Krisi estrategiko bat

Partager cet article

Jean Marie estimatua:

Attac-en estrategiaren inguruan idatzi duzun txostenak, neurri batean azken urtean eduki ahal izan ditugun desadostasunak baieztatzen baditu ere, badu meritu bat: galdutako okasioen hausnarketa nekagarrian hertsi ordez, gogoeta prospektiboari irekitzen diola bidea. Bira politikoaz ari da (horren sintomak atzemanak genituen lehendakaritzarako eta legislatiborako hauteskundeak bainan dexente lehenago) eta horrek eskatzen digu guztioi norabideak berriro definitzea. Debaterako ekarpen gisa, hona hemen zure testuak, gaizkiulertuak izateko arriskuarekin ere, iradoki dizkidan hainbat gogoeta. Bainan aski ongi ulertzen dugu jarraipena izango duen eztabaidaz ari garela eta horrela bereizi ahal izango dugula benetako desadostasunak eta gaizkiulertu soilak.

Porrot orokorra?

1. Porrot orokorraren oharpenetik abiatzen zara: “Ezkerreko estrategia guztiak frakasatu dira”. Eta horren inbentarioa egiten duzu: estrategia sozial-demokrata, estrategia sozial-liberala, estrategia antiliberala, estrategia “komunista eta ezker-muturrekoa”. Eztabaida argiago izango litzateke ez balizaieke “polítika” batzuei, eskuzabaltasunez, ospe estrategikorik ematen, besterik ez bait dira ikusi ahala nabigatu eta norabide estrategikorik gabeko kolpe elektoralen kateatze bat baizik. Bainan, batez ere, zure enumerazioak, “eredu” kategoriaren pean, oso heterogenoak diren fenomeno sozial, polítiko eta historikoak biltzen ditu.

“Antzinako ereduak” (sozialdemokrata eta komunista eta ezker muturrekoa) deseginak lirateke “kapitalismo neoliberalaren” agerpenarekin eta “sozialismo estalinistaren ezabaketarekin”. Ideologiari merezi duen baino gehiago leporatzea da hori. Benetan eragin historikoa duen gertakizuna da eraso liberala eta mundializazio merkantila estuki lotua dagoela Soviet Batasuneko inplosioarekin (akumulazio burokratikozko erregimen baten kontraesanez barnetik zulatua zegoen sistema) eta Estatu sozialaren eta polítika keynesiarraren tresnen demolizioarekin. Partidu komunistek galdu dute horrela bere erreferente materiala eta beren legitimitatearen iturria. Partidu sozial-demokratek, zerbitzu publikoen eraispena eta munduaren pribatizazioa aktiboki bultzatuz, bere erreformismo kudeatzailea euskarritzen zen adarra ebaki dute.

Bakoitzaren krisi propioa beren oinarri sozialen higadura desberdinez elikatzen da. Partidu komunistak ikusi du nola desagertzen edo ahultzen ziren Fronte Popularraren eta Liberation-aren ondoren bere ordezkatasun sozialaren oinarrizko gotorleku industrialak, eta ez dute 1968 ezkeroztik oinarri hau modu esanguratsuz berritu, ezta soldatapekoen sektore berrietan ere. Partidu sozialista, nahiz eta Jospinen kanpainean erdi-mailako klaseak (langiletaz hitzegiteaz ahaztuz ere) ordezkatu nahi izan badu ere, pribatizazioekin azpizulatu du funtzio publikoaren sektore tradizionaletan zuen oinarria, eta bere zuzendaritzako elitea (tradizionalki funtzio publikoaren goi postuetatik eratorriak) goi-mailako industria eta bankako patronalaren estatu nagusiarekin harreman geroz eta organikoagoak lotzen joan da.

“Antzinako eredu” sozial-demokrata eta estalinisten ezaugarri sozial eta historiko orokorrak gaingiroki gogoratzea aski da ohartarazteko zein punturaino laugarren ereduaren baitan, komunismoaren (garbi esanez partidu komunista) eta ezker muturrekoaren arteko amalgama makurrak ez duen tokirik. Ez dute ez oinarri sozial berbera, ezta historia berdinik. Aitzitik, gogor borrokatu dute elkarren aurka estalinismoaren oposizioak jaio zirenetik. Eta borroka hau ez zen izan, ezta nagusiki ere, ideologikoa. Hilotzez betea dago. Puntu amankomun bakarra herentzia teoriko eta estrategiko berdinaren erreibindikazioa litzateke, bainan hainbeste kontrako interpretazioen (eta aplikazioen) objektua izan da, ezingo zela, azterketa zabalago eta zehatzagorikt gabe, hori bera ere kontutan hartu.

Mogimendu altermundialista birapuntuan

2. “Eredu berriak”, sozial-liberala eta antiliberala, “benetako estrategiarik gabeko ereduak” bezala aurkezten dira, idazten duzu. Iritzi horrekin bat nator orokorrean:

“Eredu sozial-liberalak ez du aurkitzen neoliberalismoa surfeatzen duen oinarri sozial alternatiborik, beraien oinarri sozial potentziala bera bait da: burguesia txikia edo ertaineko klase gorena, eta hauek dira hain zuzen burguesía finantziarioak liluratu nahi dituenak merkatu finantziarioan, diru-ezarpen eta pentsio-fondoen bidez, neurri gabeko aberastearen ispilu magikoa erabiliz”. Izan ere. Zentro-ezkerreko sozial-liberalismoa, Tony Blair-en “hirugarren bidea” delarik, edo Schröederren 2010 Agenda eta “zentru berria”, Partidu demokrata italiarra edo MODEM-ekin leían Partidu sozialista frantziarraren berrikuntza anuntziatua, hauek denak azken finean norabide liberalen aldairak, gehienez zerbait gozotuak, baizik ez dira. Europako Tratatu konstituzionalari emandako baietza, konbergentzia erizpideak eta egonkortasun-Paktoa onartzea, horren argitzapen eztandagarriak dira. Horrela izanik, Kouchner-ek, Jouyet-ek, Bockel-ek, Fadela Amarak (eta jarraituko duten beste batzuk)… eginiko traizioari buruz, edo lehorreratzeari buruzko hasarre tartufiarra irrigarria da. Ez danean ezer ganorakorik nori fidel izan, traizioaz hitzegiteak zentzurik ez du. Eta iheslari guzti horiek badute, seguruenik, bere buruarekiko fidel izatearen sentimendua, et pentsatuko dute Sarkozyren zerbitzura egonik egin dezaketeela Strauss-Khanen edo dama zuriaren zerbitzura egonik egin zezaketena.

Zuzenago ukitzen gaituena da mogimendu antiliberalaren edo altermundialistaren ixiltasun estrategikoari dagokion diagnostikoa. Mugimendu horrek badu, diozunez, “oinarri anitza eta lotura soziologikorik gabea: desgertzera edo txirotzera kondenaturiko giza-sailak, edota kontsumoaren inguruan (produkzio harremanetik etenik) edo ekologiaren inguruan (maiz sozialarekiko etena) kontzientzia landu duten sailak; haatik, bada elementu elkarkor positiboa: hiritartasunarera eta eskari demokratikoarena, bainan aski al da antiliberalismoaren edota altermundialismoaren zailtasunak, are aporiak ere, gainditzeko?”. Oinarri anitza izateak ez du zergatik arazo izan behar, eta akuilu ere izan daiteke, mundializazio merkantilaren ondorioen aurkako erresistentzia aniztasun hori bloke historiko berri batean eta kapitalaren dominazio sistemikoaren aurkako antolaketa alternatibo hegemoniko batean bildu ahal izango balitz. Bainan estrategia hegemonikoa ezin da sintesirik gabeko mogimenduen batuketa batera murriztu (mosaiko bat), klase erreferentziarik gabe eta gizartearen krisi orokor bati erantzungo lioke proiektu politikorik gabe.

Arazo hauei aurre egin ezean, mogimendu alterra itzulinguruka dabil eta, eta beste ezertako baino miseriak ezkutatzeko gehiago balio duen sare eta kontrapodereei buruzko erretorika postmodernoari heltzen dio. Eta politikak hutsunearekiko izua duenez, mobilizazio sozial erradikalak edo gerraren aurkako manifestazio garrantzitsuak bultzatzeko gai diren beraiek, atzeraka egiten dute gutxieneko gaitzaren irtenbide elektoralen inguruan (“Edozer salbu eta Berlusconi,”… edo Sarkozy!), biharko etsipen eta porroten ataria baizik ez direnak. Esanguratsua da nola lehen Foro Sozialetatik mogimendu alterraren bi zutabe indartsuak izan zirenak – Brasilgo Langileen Partidua eta Italiako Rifundazione – gaur egun gobernuan dauden eta handik polítika dudarik gabe “sozial-liberalak” (kasurik hoberenean) aurrera eramaten.

Bestela esanda, badirudi mogimendu alterra iritsi dela bere hasierako ibilbidearen (nik “une utopikoa” edo “ilusio sozialaren unea” bezala definitzen dudanaren) akitze-puntura. Larogei eta larogeitamargarrenetako porrot astunen ondoren berriro mobilizazioaren bidea eta polítika liberalen deslegitimizazioa bildu zituen errefusatze handi batean: “mundua ez dago salgai, mundua ez da merkantzia”. Bainan zer beharko luke izan, mundu honek? Eta batez ere, nola iritsi horretara? Puntu honetan, antiliberalismo minimalak bere mugekin egiten du topo, desregulazio merkantilaren gehiegikeriak leundu, mikrokreditoekin desberdintasunak eta pobrezia zuzendu, edota ekotaxekin planeta salbatuko luketen politikekin asebeteko bait litzake.

Garaipen defentsiboa eta dinamika ofentsiboa

3. Puntu honetan egin berri diren hauteskundetako hautagai-zerrenden baterakoien emaitza kaxkarren balantzearekin sartzen zara. Antiliberalismoaren konfusioari egozten diozu “ezker erradikal frantziarraren” ezintasuna, “Tratatu konstituzionalaren aurkako garaipen defentsiboa dinamika ofentsibo baterakoi eraldatzeko”. Beharko litzateke lehenik zehazkiago neurtu “garaipen defentsibo” horren (bide batez, nahiko formula egokia da hori) izaera eta neurria.

Zuk zeuk azpimarratzen duzu ez horren heterogeneitate bikoitza: “ezkerreko ez” eta “eskuineko ez” artean alde batetik; eta “ezkerreko ez” horren baitan ere. Bainan heterogeneitate hori izan da erreferendumaren denboran ez hori nagusiki defentsiboa izan zedin ahalbidetu duena. Eta hortatik, hain zuzen, garaipen defentsibo hori herriarentzako gobernu proiektu baten inguruko “dinamika ofentsibo”-an aldatzeko begibistako zailtasuna (hori eta ezker antiliberalarekiko hedaturiko ilusioak, “garaipen posible”-aren edo balizko kandidatura antiliberalaren “bi xifretako maila”-ren ingurukoak). Hainbat eta zailtasun handiagoa, errebantxa puntua ere bazuen garaipen defentsibo horrek (2002ko lausengu tourraren eta 2003ko greben porrotaren errebantxa) gainditu zezan azken hogei urteetako porrot sozial pilatuak (erretiroa, babes soziala, enplegua, zerbitzu publikoak etabar…), sindikatuen ahulezia, partiduen militantzia gutxitua.

Baldintza hauetan, beste zehaztapenik gabe, ezker erradikalaren “ezintasuna”z aritzeak arazoa moralizatu eta despolitizatzen du, batasunak borondate txarragatik, haurkeriagatik, taldetxo eta elizatxoen interesagatik huts egin izan balu bezala, eta ez, zuk diozun bezala, antiliberalismoaren tinkotasun ezarekin eta kapitalismo eta liberalismoaren arteko nahasketarekin zer ikusteko duten benetako desadostasun politikoengatik. Ez da hitz eta etiketen auzia, ezta antikapitalismo eta antiliberalismoa kontrajartzen tematzea. Ez dago, noski, bi horien artean harresi txinatarrik. Hala nola demokrata kontsekuenteak, 1848an edota 1871an, sozialista bihurtu beharra zuen, era berean liberalismoaren desmasien aurkako erresistentzia kontsekuenteak munduko esplotazioa eta pribatizazioa auzitan jartzera eraman beharko luke. Bainan ikuspegi desberdintasun hauek islatzen dira ezker antiliberalaren baitan norabide desberdin edo dibergenteetan. Horiekin ere, ongi egin daitezke borrokak elkarrekin eta nahiko bidea elkarrekin nahiko ongi egin daiteke, bainan ez doaz ezinbestez norabide berdinean helburu estrategikoari dagokionetan.

Guretzat, partidu sozialistarekiko harremanaren eta bere hegemoniapeko balizko gehiengoan parte hartzearen gaia guretzat bereizgarria bazen, politika bat kristalizatzen (eta kristalizatuko) zuelako zen. Zer da eginbeharrekoa, bada, politika sozial-liberal bati laguntza eman (Berdeak eta PC Jospin-pean egin duten bezala), zertxobait ezkerrera makurtu-araziz, edota nahiko hondatuak dauden indar sozialen arteko harremanak berreraiki eta iraunkortasunez benetako alternatiba bat eraiki, alternatiba programatiko eta organizatiboa, Europan araua bihurtzen ari den zentro koloregabetuaren ezkerrera?

Zein oinarri soziala?

4. Jardunbide sozial-liberalaren eta antiliberalaren ezintasuna biek duten “oinarri sozialaren ezarekin” lotzen duzu. Hau da, nola ez, arazo erabakigarria. Gobernuko partidua izateko, Partidu sozialista ahuleriaz jota dago Ipar Europako bere homologoekin – hauek ere ahulduak egon arren – alderatuz, eta mogimendu sindikalekin dituen loturak askeagoak dira. Partidu komunista, berriz, kidez eta hauteslez hustu da, eta mogimendu sindikalarekin zituen lotura zitalak lasatzen hasiak dira ere. Oinarri sozialaren gabezia, eman diren metemorfosi soziologikoekin loturik dago: proletargo industrialaren atzerakada esanguratsua (bainan ez desagerketa, inolaz ere ez), produkzio guneen deskontzentrazioa, soldaten eta ordutegien indibidualizazioa, malgutasuna, elkartasunen birrinketa, langabeziaren eta prekarietatearen eraginak, etabar… Bainan badira ere arrazoi politikoak: nola berriro irabazi galdutako posizioak eta posizio berriak irabazi zerbitzu publikoak eraisten ari diren bitartean, Aubryren 35 ordu batzuentzat eros-ahalmenaren galerarekin lotzen denean, goraldi soziala geldi-puntuan dagoenean, elkartasuna sendotu beharrean frantziarren eta etorkinen arteko lehiakortasuna xaxatzen denean, etabar…?

Egia da, bada lotura estu bat egitasmo politikoaren eta enpresetan-auzotan-jatorri desberdineko populazioetan indarra eta elkartasuna berrosatzeko ildoaren lehentasunen hautaketaren artean, eta hori egikaritu behar da (egunerokotasunean bezala hauteskunde kanpainetan) premia sozialei emandako lehentasun absolutoan (segurtasunez edo trikoloreez mozorroturiko sakabanatzeen aurka).

Neoliberalismo eta altermundialismo

5. Inbentarioan sarturiko lau estrategien porrotaren diagnostikotik abiaturik, Attac-entzat (eta zabalago, iruditzen zait, ezker erradikalarentzat) lehentasunezko hiru gogoeta-gai proposatzen dituzu.

Lehen gogoeta-gaia litzateke “kapital globalizatuaren egitasmo eta interesak gorpuzten dituen neoliberalismoaren korronte ideologiko eta politikoaren, eta estrategia matxuratua duen altermundialismoaren egitasmo alternatiboaren/alternatiboen arteko indar harremanen azterketa”. Puntu honi dagokionez kapitalismo neoliberalak “merkantziaren generalizazioa legitimatzeko” duen zailtasuna aipatuz abiatzen zara, bainan ahaztu gabe erresistentzia defentsiboek lorturiko garaipenak ez direla, haatik, “errekonkistarako estrategiak” bihurtzen. Ez duzu, bada, Tratatu konstituzionalari emandako ezetza-ren garrantzia, zuhurtasunez, bere puntuan jartzen soilik –“garaipenaren biharamunean indar harremanak Frantzian ez dira sinistu nahi izan den hain aldekoak” –, baizik eta CPEren aurkako mobilizazioen garaipenak sorrarazitako berotasuna epeltzen saiatzen zara: “Gazteek ez zuten hainbeste eredu neoliberala bere osotasunean errefuxatzen, aurreikusten zuten beren mailaz beheratzea baizik”. Nik nere aldetik mesfidati naiz motibazio eta konstzientzia maila oso desberdinak batzen dituen mogimendu baten interpretazio orohartzaile horiekin. Mailaz beheratzea errefuxatzea izan da, dudarik gabe, mogimenduaren eta bere zabalkundearen hasierako akuilua. Bainan kontzientzia borrokan sortzen da. Eta mogimenduaren zati batek, behintzat, kritika erradikalagoa egin du, eta ez soilik politika liberalen kritika, logika kapitalistarena baizik.

Mogimendu honi buruzko balioespen zuhurragoa eskeiniz, egitan arrazoia duzu, eta ilusio lirikoak zuzentzeko balio du (ulergarriak hala ere, porrot kate segida luze baten ondoren salbuespenezko garaipena izan bait zen), bainan gehiegikeria litzateke ikasle mogimendu korporatibo hutsera murriztea. 1995eko kamioi-gidarien mogimendua, erretiro-erregimen (horiek izan dira eta mobilizazioaren akuilu garrantzitsua) bereziei buruzko mogimendu korporatibo batera murriztu nahi ez bada, behintzat.

Erronka europearra

6. “Ezkerreko ezari” jarraipen ofentsiboa eman ahal izateko zailtasuna – ezintasuna, nahi baduzu –, zure ustez, neurri handi batean, nahi dugun Europari buruzko argitu gabeko norabidearen auzia izango litzateke. Gogoratzen duzu, arrazoiz, bai-a, azken finean, ez-a baino nahikoa homogeneoago agertu dela, bainan zuk gauza bati ematen diozu garrantzi erabakiorra: “Estatu-nazioen burujabetzaren eta Europa politikoaren arteko hautaketaren inguruan ez zen sakondu”. Haatik, oso zentzu zabalean, “ezkerreko eza”-ren jarrera nagusia ez zen burujabetza sutu baten baitarako atzeraegite nazionalista izan. Ezker erradikal britaniar edo danimarkarraren jarrera nagusia ez bezala, nahiko argia izan zen Tratatuaren Europa liberalari emandako ezetza izan zela, eta ez Europari.

Hau esanda gero, beldur naiz Estatu-nazioen eta Europa politikoaren arteko alternatiba ez ote den sinplistegia. Iruditzen zait ez dagoela hor auzi nagusia. Eta eztabaida hau argitzeak bere garrantzia izango du Lisboako Tratatu sinplikatuak sorraraziko dituen eztabaidak eta kanpainak kontutan harturik. Funtsezkoena da guk onartu dezakegun Europa politikoa Europa sozialatik banaezina dela, arazo demokratikoa eta arazo soziala banaezinak direla. Eta ez litzatekeela egongo, ondorioz, urrats txikietan, aurrerapen partzialetan konpromisorik pentsatuz lotura magikoz desblokeo instituzionalak irekiko liokeela harmonizazio sozial eta fiskalari bidea. Hauxe izango da – eta bada jadanik – Royal andereak edota Straus-Kahn jaunak jarriko duten aitzakia Tratatu sinplifikatua Batasun europearraren karrilatik aurrera egiteko aurrera pausu bat dela esateko.

Burujabetza nazionalen eta Europa politikoaren arteko harremanei dagokionez, ez da zuk aurkezten duzun moduko antinomia ez-dialektikoa. Bai Europa politiko eta sozial bati. Bainan aurreko soberaniak ez dira berehala urtuko momentuz balizkoa den herri europear batean, azken hau eraikuntza historikoaren (eta ez eraikuntza administratiboaren) emaitza baizik ezin bait du izan, gertakizun eta esperientzia konpartituen bidez kristalizatua. Bitartean, konbinatu beharko da instituzionalki ordezkaritza europearra eta herri eta nazioen ordezkaritza, ordezkaritza horien arteko harremanak eta bakoitzaren eskubideak definitu, goranzko ordezkatzailetzaren posibilitateak deklinatu. Bainan gauza hauek guztiak ez dira, ordea, soberaniaren eta Europa politikoaren artean alternatiba batez, nahi den sinplikatua izanik ere, arautzen. Non eta, “Europa politikoaren eraikuntzaren aldeko hautu argia adierazteko arriskua hartzea” ez litzateke nahikoa izango, seguraski, “ “ezkerreko eza”-ren heterogeneitatea gainditzeko”, eta are gehiago, horren era zorrotzean, nahasmendua areagotzeko arriskua izango luke.

Hegoa eta Iparra

7. Arrazoiz, ondoko tesi honi erantzuten diozu: egin berri diren lehendakaritzarako hauteskundeak eta hauteskunde legislatiboak singularitate (salbuespena baino gehiago) frantziarraren normalizazioaren adierazpena litzateke, aurrez aurre jarri bait ziren “sozialdemokrazi kontsentsuegilea eta liberalismo abegikorra”. Sarkozyren liberalismoak, bonapartista izanik ere, ez du abegikorrik ezer. Eta arrazoi osoa duzu gogoratzen duzunean sozial-demokrazia historikoak kapitalismoa gainditzea zuela helburu erreformaren bidez, bainan gaur egungo sozial-liberalismoa, merkatua eta kapitalismoa nahasiz, kapitalismoa denbora guztietarako gainditu ezinezko horizontea bihurtu dela pentsatzera etsitua dagoela. Badirudi, hala ere, “kontsentsuzko eredu baten inguran berzentratze” honi oinarri bat aurkitzen diozula esanez “gatazkaren grabitatearen erdigunea ez dagoela, agian planetaren Iparraldean”. Arraroa formula. Zeren, zentzu batean, aspalditik ez da jada erdigunea. Hogeitamar Aintzatsuen aldi osoan askapen nazionaleko borrokak, eta horien artean iraultza txinatarra, egon dira erdigunean. Nik uste dut, batez ere, gatazkaren grabitatearen erdigunearen nozio bera (zein gatazka? kapitala eta lanaren arteko gatazka planetarioa?) oso eztabaidagarria dela. Grabitate erdigune bakarra al dago? Eta hori horrela bada, ez al da mogikorra izango – hemendik igaro da, handik igaroko da – eta orduan atzeman ezina bihurtuko?

Globalizazioak berrindarturiko elkarrekiko dependentziak horrelako erdiguneren bat atzematea ahalbidetzen al dute, edota mundua, zirkunferentzia nonahi eta erdigunea inon ez, ez al da inoiz baino pascaliarragoa? Hitz gutxitan, uste dut zure formula argitzapen baino nahasmen gehiago dituela. Batez ere formula horrekin iradoki nahi bada liberalismo onaren eta sozial-liberalismoaren arteko kontsentsuzko ereduaren oinarria, klase antagonismoak klase ertaina baten zulo beltzean urtzen joateko joeran dagoela edota “langile aristokrazia” berri baten pribilegio materialetan. Gertatzen dena, aldiz, da, “Hegoa” geroz eta gehiago ari dela Iparraldean sartzen (prekarietatea, auzotxirotuak, bazterketak).

Agian mesfidategia naiz horrelako formulekiko. Eta agian horrela da ez naizelako ahaztu nola, lehen petrolioaren krisiaren ondoren, Enrico Berlinguerek 1976 ezkeroztik erabili zuen Hegoaldeko miseria Iparraldeko langile “pribilegiatuak” kulpabilizatzeko, eta horrela, ekitatearen izenean, austeritate-sendaketak eta konpromiso historikoaren atsekabeak ontzat emateko. Zuk azpimarratzen duzun bezala, bestalde, gehiago nabarmendu behar da kapitalismo globalizatuaren logikak daraman polarizazio soziala, soldatapekoen geruza babesgabeak txirotzen dituen bitartean soldatapekoen geruzarik gorenenetakoak meritokrazian integratera eramanez. Hortik bada, zuk zeuk ere adierazten duzun bezala, zergatik lehentasuna den klase-solidaritatea berreraikitzea, beldurraren eta segurtasunaren inguruko agitazioarekin altxaturiko alianza interklasisteen mitologiari aurka eginez. Hortik ere, eta horretaz guztiz ados gaude, “nazioarteko elkartasunen eraikuntza” dela “ardatz estrategiko nagusi bat”, gerraren aurkako mogimendua dela, zorrari buruzko mobilizazioak direla, garapen kidetasuna dela, edo Bolkestein erako zuzentarauen aurkako mobilizazioak direla.

Mogimendu sozialak eta politikoak

8. Gogoetarako eskeintzen duzun bigarren gai orokorra “politikoarekiko harremana”-rena da. Eta bereziki “boterearen eta kontrabotereen arteko artikulazioari” buruzko gogoeta, edota baita ere “ boterea hartzea eta gauzatzeari” buruzko gogoeta, azken hau bait da, diozunez, “Attacen hasieratik burutik ezin kendu duguna”, eta “porrotera” eramateko arriskuarekin. Ez dut ongi ezagutzen Attac-eko barne eztabaidak, eta ez dakit eztabaida hauek benetan bere sortze beretik maiztasun handikoak izan direnentz. Aitzitik, konbentzitua nago eztabaida horiek geroz eta premiazkoagoak bihurtu direla denbora aurrera egin ahala: Hegoamerikan Venezuela eta Boliviako prozesuek izan duten eraginagatik, Brasilgo PTren gobernu-esperientziagatik, edo Rifondazionearenagatik, eta baita ere Foro sozialetako ohikeriagatik.

Froga guzti hauek “ilusio sozialaren” agortzea erakusten dute eta “une utopikoa” gainditzera dei egiten dute. Sintomatikoa da ikustea nola erreferendumean lortutako ezetza-ren garaipenak Attac bera garapen berrietara eraman beharrean, bere krisi larrienetako bat igaro behar izana, bai noski arrazoi organizatibo eta demokratikoengatik, bainan nekez irudika daiteke krisiak hartu duen neurria, tentsio horiek norabide-auzi funtsezkoagoekin loturarik gabeak eman izan balira.

Eztabaida estrategikoaren premia argiago jartzearren, galdetzen duzu 2003ko erretiroei buruzko mobilizazioetan garaipena ez lortzeko zer izan ote zen faltan izan genuena. Egiaz, ez zen izan sinisgarritasun gabeko proposamenak egiteagatik. Attac-ek, Copernic-ek, sindikatuek… proposamen asko eta egokiak egin zituzten. Galera bada, “estrategiaren arlokoa, bai sindíkala (uneren batean greba orokorrera deitzeko ezintasuna) eta bai politikoa (ezkerreko bi partiduen aldetik bai eta ez, erretiroen gaiarekin nahiko deseroso)”. Bai, halaxe da. Bainan greba orokorra egitera deitu nahi ez izatea eta baita-ez ibiltze horiek ez dira soilik zuzendaritza polítiko eta sindikalen erabakimen-ezaren ondorio, beren norabidearen, gobernuko ezker plurala izan zenaren jarraipenezko norabidearen emaitza baizik.

Mahai gainean jartzen da auzia, bada, besterik ez alternatiba estrategikoarena baizik ez da. Zehaztuz, dena den, estrategia polítiko bat ez dela eraikuntza logiko bat, berau aurrera eramateko, biziarazteko, indar harremanak aldatzeko ekintza bihurtzeko ahalmena duten forma organizatuetatik banandurikoa. Bestela esanda, auzi estrategikoa auzi organizatiboa loturik daude, banaezinak dira.

Boterea eta botereak

9. Zure testuak funtsezkora jotzen du: zein oinarri sozialen gainean sortu daiteke egitasmo bat eta nola pentsatu boterea? Attac Forum sozial mundialaren hasieretako zutabe bat da (Brasilgo CUT-ekin batera, Via Campesina, Walden Bellok animatzen duen Focus on the Global South-ekin batera). Foro sozialen formulak berak baditu bere merituak eta eraginkortasuna. Harresia erori eta hamar urtera, Davosek sinbolizatzen duen mundializazio kapitalistari erantzuna eman behar zitzaion larogeitamargarrenetan birjaiotzen ari ziren erresistentzia sozialak elkarretaratuz. Mogimendu honi zabalera handia eman ahal izateko, arrazoitsua zen guztiz “mogimendu sozialetara” (lehenoko eta oraingokoak) murriztea Foroa, egokitzapen txiki batzuk egin behar izan baziren ere, hala nola udal hautetsi eta parlamentarien bilera paraleloak, edota ere lehendakaritzarako hautagai zelarik Lularen izar moduko presentzia, edo Chavez-en presentzia Porto Alegreko edo Caracaseko foroetan.

Haatik, Foro sozialen dinamika teorizazio ideologikoaz lagundua izan da (besteak beste Toni Negri edo John Holloway-ren idatzietan edo baita ere deleuzismo eta foucaultismo trauskilean elikatua). Eta teorizazio hori gai hauei buruzkoa izan da besteak beste: “mundua aldatu boterea hartu gabe” inguruko ikuspegia, boterea eta kontrabotereen arteko oposizioaz, sozialaren askitasunaz, partiduen errefuxatzeaz, edota partidu eta mogimendu sozialen arteko, borroka polítikoa eta borroka sozialaren arteko lan banaketa zurrunari buruzkoa. Hori da zuk laburbiltzen duzuna esatean “altermundialismoak, eta bereziki Attac France-k, lehia politikoan parte hartzearekiko ukoa justifikatzen dute beraiek kontraboteretzat hartzen bait dute bere burua”.

Idazten duzun bezala, lan banaketa funtzionalak, praktikan, boterearen erantzunkizuna (eta bereziki Estatuaren boterearena, ez baita hau botere-sareren batean disolbagarria) organizazio politiko eta politiko profesionalen eskutan uztera darama, mogimendu sozialak nazioarteko instituzioekiko edota “ezkerreko” gobernu nazionalekiko lobbyng papera egitera baztertuz. Borroka sozialaren eta ordezkaritza politikoaren, Estatuaren eta gizarte zibilaren arteko dikotomia eta ez-jarraitasun honek, mogimendu sozialaren hitzezko erradikaltasunaren eta mugarik gabeko oportunismo elektoral eta parlamentarioaren arteko konbinazio bereziari irekitzen dio atea, Italiako Rifondazioneren bilakaerak argitzen duen bezala.

Mogimendu sozialen autonomia

10. “Dikotomia hau mantendu al daiteke, edota ez al gaitu iraganeko porrotak errepikatzera kondenatzen?” galdetzen duzu. Hori da galdera ona. Eta jarraiko bigarren galdera are hobegoa da: “Ez al dago demokraziarekin kontraesanean?”. Galdera(k) hau(ek) berriro ireki beharko litzateke gaur egun. Bai, bainan nola? Amiens-eko aldarria gogora erakarriz aipatzen duzun errol banaketa tradizio luzea, ez da, partidu eta sindikatuen (edo mogimendu sozialen) arteko harremanen gaiari dagokionez, inolaz ere homogeneoa izan. Frantzia, gai honi dagokionez, partidu-sindikatuen arteko harremanen ildo orokorraren ñabardura berezia baino gehiago da salbuespena. Gogoratu daiteke, behar izanez gero, sindikatoak zeudela Labour britaniarrean afiliatuak, eta orokorrago begiratuz Ipar Europan mogimendu sindikalen eta partidu politikoen arteko harremanak oso estuak edo organikoak zirela. Amiens-eko aldarria gehiago izan zen langile mogimendu frantziarrak parlamentarismoarekiko zuen mesfidantza sakonaren emaitza, 1848 eta 1871eko esperientzia traumatikoetan elikatua, eta hortik eratorritako sindikalismo iraultzailearen kulturarena.

Hau esanda, eta, XX. mende osoan zehar kontrako esperientziak, hau da, sindikatuak “transmisio uholak” bailiran erabiltzearenak ikusirik, beren independentziaren printzipioak lorpen baliagarri gisa balioetsi beharrekoa dirudi, eta ez du desgusturik sorrarazten Trotskyren espektroaren baitan (ikus. bere txostena: “sindikatuak hondorapen imperialistaren garaian”). Dena den, eta ez da alferrikakoa izango zehaztea, guk ez dugu, guri dagokigunez, partidu eta mogimendu sozialen arteko harremanen kontzepzio “jerarkikorik”. Eta honek suposatzen du mogimenduen autonomiaren eta han emandako aginduekiko errespetu erabatekoa.

“Jarduera politikoa” eta boterearen arrisku profesionalak

11. Badirudi mogimendu sozialaren autonomia teorizatu hau politikaren errefuxatze gisa hartzen duzula eta politikaren monopolioa abangoardiako partiduari erreserbatzen dion “eredu leninista”-ren (neurri zabalean irudipenezkoa soilik, itzuliko naiz honetara) kontrapuntua bezala. “XX. mendeko mogimendu komunistak porrotean amaitu du auzi politikoa abangoardia batekin konpon zitekeela uste izan duelako”. Beste arrazoi askorengatik amaitu du porrotean, eta bereziki gizarte modernoetako joera burokratikoen eraginagatik, hasieran baliogutxituak izan zirenak. Gainera, “masak” eta “abangoardia”-ren arteko harremanak, edota “espontaneitatea” eta “organizazioa”-ren artekoak, Leninen baitan bereziki, uste bainan askoz konplexuagoak dira. (Puntu honi dagokionez, gomendatzen dizut Lars Lih-ren lan monumental berria, Duke University-n berriki argitaratu den Lenin-i buruzko liburu kolektiboa, edota baita ere Historia eta klase kontzientzia liburuaren aurkariei Lucaks-ek emandako erantzuna). Bainan beste zabalera bateko historia da hori, noizbait arretaz eztabaidatzea mereziko lukeena, karikaturetara, edota entzun dut, edota esan didaten ideietara jo gabe.

Orain, berehalako, alde batetik mogimendu sozial (sindikalak eta bestelako elkarteak) anitzen arteko eta bestaldetik “mobilizazio sozialak eta erantzun politikoen” arteko “artikulazioa berrasmatzea”-k duen premiaz ari zara. Eta eransten duzu “eztabaidak, ezbairik gabe, demokrazia errepresentatiboa eta demokrazia partizipatiboaren harremanak ukitzen ditu”. “Ezbairik gabe” horrek ez du, haatik, ebindentziatik ezer. Bi eremu horien artean interferentziak egon daitezke, bainan garrantzitsua da biak bereizten hastea.

“Borroka sozialen helmuga politikoaren formula anbiguoan” inplikatua gelditzen den soziala eta politikoaren arteko harremanen kontzepzioa kritikatzen duzu, kontzepzio horretan, politika bera, borroka sozialaren “itxasoratze gunea” edota luzapena izatera murriztuko bait litzateke, edota kontrabotere eta boterearen artekoa izatera. Politikaren eremu propioa eta hizkera propioa, sozialaren isla hutsa izatera murriztuezina, norbaitek azpimarratu badu, norbait hori Lenin izan da. Eta horretan da, hain zuzen, Marx baino areago, iraultza barruan eginiko iraultzaren egilea, bera bait da benetan politika estrategia bezala pentsatzen duena. Zuk zeuk esaten duzu politika ez litzatekeela izan behar itxasoratze bat, borroken “itzulpena” baizik, hizkera propio batera itzultzea, ez “itxasoratzea” baizik eta beste maila bateko antagonismo sozialen erabakimena. “Itxasoratze” formulari leporatzen diozuna da formula horrek “aurresuposatzen duela ekintza politikoa hastera doanean ekintza soziala ezabatu beharko litzatekeela”.

Alda dezagun hiztegia nahasmenari bidea ematen badio edo inkonstziente zitalaren adierazle bada, eta esan dezagun argi eta garbi pentsatzen duguna. Eskuratutako botere politikoaren aurrean borroka soziala ez da ezabatatu behar, eta ez hori bakarrik, sendotu egin behar da, berrindartu, estatu instituzioekiko eta partiduekiko independentzia osoz. “Boterearen arrisku profesionalei” aurre egiteko behar den antidotoa da, eta hori da pasa den azken mendetik atera beharreko ikasgairik printzipalena. Sindikatuentzako balio du eta berdin emakumeen mogimendu autonomarentzako, mogimendu ekologistarentzako, baieztapen kulturaleko mogimenduentzako etabar…

“Ordainez, esaten duzu, mogimendu sozialak mahain gainean jarritako galdera politikoei erantzun politikoak eman behar zaizkie”. Ados, nahiz eta zure formulazioa “itxasoratzea”-rena bezain anbiguoa izan: pentsa zitekeen horrelako formulazioekin esan nahi dela mogimendu sozialek galderak egiten dituztela eta erakunde politikoek erantzuten dutela. Bainan gerta diteke mogimendu sozialak bere galderei erantzuna ereematen diela. Eta, egitan, horrelaxe egiten du. Bakoitzak bere erara, paperik-gabekoen mogimendua herritartasuna berdefinituz, emakumeen mogimenduak berdintasuna berdefinituz, langabetuen mogimenduak lana berpentsaraztea behartuz, mogimendu ekologistak natura politizatuz ari dira politika asmatzen. Horrek ez du esan nahi politika, berehala, sozialean urtua izan daitekeenik. Estatuaren funtzioen sozializazio azkarraren bidezko Estatuaren (eta Zuzenbidearen) ezabatze azkarraren ilusioa, gizartearen estatalizazio eta kontra-iraultza burokratikoa SESB-ean bihurtu da. Badira, bada, erantzun politikoetan eta errepresentazioan erregistro desberdinak, nahasi behar ez direnak.

Demokrazia zuzena eta errepresentatiboa

12. Justu gai honetan, mogimendu sozialen eta ordezkaritza politikoaren arteko harremanari buruz alde batetik, eta demokrazia zuzena (edo partehartzailea) eta ordezkaritzakoaren artekoari buruz bestetik, egiten duzun anabasak nahasketa erein dezake, eta hainbat eta gehiago hitzak beraiek nahi hain garbiak ez direnez. Egiaztatu ahal da hori “demokrazia partehartzailea”-ri buruz eman diren interpretazio desberdin eta are kontraesankorrak kontutan hartzen badira. Ségolène Royal-aren bertsioak (V. Errepublikaren presidentzialismo berrindartuarekin egokigarria) ez du zer ikustekorik Porto Alegreko hasierako esperientziarekin, azken honek agerian jartzen baitzuen udal mailako legitimitatearen bikoiztasuna, botere bikoiztasuna ez esatearren. Modu berean “demokrazia zuzena-k” ez du ezer argitzen eta ezer konpontzen, batez ere horretan ikusten bada edozein bitartekaritza errepresentatiboaren ezabaketa.

Leninek berak, bere idazlan libertarioenean (Estatua eta Iraultza), gogorarazten du Parisko Komuna-ren esperientzian (“proletargoaren diktaduraren azkenian aurkituriko forma” esaera kontsakratuaren arabera) “organismo errepresentatiboak mantentzen direla, bainan parlamentarismoa (lan legislatibo eta ejekutiboaren banaketa, hautetsien pribilegiozko egoera) ez dagoela gehiago; ezin dugu demokrazia kontzebitu, ezta proletargoaren demokrazia ere, ordezkapen organorik gabe, bainan kontzebitu ahal eta behar dugu parlamentarismorik gabe”. Badago honetan sakoneko arrazoi bat. Izan ere, demokrazia zuzena, zentzu estuan, delegaziorik eta errepresentaziorik gabe, demokrazia korporatiboa litzateke, sintesirik gabeko interes partikularren batuketa. Eta hori izan zen 1921eko Langile Oposizioarekin izandako eztabaidaren muinetako bat. Eta horregatik ere pribilegioen eta benetako boterea ez den parlamentarismoaren ezabapenak, edota hautetsien errebokabilitateak ez du agindu inperatiborik esan nahi.

Gauza bat da, orduan, autoorganizazio, kontrol, autogestion, udal mailako demokrazia bete betean sustatzea eta garatzea, eta beste gauza bat da demokrazi zuzena eta demokrazi errepresentatiboa antinomikotzat hartzea. Ordainez, interesgarria litzateke errepresentazio bikoitzeko formulak behatzea – errepresentazio politikoa hautesle-eskubide unibertsalean oinarritua; eta errepresentzio soziala, mogimendu sozialetatik bertatik eratorria – gaur egungo bikameralismoa ordezka dezaketeenak.

Transbertsalitatea partidurik gabe

13. “Zer da, azken finean, politikoarekiko harremana?” galdetzen duzu. Auzia zabala da eta anitzak dira erantzunak, Schmittetik Rancièreraino. Zuk bi hartzen dituzu: 1) “Bi anka gainean ibiltzea: demokrazia zuzenaren anka, eta demokrazia errepresentatiboarena, azken hau botere delegazioan oinarritua bainan etengabe kontrolatua”; horretaz hitzegin berri dugu. 2) “Gure transbertsalitate tematikoa onartzea, zeren, egikaritzen zaila bada ere, mundu solidarioa eraikitzeko helburu nagusia bistatik kendu ez dezagun berme bakarra bera bait da.”

Arazoaren bihotza ukitzen ari gara hemen. Beharrezkoa den transbertsalitatea aipatuz, politikaren berezitasuna gogoratu nahi da. Politika ez da kalte sozialen erramu edo pilaketa batera murrizten. Kapitalaren dominazio sistemiko inpertsonalari erantzun orokorra ematea da politikak bilatzen duena. Eta horretan, erradikalki, apurrezko politikari buruzko erretorika postmoderno guztien aurka jartzen da, eta totalitatearen kategoria dialektikoaren errefuxatzearen aurka, eta une ez-jarraien metaketan historia disolbitzearen aurka. Debord-ek ongi ulertu zuen estrategia posiblerik ez zegolea historizitaterik gabe. Horregatik hain zuzen, ideologia postmodernoa da pentsamendu estrategikoaren zero gradua, eta ondorioz, politikaren ukazioaren forma bat.

“Norbait zenbat eta transbertsalago eta koherenteago izan, orduan eta politikoago”, esaten duzu. Egia da. “Norbait” horrek Attac izendatzen du, txostena erakunde horretako kideei zuzendua bait dago. Zuk mahai gainean jartze duzu aurreikusi zitekeen galdera: “Denetaz arduratu behar al da orduan?”. Erantzuna: “Ez, bainan besteengandik jasotzen ditugun gaiak elkarlotu behar ditugu”. Erantzunak errena dirudi. Zein erizpidearen arabera erabakiko da gai batzuk hautatzea eta beste gai batzuk uztea? Eta batez ere, nork elkarlotuko ditu, zein ikuspegi orokorraren arabera? Zeren, zaila da imaginatzea elkarlotze lan hau tekniko hutsa izango denik, joste edo itzulpen neutroaren egitekoa. Partiduaren intelektual kolektiboaren papera ukatuz, ez al dago adituei (loturetan adituei!) eta bestelako “kontseilu zientifikoei” abangoardia argitu eta argitzaile papera emateko arriskua?

Eta gaien aukera eta horien arteko loturak errealaren irakurketa jakin bat eta proiektu baten baitan sartzea (mundu solidarioarenean, adibidez) inplikatzen badu, orduan zer desberdintasunik egongo litzateke Attac eta organizazio edo partidu politiko baten artean, ez bada soilik probisionalki borroka elektoralean parte ez hartzeagatik?

Partiduei dagokionez, ez da inolaz ere alferrikakoa gogoraraztea estalinistak eta guk ez ditugula kontzepzio berdinik, ezta praktika berdinik ere ez. Eta ohikeriaz aipatzen den kontzepzio “leninista” gehiago lotzen dela Zinoviev-ek Internazional Komunistaren V. Biltzarrean kanonizatu zuen “leninismo”-arekin, tradizio boltxebikearekin baino. (Honi dagokionez ikus Marcel Liebman Leninismoa Leninen garaian). Eta Stalinen bertsioaren araberako zentralismo burokratikoak ez du gauza handirik ikusteko zentralismo demokratikoarekin, azken honetan zentralismoa eta demokrazia antinomikoak izatetik urrun, elkar baldintzatzen bait dira: norabide eta praktika amankomunak zehaztea muintzat ez duen demokrazia besterik ez da eritzi foruma edo kalaka inkonteskuentea baino.

Zabalera handiagoz, “historia emantzipatzailearen patrimonio kulturala berreskuratzeko” beharraz ari zara. Oso ondo. Bainan ez al da garrantzi-maila berdintsukoa patrimonio politiko, programatiko eta estrategikoa berreskuratzea, besterik ez gainditzeko baino ez bada? Beti hasten da berriro erditik. Eta partidu baten funtzioa bada ere iraganeko esperientzia, garaipen eta porroten memoria mantentzea, ez egoteko zerotik hasi beharrean beti. Egon daiteke estrategiarik memoriarik gabe? Iraultzaileek, ez militarrak baino gutxiago, ez lukete hori pentsatu behar? Galdera zabala.

Bokazio krisia

14. Zailtasunaz ohartuki, bi ukazioz erantzuten duzu: “Attac ezin da partidurik gabekoen partidua, sindikaturik gabekoen sindikatua izateko ambizioarekin isolatu”. Bainan ezin du ezta ere asebeteta gelditu gai-bakarreko mogimendua – kanpo zorra edo paradisu fiskalen gaia – izanik, zeren mundializazioak badu logika orokortzailea, eta Attac ezin da “hezkuntza herrikoirako mogimendua” izanik asebete. Bokazio krisia? Eta horri erantzuten diozu misio batekin, hau da, “historia sozial baten jarraieran txertatu eta mugimendu sozial eta herritarraren egitura guztien artean, sindikatuak barne, geure lekua hartu eta bete”.

Bere leku osoa, bainan zein? Lekua, izan bada. Onuragarria izan da mogimendu alterraren sorreran. Oraindik ere onuragarria da, eta elkarte bateratu gisa jarrai dezake, mogimendu plural horren osagarri, eta mogimendu soziopolitiko gisa bere hibridotasuna onartuz, ez bait du partidu bihurtu nahi, jakinik, bestela, bere estrategia zehaztu beharko lukeela, jadanik batzuk badiren eremu batean (eta gehienak Attac-en eraikuntzaren partaideak dira). “Apostua da, amaitzen duzu, gure jardunbidea politizatzea partidu izan gabe”, eta, bi uharriren artean, bada, uretaratzea: bata, konpromezu militante batean murgiltzea, Attac, egitan, partidu berri bat bihurtuz; eta bestea “altermundialismoaren haur-gaixotasuna” litzatekeen apolitizismoa.

Bide estua da, dudarik ez. Eta zer ikustekorik badu mundializazio liberalaren desmasiari aurre eginez hasia den borroka eta organizazio ziklo berriaren zehazgabetasunekin. Bide hori da, ziurrenik, Attac-en etorkizunerako ikusmira posible bakarra. Bainan horrek ez dio auziari erantzuten, hau da, jakitea ia, Attac erakundea bainan haratago, “konpromezu militantea” beharrezkoa den, zer egitasmoaren inguruan eta zein forman, edota dugun paisaia politikoarekin, den bezala, asebeteta gelditu behar ote garen, mogimendu sozialen eta ordezkapen politikoaren artean rol banaketa mantenduz, Attac hor egonik kokaleku delikatuan go between.

Galdera/erantzun estrategikoak?

15. Goazen orain zure hirugarren eta azken gogoeta-ardatzera, “epe motz eta ertaineko auzi estrategikoen” ingurukora. Honetara iritsita, hemen, “eredu estrategikoen” porrot laukoitzari ematen zaion erantzunaren hastapena espero da. Nahiko dezepzionagarria da, zeren adieraztera emanten dira arrastoak (inork ez du erantzun borobildua eskatzen) ez doazte ia “giza eskubide nagusien lehentasunean oinarrituriko munduaren orokortasunaren erregulazio”-aren exijentzia baino haratago, hau da, mogimendu altermundialista edo antiliberalaren tematikan gelditzen zara, hain zuzen, lerro batzuk gorago zuk zeuk diagnostikatu duzun krisian eta aurrera egiteko ezinean. Egia da zuk erregulazio programa horren kapituluen izenburuak deklinatzen dituzula: pakea, demokrazia, behar funsezkoak asebetetzea, ondare amankomunen zaintza.

Pakea? Noski. Bainan zer pake? Nola egin gerra globalizatuari eta salbuespen egoera banalizatuari aurre, programa antiimperialista eta antikapitalista berdefinitu gabe (eta programa hau pazifismo eta biolentzia-ezarekin nahasi gabe)? Auzi hauen politika bizian sartu ezean, Italian ikusi ahal izan da nola Rifondazionek erreinbidikaturiko pazifismo eta biolentzia-ezak ez ziren nahikoa izan eta partidu horretako diputatuek Afganistango eraso imperialaren printzipio eta kredituen aldeko botorik eman zuten. Era berean, zehaztapenik gabeko Pakearen aldarrikapenak ez du gauza handirik esaten Darfour-eko krisian edota Gertuko Orienteko tragedian defendatu beharreko politika zehatzari buruz.

Demokrazia? Hau ere, noski. Bainan zein demokrazia, eta noraino? Guztiz ados gaude ez soilik instituzioak proportzionalitatea ezarriz demokratizatzearekin, aginduen errotazioarekin, botereen desprofesionalizazioarekin, bainan baita ere V Errepublikaren logika presidentzialista suntsitzeko, presidentzia bertan behera uzteko, Senatua ere, komuna eta Erregioen gaineko prefekturen tutela ere, eta batez ere demokrazia politikoa hedatu dadila demokrazia sozialera, enpresa barruan eta handik kanpora ere?

Funtsezko beharrak asebetetzea eta ondare amankomunak zaintzea? Guztiz ados. Bainan, orduan, ados al gaude ere hortik ondorioak ateratzeko, eta bereziki existentziarako eskubide bat “propietate eskubideari” kontrajarria onartzeko?

Aipatzen duzu, egitan, oso egoki , funtsezko eskubideei, bestelako zehaztapenik gabe, ematen zaien lehentasunak erakar dezakeela desbideratzeko arriskua: “hain zuzen, ekintza eremu politikotik eremu moralera eramateko” arriskua. Eta adibide argigarri gisa ematen duzu nola “Hulot paktuak desbideratu duen kontzientziatze ekologikoa eremu moralera”. Hain zuzen, eta horixe izan da, oportunismo elektoralari muzin eginez paktua sinatzeari uko egiteko erabakia hartu dugun korronte politiko gutxi horietako bat izanik eman dugun arrazoia, bainan aldi berean sorrarazten laguntzen zuen alerta mediatikoa balioetsiz. Nola egin daiteke politika energetikoen norabidea aldatu edota garraioen politika iraultzeko hiria eta landaren arteko harremanak berrorekatu, petrolioaren lobbya, armamentuen industria eta lur eta eraikinen espekulazioaren aurkako erasoak aurrera eraman gabe? Nola zaindu gizadiaren ondare amankomunak, multinazionalak eta uraren ustiaketa pribatua etabar… auzitan jarri gabe? Hiz gutxitan, klase antagonismoen eta ezker-eskuinaren arteko kontrakotasunen gainetik lebitazio ekumenikoan mantentzeko asmoarekin, nola kontzebitu ekologia soziala? Zuk oso ondo diozun bezala, botere eta erabakimenaren benetako erdiguneei (eta bakarjabetza pribatua ez da txikienetakoa) eraso egitea sahiesten duen jarduna, azkar aski eraldaketa sozialaren lekua hartuko duten zibismoari eta portaeren erreformari buruzko (batzutan pasoan beharrezkoak diren) sermoi moralistetara mugatuko da.

Lan gutxiago egin, hobe bizitzeko

16. Maiz azpimarratzen duzu zein beharrezkoa den “neokontserbadoreek” “lanaren balioaz” egiten ari diren kaptazioaren aurkako borroka ideologikoa. Egia da hirurogeitamargarrenetan eta gero Miterranden agintaldi urteetan areagotu den dibortzioak, Boltanskik eta Chiapellok “kritika soziala” eta “kritika artistikoa”-aren arteko dibortzioa deitu duten horrek, kalte ideologiko handiak eragin dituela, eta horien neurria ez dela oraindik ia atzematen, eta “lanaren amaierari buruzko” Rifkinen edo Dominique Méda-ren kalakak ez dutela gauzak onera ekarri.

1968an eta hirurogeitamarren hasieran, bi kritika hauek (esplotazioarena eta alienazioarena edo reifikazioarena) guztiz loturik zeuden. Ez Frantzian soilik, Italian ere bai. Bi kritika horien dibortzioa hirurogeitamargarren azken urteetako atzerapen sozialaren emaitza da, eta baita ere Maiatza 68ko gertakizunaren zentzuaren berridazketa errebisionistarena, urtez urte, hamarkadaz hamarkadaz egin dena. Greba orokorra, poliki poliki, ohitura eta bizitzeko moduaren gaurkotze sinplearen atzean baztertua eta ezdeustua izan da, miterrandismoarekin mailaz igo direnen belaunaldiko autospakizun eta herentziaren desbideratzearekin ordainduta. Hitz gutxitan, Maiatza 68a, Tapie urteetako irabazle diztiratsuen eta ertaineko klaseen atzera begirako epopeia bezala aurkeztua.

Dei bat egiten duzu “kapitalismoaren kritikaren oinarriak berritzera”, bainan “estalinismoan erori gabe eta jarduera ekologikoa barnean bilduz”. Oso ongi etorria… baldin eta balioen diskurtsoaren sareetan atrapatua ez bada gelditzen, diskurtso horrek (oso modan dagoena, bai eskubian eta baita ezkerrean) egitasmo edo programa nozioak ordezkatu nahi bait du. Izan ere, “lanaren balioa” eskubikoa edo ezkerrekoa ote denentz eztabaidak, badu lanaren fetitxismoa (bere kutsapen protestanteekin) berpizteko arriskua. Aski ongi azaldu ditu Benjaminek fetitximo horrek, kultura produktibista eta mitologia progresistarekin lotua, langile mogimenduan, sozialdemokratan lehenik eta estalinistan ondoren, egin ahal izan dituen triskantzak. Lana izateko eskubidearen eta lan-denboraren murrizketaren aldeko borroka ez da inolaz ere lanaren bidezko askapenaren ospakizuna, edota saritutako esfortzuaren erretorika sarkozyarra, guztiz bestelakoa baizik (soldata ez da “saria” , zorra baizik!): kontua ez da lan gehiago egin gehiago irabazteko, lan gutxiago egin denok eta gehiago bizi ahal izateko.

Gurpil eroa

17. Saiatzen zara, bukatzeko, funtsezko eskubideak adieraz ditzaketen “funtsezko eskakizunak” pedagogiko laburtzen. Zure erantzuna ez dago iragarritako askogura estrategikoaren mailan. Hiru lehentasunezko eskakizunak azpimarratzen dituzu:

1. Tasa globalak ondare amankomunak defendatzeko;

2. Plan ekologiko mundiala egitea;

3. OIT-ren akordio guztiak berehala betetzea. Asmoa laudagarria da, noski. Bainan hori egiteak aurresuposatzen du, hain zuzen, ez dagoena: lege-indarra duen gobernu modu mundiala.

Arazo politiko zehatz guztia, hain zuzen, horretan datza: norabide horretan aurreratzearren aritzea, abiapundutzat hartuz egoera bat non burujabetasun nazionalak mundializazioak baskulatuak dauden, ahulduak bai bainan ezabatuak ez. Eta egoera horretan, aitzitik, abagadune batzutan, indar harremanak eraldatzeko palankak izan daitezkeen (Venezuela edota Boliviako egoerak horren lekuko, elikaduraren eta energiaren subirautzaren eskakizunarekin edota kanpo-inbertsioen eta kanpo-zorraren birnegoziazioekin, etabar…)

Lehenesten den jardunbidea nazioarteko instituzioen mailan kokatzeak, baldin eta indar sozial errealen harremana eraldatua ez badago, goi-mailako nazioarteko bileratako pasilotan lobbyng modura aritzera kondenatua gelditzeko arrisku handiak ditu, eta horrela egiten dute jadanik GKE handi askok. Auzia gehiago da espazio politiko inbrikatuen eskala higikorrari erantzuten dion politika pentsatzea, maila nazionala, erregionala eta mundiala artikulatuz, hala nola adibidez ALBA egitasmo bolibarianoarekin Venezuelako dinamika artikulatuz (politika energetiko kontinentalari buruzko ekimen zehatzak eginez, edota bankuen kreditoaren eremuan, hedabide arloan, unibertsitate mailako elkarkidetzan, etabar…). Edota, Europan bertan, lorpen legislatibo edo kultural nazionalen inguruan (babes soziala, lanerako eskubidea, laizitatea) erresistentziak, Europako konbergentzia sozial, fiskal eta demokrazia mailakoari buruzko proposamenekin artikulatuz. Urrats horien ezean, eskakizun abstraktuki egokiak asmo onen zeruan zintzilik geratuko dira.

Aurreikusitako bitartekoei dagokionez, oso exkaxak dirudite zure txostena osoak azpimarratzen duen norabidearen krisi sakonari aurre egiteko. Lehentasuna al da Foro kontinentalak eta mundialak berregitea? Horretan ahalegindu behar da, eta hainbat gehiago ez dutelako oraindik beren “indar bultzatzailea” akitu Asia edo Afrika bezelako kontinenteen kasuetan, bainan beraiek ere bira bat egiteko premiarekin aurkituko direlarekiko ezikusiarena egin gabe. Nola egin Brasilen Foro sozial bat esperientzia politiko venezolandarra eta brasildarra konfrontatu gabe? Eta nola egin Europan Foro bat Prodiren gobernuaren balantzea egin gabe eta Tratatu sinplikatu europearrari buruz hitzik esan gabe? Bestela esanda, politika geroz eta indar gehiagoz sartuko da Foro “sozialetan”, bainan ez erakunde politikoen parasitismoak eraginda, mogimendu altermundialistak matxura estrategikoa duelako baizik (hobe, bestalde, mogimenduetaz hitzegitea, ekintzaile singularra lirudikeen mogimendu bati buruz baino), eta mogimendua bera hautu estrategiko deberdinez eta are kontrakoz okupu dagoelako. Hats berri bat aurki dezan nahi bada, desberdintasunak alboratzen ibili beharrean, horiek eztabaidatzen ikasi beharko da.

Beste proposamenak orokortasunaren eremuan gelditzen dira (komite lokaletako bazkidegoa garatu edota mobilizazio plan baterakoiak gauzatzeko egoki litzatekeen lekuak). Horiek dira Attac bezelako organizazio bati egokituriko eginbehar propioak. Ez dago ekarpen honetan horiek diskutitzerik. Aitzitik, zure txostenaren azken esaeretako batek argitzen duenagatik deigarria egin zait: “Azken aldi honetan ikusirik partiduek ez zeudela beren organizazioa protesta mogimenduen batasunean sakrifikatzeko prest, ez al dugu guk maila honetan erantzunkizunik mogimendu sozial eta herritarraren baitan?”
Auzi arraro xamarra. Zergatik, lehenik, partiduek beharko lukete beren organizazioa “sakrifikatu” mogimenduaren batasunean? Partiduak eta mogimenduak inkonpatibleak lirateke? Horrelako formula baten atzean susmatzen da kaperatxo eta aparailuen kritika karrankaria. Bainan mota guztietako kaperak daude, PMEak eta enpresa handiak. Attac bera ere kapera bat da. Badago jendea ere – horietako batzuk ezagutu ditut nik, eta hedabideek horrelakoak serien ekoizten dute – beraiek bakarrik kapera bat direnak, esan dezagun kapera familiarrak. Hemen ere, kritika moralizatzaileak eztabaida politikoa itotzeko arriskua dakar.

Nik pentsatzen dut, zure formulak inplikatzen duen ez bezala, bere proposamenak argi eta garbi defendatzen dituzten partiduen existentzia dela, mogimendu sozialekin harreman osasuntsuak izateko eta mogimendu horien barnean pluraltasuna errespetatua izan dadineko baldintza. Partidu eta mogimenduen arteko dialektika irekiarik gabe, denok forma eta erregistro desberdinetan egiten bait dute politika, mogimenduak manipulazioen eta maniobra ilunen eremu pribilegiatua bihurtzen dira. Areago, programa baten inguruan bilduriko organizazio politiko militanteak demokraziazko guneak dira, ez akatsik gabeak bai, bainan beraiek dira diruaren indar inbaditzaileari erresistentzia egiteko hobekien daudenak eta gauza bera esan daiteke militanteen buru-gainetikako autoizendaturiko eledunen kooptazio mediatikoari aurre egiteko ere.

Benetako arazoa, ez da “partidu forma”, gizartearen burokratizazioa baizik, eta partiduak, bere kontraesanekin, tresna egokia izan daiteke horri aurre egiteko. Argi esanda: partiduen “sakrifizioa”-ren alde egiten duzun deialdiarekin, esan nahi al duzu partiduek, nahiz eta erradikalak izan, ez dutela zure ustez inolako funtziorik, eta onartu beharko luketela, ondorioz, beren hutsalkeria eta garaiz kanpo daudela?

Egitan, eta agian horixe da bion arteko eztabaidaren muina, argitasun handiz krisi estrategiko bat diagnostikatzen duzu, bainan krisi horri eman nahi dizkiozun erantzunak eta estrategia bat definitzeko eta praktikan jartzeko bideak emango lukeen bitartekaritza organizatibotik bananduz, besterik ezin duzu egin ataka zaharrean erori baino. Erronkak eta jokua maila egokian jartzen baduzu ere, ematen duzun erantzuna, hau da, “heziketa herrikoiaren” bidez kapitalismo liberalaren “lilurakeriarekin” amaitzea, gainditu nahi duzun “une utopikotik” ez da irtetzen.

Jean-Marie Harribey, Attac-eko ko-lehendakariaren testu bati buruz.
Testu honetan Jean-Marie Harribeyren ekarpena aztertzen da. ESSF-en argitaratua.
2007ko maiatza.

Berriro argitaratua
Penser Agir liburuan, Lignes, 2008.
www.danielbensaid.org

Documents joints


Partager cet article