Lignes: Esperientzia bat, etsigarria eta ideologikoki asturagaitza, onuragarria izan daiteke? Bestela esanda, sozialismoa frantziarraren porrot politiko eta deskalabru ideologikotik zein balantze politikoa egiten duzu?
Daniel Bensaïd: Hondamen bikoitz baten kolpearen pean gaude. Bata, jadanik gertatua eta iraupen ertainekoa izan dena, ankerkeria estalinistarena da. Bestea, oraingoa, Miterranden hamarkadakoa, zeinean ezabatu egin dira ezkerreko nolabaiteko ideia izan zenaren erreferentzi sekularrak. Hondamendi polítiko eta morala izan da. Krisiaren handitzeari aurre egin behar zitzaion momentuan, lerroak estutu eta elkartasun sozialak baieztatu behar zenean, sozialdemokrazia harrokeriz neoliberalismora konbertitu da. Berak ireki ditu bazterketa eta desberdintasunak sartzen eta hedatzen direneko ateak. Haatik, ordea, ezker gubernamentalak iraupenaren abantaila izan du eta aurrekaririk gabeko botere instituzionala (gehiengo parlamentari absolutoa, gobernua, Errepublikaren Lehendakaritza 1958ko Konstituzioak eskeintzen dituen baliabideekin). Balantzea: langabeziaren eta prekarietatearen igokada, Fronte Nazionala errotu da, egitasmoen urperaketa. Trompeta hots arranditsuz iragarria, erreinuaren azken ekimen ekonomikoa Kuwait-i, Golfoko gerran eskeinitako zerbitzuen truke 400 Leclerc gerra-gurdi.
Bi kasutan, hondamena aurreikusi dugu, eta horren engranajea hausten saiatu gara. Hala ere, ez genuen behar bezala bere zabalera neurtu. Ez gara gure geure profeziak sinistera ausartu. Borrokatu genuen mekanika burokratikoa, atomizazio soziala, espazio publikoaren suntsiketa, Ekialdeko memoriaren txikizioa. Bainan Stalinen etxea erori ondoren errestaurazio kapitalista eta birjaiotza sozialista aukera berdinekin agertuko zirela pentsatzen tematu gara.
Modu beretsuan, 1981ean, batere federik ez aldaketa promesetan, bainan ezin genuen imaginatu erreformarik gabeko erreformistak erabat konbertituko liratekeela merkatuaren kulturara (“norbere dirua ezkerran jartzea, aukera egokia da…”) eta hortik etorri ziren ondorio zitalak.
Garai baten amaieraz hitzegiten da. Zehatza da, dudarik ez. Baldintza eta hertsiko lirateke parentesiaren ilusioari amore ematen ez badio. Atzean gelditu diren adarkatze eta bidegurutzeak ez dira kontra-bidean jartzen. Gertatu dena bere zama guztiarekin ondorengo belaunaldien bizkar gainean dago. Iragana hori ezin da ezabatu. Iragana “justiziara eramana” eta “desegin” behar da praktikoki. Hau ezin da ulertu, Benjaminez ulertu zuen bezala, arriskuaren unean baizik, mehatxuak zentzuak azkartzen duenean eta memoriaren enigmak bapatean askatzen direnean.
Garai baten amaieraz hitzegitea, bada ere orrialde pasa egiteko edo hutsetik hasteko tentazioaz hitzegitea. Ezein pentsamendu, ezein egitasmo ez da mende honen esperientzia erigarritik aterako ukiturik gabe. Porroten lege latzak agintzen du ez dezaten denok erantzunkizunak konpartitu, nahiz eta ondorioak denok paira. Guk esan dezakegu estalinismoa bere lehen ordutik borrokatu dugula, bainan baita ere ondorioak denbora luzez jasan behar izan dugula. Ezta gure pentsamenduaren unibertsoa ez da Berlingo harresiarekin eta Sobiet Batasunako lokadurarekin suntsitu.
Gezur handi nahastatzailearen garai honetatik inor ez da zauririk gabe irten. Oraina ulergarria eta etorkizuna pentsagarria izan daitezen kontuak argitu behar dira. Zaurietan kritika historikoaren burni goritua sakatu. Gure jakinduria teorikoaren inbentarioa egin, jakinda ere gure hiztegia bera ukitua izan dela, eta esperientzia fundatzaile berririk ezean, erreala hitz gaixoez zundatzera kondenatuak gaudela. Orduan, berritu, bersortu, berreraiki? Bai. Bainan hastapen berri horiek, hastapeneko Bing Bang ez bezala, ez dute berritasun guztiz garbia erakusten. Ez dago asmaketarik edota benetako berritasunik galdutako tradizio baten salbamenduaren eta lokartutako tradizio horren ahalmenen iratzarpenaren bidez ez bada.
Bi-hiru urte aski izan dira Bush imperator-en diskurtso garailea iraultzen hasteko. Berlingo harresiaren erorketaren eta Golfoko gerraren ondoren, beste gairik ez zegoen ordena mundial berria baino. Gaur egun, desordena berriak hedatzen ari dira nonahi. Garapen bidean zeuden herrialdeetaz hitzegiten zen? Gehienak azpigarapen bidean daude. Anafalbetismoak, goseak, izurriteak ari dira eremua irabazten. Kontinente osoak desintegrazio mehatxuaren pean daude.
Ekialdeko Europaren espazio “liberatu” handietan kapitalismo garailearen ezarpena iragartzen zen? Hirugarren mundu berri bat da, are laugarren mundu bat Europako ekialdean eta ex-Sobiet Batasunaren agerian jartzen ari dena. Alemaniako batasunak kostu askoz ere handiago du suposatutakoa baino. Behialako inperio sobietarren maila bereko ahalegina egiteko ez borondate politikorik ez kapital erabilgarririk ez dago. Laguntza neurtuak ur tanta baizik ez dira (Marshall plana izan zenaren baino askoz ere murritzagoak), eta herrialde aberatsetan, Estatu Batuetatik hasita, aurre egin behar diote desberdintasunen hedapenari, aurrekontu eta komertzioko defizitei, lur-jotze birtualari. Eta hortik “azpi-garapenaren” forma guzti berri bat, gizarte oso industrializatu eta hiritartuetako kaosean murgiltzen dena.
Hondamen batek mozorrotzen du, bada, beste bat. Gerra ondorengo oreka negoziatua hautsia dago mundu osoan. Horregatik da hain desesperagarria Balkanetakoak, Georgiakoa, Armeniakoa “beste garai bateko gerrak” direla entzutea hedabideetan. Aitzitik guztiz gaurko gerrak dira. Gure garaietako gerrak. Seguruenik, tamalez, biharko gerren zirriborroa, Afrikan, India azpikontinentean, Errusiako federazioan.
Oraina hau jokaleku gisa pentsatzea premiazkoa da, erabaki garrantzitsuen leku gisa; bere itxurazko “ezgaraikotasuna” ulertu ohikeria hautsiaren, posibleari agerpena eman diezaiokeen haustura baten zeinu gisa. Totalitarismoaren ideologoek sinistarazi nahi izan dute Ekialdean estatuak gizarte zibila irentsia zuela, eta historia (jadanik!) ibilgetua zegoela eternitate hondatuaren izotzetan. Tiananmen-go manifestazioekin harrituta gelditu ziren, gero diktadura burokratikoen pitzadurarekin. Mogimendu sakon horiek, beren beherapen aldiak eta munduko ordena iraultzen duten gorakada horiek ez ziren inolaz ere aurreikusiezinak.
Berlingo harresiaren erorketa bainan hamar urte lehenago, bigarren mendea ospatzen zuen Iraultzari esanarazi nion: “Denbora geldituaren ilusio prekarioan bizi zarete, mende erditik hona bitan zatituriko kontinente zahar txiki honek behinbetirako oreka erdietsi duela dirudielako aitzakiarekin. Lur lauaren eta goi-lautadaren ilusioa. Falta zaizue atzerako ikusmira. Ezagutzen dut itxurazko pake honen ordaina, azalezko pake honen ordaina. Gerra eta iraultzazko berrogei urte baino gutxiagotan, Europa izan da kontinenteen artean landuena, itzuliena, zaurituena, eta entzuten dut jadanik bere atari handien kraskailak eta bere erdigunearen lurrazpiko orroak… Hurbiltzen ari gara, bainan ez “egurrezko adatsen metafora” baizik ez den historiaren bira batera, eztanda ikaragarri batera baizik. Mende bukaeretako sorta da: 1789-1915, 1895-1917. Aro baten amaiera ukitzen ari gara”.
Ez zegoen azti izan beharra aurrez ikusteko. Hirurogeitamargarrenetan hasieran hasitako nazioarteko akumulazioaren krisiaren logika sakona ulertzea eta diskurtso liberalaren lakirio ekonomistan ez erortzea nahikoa zen. Beti iragarria eta beti gezurtatua, “krisiaren irteera” ez dago etekin tasaren biratze sinple batean. Kapitalaren ikuspegitik, balioztatze espazioaren berrantolaketa orokorra beharrezkoa da, bestela esanda estatuen desagerpen eta fusioak, kontinente osoen berrantolaketa. Eraikuntza europearra, iparramerikako komertzio librearen tratatua, Gatteko negoziazioak, imperioen eztandak eta eragin-eremuen partiketa berria berrantolaketa horren zati dira. Ez dugu bada aro baten amaieraren atarian. Amaieran gaude. Bete betean. “Oraindik gehiago” eta “oraindik ez” artean.
Amaitua egon ezean, historia ideologikoki baizik ez dago abolitua. Zabuka ironiko batean, Fukuyama batek batzen ditu filosofiaren historia (unibertsal) doillorena positibismo sozialdemokrata edo estalinistarekin. Azken hauetarako, progresoaren abiadak ezin zuen desbideratze edota kontradenbora gogaikarriak baizik aurkitu zorionaren hirirantzako diseinaturiko bidean. Fukuyamarentzat helburua soilik aldatu da: “Gure mendea zeharkatu duten alternatiba modu handiak (faszismoa, komunismoa)”, besterik ez dira “demokrazia liberalaren etorreran desbideratzen itzelak” baino.
Ordena nagusi da Clioren domeinutan.
Lignes: Nola zehaztuko zenuke tarteko denbora honetan, ez osorik amaitua eta ez oraindik etorria, egin beharko zena?
Daniel Bensaïd: Aurrerantzean, erronka, bien tarteko horretan, gatazkatasun sozialaren metamorfosietan eta bere determinazio historikoen loditasunean, konpromisoaren baldintzak pentsatzea da. Ahalegin hori elikatu beharrean, diskurtso dominatzailea erreztasun mediatikoetara eta postmodernitatearen errotorikara amore emana dago. Historiaren amaiera? Ideologien amaiera? Helburuen amaiera?
Nagitasun horretan harrigarriena da, agian, gatazka, oldar eta tragediaz beteriko mendea nola murrizten den itzalen antzerkia izatera. Ideiaren ideiaren kontrako garaipenera. Liberalismoak “komunismoa” txiki utzi izanera. Historiaren finixa. Lausotze ideologikotik irtetzea.
Bainan desagertze bidean diren ideologi horiek zer diren? Nola ulertu behar diren? Gehinetan, besterik ez da komunismoa edo, orokorrago esanez, gizartearen eraldaketzeko edozein egitasmo arriskutsuki ilusoriotzat izendatzea baino. Zeren alde ideologiaren ezabatze hori? Egiari buruz egia esatera mugatuko zen zientzi zuhur baten alde? Aspaldi, ordea, zientziaren errepresentazio hori, iluntasuna argien bidez erabat deuseztera zuzenduriko zientziaren errepresentazio hori, bihurtu da bere aldetik progreso abstraktuki mekaniko baten ideologia, aditu eta berezituen apaizgoaren ideologia eta Akropolis gaineko otoitz errukioarren ideologia.
Aitzitik, plisti plasta gabiltza, inoiz baino gehiago, bete betean munduaren errepresentazio mistifikatu, alderantzizkatu, erlijiosoan, bestela esanda bete betean ideologian. Gure aurkezle mediatikoek mito gehiago fabrikatzen dute egun batean, hausnar monakaletan 10 urteetan ondurikoak baino. Berrirakurri daitezela Roland Barthesen Mythologies dizdiratsuak (gaur egungo airerako ezker muturreko panfletoa!), eta gero, pazientzia santuaz harmaturik, Pierre Bérégovoyren diskurtsorik hoberenak. Arsenal guztia hor dago. Historiaren naturalizazioa: merkatua “naturala” da, eta Golfoko gerra instantanea geoestrategiko batera murrizten da… Erdipuntu justuaren “ezezezkeria”: “ez nazionalizazioak, ez pribatizazioak”, “Europa ez da ez eskubikoa, ez ezkerrekoa”… Tautologia: “Europa… Europa da”… “Txertoa”: egitasmoak ustelkeriaz jota badaude, korrupzioaren aurkako lege txiki bat… Despolitizazioa: ekonomia automata batean inoiz ez dago bestelako politika posiblerik…
Ideologien amaiera dekretatzea, eragiketa ideologiko nagusiena da. Ezin zaio ideologiari ihes egin merkantziaren fetitxismoaren iturrian elikatzen den bitarte guztian. Ihesarik ez. Egiaren ertzetik igarotzerik ez. Ideologiaren aurkako borroka, egiaren alorrean kokatzen da, eta jakinda. Ez du Zientziaren, maiuskulakin, behin betirako garaipena nahi, teoria-politika-estrategia mailako lorpen ahul, erlatibo, beti berriro hasiak baizik. Irudiaren aroan, Régis Debrayek azpimarratzen duen bezala, ideologia ikonologiarekin berrindartzen da: Balkan nahasietara hegan goaz irudi sinplistekin. Bainan atrapatuak geldituko gara lurrean, iraupen luze eta ikusezinez. Zisma ortodoxoa, hori ez da filmatzen. Bainan horrek pisu astun gehiago du irudi bat baino. Pantaila txikia eszena mitiko itzela da.
Lignes: Zer konpromezu oposatu eszena mitiko honi gaur egun, konpromisoak berak, eskura, helmugaratze mitorik ia ez duenean?
Daniel Bensaïd: Konpromisoaren auzia lotu beharra dago, halabeharrez, politikaren krisia deitu izan den horrekin. Denak lotzen da honetan. Politika ezingo zen kontzebitu, orainak denboraren katekatzetik posibleak askatzeko ahalmenik ez balu. Fatalitateak zintzilik gelditzen ez badira. Jokua, joku infinitoa, partidarekin amaituko balitz.
Izan al gaitezke horizonterik gabe? galdetzen die Jean Cristophe Baillyk historiaren amaiera aldarrikatzen dutenei. Zeren horizonte bat izatea, hain justu, horizontean galtzen diren bidexka ez-argien artean hautatzera kondenatua egotea bait da, posible desberdinen artean erabakitzea, estrategikoki konprometatzea.
Ibilbidearen bermerik gabe eta helmugaren bermerik gabe. Ziurtasunik gabeko konprometatze hau apostu laiko bat da, gatazka sozialaren eremuan, “biktimak aldarrikatzen duteneko gertakizunekiko fideltasunean”.
Izan baden mundua – a fortiori iragartzen ari dena – ez da duela hogei edo hogeitamar urtekoa bainan bizigarriagoa. Aldatzen bada, ez da onerako izango, progresoaren legearen arabera, zeinaren arabera ondorengo batek beti lehenagokoa baino balio gehiagokoa den. “Historiak ez du ezer egiten” idazten zuen Engels gazteak. Denborak ere ez. Kontrakoa uste dutenek mundua baino areago aldatu dira. Leku erosoa hartu dute. Errekontziliatu dira. Aldatzen bada, ez da nahitanahiez okerrera, nostalgia mingotsen atzerabegirako ilusioen arabera. Zergatik nahi da dena neurtu erregla horizontal berarekin? Zergatik sailkatu dena denboraren lerro soilaren arabera, Gorbatxof Breznef baino hobeago edo txarragoa baizik ezin zitekeelakoan, eta Eltsin Gorbatxof baino hobeago edo txarragoa? Bi dimentsio bakarrik kontzebitu ahal izango bagenu bezala eta erlatibitate orokorra gure espazio-denbora historikora aplikatuko ez balitz bezala? Azken batean, erreala errealarekin soilik neurtu ahal izango balitz bezala, eta bihar atzorekin?
Konpromezuaren ordenean, mahain gainean jartzeko balio duen auzi bakarra da jakitea ia ezarritako ordena gizatasun aldetik eramangarria den edota aldatu beharra dagoen. “Are hartara iristeko ziurtasunik ez baduzu ere, beharrezkoa posible bihur dadin joka ezazu”, horixe izan liteke politika iraultzailearen esakune laikoa. Berak erantzunkizuna agintzen du orainean, angustia posteromaniakorik gabe. Gerrak eta iraultzak berehala paper inprimituan edota bideo-kasetetan agertzen direneko ikuskizun historiko handiaren kontenplazioa, berak lardaskatzen du. Berak baztertzen du joku arruntaren araua esperientzia eta gertakizunaren zentzua berriro aurkitzeko.
Lignes aldizkariaren azken editorialak gogoratzen zuen nola Laurent Fabius-ek “irabazi” hitza aukeratu zuen hizkuntza frantzesaren hitzik ederrena gisa. Irabazleen eta irabaz-lehiakorren ordua zen orduan. Zorigaitza galtzaileentzat! Hori da beti zirkoaren legea. Garaipenari froga balioa egoztea partida amaitutzat ematea da. Haatik, borrokaren ziurgabetasunera irekitako historian, azken hitza ez da inoiz esana. Izaten dira errukizko garaipenak eta “galera garaileak”. Historiaren “galtzen duenak irabazten du”-enari, garaipenak eta porrotak beti behin behinekoak dira eta rolak amairik gabe aldagarriak. Paguy-k oso ondo ulertua zuen. Arrazoi historikoaren bere kritika teologikoak bat egiten zuen, horrela, paradoxikoki, konpromezu laikoarenarekin. Sub specie aeternitatis, partida ez dago inoiz amiatua eta amaiera ezarriko dion nagusirik ez du.
Historia ez da, bada, ona eta gaiztoa, egizkoa eta faltsua bananduz epaiak ematen dituen tribunala. Egia eta justizia ez dira neurtzen arrakastarekin. Ezerk ez du inoiz frogatzen hoberenak gaina hartu duenik. Gutxiengoan egon daiteke, edo “gaixoturik”, nahiz eta oker ez egon. Garaitua izan daiteke, suntsitua, zapaldua, txakur ospetsuaren zentzun umiligarrian “deuseztua” izan gabe. Peguyk, bere burua gainditutzat balioesten zuenean, ez zen laketzen porrotaren estetikaren batean, aitzitik erresistentziaren etika zehazten zuen.
Lignes: Zure ustez zeintzuk dira ezker alternatiboaren aliantza politikoa ahalbideratu eta beharko luketen ardatz funtsezkoenak, aldi berean etorkizunari begira konpromezua justikatzeko balioko lituzketeenak?
Daniel Bensaïd: Bi gai izan dira azken denboretan nagusiak eztabaida politikoan: lanarena eta ekologiarena. Bata eta bestea, bakoitzak bere erara, gizarte kapitalistaren eta harreman guztiak lan-denbora abstraktuaren trukera murriztearen barnetikako mugak azpimarratzen dituzte. Marxek aurreikusten zuen lanaren banaketa geroz eta konplexuagoak eta lan intelektualaren bilakaerak, neurri hori “mixerable” bihurtuko luketeela. Egina dago. Era berean, auzi ekologikoak azpimarratzen du ezinezkoa dela baliabide ez-berriztagarrien epe luzerako kudeaketa erizpide estuki ekonomikoaren arabera pentsatzea, kontutan harturik erabileraren erritmoa eta belaunaldien arteko elkartasuna. Arazo hauetara arrazionalki hurbiltzeko, denboraren eskala aldatu beharra dago, epe motzerako errentabilitate merkantilaren kalkuluetatik bainan haratago joan beharra dago. Ekonomia politikoa bihurtu behar da (eta ekologikoa): giza beharren dibertsifikazioaren eta bilakaerararen menpekoa izan, errentagarritasunaren printzipio kuantitatiboaren zerbitzura egon beharrean. Horrelako logika baten hariak eramaten du nahitanahiez propietatearen eskubide sakratua auzitan jartzera. Estatismo burokratikoaren balantzeak, edo apalago, sozialisten modako “nazionalizazio-pribatizazio”-ak, ez dute puntu honi dagokionez argitasunik bilatzen laguntzen. Fabius-ek izan zuen, hala ere, buru-argitasun dizdira bat publikoki galdetu zuenean zertan oraindik bere partidua sozialista zen. Izan ere. Produkzio eta komunikazio bitartekoen jabego pribatua auzitan, nahiz eta erreformen bidez, jartzen ez den momentutik, izan daiteke oraindik demokrata, liberal moderatua, errepublikar buru-argia… Bainan sozialista.
Lanaren eta ekologiaren desafio erabakiorrek eskatzen dute nahitaez jabego pribatuaren santutegian sarrera indartsuak egitea. Posible da lan-denbora murriztea soldatak jetxi gabe. Bainan, “inbertsoreek” filantropoak ez direnez, etekinen beherakadari inbertsioen grebarekin erantzungo diote, edota espekulazio finantziarioarekin, edo kapitalaren ebasio argi eta garbiarekin. Auzia ez da orduan arrazionalitate ekonomikoaren problema, gatazka sozial eta politikoa baizik. Izan ere, legitimoa da kolektibitateak expropiazioarekin edota konfiskazioarekin erantzutea, lanerako guztiok duten eskubidearen aurretik bere interes pribatua hautatzen duenari.
Modu beretsuan kontraesankorra dirudi kutsadura edo zaborren berziklajea kontrolatu nahi izatea ingurumenaren ikuspuntu soilatik, produkzio baldintza beraiek ukitu gabe.
Bigarren mendeurrenean, ez 1789koa 1793ekoa baizik – hauxe beharko luke Iraultzaren benetako bigarren mendeurrena – I urtearen Konstituzioak mundu harrituari emandako ikasgai itzela gaurkotasun osokoa da: existitzeko eskubidea gizonaren (eta emakumearen) eskubidea da, eskubide zibikoak bezain indargabezina, eta propietate eskubideari aurrea hartzen diona. Existentziarako eskubidea, hau da, lana izateko eskubidea, sarrera izateko, teilatua izateko eskubidea. Bi mende geroago, printzipio hori guztiz oldarkorra izaten jarraitzen du.
Zehazkiago, hiru gai lotzen dira: lana, ekologia eta hiritartasuna.
Gaur egun herrialde aberats deitutakoetan 35 milioi langabe kontabilizatzen dira. Frantzian, lana egiteko baldintzetan aurkitzen diren pertsonetatik heren bat kondenatua dago langabezira, edo enplegu prekario eta partzialetara. Auzi honek beste auzi askorekin lotzen da. Horren desberdintzale den gizartea, bazterketaz hain markatua dagoen gizartea arrazakeriaren hazkunderako lur emankorra da, eta auzotxiroetako krisiak sortzeko, eta gazteriaren etsipena elikatzeko. Berak dakar, ziurrenik, gizon-emakumeen berdintasunaren auzian emandako aurrerapenetan atzerakada. Errepresentazio mekanismoen krisi sakon bat iragartzen du, eta, finean, lorpen demokratikoentzat mehatxu bat.
Hauteskunde legislatiboetarako kanpainan eztabaidari uko egin ba zaio ere, lan denboraren murrizketa garrantzitsua, hala ere, neurri premiazkoa eta beharrezkoa bezala ezarri da. Proposamenak desberdinak dira murrizketa horren zabalerari eta moduei dagokionez (legea edo negoziazio deszentralizatuak, konpentsazio salariala edo ez). Haatik, hemendik aurrera argi geditu da “trataera soziala”-k eta enpresei emandako onura fiskalak ez dutela ezer konpondu. Eskura dauden beso guztien artean lana banatzea ez da langabezia banatzearekin nahasten. Horregatik, “lanaren banaketa” eslogan iheskorrak ekibokoa mantentzen du. Horren izenean, enpresek bere menpeko langileei eskeintzen diete aukeratzea x langile kanporatzearen eta soldaten “borondatezko” murriztekaren artean. Postmodernitatearen eguzkiaren azpian ez dago ezer oso berririk denik: langabezia masiboa (garai batean erreserbako armada industriala deitzen zitzaion) erabilia da lan indarraren balioa behera eramateko. Berrikuntza bakarra da orain langileei eskatzen zaiela bere gain hartzea inposizioaren legitimitatea beraiek aukeratuz beren botoen bidez berehalako langabeziaren edota “libreki” onarturiko austeritatearen artean!
Zergatik murriztu sarrerak, hau da kontsumoa ito, enplegua berriro garatzeko aitzakiarekin? Gurpil eroa da hori. Azken udazkenean, patronalaren agiri bat deeitoratzen zuen langabeziaren hedapena eta lanetik kanporatzeen abusoa. Alarma horrek erantzuten zion INSEEren azterketa bati; izan ere, han agertzen zenez langabetuak bere kontsumoa %25ean murrizten zuten. Aurkikuntza harrigarria: langabetuak ez dira gogaikarriak langabe daudelako, kontsumitzen ez dutelako baizik! Egunero hedabideetan ereiten den logikaren arabera, langabezia saietsezina da inbertsioak berrikuntza teknologikoetara bideratzen direlako eta hauek lanpostuak kentzen dituztelako. Literalki absurdo da. Lan denbora gutxiagorekin beste hainbeste edo gehiago ekoizten bada, denbora hori beste gauza baterako erabili daiteke (hezkuntza garatzeko, osasungintza, etxebizitzak, edo sinpleki denbora libre gehiago izateko) kontsumo maila berdintsua mantenduz. Erabaki daiteke beste modu batez produzitzea edo kontsumitzea, bainan hori beste eztabaida bat da. Bainan inongo logikak ezin du esplikatu zergatik lanaren produktibitate handiagoak langabezia masibora eramaten duen edota gehienen bizitza mailaren beherapenera.
Ondorio berdinak aterako lirateke ekologia dela edota hiritartasuna dela. Ekologia eta ekologistak ez dira gauza bera. Partidu polítiko gisa, ekologistek dezepzio electoral bat jasan dute. Ekologia gauza zabalagoa da eta baita ere nolabait anbiguo. Izenak berak disciplina zientifiko bat aditzera ematen du, biología edo astronomia bezala, aditu eta jakintsuen alorra. Egunerokotasunean, amibizio hori ingurumenara murrizten da. Bere garantiza gutxiagotu gabe, jokuan dagoen, hala ere, beste dimentsio batekoa da. Bere modu brutalez, Bush-ek horrela kokatu du auzia Rioko Goi-batzarrean esanez: “Gure bizi-maila ez da negoziagarria”!. Auzia da planetaren antolakuntza mundiala eta herrialde aberatsen hazkunde modua orokortu ezina dela. Brice lalonde ministroak Golfoko gerraren aldeko sutsu gisa aurkezten denean, ondorioak ateratzen ditu: arma nuklearrak mantentzean eta Leclerc gerra-gurdiek ekoiztea. Non gelditu da ekologia galère honetan?
Azkenik, hiritartasunaren auziak merezi du ere azterketa bat. Balantze egiterakoan horixe da ezker gubernamentalaren kapitulaziorik larrienetako eta lehenetako bat. Mitterrand hautagaia konprometitu en etorkinen boto eskubidearen alde. Eritzi publikoa ez zegoela alde? Heriotz-zigorra kentzearen alde ere ez. Haatik, azken hau egin zen, eta horixe izan zen legealdiaren aktiboan gelditu diren neurri bakanetako bat. Etorkinen boto eskubideari tinko eusteak ez luke, dudarik ez, arrazakeriaren igokada geldiaraziko, bainan eztabaidaren nondik norakoak sakonki aldatuak egongo lirateke, nazionalitate-kodigoaren berrikuspena dela edota, gauza arruntagoetan sartuz, usainari edo odolaren eskubideari buruzkoetan. Yugoslavia ohiako gerrak, zoritxarrez, jokoan dagoenaren neurria hartzeko argigarria da. Hiritartasun unibertsalaren printzipioa, lurralde batean urte bete (1793ko Konstituzioak, bestalde, egiten zuen bezala) lan neta bizi egin duen edonori onarturiko eskubide zibikoa mantenten ez bada, komunitateak berreratzen diren geto erlijioso edo etnikoetan preso geldiarazten dira, jatorriaren ressassementean. Biharko gatazken tribalizazioa prestatzen da horrela…
Alternatiba baterako hiru elementu horiek – lana, ekologia, hiritartasuna – ia berehala dimentsio internazionala dute. Oso elkarren menpekoak diren ekonomietan lan denboraren murrizketak eskatzn du borroken koordinazioa eskatzen du eta lorpen sozialen konbergentzia, gutxienez maila kontinentalean. Ekologia herrialde bakar batean zentzurik ez luke. Hiritartasunak, berriz, migrazio handien garai hauetan, nazionalitateari aurrea hartu behar dio.
Hauteskunde kanpaina bitxi batetik atera berriak gara, 1945 eta Europako influentzia eremutan zatitu ezkeroztik parekorik ez duten iraulketa mundialak ezagutu duten hiru urte ondoren. Deputatuak langabezia edota babes soziala bezalako auzi handiei erantzuna eman beharra zuten. Gerra berriei buruz ere eman dezakete eritzia. Ordea, ordezkaritzaren krisia eta partidu nazionalen ospe txarra hain dira nabarmenak aukera handiak ez direla ia eztabaidatuak izan eta hautagaiak ez dira ezer zehatzetan konprometitu problema nagusiei buruz. Apenas da posible baldintza hauetan konpromezuaren zentzua berraurkitzea.
Lignes: Pentsatu behar al da “klase” terminoetan egindako azterketak ez dutela jadanik lekurik edota aski ez direla?
Daniel Bensaïd: Aski izan al da noizbait? Eta ez al da betiere beharrezkoa? Zenbait tranpa daude galdera horretan. Klase harremanaren irudi sinbolikoa beti da sinplifikakorra. Irudi horrek jartzen du aurrez aurre burges tipo bat eta proletario tipo bat, eta honen ikurra garaiaren arabera aldatuz doa (mehatzaria, ferrobiarioa, metalurgikoa). Gizarteak beti egon dira kontraesan eta gatazka askoz zeharkatuak (klasekoak, sexukoak, belaunaldien artekoak, erregioen artekoak) eta klaseak beraiek ez dira inoiz bloke homogeneo eta monolitikoak izan. Zatikatuak daude, desberdintasun askoz. Klasearen batasuna ez dator inoiz berez.
Hau esanda, klase borrokaren “amaiera”– ren ideia farregarria da. Entzuten da batzutan bazterketak hartu duela esplotazioaren lekua. Bazterketa izango ez balitz bezala esplotazioaren beste aldea. Langabezia eta prekarietatea etekinaren bilaketaren ondorioa izango ez balira bezala. Klase borroka, agian, ez da hain ikusgarria eta lirikoa. Bandera gutxiago haizean dantzari. Bainan lur zoruan, sarrerak direla, lana dela, etxebizitzak direla, osasungintzara edota hezkuntzara hurbillerreztasuna dela, hortxe dago presente, guztiz presente, molekularra, eta askotan latza. Bestaldetik, klase borrokaren gaurkotasunaz galdetzen denean, funtsean zalantzen jartzen da “proletargoaren” existentzia edo langile klasearena. Ez dirudi inoiz galdetzen duenik, aitzitik, burgesia desagertu ote den!
Badago hor eztabaida zabal baterako gaia: klaseak zer diren, beren bilakaera erreala, erreprodukziozko harreman sozialen orokortasunean nola kokatzen diren. Bainan esango nuke funtsezkoena ez dela hori. Ezerk ez du esaten, izan ere, gatazka soziala, nahitanahiez, klase harremanaren inguruan egituratu behar dela. Klase borroka bada. Benetako problema da jakitea zein den eman nahi zaion lekua eta agerpena. Ez da oharpen soziologikoaren kontua, estrategia politikoarena baizik. Nola deitoratu leike integrismo nazional edo erlijiosoak, “identitate ilunen” hazkundea klase borrokaren ezabapenaren ondorio dela ikusi gabe?
Klase borroka hori agerikoa bihurtu organizazio, hezkuntza eta memoria lan bat eskatzen du. Gaur egun lnagile mogimenduaren ahulezia ez da langilego industrialaren atzerapen soziologikoaren neurri berekoa. Hainbat elementu sartzen dira hor jokoan. Langabezia noski, produkzio unitateen murriztapena eta sakabanaketa, egunerokotasunean estatuaren eta hedabideen alde galdu den autonomia; bainan baita ere dimisio eta dezepzio politikoak. Globalki, ordezkaritza político eta sindikalaren sistema osoa da krisian dagoena, eta aldi berean asoziazioen-sarearen bizitasun erlatiboa adierazten da bianan bategiteko prespektibarik gabe. Honek zer ikusteko du, alde batetik, mogimendu sindícala, estatu-probidentziaren garaian eskubide sindikalen biaise, negoziazio prozeduren eta instituzionalizazioen bidez enpresaren horizontea itxi imanaren gaixotasunarekin. Langile mogimendua, horrela restringitua, contra-sozietate izaera galdu du produkzio eta erreprodukzio esfera guztietan: cultura, etxebizitza, entraide, emakume-guneak, conscritoen babesa, hezkuntza herrikoia… Ezingo du gatazka eta erresistentzien paper bateragilerik jokatuko, bere funtzioak hedatzera iristen ez bada eta harreman sozialen maila guztietan bere presentzia berbaieztatzen oraindik imagina ezin dezakegun formetan, hainbeste aldatu bait dira produkzio egitura, lanaren moduak eta organizazioa, birprodukzioaren erak (bizilekua, hezkuntza, aisialdia…).
Hala ere, alor hau erabakiorra da. Puntu honi dagokionez, Fukuyamari ez zaio koherentziarik falta. Klase harremana erdigunea izan beharrean, gatazka aniztasuna eta ekintzaile bata yustapuestoak badira, ez dago alternatiba orokorrik ordena sozial benetan existenteari. Klase konfliktoak jarraitzen du izaten identitate komunitarioen eta nortasun gregarioen (etnia, nazioa, sinismena, sexua…) autarkia hautsi dezakeen unibertsalizazio mogimenduaren bektore posiblea. Pentsamenduaren laizizazioa progreso ziurtatuaren ikuspegi abstraktu eta segurtatzailearekin hausteko punturaino bultzatzea egitan garrantzitsu iruditzen ba zait ere, berdin garrantzitsu iruditzen zait ez erortzea relativismo estetizante batean, zeinaren arabera aro historikoak, neurri amankomunik gabeko eta denak Jainko ikusgarri edo izkutuarekiko ekidistantzian, beste hainbeste loratze izando litzateke. Garrantzitsuena da garbi enuntziatzea progreso zehatz baten erizpidea. Eta erizpide hori ezin kokatu litzateke performance industrialaren indizeetan edota hazkundearen neurketa cuantitativo hutsetan. Henri lefebrek aski ongi esaten duenez, badira hazkundeak garapenik gabe. Iruditen zait Marxen baitan – hori da behintzat nire interpretatzioa – progresoaren erizpidea indibiduoa eta espeziea aberasten duten beharren aniztasun eta loratzean kokatzen dela, ekintza sortzaile askearen aldeko beharturiko lanaren abolizioan, jatorriaren unibertsalitate ilusioari kontrajarritako egin egiten den egiazko unibertsalizazioa. Klase borroka orduan unibertsalizazio honen urrats beharrezkoa da, nahiz et ahorren garapena ez duen ezerk bermatzen. Nire irudiko horixe da auzia.
Lignes n° 19, mai 1993