan aipatzen duzuna, “beldurrean ez bizitzeko eskubidea”, gurari handia baieztatu nahi du. Bainan auzia, hain zuzen, beldurraren eta elikatzen dioten miseria sozial eta psikikoen arrazoiak nola ezabatzen diren jakitea da. Eta horrek eramaten gaitu mundua aldatzeko behar den proiektuaren eta estrategiaren auzira, mundu hau abiatu bait da bainan gaizki bukatzeko bidetik.

Oharpen hauek, hala espero dut, benetan eskertzen dizudan zure idazkiak probokaturikoak, gaizki ulertuak garbitzen, arazoak zehazten eta eztabaida emankorrari bidea ematen lagunduko duten esperantzan.
Kidetasunez.

Penser, agir

Documents joints

Partager cet article