Atzo eta gaurko marxismoak

Vpered: Zeintzuk dira, heredentzia marxistari dagokionez, behin betirako iraganak diren aldeak, eta zeintzuk, zure aburuz, gaurkotasun osokoak?

Daniel Bensaïd: Ez dago herendentzia bakarra, hainbat baizik: bada marxismo “ortodoxoa” (Estatuarena edo Partiduarena), marxismo zientifista (edo positibista) eta marxismo kritikoa (edo dialektikoa), edo baita ere Ernst Bloch filosofoak marxismoan bereizten zituen “korronte hotzak” eta “korronte beroak”. Ez dira soilik irakurketa eta interpretazio desberdintasunak, batzutan antagonikoak izan diren politika batzuen azpizola egiten duten diskurtso teorikoak baizik. Jacques Derrida esaten zuen bezala, heredentzia ez da transmititzen eta gordetzen den ontasuna. Heredentzia da oinordekoek horrekin egiten dutena, eta egingo dutena. Zer egongo litzateke gainditua Marxen teorian? Lehenik, esango nuke, nolabaiteko baikortasun soziologikoa: ideia bat zeinaren arabera garapen kapitalistak erakartzen duen ia mekanikoki langile klase geroz eta handiagoa eta kontzentratruagoa, hobeto organizatua eta beti konstzienteagoa. Mende beteko esperientziak erakutsi du proletargoaren baitan ematen diren zatiketa eta desberdintasunen garrantzia. Klase esplotatuen batasuna ez da egitate naturala, borroka eta eraikuntza bat baizik.

Gero, uste dut nik, proletargoaren diktaduraren eta Estatuaren ezabapenaren inguruko nozioen inguruan berriro sakoneko gogoetak egin beharko litzateke. Auzi konplikatua da, ez bait dute hitzek gaur egun Marxen lumapean zuten esanahi bera. Garai hartan, diktadura, Argien hiztegian, tiraniaren aurkakoa zen. Diktadurak instituzio erromatar ohoragarria ebokatzen zuen: denbora mugatu baterako salbuespenezko botere delegatua, eta ez botere arbitrario mugarik gabea. Argi dago XX mendeko diktadura militar eta burokratikoen ondoren, ez duela jadanik hitzak aipaturiko gardentasuna. Marxentzat, berritasun handi bat adierazten zuen: salbuespenezko botere bat, lehen aldiz gehiengoarena zena, eta botere horren “forma azkenian aurkitua”, Marxen hitzak erabiltzearren, Parisko Komunak agerian jarri zuen. Komunaren esperientzia honetaz, bada, (eta behetiko demokrazia forma guztietaz) hitzegingo beharko litzateke gaur egun.

Proletargoaren diktadura nozioak ez du Marxen aburuz, bada, erregimen instituzional zehaztu bat definitzen. Gehiago zuen zentzu estrategiko bat, ordena sozial eta juridiko zaharraren eta ordena berriaren arteko haustura azpimarratzea. “Bi eskubide kontrajarrien artean, indarra da erabakitzen duena” eskribitzen zuen Kapitala-n. Ikuspuntu honetatik, proletargoaren diktadura litzateke salbuespen egoeraren forma proletarioa.

Azkenik, askotan entzuten da esaten dela Marx izan zela (edo izan zitekeela) ekonomista on bat, edo filosofo on bat, baina politikari gisa eskaxa izan zela. Bainan, aitzitik, Marx politikaren pentsatzaile izan zen, bainan ez, noski, ustezko “zientzia” politikoetan erakusten den modukoarena, eta ez teknologia instituzionalaren politikarena (bestalde, XIX mendean, ez zegoen Europan – Britaina Handian salbu – ia erregimen parlamentariorik edota ezagutzen dugun era modernoko partidu politikorik). Marxek politika gehiago pentsatzen du gertakizun gisa (gerrak eta iraultzak) eta formen asmakuntza gisa. Hori da nik “zapalduaren politika” deitzen dudana. Pentsamendu burgesak politika profesionala murrizten duen eremu estataletik egotziak eta baztertuak direnen politika.

Politikaren beste ideia hori, gaur egun, oso garrantzitsua izaten mantentzen bada ere, badira ere Marxen baitan puntu ilunak, salbuespen unearen (“proletargoaren diktadura”) eta Estatuaren (eta zuzenbidearen!) ezabapen azkarraren ikuspegiaren arteko korto-zirkuitoa sortzera bultza dezaketenak. Korto-zirkuito hori Leninengan presente dagoela iruditzen zait (bereziki Estatua eta Iraultza liburuan), eta horrek ez du ezertan laguntzen transizioa, bere alde instituzional edo juridikotan, pentsatzeko orduan. Bainan haatik, XX mendeko esperientzia guztiek behartzen gaituzte aurrerantzean partidu, mogimendu sozial eta instituzio estatalen arteko bereizketa iraunkorki pentsatzera.

Heredentziaren gaurkotasunarik buruz berriro, begibistakoa dirudi. Marxen gaurkotasuna Kapitalaren beraren eta ekonomia politikoaren kritikaren gaurkotasuna da, kapitalak socil killer gisa duen barneko logika inpertsonalaren ulermenarena. Bada ere globalizazio merkantilaren gaurkotasunarena. Marxek begibistan izan zuen biktorianismo garaiko globalizazioa: garraio eta komunikazioaren (burni bidea eta telegrafoa) hazkundea, urbanizazio eta espekulazio finantziarioa, gerra modernoa eta “sarraskien industria”. Harekin antza handiak dituen garai batean bizi gara, iraultza teknologiko berri batekin (Internet eta astronautika, espekulazioa eta eskandaloak, gerra globala etabar…). Bainan kazetari gehienek gauzen azalera deskribitzearekin konformatzen diren bitartean, kritika marxistak gauza horien logika ulertzen laguntzen digu, kapitalaren pilaketa azeleratuaren eta birpodukzio hedakorraren logika. Batez ere zibilizazio-krisiaren erroetara jotzera laguntzen digu: neurri-erizpidearen krisi orokorra, munduaren desarautzearen krisia, balioaren legea bihurtzen bait da – aberastasun guztia merkantzien pilaketara murrizten du eta gizakiak eta gauzak lan-denbora abstraktuaren arabera neurtzen ditu – geroz eta “miserableagoa” (hitza Marxek erabilia da 1857-1858ko Eskuizkribuak liburuan). Non eta lanaren eta teknikaren arrazionalizazio partziala bihurtzen den irrazionalitate orokor hazkorra. Krisi soziala (produktibitateak bazterketa eta pobrezia sorrarazten ditu, eta ez denbora askea) eta krisi ekologikoa (Boltsaren edo Nasdaq-en berehalako “arbitraje”-en bidez ezinezkoa da mende eta milenioen eskalan baliabide naturalak kudeatzea) dira irrazionalitate horren argitzapen lazgarriak.

Krisi historiko honen atzean, planetaren geroa eta gizadiaren – espezie gisa – biziraupena mehatxatzen duen krisiaren atzean, propietate kapitalistaren harremanen berezko mugak daude. Lanaren sozializazioa inoiz baino garrantzitsuagoa den bitartean, munduaren pribatizazioa (eta ez industriena soilik, zerbitzuak, espazioa, bizidunak, jakintza… baizik) beharrak asebetetzeko eta garatzeko frenoa bihurtzen da. Aitzitik, kalitatezko zerbitzu publikoen eskariak, zenbait ontasun eta zerbitzuen dohantasunaren garapenak, “gizadiaren ondare amankomuna”-ren erreibindikazioak (energia, lurra, ura, aidea, jakintza… gaietan), harreman sozial berrien premia eta exijentzia adierazten dute.

Vpered: Zeintzuk dira marxistek gaur egun konpondu beharreko arazo teoriko nagusienak?

Daniel Bensaïd: Landu beharreko arazoetaz hitzegingo nuke nik, konpondu beharraz baino. Zeren horien soluzioa ez da teoriko hutsa, praktikoa baizik. Argitzerik badago, milioika eta milioika pertsonen esperientzia eta imaginazioaren emaitza izango da. Aldiz, badira auziak ez Marxek ez Engelsek, eta ezta aita fundatzaileek ere imaginatu ere ezin izan zuten azken mende honetako esperientziaren argitan berriro hartu eta landu beharrekoak.

Eta lehenik, auzi ekologikoa. Badago Marxengan, egia da, zentzu bakarreko progresoaren kontzepzio abstraktoaren kritika (1857ko Eskuizkribuak-en lehen orrialdeetan), eta azaltzen zuen, harreman sozial kapitalisten markoan edozein aurrerapenak baduela beste aldea, atzerapenak eta triskantzak (Kapitala-n nekazaritzari buruz). Bainan ez berak, ez Engelsek edo Leninek edo Trotskyk ez dituzte benetan barneratu atalase eta muga nozioak. Korronte maltusiar erreakzionarioen aurka eraman zuten borrokaren logikak bultzaturik, zailtasunak konpontzeko oparotasunaren aldeko apostua egiten zuten. Baina, ezagutza zientifikoen garapenak, arriskuen atzeraezintasunaz eta eskala desberdintasunaz kontzientzia hartuarazi gaitu. Inor ezin da gaur egun zihur egon ekosisteman, bioaniztasunean, oreka klimatikoan eragindako kalteak atzerabueltarik dutenentz. Beharrezkoa da, bada, nolabaiteko harrotasun prometeiko bat zuzentzea, eta gogoan hartu, Marxek oraindik 1844ko Eskuizkribu paristar-etan azpimarratzen zuen bezala, ezen gizakia “izaki natural gizatiarra” baldin bada ere, lehenik izaki naturala dela, hau da, bere nitxo ekologikoaren menpeko. Kritika marxista, gaur egun, beste inbestigazio eremutan sorturiko ekarpenez (Georgescu-Rötgenenak, adibidez) elikatu ba daiteke ere, ikusten da ere azken urteetan kritika marxianoan inspiraturiko “ekologia soziala” garrantzitsu bat garatzen ari dela (horrela uste dute Bellamy-Foster Estatu Batuetan, Jean-Marie Harribey edo Michel Husson Frantzian, eta beste asko).

Ondoren, garrantzitsua dirudi politikaren baldintza espazial eta denborazkoetan ematen ari diren aldaketen ondorio estrategikoetan pentsatzea. Badago literatura teoriko oparoa denboraren auziari buruzkoa, erritmo ekonomikoei buruzkoa (zikloak, kapitalaren errotazioa, neurri soziala, etabar…), denbora sozialen (denbora politikoa, denbora juridikoa, denbora estetikoa) diskordantziari buruzkoa, edota jadanik Marxek “kontradenbora” deitzen zuenaz, eta Ernst Bloch-ek “ez-gaurkotasuna”. Aldiz, Henri Lefebvreren lan aintzidaria hor egonik ere, espazio sozialen ekoizpen sozialaren inguruko lan teoriko gutxiago sortu da. Haatik, globalizazioak eskala espazialen berrantolaketa sortzen du egunero, botere-guneen birbanaketa, garapen desberdin eta konbinatuaren modu berriak. David Harvey-k erakutsi du bazeudela Marxengan zentzu honetan arrasto interesgarriak, eta Harvey-k berak landu du menperatze inperialistaren gaur egungo formei dagokionez horien egokitzapena. Izan ere, Imperioaren “espazio lau” eta homogeneo batera (Toni Negrik iradokitzen zuen bezala) hurbildu beharrean, inperialismoak hazkunde desberdintasuna iraunarazten eta erabiltzen du kapitalaren pilaketaren zerbitzuan.

Hirugarren gai handi bat lanaren eta beraren itxuraldaketena da, hala makina bidezko kontrol-prozeduren bidezko lan indarraren kudeaketaren tekniken ikuspuntutik nola lan intelektual eta esku-lanaren arteko harremanen egokitzapenaren ikuspuntutik. XX mendeko esperientziek erakutsi dute, hain zuzen, propietate-harremanen aldaketa formala ez dela aski lanean eta lanaren bidezko alienazioarekin amaitzeko. Batzuren aburuz “lanaren amaiera” litzateke konponbidea, edota beharraren eremutik alde egitea (ihesa?). Badago Marxegan lanaren kontzeptuaren ulermen modu bikoitza: ulermen antropologiko bat, zentzu zabalean, natura eta giza-espezien arteko eraldaketa (edo “metabolismo”) harremanak izendatzen duena; eta ulermen espezifikoa edo murritzagoa, lana lan-ezarria bezala ulertuz, eta bereziki, formazio sozial kapitalistetako soldatapeko lan forma. Esanahi murritza honi dagokionez, helburutzat lana liberatzea eta lanatik aske gelditzea jarri daiteke eta jarri behar da, eta diru-sarrera sozializatzea soldatapeko forma ezabatzen joan dadin. Bainan ezin da ezabatu “lana” (bestela deitzen bazaio ere), inguramen naturalaren eraldaketa eta eskuratzeko jardunbide orokorraren zentzuan. Auzia da, orduan, ekinbide hori sortzaile izan dadin zer formak sortu behar diren pentsatzea, zeren guztiz dudagarria bait da lana bera alienatua mantentzen den neurrian, bizitza aske eta autogarapenezkoa izan daitekeenik.

Laugarren auzi handia mundua aldatzeko estrategiarena litzateke – edo estrategiena –. Izan ere, euforia edo zoratze une labur baten ondoren, Berlingo harresiaren erorketa eta Sobiet Batasunaren eztandaren biharamunean, promesa liberal handiak, guztiz azkar, sinisgarritasun guztia galdu du. Lehiakortasun merkantil “faltsutu gabea”-ren hondamen sozialak eta ekologikoak agerian jartzen dira egunero bere tamaina itzelarekin. Gerra eta salbuespen egoera etengabea besterik ez da krisi historiko honen ifrenzua baizik. Mogimendu altermundialisten sorrerak porrot bat adierazten du: mundua ez dago salgai, mundua ez da merkantzia bat… Kapitalismoaren behin betirako garaipena aldarrikatu eta hamabost urte baino gutxiagora (Fukuyamaren “historiaren amaiera” ospetsua), mundu kapitalista hau, benetan existitzen duena, ez-gizatiarra eta onartezina delako ideia oso zabaldua dago. Ordainez, XX mendeko sozialismo-karikatura eta porrotetan berriro erori gaberik mundua aldatzeko bitartekoei buruz zalantza handiak daude.

Beharrezkoa da, bada, sistemaren kontraesanetan klase borrokak duen zentralitateari uko egin gabe, kontraesan horien, mogimenduen eta eragileen pluraltasuna pentsatzea, aliantzak pentsatzea, politiko eta soziala nahasi gabe, horien arteko osagarritasuna pentsatzea, hegemoniaren eta fronte bakarraren problematika – III Internazionaleko eztabaidetan edota Gramsciren Presondegiko kahierrak-etan gordailuan utzitakoa – berriro hartzea, hiritartasun politiko eta hiritartasun sozialaren arteko harremanetan sakontzea… Programa zabala, aurrera eraman ezingo dena borroka eta organizazio esperientzia berrien ekarpenik gabe.

Noski – hauxe, egia esan, aurreko puntuan inplizituki bazegoen – horretarako neurtu beharra dago gizarte modernoetan fenomeno burokratikoa bere hedapen guztiarekin, eta zer nolako erro sakonak dituen lanaren banaketa sozialean. Azalezko ideia baten arabera fenomeno burokratikoa gizarte kulturalki atzeratuen emaitza berezia litzateke, edo organizazio modu batzuren ekoizpena (“partidu” politikoen organizazioena, bada). Egi egitan, gizarteek, zenbat eta garatuagoak izan orduan eta forma burokratiko anitz gehiago sorrarazten dituzte: Estatuaren burokraziak, burokrazia administratiboak, jakintzaren burokraziak, adituen burokraziak. Organizazio sozialak (sindikatoak, gobernuz kanpoko erakundeak) partiduak baino burokrazia gutxiagokoak ez dira. Aitzitik, partiduek (partidu deitu, edo mogimendu, asoziazio, talde… ez du axolik) izan daitezke diru bidezko korrupzioaren aurrean eta kooptazio mediatikoaren aurrean (zeren burokrazia mediatikoa bada ere beste burokratizazio forma berria) erresistentzia kolektiborako tresnak. Erabakiorra bihurtzen da, bada, boterea eta politika desprofesionalizatzeko bitartekoak pentsatzea, hautsetsi izateko epeak mugatzea, pribilegio material eta moralak kentzea, arduretan errotazioa bermatzea. Ez dago gai honetan arma edo antidoto absolutorik. Egin daitekeena zaingo-neurriak hartzea da eta joera burokratikoak mugatzea. Bainan benetako irtenbideak epe luzerakoak dira eta lanaren banaketaren eraldaketa erradikalaren eta behartutako lan denboraren murrizketa drastikoaren eskutik etorriko dira.

Auzi hauei buruz lana egiteko, badaude iturri garrantzitsuak – askotan ezezagun edo ahaztuak – Marxegan eta tradizioa marxistaren baitan. Bainan badira ekarpen garrantzitsuak pentsamenduaren bestelako korrontek landutakoak, ekonomian, soziologian, ekologia kritikoan, genero azterketetan, azterketa postkolonialetan, psikoanalisian. Ez dugu aurrera egingo ez bada Freud-ekin, Foucault-ekin, Bourdieu eta beste askorekin solastuz baino.

Vpered: Zeintzuk dira, zure ustez, azken hamarkadetako pentsalari marxista nabarmenenak eta zein da, marxismoaren garapenerako, beraien ekarpenaren garrantzia?

Daniel Bensaïd: Antzua litzateke azterketa marxisten palmares bat, edo hit-parade bat, edo ohorezko taula bat osatzea. Lehenik, lan intelektualaren sozializazioa eta adimen kolektiboaren mailaren igoera orokortua direla medio, ez daude ia gehiago “maixu pentsalariak” edo “intelektual handiak” (Sartre, Lukács etabar… izan ziren bezala). Areago, gauza on bat da, bizitza intelektualaren eta eztabaida teorikoaren demokratizazio urratsa. Zaila da orduan edo nahikoa arbitrarioa gaur egun figura handiak aipatzea. Ordainez, bada Marx eta marxismoetan inspiratutako behaketa eta lan multzo oso handia, eremu eta displina oso anitzetan, linguistika eta ekonomian, psikologian, historian, geografian. Aipatu beharko litzateke, bada, hamarnaka izen, askotan zehaztuz zein den egilearen gaitasun-eremua, zeren “intelektual orokorraren” ametsa seguruenik ilusio bat bihurtu da, bainan “intelektual kolektiboa”-k irabazi du.

Beste arrazoi batek egiten du are zailago egin duzuten galderari erantzun zehatza ematea. Horretaz ohartzeko aski da mogimendu sozialista eta komunistaren izen handi batzuk aipatzea: Marx, Engels, Kausky, Pannekoek, Jaurès, Rosa Luxemburg, Lénine, Trotsky, Boukharine, Gramsci… Horiek denak izan dira mogimendu sozialaren “intelektual organikoak”, teoria eta praktika lotzen zuten militanteak. Aldiz, nazioarte mailan eman den erreakzio estalinistaren eta langile mogimenduaren porroten ondoren jaso den emaitza izan da, alor honetan, teoria eta praktikaren arteko dibortzio iraunkorra. Perry Anderson-ek “mendebaldeko marxismo”-ari buruz idatzi eta hirurogeitamargarrenetan argitaratu zuen liburu txiki baten muinean auzi hau zegoen. Pentsamendu eta jardunbide askea gorde ahal izateko, intelektual askok – zenbait ohorezko salbuespen salbu – konpromezu militantetik aparte mantendu dira, eta konpromezu horren aldeko urratsa eman dutenean sakrifikatu behar izan dute askotan bere kontzientzia eta bere lan teorikoa. Intelektual frantzesek mogimendu komunistarekin izandako harremanen historia, tragedia honen historia da: Paul Nizan-ena, Henri Lefebvre-rena, surrealistena, Pierre Naville-na, Aragon-ena, “bide-lagun” askorena. Hirurogeigarrenetan, bilaketa teorikoa ortodoxia eta babes partisanotik askatu ahal izateko, Althusser, teoria eta praktikaren arteko lan-banaketa zurruna teorizatzera iritsi zen.

Oraingo garai hauetan oroimen ilun horietatik irten ahal izango garela espero dut. Mogimendu altermundialista mogimendu sozial berpiztuen eta bilaketa teoriko biziaren arteko topaketa berri baterako abadagunea izan daiteke. Dudarik ez, hitzordu berri bat da eta honi ezin zaio muzin egin.

Vpered: Larogeitamargarrenetan, oso zabaldua egon zen iritzi bat: lana eta kapitalaren arteko kontraesana ez da gaur egungo gizarteen gatazka nagusia. Zer iritzi duzu horretaz?

Daniel Bensaïd: Galdera honi alde desberdinetatik hurbil gaitezke. Aipatzen duzuten iritzi zabaldu horrek argudiatzen zuen esanez kontutan hartu behar zela bilakaera soziologikoa eta, herrialde garatuetan, proletargo industrialak populazio aktibo guztiaren baitan ezagutu duen murrizte erlatiboa. Murrizketa hori erreala da (Frantzian %33 izatetik %25 izatera igaro da) bainan oraindik populazio aktiboaren laurdena izaten jarraitzen du; eta, nazioartean begiratuz, proletargo hiritarrak eta nekazaritzakoak gora egin duela ematen du. Proletargoaren beherakadaren edo desagerpenaren ustea sailkapen-kategoria soziologikoetatik abiaturik, egiten den klase sozialen definizio murriztaile, are obrerista ere, batetik elikatzen da. Aldiz, Marx-engan, klaseen soziologia positibistarik ez duzute aurkituko, harreman sozial dinamikoa baizik, klaseak ez bait dira beren borroketan baino. Kontutan hartzen badira produkzio bitartekoen propietatearekiko harremana, soldata-sarreraren forma eta maila, lan banaketa sozialean kokapena, terziario deituriko sektorearen soldatapeko gehiengo oso handia (eta horien artean emakumeak geroz eta gehiago) Marxek hitz honi hasieratik ematen zion zentzuan proletarioak dira. 1848an, proletargo paristarra – eta horietaz ari da Klase borroka Frantzian liburuan – apenas zen industriala, eta gertuago zen tailerretako eskulagileengantik. Nahasi egiten da askotan organizazio eta klase kontzientziaren ahultzea (porrot politiko eta sozialen ondorioa) klase borrokaren beherapen atzeraezinarekin. Hau esana utzi eta gero, arreta handia jarri behar zaio organizazio eta kontzientzia hori garatzeko dauden trabak aztertzeari: bizitza sozialaren pribatizazio eta indibidualizazioa, lanaren malgutasuna, lan denboraren eta saritzeko moduen indibidualizazioa, langabeziaren eta prekarietatearen presioa, deskontzentrazio industriala eta produkzioaren antolakuntzan eman diren aldaketak…

Kapital eta lanaren arteko harremana, haatik, gaurko gizarteetan giltzarria izaten jarraitzen du. Hala ere, ez nuke nik erabiliko “gatazka nagusia” hitza, gainontzeko kontraesanak “bigarren” mailakotzat hartzera bultzatzen bait du. Gertatzen dena da kontraesan multzo bat badagoela eta horiek ez dutela denboratasun bera adierazten (ez dira eskala historiko berdinekoak), bainan estuki inbrikatuak daudela (edo, Althusserren hiztegia erabiliz, kapitalaren logika nagusiak “gaindeterminatuak”): genero (edo sexo) harremanak, natura eta gizartearen arteko harremanak, inbidibuala eta kolektiboaren arteko harremanak. Benetako problema kontraesan horiek artikulatzea da. Zergatik sindikatoak, mogimendu feministak, elkarte ekologistak, mogimendu kulturalak elkartzen dira espontaneoki Foro sozialetan? Horrela da arrazoi bategatik: Kapitala bera eta harreman guztietan eragina duen merkantilizazio orokorra direlako kontraesan desberdin horien bategile handia. Bainan konbergentzia hori egin behar da mogimendu desberdineko berezitasunarekiko begirunez.

Bestalde, bada auzi honetan borroka ideologikorik. Bourdieu bezalako soziologoen ideia nagusi bat, hau da, harreman sozialak ez direla soilik egoera naturalean atzematen, baizik eta errepresentazio bidez eraikiak direla onartzen bada, oraindik hala ere, errepresentazio horiek oinarri erreala izan dezatela beharrezkoa da. Soziala klase-hitzetan errepresentatzeak argudio sendoak ditu, hala teorikoak nola praktikoak. Bestalde harrigarria da hainbeste galdera proletargoaren existentziari buruz, bainan inoiz ez da zalantzan jartzen burgesiaren edo patronalaren existentzia: aski da, izan ere, etekinen eta egoerari loturiko errenten banaketa aztertzea horien existentzia baieztatzeko! Klase borrokaren gaurkotasuna azpimarratzeak badu asmo edo apostu argia: arraza, nazio eta erlijio eta abarren gainetik elkartasuna eraikitzeko asmoa. Klase borrokaz hitzegiten entzun nahi ez duten horiek, aitzitik, hitzegingo dizute tribu eta etnien arteko borrokaz, erlijio gerraz eta gatazka komunitarioetaz. Eta hori atzerapauso izaugarria litzateke, eta gaurko munduan jadanik bidea egiten ari den atzerapauso. Klase borrokaren internazionalizazioa da internazionalismoaren oinarri materiala (eta ez soilik morala), mundializazio merkantilari emandako erantzuna den neurrian.

Vpered: Zein elkartze puntuak aurkitzen dituzu gaur egun teoria marxista eta mogimendu sozial masiboen artean?

Daniel Bensaïd: Nik uste dut bere mami funtsezkoenean (“ekonomia politikoaren kritika” eta kapitalaren akumulazioaren kritika), teoria marxistak mundializazio liberala eta bere ondorioak abordatzeko tresnarik eraginkorrena izaten jarraiten duela. Duen gaurkotasuna, esana dut jadanik, Kapitalaren berarena da. Bestalde, mogimendu sozial gehienak hor inspiratzen dira, jakinik edo jakin gabe ere. Fernan Braudel historialarik azpimarratzen zuen jadanik gaur egungo munduaren ezagutza marxismoaren kategoria kritikoez blaitua dagoela, baita aurkarien kasuan ere. Eta Jacques Derrida filosofoak Marxen gaurkotasuna honela laburbiltzen zuen 1993ean: “Etorkizunik ez Marx gabe”. Alde, kontra, haruntzago… Nahi dena, bainan “gabe” ezin! Teoria hau ez da gaur egungo gizarteen ulermenaren azken hitza, bainan bera da ezinbesteko pasartea. Paradoxala da, bainan Marx “zakur amorratu”, modatik pasea, zaharkitutzat hartu nahi duten ideologo liberalek ez dutela aurrean jartzeko ezer ekonomista klasikoetara jotzea ez bada, edota XVII mendeko filosofia politikoetara, edota Tocquevillengana. Marx bere garaikoa zen noski. Bere garaikideekin zientziarekiko eta progresoarekiko hainbat ilusio partekatu zituen. Bainan kritika gaitzat hartu zuen objektuaren izaeragatik – hau da, kapitalaren akumulazioa eta bere logika – bere garaia gainditzen zuen eta gureari aurrea hartu zion. Horretan dugu garaikide, agertu eta berehala zaharkituak gelditzen diren pseudo-berrikuntza askok baino askoz ere gazteago eta kilikagarriagoa.

Vpered: Nola ikusten dituzu gaur egungo mogimendu sozialista zabalak eta mogimendu horiek, partidu politikoak ez bezala, kapitalismoaren aurkako borrokak garatzeko egokiagoak diruditela? Zer pentsatzen duzu partidu politikoen geroaz, partidu gisa, eta erakunde internazional bat eraikitzeko elementu gisa?

Daniel Bensaïd: Ados jarri beharko ginake “mogimendu sozialista zabalak” horrekin esanahi denarekin. Seguraski emantzipazio mogimenduaren berreraiketa teoriko eta praktiko baten hastapenetan gaude, tragedia eta porrot izugarrizko mende baten ondoren. Batzutan ematen du, neurri batean, berriro zerotik hasten garela. Har dezagun Brasilgo Langileen Partidua: larogeigarrenetako hasieran sortua diktadura militarra erori zen momentuan, hirurogeitamarretako industrializazio azkarren emaitza, antza handiak izan zezakeen 1914ko gerra aurreko sozialdemokrazia alemandarrarekin (masa izaera berdintsua zuen eta antzeko pluralismo ideologikoa). Bainan gu XXI mendearen hasiera gaude, eta tartean XX mendea izan da. Ezingo da ezabatu, ezingo da parentesi artean itxita utzi gordea. PT berak ezagutu du, horrela, mende laurden bat baino denbora gutxiagoan, burokratizazio prozesu azkar bat eta gaur egunko kontradikzioen, potentzia harremanetan, dominazio inperialistaren berrantolaketan Amerika latinoak duen paperaren jokuan atrapatua gelditu da, etabar…

Lehen hasiera batean, erresistentzia eta oposiziozko borroketarako, mogimendu sozialak eraginkorragoak eta zehatzagoak agertzen dira partidu politikoak baino. Agertzen dira eta horrek markatzen du esperientzia ziklo baten hastapena. Esperientzia hori gabe ezer ez litzateke posible izango. Bainan, Marxek bere garaikideei “ilusio politikoa” (giza emantzipazioaren azken hitza askapen zibiko eta demokratikoen lorpena zela sinistea) leporatu zien bezala, guk ohartarazi dezakegu orain badagoela “ilusio soziala” bat, zeinaren arabera liberalismoaren aurkako erresistentzia soziala, alternatiba politikoa ez izanik ere, gainditu ezingo gendukeen ortzimuga litzatekeela. “Historiaren amaiera”-ren “ezkerreko” bertsioa da hori. Kapitalismoaren krisia, haatik, hain da tamaina handikoa, gizadiaren eta planetaren geroaren gain ezartzen dituen mehatxuak hain izugarriak dira, erronkaren neurrira legokeen alternatiba guztiz premiazkoa dela.

Honi dagokionez, hemen daukaguna da indar zehatz batzuek plazara dezaketen estrategia eta proiektuen inguruko arazoa. Edota ahalegintzen gara, serioski, horrelako alternatiba baten alde, edota jadanik badiren indar sozio-liberalei presioa eginez, ezkerrekoak geroz eta gutxiago diren ezkerrak “orekatzen” saiatuz konformatzen gara, eta orduan etsipenari etsipena erantsi egingo diogu. Benetako alternatiba bat eraikitzeko – eta luze izango da lana, igo beharreko aldapa latza delako – pazientzia eduki behar da, uste sendoa, tinkotasuna sektarismorik gabe… bestela, errealismoa aitzaki gerorik gabeko abenturetan eta etsipen akumulazioz deseginak geratuko gara.

Mogimendu internazional baten berreraikitzeari dagokionez, auzi are zabalagoa da. Batzuk alderatzen dute gaur egun mogimendu altermundialista, bere Foro sozial mundialak edo kontinentalak, I Internazionalaren hastapenekin: sindikatoen topaketak, mogimendu sozialak, korronte politikoak, ez oso zedarrituak. Alde horretatik, egia da, bada. Eta mundializazio kapitalistak – hori da bere alde positiboa – mogimenduen konbergentzia internazional batera bultzatzen du (XIX mendeko erakusketa internazionalek bidea eman zuten bezala I Internazionala sortu zeneko bilerak egiteko). Bainan badago beste alde bat. Eta da, berriro ere, XX mendea izan dela bitartean. Esperientzia horren emaitza diren korronte politiko eta zatiketak ez dira gauetik goizera ezabatuko. Ez dira kontagailuak zeroan jarriko. Horregatik, hain zuzen, Foroetako konbergentziak eta topaketak dira hain positiboak eta beharrezkoak. Inork ezin du gaur aurresan zer sortuko den hortik. Borroken baitan dago hori, Latinoamerikan edota Ekialde Hurbilean eginbidean dauden esperientzia politikoen baitan. Berreraiketaren lehen fase hau gainditzetik urrun gaude oraindik. Asian eta Afrikan mogimendua hedatzeko posibilitateak badaude. Bainan mogimendu honen heldutasunaren froga eta baldintza izango da beharrezkoak diren eztabaida politikoak mugatu edo zentsuratu gabe ekintzarako batasunari eusteko eta batasuna zabaltzeko ere ahalmenena. Argi dago erresistentziaren lehen fase bat, nik (1830-1840 urteetako mogimendu sozialista jaio berriarekiko analogia eginez) “une utopikoa”deitzen dudan fasea, bukatzear dagoela.

“Mundua aldatu boterea hartu gabe” formula utopikoa oso azkar zaharkitu da oiartzun maila bat jaso ondoren (Latinoamerikan bereziki, bainan ez han bakarrik). Orain boterea hartzeaz hitzegiten da mundua aldatu ahal izateko. Latinoamerikan, norabide politikoaren inguruko auziak ekidinez eta esperientzia brasildarra, venezuelarra, boliviarra, kubatarra!… etabarren balantze alderakoia saihestuz Foro soziala egitea imagina ezina da. Eta nekez imagina daiteke Foro europearra Europako batasun liberal eta imperialistari aurre egiteko alternatiba europearra eztabaidatu gabe.

Ikuspegi honekin, guztiz osagarria da bilkura zabala hauetara erakarpenak egitea eta bere historia eta organizazio-egiturak dituen korronte politiko batek daraman egitasmo eta memoria mantentzea. Are gehiago, mogimendu baterakoiekiko begirunez eta argi jokatzeko baldintza da. Beren definizio politiko propioa publikoki agertzen ez duten korronteak dira manipulatzaileenak. Egia bada, filosofo frantziar batek behin eta berriro zihoen moduan, politikan taula rasarik ez dagoela eta “beti erdipuntutik berrasten dela”, orduan jasotako esperientzien haria galdu gabe berrikuntzara ireki ahal izango da.

Vpered: Nola jasan dezake burgesiak, bere aparailu ideologiko baten barruan, Unibertsitatean alegia, presentzia marxista? Esango al diguzu zerbait, eremu honetan duzun esperientziaz?

Daniel Bensaïd: Gizartean dagoen indar harremanekin loturiko zerbait da. Eskola eta unibertsitatea ez da eremu itxi bat, gizarte kontraesanetatik apartekoa. Hori da, bestalde, “Estatuaren aparailu ideologiko”-ei buruzko formularen arriskua: dominazio burgesaren gurpil estatal hutsak direla inpresioa ematea. Egitan, eskola eta unibertsitatea bi funtzio betetzen dituzte: ordena sozial nagusituaren birprodukzioa, noski, bainan baita ere jakintzen sorkuntza eta transmisioa. Instituzioa, bada, indar harremanez zeharkatua dago. Frantzian, 1968 baino lehenagotik eta ondoren, Unibertsitatean, marxismoaren eragina esanguratsua izan da (ez da exageratu behar ere, Frantzian marxismoaren “urrezko aroa” imaginatuz). Izan dira gune garrantzitsuak irakaskuntza askea eta esperimentazio pedagogikoa egin ahal izateko. Lorpen erlatibo horiek ez dira behin betirakoak. Argi dago larogeigarreneko kontraeraso liberalarekin normalitate akademikoa eta ordena pedagogikoa aski zabal berrezarriak izan direla. Hori ikusten da programetan, examen tipoetan edo unibertsitateko aurrekontuen kudeaketan. Bainan zerbait gelditzen da. Adibidez, askatasun osoa daukat urteroko nire irakaskuntza-programak erabakitzeko. Arazoa da hirurogeigarreneko “belaunaldi marxista” (sinplifikazioa da, beti izan bait da gutxiengo esanguratsua besterik ez) agertokia uzteko puntuan dagoela, eta belaunaldi berriak bere pentsamendu kritikoa Foucault, Bourdieu edo Deleuzeren bidez ari direla lantzen – eta hori ondo dago –, bainan heredentzia marxistaren transmisioa ahulagoa bihurtu da.

Argi dago unibertsitateko askatasun erlatiboak, eskola edota Unibertsitateko harresietatik kanpo ematen diren gizarte mailako indar harremanen baitan daudela, zuzenean. Harreman horietan indarra galtzen denean, mogimendu sozialak porrotak jasaten duen unetik, unibertsitateko ordenean nabaritzen dira ondorioak. Borroka hori, bada, Unibertsitatearen barruan eta kanpoan eraman beharrekoa da, zeren badago ere hezkuntza herrikoi eta asoziatibo ez ofizialaren bideak garatzeko posibilitatea.

Vpered, erakunde politiko marxista errusiarraren gazte militanteek, 2006ean Moskun egindako batzarraren ondoren, Daniel Bensaid-i egindako galderei emandako erantzunak.
www.danielbensaid.org

Documents joints

Partager cet article