Hitzatze

Partager cet article

“Estatu polítiko batek, non batzuk milioikako sarrerak dituzten beste batzuk gosez hiltzen ari diren bitartean, iraun al dezake erlijiorik ez bada han, sakrifizioa mundu honetatik kanpo jarritako esperantzekin esplikatzeko? Bizimodu eta ondasunetako desberdintasun handiegia jasangarria izan da ezezaguna izan den neurrian; bainan desberdintasun horren berri zabaldu den momentutik heriotz-kolpea etorri da. Berregin ezazue, ahal baduzue, fikzio aristokratikoak, saia zaitezte txiroa konbentzitzen, irakurtzen ikasi orduko ez dizute sinistuko, zuek duzuten eskola-maila izan orduko konbentzi-arazi eiozue berak gabetasun guztietan bizi behar duela bere aldamenekoak beharrezkoa ez deneik mila aldizgehiago duen bitartean. Azkenian, hil egin beharko duzu.”

Chateaubriand

Errestaurazioaren garaian ezarritako eraso legislatiboek – 1827ko basoaren legea Frantzian, eta 1842ko egurraren lapurketari buruzko legea Alemanian –, basoa eraldatzea lortu zuen. Landalurretako kolektibitateentzat baliabide natural eskuragarria zena, merkatal erako baliabide jabetugarria bihurtu zen. Ingalaterran, pobrei buruzko 1834ko legeak, herritako elkartasunak suntsitu zituen, jende txiroa hazten ari zen lan merkatuaren hiri eta workhouses-etara bultzarazteko. “Ekonomia morala”-ren eta ohiturazko eskubideen aurkako bete-beteko eraso hau, eremu publikoaren eta jabego pribatuaren arteko banaketa berri bat ezartzera zuzendua zegoen.

Nicolas Sarkozyk eta bere gobernuak abiadura handiz ezarri nahi dituen kontra-ereformak gaur egun, azken mendean borroka sozial handien presiopean galdutako eremua berrirabazteko Kapitalak burutzen ari duen saiakera basatian kokatzen dira. Aurrera aterako balira, herrialdea sozialki itxuraldatua agertuko zen jabeen eta boteretsuen onerako. Babes sozialak desegitea, zerbitzu publikoak, jakintza (jabego intelektualari buruzko OMCren negoziaketak), bizitza bera (patenteen eztanda), eta biolentzia ere (militar merzenarioen hazkundea) pribatizatzearekin egin nahi dena hauxe da: eremu publikoaren – gizadiaren ondare amankomuna, existentziarako eskubidea – eta jabego pribatuaren arteko banaketa berri bat ezarri, bestelako maila zabalagoan, gaur egun. Espazio publikoa azpitik janez, munduaren pribatizazio honek anemia demokratikoa elikatzen du eta, deitura onartua erabiliz, politikoaren krisia deitzen dena.

Soldatapekoen aurkako kapitalaren erasoaldi honek, XX mendean esperantza iraultzaile handiek jasan behar izan zuten porrot historikoa luzatu egin du. Azken mende laurdenean, lanaren merkatu mundialean erabilgarri dagoen soldatapeko lan-indarra bikoiztu egin da – langile asiarrak, indiarrak, errusiarrak, gizarte segurantzarik eta lan-eskubiderik gabe – eta honek zama astuna ezarri du planeta mailako indar sozialen arteko harremanen gainean. Eta horrela izango da langile txinarrak, errusiarrak edo Europako Ekialdekoak bere eskubideak defenditzearren berrantolatzen diren arte. Eta hori da, hain zuzen, gertatzen hasi dena Daciako grebarekin (Renault-en filiala errumaniarra), edo Chinako grebalarien mogimenduekin. Adidas-ek azaldu du jadanik bere fabrika txinatarrak Vietnamera edo Indiara aldatzeko duen asmoa, oso garestiegi egingo bait litzaioke hilabetean 150 €tan ordaintzea lan-indarra Txinan.

Krisi finantziarioa baino haratago, kapitalismoa krisi historiko eta sistemiko handia ezagutzen ari da, benetako zibilizazio krisia. Krisi finantziarioa azken honen agerpen ikusgarria da. Izan ere, aberastasun guztien, giza harremanen eta gizarteak bere birprodukzioaren baldintza naturalekin dituen harremanen neurketa lan-denbora abstraktuaren bidez egitea, geroz eta miserableago eta irrazionalago dela ari da agerian jartzen. Miseria soziala eta hondamendi ekologikoa horren lekuko dira. Kapitalismoak, mundializazio harmatuaren eta mugagabeko gerraren bidez, ihesa hilkor batez erantzuten du.

Edonolakoak izanik ere gobernuek bankaren hondamendiari eta burtsako izuari aurre egiteko harturiko premiazko neurriak, norbaitek ordaindu beharko du ixurtzen joan diren milioi eta milioiak (bitxia benetan – zerbait esateagatik –gogoratzea hilabete batzuk lehenago esaten zela kutxak erabat hutsik zeudela eta horregatik beharrezkoa egingo zela enpresa publikoak ahal zen prezioan saltzea eta ezinezkoa zela Gizarte Segurantzako zuloa finantzatzea). “Aldi baterako nazionalizazioak” edo “Sanbernardo” tipoko eskuhartzeak ez dute New Deal bis bat eta Estatu sozialaren errestaurazioa iragartzen, liberalismo autoritarioaren orokortzea baizik, hondamen soziala eta Estatu penal eta polizialaren berrindartzea konbinatuz.

Edozein krisi handia egiaren froga da. Zer ez da azken aste hauetan entzun! “Merkatu ahalguztiduna, beti arrazoia duen hori, bukatu da” (Nicolas Sarkozy, 2008ko irailaren 25ean). “Merkatuak ez du merkatua zaintzen” (Dominique Strauss-Kahn, 2008ko irailaren 28an). “Mundua amildegiaren ertzean dago sistema arduragabe baten erruz” (François Fillon, 2008ko urriaren 3an). “Sistema erabili dutenen aurka jotzea sistema bera jo gabe ez da eraginkorra” (Martine Aubry, 2008ko urriaren 5ean).

Liburu honek agerian jartzen du aldarrikapen ahobero horiek adierazten duten iragan itxua eta fede txarreko presentea. Etorkizunari dagokionez, aurreratu diren erremediotan ezerk ez dirudi “sistema bera erasotzeko” balioko duenik. Eskura duten manualetan, ezkerreko eta eskuineko Diafoirusak, gaitza errotik hartu beharrean sistema moralizatzeko premian ados jartzen dira. Urrezko paratxutak arautzea? Gutxienekoa da hori. Arau kontableak berrikusi? Ezinbestez. Oharpenezko erakunde publikoak sortu? Zergatik ez. Bainan behar denetik oso urrun gabiltza horrekin. Zer banku zentralen eta diru emisioaren gaineko kontrol demokratikoaz? Zer maileguzko banka zerbitzu publikoaz, interbentzio politikorako tresna finantziario eta aurrezten dutenentzat berme izan daitekeenaz? Zer iraultza fiskalaz? Zer Lisboako itunaren 56 artikuluaren indargabetzeaz, kapital finantziarioari gizartearen gaineko nagusigo izugarria eskeintzen bait dio? Zer paradisu fiskaletaz?

Eta zer egin bankete liberalaren gastuak jadanik (erosketa-ahalmenaren gutxitzea, langabezia masiboa, prekarietatearen hedapena) ordaindu duten zapalduek, ez dezaten orain ontzi hautsiak ordaindu behar? Zer egin zerbitzu publikoak berriro altxatzeko, horien pribatizazioak ireki bait dizkie ateak pentsio-funtsei eta bestelako inbertsio espekulatiboei? Zer egin erosketa-ahalmena igotzeko, eta deslokalizazioen eta enpresak ixtearen aurka enplegua babesteko? Erretirodun amerikarrek fondoetan jarrirako milioika dolar Burtsan urtzen ari diren momentuan, zaila izango da langile europearrak kapitalismo indibidualaren jubilazioaren bertuteekin liluratzea. Berdin zaila izango da inbertsio pribatuetako hiru mila milioi dragatzeko Posta zerbitzua pribatizatzea ezinbestekoa dela sinistaraztea, Estatuak, egun batetik bestera, Dexia bankua salbatzeko beste hiru mila milioi aurkitzen duenean, eta hamarnaka mila milioi besteen galerak irensteko, gero segituan banku horiek sendatu eta errentagarriak bihurtu ondoren esku pribatuetan berriro uzteko.

Eskuinatik eta ezkerretik, kapitalaren hondamenaren sindikoek gogoz nahi dute liberal-estatistak izan, edo liberal bigunduak, edo liberal-sozialak (Bertrand Delanöe), edo sozial-liberal sintetizatuak (Martine Aubry), edo sozial-liberal mistikoak (Royal). Dena, salbu eta “antikapitalistak”! Antikapitalismoa? Unkigarria da ikustea nola krisiak argitzen duen hiztegia eta baztertzen dituen eufemismoak, “katuari katu” deitzera behartuz. Ez da jadanik haboro hitzegiten liberalismoaz, are gutxiago ultraliberalismoaz, kapitalismoaz baizik (baita François Fillon bera ere, Asamblearen tribunan!). Batzuk defendatzeko, besteak aurre egiteko. Kapitalismoa da, haatik, sistema honen izen propioa. Eta “antikapitalista”, eguneko hitz gogorra, kontsentsuan ez dagoen nota bakarra. Atzo bertan hitz horrekiko irrifartsu burlati zeuden Neullyko postariren baten ideia ero arkoikoa balitz bezala, edota garondo zurruneko beste insumitu batzurena. Bainan hitza, bapatean, UMPak eta Partidu sozialistak jarri duten muga amankomun ideologiko berria bihurtu da.

Komunismoaren eta basakeriaren arteko “nor azkarrago” lasterketan, basakeriak hartu du, azken mendean, zenbait luzeetako aurrea. Eta hala ere, mundu hau aldatzea inoiz baino premiazkoagoa da. Egia da askok hori (oraindik) egingarria denentz zalantzatan daudela. Kapitalismoak ez du mende batzutako existentzia baizik, eta ez da, inolaz ere ez, denbora guztien gaindiezinezko ortzimuga. Komuneroen abesti zaharrak esaten duen bezala,

Oui mais, ça branle dans le manche
Les mauvais jours finiront
Et gare à la revanche
Quend tous les pauvres s’y mettront…

Mesfidantzak mesfidantza sorrarazten du. Gurpil-ero perfektu honek ez du ezer argitzen, ez du behintzat argitzen zergatik zalantzak hartu dion konfidantzari aurrea – hit-parade mediatikoaren lexikoan hauxe da gaur egun izar hitza –. Gobernuek eta bankariek beren ahaleginak elkartzen dituzte eta berezko duten hitz-jarioa konfidantza berritzuli dadin erabiltzen ari dira. Konfidantza, hor al zaude? Hemendik paso egin du, handik ere pasako da, eta agian azkenian itzuliko da, egunen batean agian, nork daki. Bainan konfidantzaren krisia sinismen krisia bihurtu da, fede krisia, Merkatuaren aztikeriekiko fede itxuaren krisia. Eta krisi hau ez dago amaitzetik hurbil.

Historia errebolta, oldar eta jendearen altxamenduz zipriztindua dago. Gauzen ordena, orduan, azkarrago aldatzen da hilabete eta urte batzutan, menpekotasun eta etsipen mendeetan baino. Horrelakorik posible denik zalantzan jarriko balitz ere, horrelakoak saiatzea beharrezkoa dela mantendu beharra dago. Duintasun auzia. Nekez gertatzekoa, bainan beharrezkoa? Amodioa bezala, Albert Cohen, Malcolm Lowry edo Marguerite Duras-en eleberritan bezala.

Penser Agir, épilogue, Lignes, 2008

Documents joints


Partager cet article